www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eskualdun pelegrinaren bidaltzailea
Gratien Adema, «Zaldubi»
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ales Bengoetxea. Donostia.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XII
Lurdes

 

        Jerusalemeren eta Erromaren ondotik, ez da orai munduan Lurdes bezalako lekhu Fede-pitzgarririk.

        Lurdes, duela oraino hogoi urthe ikus, eta orai ikus:... hori bera zer mirakuilua!... Eta orai han dakuxagun espantagarrizko gauzen hastapena;... eta mundu guzia orai harat deraman lehiaren abiadura, hamalau urtheko nexka pobre, nexka ahul eta deus ez jakin baten erranetik!... Hori bera naturalki nola diteken; erran bezate mirakuiluetan sinhesterik ez dutenek.

        Nexka horrek Bernadeta zuen izena. Aita eta Ama eiharazain behartto batzu zituen; eta bera haur erixka mendre bat zen sortzetik. ? Hauzo herri batean iduki zuten lehenik ama?otan, eta gero artzain hamalau urthe egin arteraino.

        Lehen komunionea egin ordu baitzuen, eta oraino deus ikhastekoa baitzen salbu arrosorio erraten; etxerat ekharri zuten 1858-an urtharril hondarrean, Lurdeseko seroren eskolarat ibiltzeko.

        Oxailaren hamekan, ortzegun gizen zen, eta hameka orenetako heinxu hura. Bazkariaren egiteko egurra eskas izanez, Bernadeta amak igorri zuen espalketa Gaiako ur handiaren zariketara.

        Bernadetak hartu zituen bi lagun: bat bere aizpa hameka urthetakoa, eta bertzea hamahiru urtheko nexka hauzoko bat.

        Masabieleko harroken parrera zirenean, Bernadetari aintzindu zitzaizkon bere bi lagunak, eta hetara heltzeko ur batean gaindi behar baitzuen pasatu, hasi zen oinetakoen khentzen.

        Bet betan entzuten du haize burrunba iduri bat. Behatzen du goiti ur hegiko zur xurietara; bainan oro geldi geldia daude. Ustez deusik ez zen, ukhurtzen da berritz.

        Hainbertzenarekin, berritz harrabox bera aditzen du eta oraino azkarrago. Behatzen du orduan harrokako aldera, eta harroka hark zolan baitzuen atherbe iduri zilho handi bat, ikusten du barne hura dena argi argia; eta goraxago, bertze zilhoska baten erdi erdian xutik, Andre handi bat, xuriz bezti, gerrikoa zeru kolore, mantalin xuri bat burutik, arrosorio bihi xuri batzu eskuan, eta arrosa hori urre iduri bat oin bizkar bakhotxean.

        Andre horrek Bernadetari kheinu egiten dio hurbil dakion. Haur gaixoa harritua dago. Naski bixta bide duela zerbeit lanbroz edo llilluraz hartua, hasten da bi begiei harraskaka; bainan halarik ere geroago eta ageriago dagoko ikurgarri xoragarri hura.

        Nolazpeit belhauniko pharatzen da; eta bere arrosorioak eskuetan harturik, hasten da ja hain laket zitzaion othoitz haren erraten.

        Bere bortz hamarrekoak nunbeit han erran dituenean, agerkaria irri ezti bat eginik emeki emeki sunxitzen zaio bixtatik.

        Eta Bernadeta han baitzagon aintzina bere harroka zilhoari beha, azkenekotz lagunek oihu egin zioten higi zadien bada handik hekien egurketa laguntzera.

        Hetara bildu zenean, ezagutu zioten zerbeit gerthatu zitzaiola, eta jakin artio ez zioten utzi bakerik.

        Nihori ez erratzekotan, Bernadeta bere mirakuiluaz mintzatu zitzaioten; bainan etxera eta, bi nexken lehen lehen lana izan zen amari eta hauzoko guzieri denen salatzea.

        Amak ez zuen deus sihexi nahi izan, eta horiek guziak haurkeria batzu zirela, jendea gaizki mintzaraz ere zirotenak, debekatu zion Bernadetari Massabieleko harrokarat gehiago hurbiltzea.

        Humilki haurrak amari hitz eman zion obedituren zuela.

        Ondoko igandean, oxailaren 14an, Bernadetaren aizpak, haur lagunek eta zenbeit presuna larrik ama hainbertze othoizturik, ardiexi zioten heiekin bedere gatea. ? Amaren baimenarekin lorietan abiatu zen Bernadeta berritz ere bere Andre ederra ikus uste zuen lekhura.

