Europako Ezker Berria
SOZIALISMO BUROKRATIKOA
Sozialismo burokratiko edo totalitarioari Ezker Berriak zuzentzen dion kritikan, bi joera berezi behar dira: anarkistena eta marxistena. Sozialismo burokratiko eta nagusikoiari buruzko kritikaren azalpen garbiena, “Le gauchisme, remède à la maladie senile du communisme” delako liburuan aurkitzen da. “Ezker radikalismoaren haurtzaroko gaixotasun” izenaz Leninek idatzi zuenari erantzun bat da Cohn-Benditen liruru hau. Cohn-Benditen idazlanak helburu bikoitza du: marxismo-leninismoa desmitizatzea, eta anarkismoaren gain iraultza oinarritzea. Orain arte, marxismo-leninismoa, iraultza guztien su emaile eta akuilatzaile bezala agertu izan da. Lehendakaritza hori ukatu eta kendu nahi dio aurrena Cohn-Benditek, gero haren erreboluzioaren kontrako izatea agerian ipintzeko. Ondoren, sozialismo libertarioa edo anarkismoa proposatzen du iraultza burutzeko oinarritzat. Cohn-Benditek marxismo-leninismoari zuzentzen dion kritika honek, anarkismoaren berbizte politikoaren aurrez jartzen gaitu. Langile mugimenduaren sortze sortzetik ageri zaigu marxismoa eta anarkismoaren arteko ezinikusia. Karl Marx eta Friedrich Engels alde batetik eta Bakunin bestetik; ideologiaren mailan ez ezik, pertsonarenean ere borroka bortitzak ezagutu zituzten elkarren artean joera bi hauek. Anarkismoaren eta marxismoaren arteko borroka eta etsaigoak gure egunotara arte iraun du. Espainiako barne gerratean, FAI eta CNT alde batetik, eta UGT eta alderdi komunista eta sozialista bestetik: joera biok, beren eztabaidak harmabidez erabakitzeraino heldu ziren. 1968-ko Frantziaren kondaira unetik abiatzen da Cohn-Bendit, 1968-ko maiatzeko erreboluziotik ematen dio hasiera bere kritikari. Gertakari honi interpretazioa ematerakoan, sozialismo burokratiko eta nagusikoiaren kritika burutu beharrean aurkitzen da. Lehenengo, baieztapen bat egiten du Cohn-Benditek: litekean gauza da gizarte aurreratu batetan iraultza burutzea. Industria-erresuma aurrelarietan erreboluzioa ezinezko dela aitortzen duen pesimismo ilun horri ahoa itxi erazteko, 1968-ko maiatzean Frantzian gertatuak dakartzi erakusgai eta frogatzat. Aurrenik, ikasleen mugimendu iraultzailea nola erne eta garatu zen deskribatzen digu; eta ondoren, marxisten sindikato zentralak erretendu eta kontrolatu ez zuen langile mugimendu iraultzailearen berri ematen. Dato hutsak beren soiltasunean emateaz ez du aski, eta argibide zientifiko baten bila ahalegintzen da. Zer dela eta, hartu zituen bere lantegiak eta serbitzu publikoak sei miloi langilek, eta unibertsitariek unibertsitatea? Gizarte kapitalistak, behin halako maila batetara helduaz gero gizarte era hori gainditzeko beharrizan objetiboa nabaitzen du. Aldi honetako eskakizunak ez dira aloger mailan planteatzen, jestioarenean baino. Jestioaren kontrola nahi du langileriak. Kinka honetan, gizarte aldakuntza eragozteko, zer edo zer egin beharrean aurkitzen da kapitalismoa, eta sasi-partaletasun batetarako ateak irekitzen dizkio langileari. 