www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Antonio Paduakoa
Laurent Diharasarri
1897

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Antonio Paduakoa, Laurent Diharassarry. Lasserre Baitan, 1897.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZAZPIGARREN KAPITULUA

BADOA PADUARAT

(1228)

 

        Riminiren ondotik, bertze asko hiritan ibili zen Antonio, eta orotan arima hainitz eta hainitz Jainko legean ezarri zuen edo finkatu. 1228aren hastapenean heldu izan zen Paduarat. Padua! Hiri hori maitatuko du gure sainduak bere sor-tokia bezenbat edo gehiago! Hiri hortan eginen ditu obrarik espantagarrienak! Hiri hortan da hilen eta ehortzia izanen! Hiri hortan bereziki ohoratuko dute menderen mende, eta menderen mende hiri horren izena emanen diote: San Antonio PADUAKOA!

        Paduan bazuken misionest batek zer egin. Lizunkerian bizi zen lephoraino hango jendea. Bertzalde nihork elkhar ez ikusi nahi herra piztua zagon beti bihotzetan; familiarik handienak bi aldetarat berexiak gerlan hari ziren, eta maiz baziren odol ixurtzeak, heriotzeak. Bertzalde oraino, jende xehea zangopean lehertua zaukaten, eta ez da han egunero gertatzen etzen itsuskeriarik, zikinkeriarik, eta makurrik.

        Antonio ez da durduzatzen. Nihoren beldurrik gabe, handiak ala ttipiak, aberatsak ala erromesak, lizunak, ohoinak, herratsuak, hitz batez, gaizki zabiltzan guziak garrazki larderiatzen ditu eta bere hitz saminaz zafratzen. Haren bozak ihurtzuria [Hortzia] iduri du Jainkoaren justiziaz, ifernuko oinazez mintzo denean; bekhatorosak ikharatzen ditu eta herrausten. Bainan berehala gero, eztitasun sarkorrenarekin, esperantzaz bethetzen, irakutsiz nor duten alde, nor laguntzaile eta berme Jainkoaren aintzinean: Ama bat, ametan hoberena, Maria; Salbatzaile guziz boteretsu eta urrikalmendutsu bat, Jesus.— Eta jendea ez da sekulan asetzen Antonioren entzuteaz. Beren lanak, beren tratuak utzirik, ahal dutenak oro heldu dire predikuetarat. Eta Jainkoak orai-ere, orai sekulan baino hobeki, mirakuiluez indar ematen dio bere zerbitzariaren hitzari. Bat aiphatuko dugu bakharrik hemen.

 

Zango pikatuaren mirakuilua

        Egun batez, mutil gazte batek aithortzen dio ostiko batez bere ama lurrerat artiki duela: «Ama jo duen zangoak, ihardesten dio Antoniok, merezi du pikatua izatea». Solas bizixkoa, nahiz saindu baten ahotik jalia. Zer egiten du mutil gazteak?

        Etxeratu denean, haizkora bat hartzen du, eta zangoa pikatzen. Odola zurrutan eta zango ebakia ikusten dituenean, mutil gaztearan ama kasik burutik joaten da. Jakinik nola zen gauza gertatu, badoa lasterka, marrumaz, Antoniorenganat, eta ahorat jin guziak oihuka erraten diozka. Antoniok eztiki hartzen ditu haren laidoak eta elhe gaxtoak. Alabainan ama da; eta nork negur ama baten bihotz-mina eta buru nahastea, bere semea planta hartan ikustearakin! Gure saindua emazte gaixo horren ondotik badoa haren etxerat; mutil gazteari zangoa ezartzen dio zangarrari kontra, eta gurutzearen seinalea gainerat egiten du. Aire batean, bi aldetarik, hezurrak eta haragiak elkharri lotzen dire; mutil gaztea xutitzen da sendatua, eta errepikatzen ditu orduan, eta gero bere bizi guzian, bai Jainkoaren, bai Antonioren laudorioak.

 

        Garizumarekin hasi zituen Aritonioe bere predikuak. Garizuma akabatu orduko, bertze bat bilhakatua zen Paduako hiria. Gerlan ziren familiak adixkidetu ziren; ontasun gaizki bilduak jaberi bihurtu ziotzaten; ordu artio eskandala ematen zuten bekhatorosek penitentziazko urhatsak hartu zituzten. A! bertzelakoa litakela mundua, bertzelako bakherik, garbitasunik, zuzentasunik, bertzelako zorionik litakela, baldin sainduen, Eliza-gizonen irakaspenak onhartzen balire, eta heien erranak egiten!

        Debruari ez baitzitzaion bada eder, Antoniok haren aztaparretarik hiri osoa hola khentzea! Mila amarruz, mila gezurrez, ametsik ikharagarrienak igorriz, nahi zuken izitu eta predikatzetik gibelatu. Bainan Antonio are su gehiagorekin zoan aintzinat. Azkenekotz buruz buru jazartzen zaio Satan. Gau batez, Antonio akhitua lo zagolarik, debrua lotzen zaio lephotik, hazkarki tinkatzen du eta, Jainkoaren laguntzaz landa, han berean ithoko du. Bainan Antoniok, ihartzartzearekin, berehala Mariari hel egiten dio, eta hain maite duen kantuko hitzak erraten ditu: O gloriosa Domina, o ene Andre loriosa. Etsaiaren osokiago garhaitzeko, erraten ditu oraino, zeinatzen delarik, hitz hauk: «Huna Jaunaren gurutzea. Ihesi zoazte, etsaiak. Judako lehoinak, Dabiden semeak garhaitu zaituzte. Alleluia. Alleluia. Alleluia.» Eta debrua suntsitzen da; ihes egin du.

 

aurrekoa hurrengoa