www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eskualdun pelegrinaren bidaltzailea
Gratien Adema, «Zaldubi»
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ales Bengoetxea. Donostia.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VII
Jerusalem, Bethelem, Nazareth eta Ama Birjinaren sor etxea Nasarethetik Lauretarat aldatua

 

        Jerusalem, Bethelem eta Nasareth, horra hiru lekhu saindu arrozoinekin girixtinoez egundainotik errekestatuak.

        Gure Salbatzaile Jaunak han ibilirikako urraxak eta han utzirikako hatzak, haren denboratik beretik hasirik, izan dire hain lehiarekin miatuak eta ikusiak,... hain artharekin ageriztatuak, eta hain fidelki bethi begiratuak, nun, hainbertze denbora, gerlate, funditze eta nahasmenduren buruan, oraino gutiz gehienak aise ezagut baititezke.

        Testament zaharreko denboretan, Jerusaleme zen Jainkoaren populuaren edo Juduen hiri nausia. Jerusalemeko tenploa bezalakorik ez zen mundu guzian.

        Bainan Jesukristo hilez geroztik, bai hiria, bai tenploa, laster eta arrunt barraiatuak izan baitziren; Jerusalem oraikoa da lehengoaren gainean haren puskez eginikako bat. ? Salbatzaileak aintzinetik errana egia handia: ? Harria harriaren gainean ez zela han osorik geldituko.

        Girixtinoek berek denboraz asko egin dute Lur Saindu hetaz jabetzeko, eta toki erori heien altxatzeko;... eta halere Mairu infidelak dire aspaldion alde hetako guzietako nausi.

        Jainko baten madarizioneaz joa eta ezin libratua, halaxe dago Jerusalem hobenduna, eta ez dakigu noiz arteraino. Bizkitartean ez da bada mundu huntan tokirik hainbertze eta halako orhoitzapen sainduak dituzkeenik.

        Zer exenplua, Jainkoak grazia hainitz egin dioten arimentzat, ez balin badute araberako fideltasuna artha eta eskerra dohain hekieri ihardesteko!

        Jesukristo gure Jauna lurraren gainean bizi zelarik, maiz Jerusalemen ikusi eta entzun zuten. ? Hiltzeko bezperan, han egin zuen bere azken afaria, eta ordenuz guri utzi bere Gorphutz eta Odolaren Sakramendua.

        Han pairatu zuen bere Pasionea eta bere Gurutzeko heriotzea. ? Han ehortzia izan zen. ? Han piztu zen, eta pizturik hainbertzetan bere dizipulueri agertu.

        Handik zen igan Zerurat, eta hango etxe batean zauden Apostoluak, jauxi zitzaiotenean zerutik Izpiritu Saindua.

        Geroztik Jerusalemera, Jesukristoren thonbara, munduaren bazter guzietarik ez dire pelegrinaiak baratzen ibiltzetik.

        Bethelem Jerusalemetik bi orenxuren bidean da. Han da oraino Jesusen sor lekhua: harroka zilho bat, lehen jende arrotz pobreen aberen atherbe izana eta geroztik artha handirekin eliza aberax baten barnean gerizaturik dagokatena.

        Nazareth, Galileako bazter batean da Maria Birjinaren herria. Jerusalemetik hara bada hamar bat lekhoa (45 kilometra).

        Hara jauxi zen zerutik Gabriel aingerua Mariaren etxera, eta Jainkoaren Semea han egin zen gizon!

        Jesusek bere bizi gordea ereman zuen bizitegi pobre haren eremu berean da egina eliza bat alde hetako ederrenetarik.

        ? Bainan Jesusen, Mariaren eta Josepen etxea bera eskas da handik aspaldion.

        Lehenbiziko denboretarik hasirik, etxe dohaxu hura hein bat ohoratua eta begiratua hantxe zagokaten bada Girixtinoek.

        Ethorri zen ordean bertze denbora bat, zointan Mairu infidelek alde hetan nausi jarririk profanatzera baitzeramaten.

        1291ko urthean, gau batez, nihor ohartu gabe, Etxe Saindu hori bere tokitik eskastu zitzaioten zimendu xoilak han utzirik.

        Aingeruek airetan hartu eta oso osoa ereman zuten zazpi ehun lekhoa segurik hunatago, Dalmaziako lurretara, Tertsas deitzen den hiritto bati hurbil.

        Maiatzaren hamarra zen, argia urratzean, Terxastarrak ohartu zirenean etxe horri, bezpera arraxean ez eta egundaino, etxearen iduririk, ez egiteko gayik nihork ikusi ez zuen toki batean.

        Bertzenaz ere ez zen haren obradura alde hetan usatzen zenetarik, eta dena ere batere zimendurik gabe pheza oso bezala zagon xutik lurraren axal gainean.