1968-ko maiatzaz geroztik, partaletasuna izan zen De Gaulle-k aspertzeke ahoan erabili zuen leloa. Beraz, 1968-ko maiatzean Frantzian eztabaidan zegoena, ez zen bizi kondizioen hobekuntza, jestioan esku hartzea baino. Hauk honela izanik, erreboluzioak porrot egin du. Zergatik ez dira bete iraultzaleen nahikizunak? Cohn-Benditen ustez, errejimenak ezarri zuen zapalkuntzak ez zuen ito erreboluzioa. Estaduaren zapalkuntza indarrak ez dira gauza herri oposizio bat menderatzeko herria garrantzi handieneko enpresa eta kultur erakundeetaz jabetu baldin bada. Militar indarrak horma jarri dezaioke erreboluzioaren uhinketari; baina inola ere ez du lortuko enpresa eta serbitzuek lan egin dezaten; horretarako, pertsoneria gertutua behar bait da. Cohn-Benditek dionez, besterik da maiatzeko erreboluzioa aurrera ez irtetzearen arrazoina: CGT eta komunista alderdiak ez zuten esku hartu, eta horregatik erreboluzioak ez zuen ondoren onik izan. Marxismo nagusikoiaren iritziz, ekintza iraultzaile hura ezker radikalismo hutsa besterik ez zen, eta idealismo haren gain ez zegoen benetako erreboluzioa oinarritzerik. CGT eta komunista alderdiko buruzagiek lantegietako nagusiekin harremanak izan bazituzten ere, hobekuntza sozial batzuk eskuratzea beste ametsik ez zuten izan, eta langileriak iraultzazko borroka batetan esku hartzearen kontra jarri ziren. Beraz, PCF-ren erreformismoa agerian gelditu da, eta maiatzeko gertakarien aurrean hartu duen postura ez da izaultzailea; bere funtsezko izatearen ezagugarri baizik. Kondaira une honetan hautatu duen bidea aukeratzean, bere betiko izan moldeari leial irautea baino ez du egin. Cohn-Benditen liburuaren hirugarren zatiak, PCF-ren jokaera erreformisten kondaira labur bat egiten du. 1936-tik hasi, eta 1968-ra bitartean komunista alderdiaren jardunbidea aztertu ondoren, beti eraberrizale eta erreboluzioaren kontrako bezala jokatu izan duela aitortzen digu. 1936-ean eta 1945-ean aginteaz jabetzeko abagunea izan zuenean, bietan burjes demokraziaren eta parlamendu jokoaren eskakizunetara makurtu zen. Liburuaren laugarren atalean aurrerago jotzen du. PCF eta CGT-ren jokabidea, marxista-leninista eta boltxebike pentsaerari funtsez dagokiona dela aitortzen du, eta marxismo-leninismoa eta boltxebismoa erreboluziokontrako indartzat harten ditu. Boltxebikeen iraultza Errusian garaile irten zenean, denboraldi labur batez —19-ko urritik 20ko ekainera bitartean— sobiet edo langile kontseiluek agindu zuten erresuma osoan. Handik hilabete batzutara, Partiduaren IX Batzarrea ospatu eta gero, ikaragarrizko aldakuntza somatzen da. Langile kontseiluen eskutatik partidu burokraziarenera aldatzen da erabat boterea. Proletalgoaren diktadura ezartzen bada ere, partidua da proletalgoaren ordezkari bakarra. Hasiberri haretan, demokrazia sozialista ezinezkoa zela eta, bi arrazoin nagusi aipatzen ziren: sozialismo mailak eskatzen duen ondasunak metatu arte, horrelako agintaritza nahitaezkoa zela; eta, bestalde, erresuma kapitalistek inguruan ipini zioten “osasunbidezko kordoietik” bere burua babesteko, Errusiak diktadura behar zuela. Alemanian eta Hungarian erreboluzioak ondoren onik ez zuela izan ikustean, SESE-ak berehala antz eman zion bertan erroak sakon finkatzea beste irtenbiderik ez zuela sozialismoak, aurrera egin nahi izatekotan. Harrez gero, ezaguna da Leninek eta