Europako Ezker Berria
Xabier Mendiguren Bereziartu

Etor-Mensajero, 1972

 

 

Parlamenduz kanpoko oposizioa (APO)

 

      Parlamenduz kanpoko oposizioa (Ausserparlamentarische oposition) deritzan fenomenoa aztertzea, industriar gizarte modernoko beste edozein gertaera ikertzea baino askozaz zailagoa da, zientzibidez ez bait dago oposizio honen zio eta bultzagarri guztietaz jabetzerik.

      APO-ren berezitasunetarik bat, gizartearen aldakuntzari buruz hartu duen postura dateke. Gizartean, ezkutuan nahiz hertsatuki, ahaltasun batzuk badirela uste du, eta kondaira zehar aukera hoik hezur-mamitzea ardiets daitekealakoan dago. Bestalde, ez du onartzen betirako estrukturatzat gertatutakoen unibertso hertsi hori.

      Intelektualen eta gazteria unibertsitarioaren protestak aztertzean, askok eta askok etorkizunaren aurrean segurantzarik eza beste bultzagarririk ez du aurkitzen mugimendu honen zolan.

      Beste zenbaitentzat, APO-k proposatzen duen gizarte ordena berri hori, inondik inora mami ez daitekean erlijio kutsuko ameskeria bat baizik ez da. Gehienentzat helburu eta bitarteko zehatzik gabeko utopiazale batzuk besterik ez dira.

      Zenbait egunkari seriosek ere azaldu du bere editorialetan teoria eta azalpen bitxirik: belaunaldi eta adin desberdinekoen arteko harremanetan sortzen den psikologiazko hauziak esplikatzen du APO delako fenomenoa. Askatasun larregizko giro batek bide eman die gehiegikeria guzti horiei.

      Azkenik, talde atzerakoienek ere, badute beren iritzia: zuzengaitz, anarkista, komunista, drogazale eta horrelakoek osotzen dute mugimendu hau, gizartearen hondakinek.

      Oposizio berri hau, Ifar Ameriketako unibertsitateetan sortu zen. Usariozko Ezkerrarekin zerikusirik ez zuen, eta kapitalismo desmozorrotuaren experientziak ireki zion bidea.

      Beltzen eskubideek, Kubako iraultzak eta, batez ere, Viet Nam-eko gudateak biztarazi zuten kontzientziak ez zitzakean onar Hirugarren Munduaren explotazioa, ifarrameriketarren esku sartzeak, unibertsitateko araudi nagusikoia, e. a.

      Berehala ohartu ziren mugimendu honen aitzindariak, gertaera guztiok ez zirela ustegabeki sortutakoak; aitzitik, “ugaritasunaren gizarteak” derriorrez eskatzen zuen ordain zirela. H. Marcuse eta Wright Mills bezalako pentsalariek ordurako agerian jarria zedukaten gizarte kapitalista aurreratuaren berezko izaera txar hau.

      Ameriketar New Left honek ez du gogoko ideologiarik; ekintzaren aldeko denez, guztiz begiko du Fidel Castro.

      Mendebaleko Europako ikasleen erreboltak ameriketarren eredu hauen gain eratu ziren. Habermas-en iritziz, ikasle eta intelektualak beste inor baino kondizio hobetan daude honelako oposizio batetarako. Horretarako, arrazoin hauk ikusten ditu:

— erdi mailako edozein hiritarrek baino informazio ugariagoa eta hobea dute;

— ikasteak politikarekiko interesa sortu eta bizi erazten du;

— formazioari esker, gertaera barreiatuenak beren osotasunean ikusteko eta elkarren arteko loturaz jabetzeko gai dira;

— ikasle eta intelektualak, eguneroko lanaren zama nekagarria jasaten ez dutenez gero, gainerako langileak bezain alienatuta eta sorgorturik ez dira egoten.

      Mugimendu honen lehen helburuetako bat, herri-iritziaren politizatzea da. Lehenago zenbait lekutan esan dugunez, jendea garrantzi handieneko arazo politikoetatik alde erazten saiatzen da gizarte kapitalista aurreratua. Honetara, gizartean sortzen diren gorabeherak, maneiaketa teknokratiko batetarako egokituta gelditzen dira.

      Zahar jendearen buru egitura propagandatara gehiegi jarria dagoenez gero, gazte jendeari heziketa berri bat emanaz bakarrik lortu ahal izango da gertakari hoik argi berritan aztertzea. Hauxe litzake mugimenduak ardietsi nahi lukean politizatzea. Hau dela eta, Rudi Dutschke-k dionez, ibilaldi luzea burutu beharko da, familiatik hasita, eskola eta unibertsitatea zehar, enpresetaraino heldu arte.

      Sexu edo kuntze heziketak ere, indar handia eman dio mugimenduari. Gazte jendea berehala jabetu zen, bai gizarte eta bai sexu zapalkuntzaren artean dagoen zezikusi herstuaz. Psikoanalisiarekiko zaletasuna eta kuntze-moralaren aurrez aurre hartu duen jokabide idekiak, beste askatasun giro bat sorerazi du mugimenduaren barnean, usariozko sozialismoak ukan duenaren aldean. Orain artean tabu giroan egon diren arazo hauk arrazoitu ala, askozaz kondizio hobetan aurkitzen da gazteria hau gizartearen moralak ezartzen duen zapalkuntzaz konturatzeko.

