www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eskualdun pelegrinaren bidaltzailea
Gratien Adema, «Zaldubi»
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ales Bengoetxea. Donostia.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VIII
Erroma

 

        Erromaren izen horrek berak, nungo girixtinoari ez dio bihotza higitzen; eta nor da ahal balu bere bizian behin bedere Erroma ikusi nahi ez lukeenik?

        Ez du oraikoa Erromak bere fama, bere handitasuna eta munduaren gaineko buruzagigoa.

        Jesukristo gure Jauna sorthu zenean, munduko populu gutiz gehienek Erromari amor emana zuten: Guziak buruzagi bakhar baten azpiko jarriak ziren, eta buruzagi puxant hura zen Erromako Enperadorea. Hitz batez, Erroma zen mundu guziko hiri-nausia.

        Bainan geroxagotzat eiki bertzelako nausitasunik bazagon Erromarentzat. Jesukristoren lurreko erresumak, Eliza katolikoak, han behar baitzuen egin bere bildumaren ohatzea.

        Izpiritu Saindua jautxi zitzaiotenean, Apostoluak Ebanjelioaren bazter guzietan predikatzera barraiatzearekin, Jaundoni Petrik, ororen buruzagi gisa, Erromara jo zuen, eta handik zuen gero gidatzen Eliza guzia.

        Galileako arrantzari xaharrak Erroma hortarik azkenekotz enperadoreak bezenbat, manatzen zion munduari.

        Ohartu zen enperadorea bazter guziak beretzen ari ziotzala girixtino legeak, eta hartaz bertzerik ere bazela entzunik Erroman berean. Manatu zuen beraz girixtino atxeman ahalikako guzien hilaraztea.

        Jaundoni Petri eta Jaundoni Paulo ere, biak noizbeit atxemanak eta preso hartuak izan ziren, eta gero biak egun berean hil zituzten; Jaundoni Petri buruz behera gurutzefikatuz, eta Jaundoni Paulo burua ezpataz motztuz. Zer bathaioa heien odol ederra Erromako lurrarentzat!

        Bi Apostolu horien gorphutzak ez ziren hala hula utziak izan. Girixtinoak erne egon ziren heien zain.

        Burregoak aldaratu eta gaua ethorri zenean, hartu eta ereman zituzten berek bakharrik zakiten toki batean ehorztera.

        Toki hura zen harpe zilho bat, sartze gorde batetik lurpera puxka bat barnatuz eta zabalduz zohana. Jondoni Petrik bizi zelarik maiz han zelebratzen zituen Meza eta Ofizio Sainduak.

        Hiriaren sahexean, iphar aldetikan exkertxago, ageri da Batikaneko mendia edo bixkarra. Denbora hetan oihan edo larre bat bezala zen Jaundoni Petriren harpeko mendi horren alderdia.

        Bainan hala hala, bixkar hartan berean, harpe saindu hartarik bi urraxetan bazen bertzerik ere.

        Neron enperadoreak hantxe zagokan bere jostetako lekua. Karrosazko partidak han jokharazten zituen.

        Frangotan bera bere urrezko karrosan gabaz pasaietan han ibiltzen zen, eta argitzat, ehunka girixtino biziak, bikhez estalirik eta xutik burdin phaxet batzueri amarraturik errearazten zituen.

        Arren, handik hiru ehun urthe gabe, toki hetan beretan, Konstantin enperadore girixtinoak eliza bat ederra eginarazi zuen, Jaundoni Petri eta Pauloren gorphutzak zagozkan harpea aldare-nausi azpitzat barne hartuz, eta inguruan lur eremu puska bat eman zion eliza horri.

        Han orduan eginikako obrak, denborak berak higaturik, aree handizkiago daude heien beren gainean eta hek hala hala utziz eginak orai dakuxagun guziak.

        Han da Jaundoni Petriren Elza famatua, gizonen eskuz egundaino nihun egin izan den, eta naski sekulan egina izanen den obrarik miragarriena. Horra bi Apostolu pobreen thonba... Nolakoa eta nun othe da Neron enperadorearena? Hori nihork ez daki!

        Jondoni Petriren Eliza horri datxikola, Neron enperadorearen jostetako eta pasaietako toki heien beren gainean dire orai, Aita Sainduaren phalazio, baratze eta haitztegiak.

        Lehengo enperadore puxant heien jauregiak hiriaren bertze bazter batean hantxe daude trebes eta aspaldiko mendeez geroz eroriak. Izigarri da asentu puska alimale hekien ikustea.

