www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eskualdun pelegrinaren bidaltzailea
Gratien Adema, «Zaldubi»
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ales Bengoetxea. Donostia.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IV
Pelegrinaietan nor eta nola behar den erabili

 

        Gure Erlijioneko bertze urrax guziek bezala, pelegrinaiek ere hau dute: — egiteraz geroz, behar den bezala dire behar egin; edo bertzenaz hobe batere ez egitea, guziz ez balin bada egiteko bortxa legerik.

        Hetaz baliatzeko kondizioneak eskasten badire, zorokeria liteke gero ez baliatuz errenkuratzea.

        Gehiago dena holako gauzak kalte beizik ez dire, behar ez den moldez edo xedez egiten direnean.

        Hala hala, hainitz on eta salbagarri dire, bai eta askotan mirakuilurainokoan, sainduki, Federekin, bereziki kontzientzia garbi delarik, egiten dituztenentzat.

        Beila bat egin eta, beren othoitzetan berek nahi zuketen hura ardiexi ahal izan ez dutenek, on liteke phenxa balezate noren edo zeren falta den.

        Maizenik geroni gare zerutikako grazien trabatzaile, gure bekhatuez, gure Fede eta debozione eskasaz, gure xede ez aski zuzenez, eta gure nahi naturalegiez.

        Bertzenaz ere, naturalezaz sobera gora diren legeeri buruz arrimaturik daude mirakuiluak gure uste naturalaren arabera baitezpada gerthatu behar izateko.

        Gauza mirakuiluzko baten berthutea ez da bethi berdin agertzen, kasuak gure iduriz berdinak izanik ere. Jainkoari, dohako ikustea noiz eta norentzat diren konbeni mirakuiluen gerthaldiak.

        Beila horietarat edo zoin behar orduz gohazinean, ongi baliatzekotz, lehen lehenik garbi aldi bat ona dezogun eman gure kontzientziari, eta gaiten jar adixkide gure Jainkoarekin.

        Eskuara beizik ez dakitenek, pelegrinai arrotz horietaraz geroz hirriskatzen dute han ezin kofesatzea; beraz xuhur badute, bideari lothu baino lehen, kofesa beitetz beren herrietako aphezeri.

        Bertze nor nahirentzat ere hori hobe da, guziz oste handitako pelegrinaiak dohazinean, zeren eta orduko builan nekhe baita aldiaren ere atxematea, eta zenbeitentzat segurik, aree nekheago, behar luketen astiarekin eta deskanxuarekin lan serios horren egitea.

        Ez du hargatik horrek erran nahi, ez dela pelegrin gan behar graziazko estaduan denik baizen. Bekhatorosak ere badohazke eta beharrik askotan dohazi.

        Egungo egunean, bekhatorosik exituenak, Fedea bera galdua dutenak, nun ditu hobeki atxematen, jotzen eta aurdikitzen Jainkoaren graziak;... nun dire usuago eta lasterrago konbertitzen,... Lurdeko harpe eta eliza hortan baino? eta berdin bertze holako asko beila lekhuetan.

        Mirakuilu hori bera hain da egia ezagutua, nun baitire pelegrinaietarat menturatu nahi ez direnak, Jainkoaren graziaz han atxemanak izan beldurrez.

Baitakite zinez konbertitzeak arima gozo handitan ezarririkan ere, bertze asko gauza latz eta garratz badakharkela ondotik; horrek horrek ditu loxatzen.

Arrozoin hori zenbeitek lañoki aithortu dute, eta naski bertze zenbeitek ere ez dute gutiago phenxatzen.

        Pelegrinai oste handiko bat denean, nork berak behar luke onxa ikhasi eta onxa gogoan hartu, hartako aintzinetik irakuxia izaten den arrimua.

        Hango proasionetan da arrimu hura xuxen orok atxikitzea beharrenik.

        Proasionea izan dadin bi edo lau edo orobat zortzi lerrotakoa; aintzineko buru burukoak behin pharatuz geroz, hekien gibeletik dohazinek aski dute sail beraren heien ondotik makhurtu gabe idukitzea.

        Beraz gibelekoak beha bezo usu bere aintzinekoari, eta xuxen jarraik bekio urrax baten artea huxik utziz.

        Ilhunarekin egiten bada proasione hori, guziek behar dute argi bana izan eskuan pizturik, eta hori proasioneko bide guzian, batek bertzeari, ez argi xortarik ez surik ez emaiteko kasu eginez.

        Proasione horietan kantuak ez du ixildu behar. ? Batek edo batzuek has eta, bertze guziek beren aldiko errepikaz behar dute ihardexi.

        Ez kantari izanagatik, bakhotxak eman beza nihoren ahalkerik gabe gogotik dakien edo ahal duen bezala kantatzen; ezen elizako ofizio kantatuetan egin dezakegun othoitzik hoberena da, Elizaren xedeari juntatuz, hark bezala gure partearen kantatzea.

        Abisu hoikien ondotik, pelegrin maitea, huna orai beila toki horietako zenbeit ixtorio.

 

aurrekoa hurrengoa