        Berria barraiatzearekin, jendea jendearen gainzka abiatu zen ikusterat; oro harrituak zagozin beren hari beha, eta gero barnera menturatu zirenean aree oraino harrituago han zakuxaten gauzez.

        Han bazen ganbara bat bere aldarearekin, eta aldare haren gainean Ama Birjinaren zurezko dirudi bat xutik bere Jesus Haurra besotan.

        Guziak hantxe galdez baitzagozin nundikakoa eta zer othe zen bada hori holakorik, Alexandre beren Jaun Aphezpikua ordukotz denek eri exia zagokatena, hor heldu zaiote ororen erdira bet betan sendo eta azkar.

        Erraten diote, gau hartan agertu zaiola Andre Dena Maria, eta haren ganik jakin du nola den etxe mirakuiluzko hori haren Nasaretheko etxea, Jainkoaren botherez orai harat aldaratua: eta egiazki hori hala dela sinhez dezaten hobeki, horra nun bere ohetik arrunt sendatua igorri duen hetara.

        Terxaseko printzea orduan gerlara gana suertatzen zen. Mirakuiluaren berria laster helarazi zioten, eta erregeren baimenarekin lehen bai lehen ethorri zen egia othe zen etz ikustera.

        Bere begiz ikusi eta halere ez baitzitzaion hori aski, nahi izan zuen Nasaretheko bereko ere berri jakin.

        Lau gizon jakinzun hautatu zituen harat igortzeko, eta hetarik batto zen Alexandre Aphezpikua bera.

        Etxearen negurri, hatz eta molde guziak xehe xehea harturik, lau gizon horiek badohazi Nasarethera.

        Nasarethera direnean, galdetzen dute Ama Birjinaren etxea. Hango girixtinoek nigarrez irakusten diote etxearen lekhua. Hargatik zimenduak bedere oraino han dituzte.

        Badohazi miatzerat zimenduen negurri hatz eta moldeak eia xuxen dohazin hek Terxasetik ekharriekin, eta guziak berdin berdina atxematen dituzte.

        Lau lekhuko horiek Terxaserat itzuli zirenean Nasaretheko argiekin, ez zaiteken gehiago duda etxe hura Ama Birjinarena zela.

        Bazter guzietarik jendea debozionez eta ikusminez hara zohan, eta zurezko beiragailu batzuez behar izan zuten inguratu Terxastarrek beren tresora.

        Bainan hiru urthe eta erdiren buruan, Etxe Saindu hori aingeruek hartu eta airetan handik ixas-hegal batez gainez gain berritz ereman zuten Italiako bazter batera.

        Larunbat gau bat zen. ? Hainitzek ikusi zuten argi eder baten erdian, aingeruek airetan zeramatela. ? Italia aldeko frango jende, aingeruen kantuek atzarrarazirik athera zen kanpora eta harriturik egon mirakuilu horri beha.

        Etxe Saindua pausatu zen Rekanatiko oihan batean, eta inguru hetako jende guzia goiz goizetik abiatu zen haren ikustera.

        Hala hala, nork erran Terxastarren bihotz-mina ikusi zutenean bezperan beren etxe maitea airetan heien ganik urruntzen! Egungo egunean ere oraino, beren tokietarik ethortzen direnean haren ohoratzera, heien pleinu eta errenkura hunkigarriak aditzekoak dire.

        Rekanatiko oihanaren jabeak bi anaia ziren. ? Biek gogoari eman zuten behar zutela ederki aberaxtu hekien ontasunean sartzen ziren pelegrinen gostuz.

        Bainan irabazbide horren beraren gainetik laster elgarrekin makhurtu eta hauzitan hasi ziren.

        Hainbertzenarekin, lau ilhabethe nunbeit han iragan zireneko, egundaino bezala, Etxe Saindua hor handik ere aldaratzen zaiote besain harri bat hunatago, bertze jabe baten lurraren gainera zoina Laureta deitzen baita.

        Geroztik Ama Birjinaren sor etxea hantxe dago hainitz artharekin eta ederki begiratua.

        Bera bere tokitik higitu gabe, eta bera hala hala utziz, inguratu diozkate kanpoko lau alderdiak marbolazko edergailuz eta bertzalde egin diote eliza handi eder bat zoinanen barnean orai gerizatua baitago.

        Lehenago larre eta erremutegi beizik ez baitzen lekhu hori; geroztik da egina Lauretako hiria pelegrinai horren kariaz, Etxe Sainduaren inguruan eremu handia dagokala.

        Damurik dire berriroski alde hetako lurrak esku gaixtoetarat eroriak!

 

aurrekoa hurrengoa