www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eskualdun pelegrinaren bidaltzailea
Gratien Adema, «Zaldubi»
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ales Bengoetxea. Donostia.

 

 

aurrekoa hurrengoa

III
Pelegrinaiak zertako diren

 

        Jainkoak mirakuilu zerbeitez bere botherea nunbeit irakuxi duenean; toki haren begiz ikustea, eta mirakuiluak han utzi hatzari hurbildik behatzea bera, ez ahal da axegin ttikia fedudenarentzat.

        Bagohazi harat, sendi baitugu han badela bertzetan ez bezalako berthute bat, gure othoitzeri eta izaite guziari loth daitekena.

        Arimako eta gorphutzeko asko behar ordutan, nihun baino hobeki han dugu uste gure ona atxeman; eta exenpluak inhaurri dire arrazoin dugula irakusten dutenak.

        Harat gohazinean;... gure etxetarik eta herrietarik urrunxko othoitzezko gogoz aldaratze hori bera;... bideko nekhe eta eskasien jasaite hori bera, penitentzia gisa bat da ez guti baliatzen dena.

        Egungo egunean guziz, bertze hainbertze, jo hara, jo huna, hor baitabiltza herratuak eta lehertuak lurreko gozo ez deusen ondotik; gu ere gure esku alde bagabiltza lorietan, zerutikako zerbeitto hurbiltxagotik dakusakegun tokietan.

        Bertzenaz ere on da orhoit gaitezen, eta noizean behin bedere gure urraxez berez seinala dezagun ez garela lur hunen gainean bidaiari eta pelegrin batzu beizik, hemen egoitza iraupenekorik ez dugunak, eta eternitateari buruz bertze baten bilha gabiltzanak.

        Bertze arrozoinik ere badugu, bereziki zenbeit denbora huntan, hain usu eta osteka pelegrinai horietan ibiltzeko.

        Munduan orai zerbeit indar duten gutiz gehienek, Jainko legerik ez nahiz, Eliza Katolikoa baitagokate begitan hartua, eta oro, batzu agerian, bertzeak esku azpiz, hor ari baitzaizko alde guzietarik, nundik lurrerat aurdikiren duten.

        Gure Aita Saindu handi eta maitea bera, zuzentasunezko eta ohorezko lege guzien kontra, khen ahal zetzozketen guziak khendurik, hantxe baitagokate gathibo, trabatua, herxatua eta zer nahi axekabez doloratua:

        Behinere izatekotz, holakotan behar dute girixtino bihotzik duketen guziek beren burua irakuxi, ohoragarrienaren, zuzenenaren eta flakoenaren alde.

        Munduko indarrak eskas edo exai balin baditugu, othoitzaren botherea bedere gure eskuko dugu.

        Holakotan, zinez lothu behar gare, ez xoilki othoitzari, bainan oraino gure othoitzen indarra emenda ahal diroten arrimu guzieri.

        Holakotan, othoitz bakharka eginak, othoitz ixilak edo gordeak ez dire aski; multzuan eta osteka behar gare bildu tokirik sainduenetarat, gure othoitzen batean ematerat.

        Pelegrinaietara horrela gohazinean, ez da batere gaixto mundua ohart dadin gu ere bagarela.

        Elizaren exaiek, Jainko legerik gabe mundua bertze nolazpeit goberna uste dutenek, ja hain dituzte bazterrak nahasi, nun orai xuxentzeak baititu lanak!

        Arren hainbertze nahasduren eta makhurren xuxentze hori liteke segur mirakuilu bat handia, bai eta denbora berean gure Eliza Ama Sainduarentzat gainhartze bat ederra.

        Beraz holako mirakuilu baten eske, norat gohazke xuxenago, baizik ere asko bertze mirakuilu ja gerthatuak dakitzagun tokietara.

        Ez da oraino hortan guzia.

        Gutartean finkatu berrixuak ditugun debozione batzuen medioz, — batetik gure Adorazionetako egun handietan, bertzetik gure pelegrinaietan, — irakusterat ematen dugu zer heinetako girixtinoak garen.

        Izan da denbora bat, zointan Fede gabeko mundutar zenbeiten gatik: heien irrien edo trufen beldurrez; orobat heien handi-itxuraren errespetuz edo loxaz, fededun herabe batzu gordeka bezala baitzabiltzan bere Erlijioneko urrax sainduetan.

        Noizbeit hargatik fededun horiek aski ernatu ziren fedegabe balentrios hekieri hurbilxkotik beha paratzeko, eta gero heien gizontasunaren neurtzeko.

        Orduan ohartu ginen guziak, ez zela ez girixtinoeri, halakoen aintzinean guziz, buruaren aphaltzea, eta deusetaz ere gizona ez dela mundu huntan berean hain gora altxatzen, nola Fede ongi pratikatu batez.

        Geroztik gabiltza nihoren ahalkerik gabe, ez xoilki gure debozionezko urrax manatuetan, bainan orobat beila bide horietan, gure arrosorioak eskuan, eta gure pelegrin gurutzeak papoan.

        Bertzenaz ere, bere tokiko berri beizik ez dakien girixtino bati hainitz on egiten dio ikusteak bertzetan ere badirela fededunak: ezik pelegrinai horietan usu hautematen dire guk dugun sinheste berarekin hara joak, munduko jenderik handienak berak.

        Jaunen jaunak eta guziz halakoak ere nunbeit badirela, badukete eskualdun zenbeitek beren begiz han ikustearen beharra.

        Bertzalde oraino, saindoralde nausi batera zenbeit ehun edo zenbeit mila arima biltzen denean, hura da hura eder eta sustagarri.

        Orduan erran diteke bat bederaren bihotza berotzen dela han diren bertze bihotz guzien khar sainduaz.

        Halakotan, jende ostearen bortxaz ere, bere gisako buila iduri bat izanagatik; sorkha nahasmahas suerte hori bera, zeruko bidean, gauza hunkigarria da.

        Holaxu naski bertze orduz zarraizkon Salbatzaileari Judeako jendeak, eta bethi mirakuilurik handienez sariztatua zen hekien erresaka saindua.

        Hortakotz ere Elizari egundainotikan lakhet izan zaizko bilkhura saindu oste handitakoak.

        Orobat ezagutua da, eliza handi batean; jendetze handia biltzen den eta fontzione konpliak egiten diren eliza batean, hobeki dela norapeit inharrosten eta largatzen populuaren bihotza, ezen etz asko herri ttikitako eliza xume eta ofizio jende gutitakotan.

 

aurrekoa hurrengoa