www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Antonio Paduakoa
Laurent Diharasarri
1897

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Antonio Paduakoa, Laurent Diharassarry. Lasserre Baitan, 1897.

 

 

aurrekoa hurrengoa

HAMEKAGARREN KAPITULUA

HILTZEN DA

(1231)

 

        Mendekoste ondoan, maiatzean, ezaguturik, edo menturaz segurki jakinik hiltzeko orena hurbildua zuela, Antoniok nahi izan zuen, Jainkoaren aintzinean agertu baino lehen, zenbeit denboraz bildutasun osoan bizi. Castel-Fonteko nausiak bazuen, San Frantsesen komentu bati hurbil, arbolategi bat; han, elzaur ondo baten adarren artean, Antoniok eginarazi zuen etxola ttipi bat, eta geroztik etxola hartan bizi zen, othoitzari, meditazioneari, mortifikazioneari osoki emana. Jausten zen bizkitartean bere fraile lagunekin komentuko elizan ofizioaren errateko, eta heiekin jaten ere zuen.— Etxola hartarik ageri zen Padua; eta, egun batez, zerutikako argi batean ikusirik, menderen mende zer aiphu eta zer ohore izanen zuen hiri horrek, han aurkhituko zelakotz haren gorphutza; bertze orduz San Frantsesek hiltzerakoan Asisa benedikatu zuen bezala, Antoniok ere benedikatzen du bere Padua maitea, eta erraten ditu hitz hauk: «Benedikatua izan hadi, Padua, hain toki ederrean jarria haizelakotz; benedikatua, hire lurrak eta bazterrak direlakotz hain aberatsak. Benedikatua ere, Jainkoak sarri, laster, emanen daukan ohore handiarengatik.»

        Erearoaren 13an, eguerdi airean, fraile lagunekin bere aphairuaren hartzen hari zelarik, Antonio aldi txartzen bezala da, eta lurrerat abiatzen. Bertze frailek besoetan hartzen dute, eta etzaten xirrimendu batzuen gainean. Bainan Antoniok Paduan nahi luke hil; galdetzen du beraz ereman dezaten Paduako San Frantsesen komenturat. Berehala ezartzen dute orgetan, ela abiatzen dire; bainan hiriko atherat heldu orduko, osoki joana zen. Lagunek erraten diote hobe duela han berean den San Frantsesen serora batzuen komentuan gelditzea.

        «Nahi duzuen bezala,» ihardesten du eztiki eriak. Etxetto bat baitzuten han, komentutik berex, seroren fraile aintzindariek, harat erematen dute. Aphur bat pausatu denean, Antoniok elizakoak hartzen ditu, bekhatoros handienaren humiltasunarekin, aingerurik garbienaren khartsutasunarekin. Gero, barneko atseginez gainditua, boz ezti gozo batekin hasten da kantatzen bere bizi guzian gehienik maitatu zuen kantua: O gloriosa Domina, o ene andre loriosa. Agur, zeruko izarrak baino gorago zaren Birjina; Jainkoaren Ama, agur! Eta, begiak zeru alderat itzuliak, beti toki berean landatuak, iduri du bertzek ikusten ez duten zerbeit ikusten duela.

        Zer ikusten duzu bada, galdetzen diote lagunek?— Nere Jainkoa, du ihardesten, nere Jainkoa dut ikusten.— Jesus biderat ethorria zuen, erraterat harentzat akabo zela negu hotza eta garratza, harentzat orai haste-zela beti irauten duen primadera gozoa, haste zeruko zoriona. Holaxet Jesusekin buruz buru, zeru-jasta dohatsu batean bezala oren erditto bat egoten da Antonio, eta gero haren arima xuria hegaldatzen da Jainkoarenganat.— Ortziralearekin zen, ilhun nabarrean; Antoniok hogoi eta hamasei urthe zituen.

        Azken hatsa eman duen bezen laster, Paduako haurrak hiri guzian badabiltza, oihuka diotelarik: Saindua hil da! Hil da San Antonio!— Berria barraiatzearekin, jendeak lana uzten du; oro lasterka badoatzi komenturat. Ez da bazter guzietan nigarrik, auhenik, marraskarik baizik.

        Komentuko serorek nahi zuketen Antonioren gorphutza beren kaperan atxiki; San Frantsesen komentuko frailek ere galdegiten zuten. Hiritarrek nahi, hiriz kanpokoek ere bai. Azkenean, ez errexki, jaun aphezpikua mintzaturik, hiriko San Frantsesen komentuan ehortzi zuten Antonio. Haukuan bazen zer-nahi jende, oro torxa bat eskuan; hainbertze argirekin, Paduak sutan iduri zuen.

        Eta Antonioren hil kutxa ukitu zuten eri guziak, itsu, elkhor, maingu eta bertze, sendatuak izan ziren.

 

aurrekoa hurrengoa