www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eskualdun pelegrinaren bidaltzailea
Gratien Adema, «Zaldubi»
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ales Bengoetxea. Donostia.

 

 

aurrekoa hurrengoa

II
Pelegrinaiak zer diren

 

        Beila edo pelegrinaia edo saindoraldea erraten zaio, toki saindu batera debozionez egiten den bidaiari.

        Ez da oraikoa beilaz norapeit higitze hori.

        Lehen lehen denboretako girixtinoek Jesu-Kristo Gure Jaunaren ibildegietarat, eta bereziki Jerusalemera zuten beren ikusminaren lehia.

        Erromara buruz ere laster abiatu ziren, Jaundoni Petri eta Jaundoni Paulo, biak han egonak, han hilak eta han ehortziak zirelakotz.

        Geroxago bazohazin orobat, edo hulako Apostolu, edo holako Martir, edo halako Aphezpiku sainduren hobirat.

        Saindutasunaren mirakuiluek denborarekin holako asko helburu ezagutarazi zuten bazterretan.

        Aspaldi famatuak ziren: ... Espainian behinik behin, Gure Señora Saragoze Pilharrekoaren beila, eta Konpostelako Santiago Apostoluarena: — Orobat Frantzian, Turoneko Jaundoni Martinena eta Betharrameko Ama Birjinarena.

        Andre Dena Mariak berak, Elizaren lehen mendetik hasirik, noiz nahi eta han hemenka, batzuetan bera agertuz, bertzetan bertze zerbeit mirakuiluz, berexi izan ditu toki batzu othoitzerat jendearen osteka bilaraztekoak,... bai arimetako bai gorphutzetako hainitz eritasunen sendaraztekoak.

        Zer diteke nihun ikusgarri hanbat mirakuiluzkoagorik Italia-Loretako elizan aurkhitzen dena baino? — Han baita Ama Birjinaren beraren sor etxea, Jainkoaren Semea gizon egin zeneko etxea, duela bortz ehun eta berrogoita bortz urthe, Nasaretetik zazpi ehun lekhoa hunatago, aingeruek oso osoa airetan ekharria.

        Frantziaren bi hegietan ez du oraino hanbat denbora gerthatuak direla Andre Dena Mariaren agertze batzu, egundaino bezein miragarriak: 1846ean Salhetako mendian; eta 1858an, Eskuaherrietarik hain hurbil, Lurdeko harpean.

        Saragoze-Pilharreko Ama Birjina, Espainiako aldetik;... Betharramekoa, Lurdekoa, Buglosekoa, Frantziako bertze hiru bazterretarik; horra lauak zoin hauzo ditugun, eta lauak naski Eskualherriaren eremu ohietan.

        Iduri du Jainkoaren Ama Sainduari egundainotik lakhet izan zaiola, hurbildik eskualdunari behatzea, eta alde guzietarik gure Fedearen zain egotea.

        Beila lekhu handi hoikien ixtorioak ezarriko ditugu haratxago liburu hunen segidan. Arte huntan eskualdun pelegrinen argitzeko, bertze zerbeit oraino badugu erran beharrik.

 

aurrekoa hurrengoa