      APO-k gogor erasotzen die establishment edo sistimak ezarritako gizartera egokitu diren alderdi sozialdemokratikoei. Oposizioko partiduaren eginbeharrak alde batetara utziaz, jende langile eta ondrauekin kidez kide eta patxadan bizitzea bezalakorik ez dagoela hartu dute berentzat. Beraz, parlamenduan jadanik benetako kontragintza ezinezkoa denez gero, ikasle mugimendu honek bere gain hartu du oposizioaren egitekoa: gobernua kontrolatu, politikazko heziketa hiritarrei eskuratu, teoria, sentiberatasuna, radikalismoa eta gauzak aurrez ikusteko eta amesteko ahalmenari dagozkienetan hutsuneak bete.

      Parlamendua tresna zaharkindutzat zokoratzen duenez gero, eta bozketan ere esku hartu nahi ez duelarik, APO-k ez du usariozkoen antzeko partidurik sortu asmorik. Ekintza hori ihesbide baizik ez dela ohartu delarik, alferrikako joko horretan ez du partaliar izan nahi.

      Sobietar Batasuneko partiduari ere, ez diote ezer kopiagarririk ikusten, eta sobietarren ereduak mendebaleko gizarte ugaritsuaren birganbiorako ez duela balio uste dute.

      APO-k gogor erasotzen dio SESE-ren kanpo politikari ere, bai erresuma sozialista ttikiekin egiten dituen bereizkerien gatik eta bai hirugarren munduko gerrillei ukatzen dien laguntzaren gatik.

      Esan dugunez, oposizio era honek begi txarrez ikusten du agintaritza oro eta mugimendua antolamendu bideetatik sar erazteko ahalegin guztiek porrot egin dute.

      Taldearekiko atxikidura ere oso librea da, joera anarkista nabarmena ageri du egitura guztietan. Taldeei izen bat ematerakoan, “anarko-komunista” eta “anarko-sozialista” izendapenak erabili ohi dira eskuarki.

      APO-k unean uneko arazoei erantzuteko kanpainak eratzeari ekin dio baitipat: Viet Nam-eko guduaren aurka, prentsa baterakuntzaren aurka, e. a. (Ifar Ameriketan one purpose movements direlakoak sortu dira).

      Parlamenduz kanpoko oposizio honek, gizarteak nozitzen duen sasi-heziketa nortasun gabetzaileazekin topo egiten du. Jende arruntak pasiboki hartzen ditu APO-ren ekintzak, etsaikiro ere bai batzutan. Gazteriaren barnean ere nahiko zailtasun eta oztopo aurkitzen du, ogibide eroso bat bilatzea beste asmo eta ametsik ez duen gazte asko bait dago.

      Bestalde, antolamendurik ezak ezinezko bihurtzen du mugimenduaren ekintzak jeneralizatzea. Ezker Berriaren barnean nabaitzen den ideologiazko desberdintasuna alde batetik onargarri eta aberasgarri bada ere, jendemasari heziketa eta argitatze bat eskuratzeko orduan oztopagarri gertatzen da.

      Helburuak ukaziobidez izendatzen dituela aurpegiratu diote APO-ri kritikalariek. Gerrate, ankerkeria, gogorkeria, zapalketa, itsuskeria eta jauntxokeria gabeko gizarte baten bila doala.

      Oposizio radikala beti izan da etorkizunerako eredu jakin eta zehatz bat ematearen kontrako. Zehaztasun horrek berezko espontaneismoari kalte egin lizaiokeala uste bait du.

      Habermas-en iritziz, guttienez hiru puntu ahul ba ditu mugimenduak:

— Kapitalismoari, gaur dagoenez, kapitalaz hobeki baliatzeko sortzen zaizkion arazoak ezin garaituzkoak omen direlako baieztapenak, azterketa zehatz eta sakonagoa behar du.

— Ekonomia eta gizarte mailen arteko ezinkonponduak nahitaez politikan elkar jotzera eta konfliktoetara omen garamatzi. Hau ez dago horren garbi, klase agintariek nahiko erosia bait dadukate jendetzaren leialtasuna ekonomia estabilitatearen bitartez, e. a.-rez.

— Egoeraren analisia txarrak eragozpen handiak jartzen dizkie oposizioko ekintzaile eragilenei, bai joko legeak ezagutzeko eta bai bitarteko aukerakoenez baliatzeko. Ekintzaile hauetariko batzuen jokabidea ikusiaz gero, zera pentsa liteke, ametsak eta errealitatea bereizten ez dutela ikasi.

      Zuzeneko ekintzaren izenean, honen balioa jainkotu egin dute, eta metodoa eta taktikari buruzko arazo guztiak desbalioturik utzi dituzte.

      Hala eta guztiz ere, barkagarri da Ezker Berriaren zenbait puntutako ahuleria hori. Aurreragoko partidu eta mugimenduetan ere sarriegi entzun izan dituzte honelako prediku hitzak; baina, hainbeste aldiz ahotan erabilitako “errealismoak” denak irenduta eta irentsita gelditu direla ikusten dute.

      APO-koek eta Ezker Berrikoek, jeneralean aurrekoak liluratu dituzten lamina berdinen hatzaparretan erortzeko gogorik ez dute. Oraino irakinean dagoen mugimendu nahasi eta bixiko honen alderdi on eta txarrak biltzeko goizegi bada ere, orain arteko akats batzuk gainditu nahiak bultzata dabilenik ez dago ukatzerik. Urak baretu eta zolan zer gelditzen den ikusi artean, emandako iritzi guztien kolokadura eragotzi ezinekoa izanen dugu.

 

 

Europako Ezker Berria
Xabier Mendiguren Bereziartu

Etor-Mensajero, 1972