        Zohazilarik, anpoila bat ur benedikatu harturik, lagunek erran zioten: ? «Andre hura berritz egun ere agertzen balin bazaitzu, botatu beharko diozu ur benedikatu hortarik eta erranen diozu: ? Onekoa bazare hurbil zakizkit. ? Gaixtokoa bahaiz, aparta hadi.»

        Harroka zilhoaren aintzinera zirenean, deus ez baitzen han oraino ezagun; Bernadetak erran zioten: ? «Eman gaiten belhauniko eta erran dezagun arrosorioa.»

        Belhaunikaturik othoitzean hasi zen bezein laster, Bernadetari begithartea argi argia egin zitzaion denek ikusten zioten distiru miragarri batez. Ezagun zuen bere Andre handia han zuela.

        Berehala bere laguneri oihuz hasten zaiote. ? «Beha! beha! horra nun den!» Bainan bertzeek ez baitzuten deusik ikusten, berritz ere Bernadeta oihuka zagokoten: «Behaozue bada, horra, horra! ? zein ederra den!... Behaozue zer irri eztia eta maitea egiten daukun... Agurka ere beha zein ederki ari zaikun...»

        Orduan bere haur lagunetarik batek eman zion eskura ur benedikatua, hartarik bota zezon. Bernadeta hasten da botatzen, dioelarik: «Jainkoaren ganikakoa bazare, hurbil zaite...»

        Ama Birjina hurbilago pharatzen zaio, eta haur gaixoa loriatua berritz ere bere laguneri oihuz... «Beha! beha! begiak nola altxatzen dituen zerura; beha, nola den nere ganat aphaltzen... Zer! ez duzue orok ikusten?...» ?

        Bernadeta berritz belhauniko hasten da arrosorio erraten, eta erran duenean, Ama Birjina itzaltzen zaio bixtatik.

        Ondoko ortzegunean, oxailaren 18an berritz oraino agertu zitzaion eta bethi toki eta itxura berean. Egun hartan Bernadetak bi emazteki zituen lagun. Zioten, menturaz arima penatu zenbeit zabilala han othoitz edo meza galdez.

        Emazte hek erranik, nexka umilak bere Andre handiari eskaini zion paper bat, hartan othoi iskriba zezan zeren galdez zabilan.

        Andre Dena Maria orduan mintzatu zitzaion Bernadetari eta erran zion:

        «? Ez dut zuri errateko ditudanen batere iskribatzearen beharrik: xoilki zato hunat oraino hamabortz egunez. Nik zuretzat dagozkadan gozoak ez dire mundu huntakoak bainan bai bertzekoak.»

        Hitz horiek erran eta, agerkaria egundaino bezala itzali zen.

        Biharamunean Bernadetari aita eta ama jarraiki zitzaizkon. Hek harrokara zireneko ja bazen han jende multxu bat.

        Belhaunikatu zen bezein laster haur horren aphegi guzia berritz ere argi argia egin zen: xoragarri zen hari beha egoitea: ezik Andrearen agertzeak aldi guziz itxura bat harrarazten zion ezin gehiago loriazkoa eta xarmagarria.

        Bernadetak ikusten zuen agerkaria, hark beizik, bertze nihork ez zuen ikusten. Bera hortaz harritzen zen. Bainan aski zuten jendek Bernadetari berari behatzea haren itxura guzian klaroki ikusteko eta aise ezagutzeko agerkari zerutikako baten dirdira.

        Holako mudantzarik izaiten zuela berak batere ez zakien:... egundaino geroztik ere ez du jakin, eta behinere ez zaio gogoratu hari zagoela beha jende guzia.

        Oxailaren hogoian (larunbata zen). Ama Birjina bortzgarren aldiko agertu zitzaion. Aldi hartan lau edo bortz ehun ikustiar bildu ziren haren gana.

        Lurdesen eta inguru herri guzietan ez zen bertze aiphurik Masabieleko harpeko mirakuiluaz baizen, eta Bernadeta harat zohan guziez, jendea geroago eta oste handiagoan zarraion ondotik.

        Igande oxailearen 21ean, milaka ziren batzu hari jarraikiz, bertzeak aintzinduz harat jo zutenak.

        Igande hartan, Bernadetari Andrea bertzetan baino tristeago iduritu zitzaion, eta harpean barnaxago sarthua ikusi zuen.

        Bernadeta bere belhaunez herrestan hurbiltzen zaio eta erraten dio: « ? Nere Andre ona, zer duzu hoin goibel izateko: Erraguzu othoi zer nahi zinuken egin dezagun?» Jainkoaren Amak ihardesten dio: «Othoitz egin behar da bekhatorosentzat.»