Stalinek erabili zuten jokabide politikoa: Europako komunista partidu guztien interesak eta iriskizunak helburu horretara zuzentzea; eta horrek zera eskatzen zuen: Europako gobernari kapitalisten hasarreari su eman ahal izanen zion oro baztertzea. Espainiako errepublikarrek gudua irabaz ez zezaten lehenengo interesatua Stalin bera zen; kapitalisten aldetik SESE-ri erasoren bat etor zekion beldur bait zen. Nazioarteko egoera honela zegoelarik, ez zen harritzekoa, SESE-k agintaritza zentralizatuaren beharra sentitzea; baina nola zuribidetu bigarren gudu nagusiaren ondoren ezarri zuen sozialismo nagusikoia? Txekoslobakian, esaterako, ondasun maila onhargarria zegoen, eta ez zen beharrezko halako eredu nagusikoirik; baina hala eta guztiz ere, SESE-an bezalako agintaritza ezarri zuten han ere. Beraz, gertaera honen funtsezko arrazoina ez dago kanpotiko eraginean, boltxebismoaren iraultzakontrako izatean baizik. Ondoren, Cohn-Bendit marxismo-leninismoaren izakera bere funtsean aztertzen ahalegintzen da. Haren ustez, Agintea herriaren eskutara aldatzen ez den bitartean, ez dago benetako sozialismorik. Estaduaren ezeztapena ez dago atzeratzerik inork ez dakien geroko aldi batetara arte. Produkzio bideak sozializatu arren, estaduak bizirik badirau, alienatzearen iturburu guztiak oraino agortzeke daude. Botereak, estaduak ustelkeria dakar. Boterearen sorburu guztiak estaliaz gero bakarrik, lortu ahal izanen du gizonak benetako askatasuna. Beste era batera esanik, autojestioa eta estadu boterea herriaren eskutara hel daitezenean. Boltxebismoa ez da iraultzaile; bestela, zuzentzaile eta zuzenduen arteko desberdintasunak ken eta ezezta zituzkean. Erakunde burokratiko guztiak desegitea da gaurko eginkizunik garrantzizkoena. Zuzenbidezko partaletasuna onartzen ez duten harreman sozialek, beren baitan daramate ustel hazia. Bestalde, Lenin, Stalin eta haien jarraitzaileek herri xeheari beti halako mesfidantza bat izan diotela kontuan harturik ere, esan daiteke, boltxebismoa ez dela iraultzaile. Leninek zionez, langileria bere haretan utziaz gero, erreformismora doa zuzen zuzen: alogera hobetzeaz nahiko du. Horregatik, bada, derriorrezkotzat zedukan kontzientziadun aurregoardia bat sortzea, langileria gida zezan eta erreformismoan erortzetik gorde. Gizon berria sor dadin artean, partiduaren egiteko hau ezinbestekoa da. Sozialismo nagusikoia desmitizatu ondoren, sozialismo libertarioa proposatzen du kapitalismoa mendera dezakean formula bakartzat. Sozialismo libertarioa, politikaz kanpoko norberegandiko ekintzaz baliatzen da; parlamendu eta lege barruko jokorik ez du onartzen. Indar burjesek mugimendu iraultzailea irentsi eta desegiten dutenez gero, parlamendu bidea alde batera utzi, eta norberegandiko ekintzara jotzen du sozialismo libertarioak. Baina, aurrez, langileria eta ikasleria sakon eta zabal politizatzea derriorrezkoa da. Borrokarako lanuzte orokarra eta atergabeko “kontestatzea” erabiliko ditu harmatzat. Talde bultzalari bat onartzen du; baina, inola ere ez talde zuzendaririk; zuzentzaile eta zuzenduak sortzen diren une berean azaltzen bait da ustelkeria, eta gizonen arteko zapalketa ere.
Europako Ezker Berria |