www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eskualdun pelegrinaren bidaltzailea
Gratien Adema, «Zaldubi»
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ales Bengoetxea. Donostia.

 

 

aurrekoa hurrengoa

X
Bugloseko Andre Dena Maria eta Puyen San Bizente Pauloren sor etxea

 

        Akhizetik haratxago bi orenen bidean da Buglose (*).? Nihork xuxen ez bide daki noizkoa zen Bugloseko debozionearen abiadura lehenbizikoa.

        Guk dakiguna da, duela hiru ehun urthe baino lehenago ere, bazela han Ama Birjinaren potret edo dirudi bat famatua.

        (*) Burdin bidez, Baionatik Buglosera ez da behar bi oren baino gehiago: ezen goizeko seiak eta erdietako treinean sarthuz, Buglosen jaux diteke bederatziak gabe. Gero hargatik handik hunat hamar orenetako treinaz abiatzekotz ez daite hango debozionea egin presatuki beizik. Beraz hoberena da arraxaldeko bi orenak eta erdietako treinaren guait egoitea, edo han berean, edo hunatxago San Bizente Pauloren sor lekhuan

        1570eko heinxu hartan, Protestant edo Higanotak, Akhizeko eta Maranxineko alde hetan, bertze askotan bezala bazabiltzan eliza erretzen, atxeman ahalikako gauza saindu guzien xehakatzen, eta girixtino katolikoeri gerla egiten.

        Hekien beldurrez zenbeit fededunek Bugloseko Ama Birjina gorde zuten, eta haren gordegia bertze nihori irakuxi gabe hil ziren.

        Ama Birjina hori galdu, eta debozionea ere galdu zen... Hargatik berrogoi eta hamar bat urtheren buruan, huna nola Jainkoak berak agerrarazi zuen gordea zagon lekhutik bere Ama Sainduaren dirudi preziatua.

        Bugloseko larre eta ihiztoketan gizon batek bere idiak alha zagozkalarik, idi hetarik bat bere lagunetarikan aldaratuz bethi bazohakon sasi batean barna, eta handik bethi marrumaz zagokon zerbeiten galdez bezala.

        Zer othe duen bada han idi horrek, arbola baten gainera iganik behatzen dio gizonak, eta ikusten du milika eta milika hantxe ari zaiola jendearen itxurako zerbeiti.

        Jende iduri hura inthan kasik dena sarthua dago; burua du doi doia kanpoan, eta dena ere ihiek itzalixea.

        Gizona jausten da arbolatik: lasterka badoha jendeketa, eta heldu da lagun multxu batekin.

        Oro elgarrekin, ez errexki, sasipean sartzen dire, eta ikusten dute idia han ari dela buru eta arphegi eder bati oraino milikaka.

        Abiatzen dire buru hori behar dutela handik altxatu; bainan ez dirote higi. Buru hori bertze zerbeiti eratxikia dago. Bazterretarik barta khentzen diote, eta bultoa barnago eta bandiago dohakate.

        Azkenekotz, pheza oso, indarka dena atheratzen dute eta garbitzen.

        Aspaldiko Ama Birjina Buglosekoa! sekulakotz galdua uste zutena; hura eta bera dute, oso osoa orai agertzen zaiotena. Tokiko zaharrek aise ezagutzen dute bere tronuan hala hala jarria eta dena harri pheza batean landua.

        Akhizeko Jaun Aphezpikuak manatu zuen dirudi mirakuiluzko hori, larre eta intha heien erditik ereman zezaten Puieko elizara.

        Jaun Aphezpiku horrek erran egunean, beren Ama Birjina orgetan ezarririk, abiatzen dire Puiera buruz. Bainan lau edo bortz ehun urraxen bidea egin orduko, uztarriko idiak bet betan baratzen dire.

        Lehenik akhilo sistaka, gero arroderi gizonak lothuz, gero lauzkatuz, zer nahi egiten dute aintzina gan beharrez... Ez idi, ez orga, deus ez dezakete higiaraz.

        «Jainkoa ari da, diote orduan guziek; Gure Ama Birjinak hemen nahi du: bego beraz hemen.»

        Berehala han berean egin zioten eliza bat 1622eko Mendekoste biharamunean handizki estrainarazi ziotena.

        Eliza hura hala presaka egina, batetik xaharregiturik, bertzetik oraiko asko pelegrinaientzat ttikiegiz, duela zenbeit urthe, berri berria egin dute handiago eta ederrago, toki beraren gainean.

        Eliza hortarik bortzpasei ehun urrax haraxago da kapera bat deitzen dutena Mirakuiluen kapera; eta arras hara gabe ithurri bat mirakuiluzkoa. ? Ithurri hori han berean sortzen dena da, Ama Birjina gorde eta atxeman zuten lekhuan: ? eta kapera da egina, dirudi saindua bartatik athera eta lehenik pausatu zuten tokian.

        1576ean, Bugloseko Ama Birjina galdu berri zuten hartan, Buglosetik oren erdi baten bidean hunatago, Puieko laborari etxe batean sortu zen San Bizente Paulo, munduko miseria suerte guzien solegitzailea.

        Errankina, saindu handi eta famatu horren etxea hantxe dago oraino ere, erreleki bat bezala osorik hala hala bere xaharrean beiratua.

        Haren aintzinean bada haitz zahar bat, barnea huxa, bainan azal adarrez bethi fresko, eta oraino arbola gazte bat bezala hostatzen dena. San Bizente Paulo bere haur eta muthiko denboran, abere zain, edo othoitzean, ardura haitz horren itzalean egoten zen.

        Egiazki ukhigarri da etxe saindu haren eta haitz benedikatu horren xutik oraino han ikustea.

        Orobat ikustekoak dire hoikien segidan; behinik behin, kapera bat Frantzian den ederrenetarik, eta bertzalde bertze asko obra, bizitegi, lantegi, eskola, ospitale, oro jende beharrentzat eginak.

 

aurrekoa hurrengoa