        Handik bi urraxetan, gehienxua oraino xutik dagoena da jokhari plaza bat Kolosea deitzen dena, mendia bezein gorako harrasi batzuez hexia.

        Harrasi haren mailetan ehun mila eta gehiago ikustiar jarririk aise kokatzen zen.

        Eta plaza haren barnean hainbertze jende zeri beha egoten zen?

        Paganoak loriatzen baitziren jende odolaren eta bereziki girixtinoenaren ixurtzen ikusten, enperadoreek egun guziez Erromako populuari nasaiki ematen zioten axegin hori.

        Koloseako plaza zuten josteta izigarri hortako lekhua... Batzuetan esklaboak, bertzetan gerletan harturikako presonierak, aldian ehunka eta milaka, nahi bazuten eta ez, biluzgorriturik sabre kolpeka elgarri hantxe harrarazten zituzten, eta azkenik bizirik gelditzen zenak ere, han berean bere burua hil behar izaiten zuen.

        Girixtinoak zituztenean hilarazteko, ala gizon, ala emazte, ala zahar, ala gazte, ala haur, oro nahas mahas plaza haren erdian preso eman eta, zezen, hartz, lehoin, tigre, zer nahi holako alimale, galerien azpiko kayoletarik, libratzen zuten goserik hekien artera.

        Zenbat mila girixtino martiren odolaz ez da bustia izan Koloseako lur hura!...

        Erroman bezala orobat bertzetan ere, berrehun eta berrogoita hamar bat urthez, girixtino atxeman ahal guziak holaxe zituzten hilarazten: bainan azkenekotz halere mundu guzian girixtinotasuna emendatu eta nausitu!

        Berrehun eta berrogoita hamar urthe hetan, fededunak tokirik gordeenetan beizik ez zitezken bil elgarretara. Erromakoek katakonbak zituzten beren eliza eta hilherri eta ihes lekhutzat.

        Katakonbak dire gure mendietako mia zilhoak bezalako batzu, Erromako hiriaren zathi handi bat lurpez inguratzen dutenak.

        Holakotan zituzten egiten lehen denboretako girixtinoek orai guk gure elizetan egiten ditugun ofizio guziak. Han ziren preparatzen martirioaren hain gogotik pairatzerat.

        Lurpe hetako galerien paretak, gure etxe-paretetako armarioak bezalaxuko batzuez denak zilhatuak ezagun dire oraino. Hetan zituzten ehorzten beren hilak: eta Martiren erleki gehienxuak handik atheratzen dire.

        Eta oraino bertze zenbat ikusgarri eder eta bihotz ukhigarri ez dagoka Erromak?

        Jaundoni Petriren elizaz bertzalde: Latrangoa, munduko eliza guzien Ama. Orobat Jaundoni Pauloren eliza: ? Andre Dena Maria Gehienekoarena: ? eta bertze holako asko; xoragarri baita ikustea.

        Bainan Erroman mundu katoliko guziari, guziz handi, guziz miragarri eta maitagarri zaiona da Aita Saindua;... girixtino guzien Aita eta Buruzagia... munduko gizonen artean izan diteken majestaterik gorena... Jaundoni Petriren ondokoa... Jesukristok bere lurreko erresumaren gobernatzeko bere ordain hemen utzia.

        Aita Saindua!... Erromaraz geroz, ttiki eta handi, guziek hura nahi dute ikusi.

        Arren zer gozo sekulan ezin ahantzia, gure Aita Saindu miragarriaren ikustea!... haren oinen besarkatzea!... hartaz ikusia eta benedikatua izaitea!... Nun da erregerik bere manupekoez hala maitaturik?

        Zer kanore luke, Aita Saindua balitz bertze munduko errege baten azpiko?... Zer irriak ez lituzke merexi holako majestate bat baino gorago jar uste lukeen printzeak?

        Horra zertako Aita Saindua ez diteken izan bere munduko bereko erregetasun bat gabe... Arren zenbeitek hori diote sobera atzematen, eta ondikoz orai guziek badakigu zer egin dioten.

        Gure Aita Saindu maitea biluzi dute bere munduko erregetasunaren ontasun eta indar guzietarik. Balentria ederra! ohore eta zuzentasun den mendrenik behar ez ahal izaten ez duena.

        Aita Saindua da oraino, zuzentasunaren ohorearen, eta bere erresuma ohiko jendeen bihotzaren errege... Eta mundu guziko girixtinoetan nor liteke aski bihotz gaberik, eta aski arnegaturik, Aita Sainduaren ixutuki ez maitatzeko, haren axekabeez ez minhartzeko eta haren alde ez jartzeko?

 

aurrekoa hurrengoa