        Gauza hoikien fama entzunik, eta ikusiz jende guzia bere fedeak nola zuen ja higiarazten, gobernamenduko gizonak khexatu ziren.

        Zer nahi egin zioten nexka ahul eta ahalketi horri, baitezpada zerbeit malezia edo gezurretan atxeman beharrez; orobat balakatuz edo larderiaz beren gosturat mintzarazi beharrez.

        Bernadetaren lañotazunetik ez zuten athera ahal izan nihola ere bethi egia bera eta berdina beizik; eta beren eskola eta abil-uste guziarekin, hari egin zioten gerlan ez zuten irabazi ahalkeriarik eta jendeen irririk baizen.

        Jendea ere nahi izan zuten trabatu Bernadetari grotara jarraikitzetik. Grota edo Harpea bera debekuan ezarri zuten; bainan horiek guziak debalde izan ziren askenekotz.

        Harperako bidea, hango ur hegiak, harrokak, zarikak, sasiak eta ur handiz bertzaldeko alhorrak jendez noiz nahi estaliak ziren; guziz Bernadeta harpera beharra zela zakiten hamabortz egun hetan.

        Hamabortz egun hetarik, Bernadetak bia beizik ez zituen izan bere andrearen agertzerik gabekoak. Bertze hamahiruetan Ama Birjinak ez zion faltarik egin bere haurraren fede garbiari.

        Astearte oxailaren 23an, Bernadeta argiko harperat heldua zen, eta ja bazen han zortzi edo hamar bat mila ikustiar.

        Belhaunikatu zen bere ohiko lekhuan; esku exkerrean ezko benedikatu bat piztua zagokan, eta eskuinean arrosorioak zituen. Andreak orduan lehenik erran zion gauza sekretuzko bat hari bakharrik behatzen zitzaiona, eta gero bertze hitz hauk: ? «Zohaz, ene haurra, aphezeri eraterat, hementxe behar dela egin eliza bat, eta proasioneek hunat beharko dutela ethorri.»

        Bernadetak harpetik lekhora xuxen jo zuen Lurdesko Jaun Errotoraren etxerat, eta andrearen hitzak hari erran ziozkan. Bainan Jaun Errotorak hotzkitto hartu zuen.

        Asteazken, oxailaren 24an, Bernadeta bere ikusgiaren artetik hasi zen lurrari musuka, eta bi belhaunez zohalarik harperainoko petarra gora herrestan, entzun zioten hiruetan erraten: «Penitentzia! penitentzia! penitentzia!»

        Beraren ganik gero jakin zuten hitz horiek Andreari entzun ziozkala lehenik oihuz bezala erraten.

        Ortzegun, oxailaren 25ean, huna zer gerthatu zen.

        Andreak erran zion Bernadetari: ? «Zohaz haurra orai horrako ithurri hortan edatera, eta begithartearen garbitzera, eta gero jan zazu ur horren bazterrean den belharretik.»

        Bernadetak behatzen du eskuin, behatzen du exker; eta baitzakien ez zela harroka hetan ithurririk, bere ustez abiatzen da jauxi behar duela Gaieko ur handiraino, zoina han baitzuen hamar bat urraxetan.

        «Ez hor, ez hor, erraten dio Andreak; zato hunat; ithurria hementxe duzu barne huntan.» Eta eskua harpe xokhoko alderat hedatuz kheinu egiten dio han mia dadin.

        Haurra itzultzen da; badoha harpe xokhorat, eta han ez du kausitzen lur busti puxka bat beizik. Halere hartan berean aztaparrez putxu bat egiten du. Putxu hori berehala bethetzen zaio ur lohi lohi batez. Ur hortarik edaten du. Hortaz beraz murruskatzen du begithartea, eta gero jaten du bazterreko belharretik.

        Biharamunean Lurdeseko gizon harri pikatzaile bat, hogoi urthe hartan begi bat galdua zabilana, entzunik harpeko ur sorthu berri horren fama, badoha harat; ur basaxu hortaz bustitzen du bere begi ixua; bet betan horra nun bixta heldu zaion begi hartara; eta medikuak berak aithortzen du sendatze hori egiazko mirakuilu bat dela.

        Handik lehenbiziko egunetan oraino Bernadetaren puxutik atheratzen zen ur hori, ez zen xirrixta mehe eta urri bat beizik: hargatik dena ere emekitto emekitto bethi emendatuz heldu zen eta garbituz.

