www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Antonio Paduakoa
Laurent Diharasarri
1897

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Antonio Paduakoa, Laurent Diharassarry. Lasserre Baitan, 1897.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LAUGARREN KAPITULUA

BADOA AFRIKARAT,
ETA HANDIK ITALIARAT

(1220-1224)

 

        Hitzeman bezala, berehala Afrikarat igorri zuten Antonio. Bainan, Jainkoaren nahia! Afrikarat orduko eritu zen, eta urthe bat han egotu ondoan, beti eri, deus egin ahal izan gabe, bere aintzindariek manatu zioten Portugalerat itzultzea. Bidean ematen da beraz; bainan, huna non kalerna izigarri bat altxatzen den, eta haizeak untzia erematen du, Portugaletik urrun, Ziziliarat. Zizilia da isla [Isla da: leihor bat alde guzietarik urez inguratua] handi bat, Italiatik hurbil. Zizilian zenbeit hilabethe eman ondoan, Antonio joan zen Italiarat.

        Italiako hirixka batean, orduan, egin beharra zen San Frantsesen frailen biltzarre osoa, eta harat deituak ziren joaten ahal ziren guziak. Bildu ziren bi mila frailen heina. San Frantses bera han zen. Antoniori nihork etzion kasurik egin; fraile arrotz hura nihork etzuen ezagutzen ere. Biltzarre ondoan, oro nor bere komenturat abiatu zirenean, Antonio, herabez ez errexki, hurbiltzen zaio Italia Bolognako komentuko aintzindariari, eta humilki othoizten du berekin ereman dezan, Jesu-Kristoren maitatzen eta zerbitzatzen irakasteko. Hartzen du, eta badoazi Bolognarat. Bainan, komentu nausian egoteko orde, Antonio, berak hala galdeginik, joan zen frailek oihanpean zuten bertze bizitegi baterat; eta han harpe batean eginikako etxola batean kokatu zen. Garrazki ekhartzen zuen bere gorphutza, eta beti hari zen, edo othoitzean, edo Liburu Sainduen irakurtzen eta gogoan erabiltzen.

        Egun batez, aphezpikua aurkitzen zen zeremonia batean, predikua behar zen, bainan predikariak huts egiten du. Orduan, han berean, Jainkoak naski argiturik, bere komentuko aintzindariak Antoniori manatzen dio predika dezan. Lañoki, obeditzeko, hasten da Antonio; eta aditzale guziak, aphezpikua lehen lehena, harrituak, loriatuak, xoratuak dagotzi. Egundaino etzuten halako predikaririk entzun. Jakitate pare gabekoa, mintzaira garbia eta ederra, eta guziz zerutikako khar bizi bat, arima argitzen eta bihotza sustatzen zuena!— San Frantsesi jakinarazi zioten berehala zer gertatu zen, eta, bihotza bozkarioz gainditua, San Frantsesek bere benedizionea igorri zion Antoniori.

        Ondoko urthean garizumako predikuak emanarazi ziozkaten Verceileko hirian; eta beti eliza bethea zen; ez egunaz, ez gauaz, etzen jendea atertzen. Goiz batez, Antonio predikatzen hari zelarik, elizarat ekhartzen dute mutil gazte baten gorphutza. Aita amak, bertze ahaideak, adixkideak nigar marraskaz zauden. Bihotza hausten zaio Antoniori; ixiltzen da, aphur bat othoitzean egoten; eta gero, eskua hil kutxaren alderat hedatzen duelarik: «Mutil gaztea, dio hazkarki, Jesu-Kristoren izenean, jeki zaite.» Eta hila higitzen da, xutitzen, pizturik badoa bere burhasoen besoetarat.— Jainkoak hola, mirakuiluez, indar ematen zion Antonioren hitzari.

 

aurrekoa hurrengoa