www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Antonio Paduakoa
Laurent Diharasarri
1897

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Antonio Paduakoa, Laurent Diharassarry. Lasserre Baitan, 1897.

 

 

aurrekoa hurrengoa

SEIGARREN KAPITULUA

ITALIARAT ITZULTZEN DA

(1227)

 

        San Frantses hil izan zen 1226aren akabailan. Komentu guzietako aintzindariak Italiarat deituak ziren, biltzarre oso batean haren ordainaren hautatzeko, izendatzeko beraz ordena guziko buruzagi berri bat. Antonio komentu bateko aitzindari zen; utzi behar zuen beraz Frantzia, hainbertze maite zuen Frantzia! Bidean eman zen 1227ko hotsailean; eta xuxen xuxena joan zen Erromarat, Aita Sainduarentzat baitzuen zerbeit baitezpadako mezu, bere fraile lagunek emana. Aita Saindua loriatu zen Antonioren ikusteaz; Antoniok, bere eta bere fraile lagunen izenean egin galdeak onhartu zituen; eta gero, baitzakien zoin predikari famatua zen, predikarazi zion Bazko egunean. Orduan ere, Jainkoak mirakuilu handi batez lagundu eta indartu zuen Antonioren hitza, bertze orduz, Mendekoste egunean, Apostoluentzat egin zuen mirakuilu beraz. Han baziren asko tokietako, asko mintzairetako jendeak, Italiano, Frantses, Angeles, Aleman, eta bertze. Antonio mintzatzen da, eta guziek bardin, bakotxak bere mintzairan, entzuten dute.

        Handik laster egin zen doi-doia aiphatu biltzarrea, eta Antonio izendatu zuten Italia Bolognako eskualdean ziren komentu guzien buruzagi.

        Toki hartan baziren orduan heretiko batzu Albitarrak bezen tzarrak: Katharak. Hauiek ere bazter guziak gezurrez betheak eta nahasiak zauzkaten. Hiri nausitzat zuten Rimini. Riminirat badoa lehen lehenik Antonio, nahiz heretikoen indarra erro gehienik zuen tokian kordokatu. Bainan deus onik ez dezake ardiets. Haren erran guzieri, nardatzen balire bezala, irri eta trufa egiten diote. Sainduak othoitz eta othoitz egiten dio Jainkoari; eta goiz batez, meza eman duen bezen laster, Jainkoak argiturik ela sustaturik, huna zer asmatzen duen eta egiten:

 

Arrainen mirakuilua

        Elizan ziren jenderi erraten diote: «Jeki zaitezte, eta zatozte nerekin itsas bazterrerat.» Badoatzi, zer ikusi behar zuten bada; bidean jendez leher biltzen dute. Eta itsas bazterrerat direneko, Antoniok oihu egiten du: «Zuek, itsasoko arrainek, entzun-azue Jainkoaren hitza, heretiko hauiek entzun nahi ez dutenaz geroz». Ordu berean, milaka arrain agertzen da, lerro lerro, ttipienak aintzinean, handienak ondotik, eta guziak, burua uretik kanpo, Antoniori beha bezala dagotzi. «Ene anaia arrainak, dio Antoniok, eskerrak zor diozkatzue Jainko zuen Kreatzaileari. Ezen Jainkoak emana duzue itsaso zabal eder hori egoitzatzat. Harenganik ditutzue hegatsak norat-nahi igerika ibiltzeko, harenganik sekulan faltatzen etzaitzuen hazkurria; haren benedizionearen indarrez irauten du beti zuen motak. Orhoit, uhalde jeneralean, bertze animale guziak hil zirenean, zuek bizirik gelditu zinetela. Orhoit nola arrain batek salbatu zuen Jonas profeta. Orhoit bereziki arraina izan dela askotan Jesus Jaunaren hazkurria, bai hil aintzinean, bai piztu ondoan. Lauda zazue beraz zuentzat hain ona izan den, arraineri hainbertze ohore egin dioten Jainkoa.»

        Eta arrainek, burua goiti behiti erabiliz eta ahoa idekiz, iduri zuten onhartzen zutela Antonioren errana, eta Jainkoaren laudatzen hari zirela. Eta orduan sainduak erraten diote han ziren jenderi: «Ikus-azue zeronek, adimendurik gabeko arrain horiek Jainkoaren hitza hobeki entzuten eta hartzen dutela, ezen-ez Jainkoak bere idurirat egin dituen gizonek.»— Mirakuilu horrek bihotzak hausten ditu: heretikoak, bekhatorosak, han berean metaka heldu dire Antonioren oinetarat; galdegiten diote argi detzan eta galbidetarik atera. Antoniok berehala prediku bat ematen du xoragarria; eta, akabatu duenean, aditzaileak oihuz hasten dire. Biba Jesu-Kristo! Biba Jesus gure Erregea! Biba Jesus gure Salbatzailea.— Arrainak bizkitartean han dagotzi, joan baino lehen sainduaren benedizionea igurikatzen balute bezala. Antoniok benedikatzen ditu beraz; eta aire berean, urpean sarturik eta gorderik, badoatzi bakotxa bere alde.

 

        Gauza miragarria! San Frantsesek xorieri predikatzen zioten, San Antoniok aldiz arraineri. Bainan batak nola bertzeak xede bera dute, saindu guziek duten xede lehena, xede bakharra: Arimen salbatzea.

 

aurrekoa hurrengoa