        Lurdestarrek, aintzineko tokiko berri baitzakiten, harpe idor hartan urik sor zitekela ez zezaketen sinhex. Hainitzek ez zuten aditu ere nahi ikustera gaterik. Zenbeitek ikusi eta ere zioten, ur nigar hura deusik ez zela, eta segur agertu bezala laster agorturen zela.

        Bainan harri pikatzailearen sendatze mirakuiluzkoa Lurdestar guziek begien bixtan zuten ezin ukhatua eta ur haren botherez gerthatua.

        Sendatze horren esker onetan, berehala harri pikatzaile guziek elgar aditu zuten, eta harrizko aska handi bat eginik hantxe ezarri zuten harpeko ura sortzen zen tokitik beheraxago.

        Aska hori urez bethe zeneko, huna bertze mirakuilu bat.

        Lurdeseko etxe batean, haur inbalier bat, bi urthetan oraino xutik abiatzekoa, hiltzen ari zen. ? Ja zenbeitek hiltzat ere utzia zuten.

        Amak hartzen du bere taulieraren barnean, eta burutik gana iduri, badoha lasterka harpe sainduko ithurrira.

        Hila bazen hila, bertzela ere zer nahi gisaz exitua, bere haurra sartzen du lephoraino askako urean. ? Izotz goiz bat zen. ? Gaixoa luzez han idukirik baderama hotz gogortua etxerat, eta pausatzen du bere ohakoan. ? Zenbeit orenen buruan ohartzen dire haurrak haxa baduela eta lo dagola. ? Biharamunean, loz eta bulharrez arte hartan onxa aserik, haur hori jeiki nahia, nekhez atxiki zuten ohean. ? Biharamunagoan, hor atxematen dute muthikoa ohetik eskapatua, jauzika hantxe dabilala sendo eta azkar.

        Ama hark bere haurra harpeko ur hotz hartan sarthu zuenean, baziren han ehunka ikusleak, eta guziek emazte hori oihuka gaizkitu zuten bere gogorkeriaz. Gero hargatik bertze oihu gisarik ere athera zen jende hekien ahotik ama haren fedeaz eta Birjina Sainduaren bothereaz!

        Eta geroztik zenbat holako mirakuilu! zenbat ehun, zenbat mila!... Eta oraino bethi eta noiz nahi aintzina gerthatzen!... Nun fedegabeak berak harrituak baitagozi, hainizek nahitez amor eman baitute, eta beren baithan sarthurik, zinez gure Fedea bezarkatzen.

        Ixil daude orai Harpeko ithurria deusik ez zela eta fite agortuko zela hain goraki ziotenak. ? Oraiko orenean segurik ez du iduri oraino agortzera dohala; ezen ehun eta hogoi mila pinta ur gutienetik egunean ematen ditu Bernadetak bere erhiz xilhaturikako putxuak.

        Andreak erran hamabortz egunak hola hola iragan ziren, bai mirakuiluak, bai hekien ikusleak geroago eta gehiago emendatuz zohazilarik. Hargatik gero ere egun guziz Bernadeta bazabilan bere harpera. Bainan agerkari ohikoa ez zuen gehiago ikusi, salbu bertze hiru aldi: Martxoaren 25ean, gero Bazko biharamunean, eta azkenekotz uztailaren hamaseian.

        Martxoaren 25eko hartan, Andre Dena Mariaren Anontziazioneko besta egunean, egundaino baino ikusgarriago eta ederrago agertu zitzaion Bernadetari bere Andrea.

        Bernadetak galde hau egin zion: ? «Othoi orai bedere, ene Andre ona, othoi erradazu bada nor zaren zu, othoi erradazu zure izena.»

        Behin, bietan egin zion galde hori, eta Andreak deus ihardexi gabe behatzen zion irri ezti eta maite batekin.

        Hirugarren aldikotz galde bera egin zioenean, Ama Birjinak, bere esku ordu arteraino junt zagozkanak berexi zituen, arrosoriak beso eskuinera lerraraziz... Gero bi besoz ezti eztia egin zuen goratze eta beheititze bat... Zeruari beha paratu zen... Eta oraino berritz eskuak elgarri juntatuz hau erran zuen.

        «Ni naiz Konzepzione notha gabea!»

        Horra Lurdeseko Ama Birjina agertu izan zeneko mirakuiluak. Horien egia baino hobeki frogaturik ez da munduan gure denboretako gerthakarietan.

        Gauza espantagarri horien kariaz, Bernadeta eta haren burasoak, nahi izan balute aise aberaxtuko ziren, eta ez dire aberaxtu. Bernadeta mundu hau sekulakotz utzirik, serora egin zen, eta bizi da zerutiar bat bezala urrungo komentu batean.

 

aurrekoa hurrengoa