Europako Ezker Berria
Xabier Mendiguren Bereziartu

Etor-Mensajero, 1972

 

 

Frankfurt-eko Eskolaren ideia-ardatzak

 

      Frankfurt-eko Eskola osotzen duten pentsalariak aipatu ondoren, laburki bederen berauen pentsaeraren ideia-ardatzak emanen ditugu. Lehen esan dugunez, eskola honetako pentsalariak oso aberatsak direlarik, oso zaila da ikuspegi bateratzaile bat ematea; baina, hala eta guzti, oinarrizko gai batzuetan akordioa nabari denez gero, eskain daitezke eskolaren pentsamoldearen arrasto nagusienenak.

      Hegel-en filosofia eta Marx eta Engels-en kondairazko materialismoa dira Frankfurt-eko Eskolaren oinarrizko iturburu. Lehen belaunaldiko pentsalariak, Dilthey-ren kondairari buruzko oharkizun metodologikoetan eta Gyorgy Lukacs eta Karl Korsch-en iritzietan oinarritu ziren baitipat.

      Lukacs bezala, Horkheimer ere, materialismoaren kondairazko izana agerian jartzen ahalegindu zen; eta, giza-praxiaren erara, bere barne muinetan bilakaera bati lotua dagoela egiztatu zuen.

      Lukacs-ek ordurako frogaturik zedukan, natura eta ispirituaren arteko kontrajartzea jatorrizko marxismoak dialektikabidez nola ezeztatzen zuen giza-praxiaren kategorian.

      Frankfurt-eko pentsalariak abialeku honetatik abiatu ziren; eta, ondoren, ideia hauk sakontzeari ekin zioten. Lukacs-ek ez bezala jarri zituzten agerian materialismoaren aldean idealismoak dituen ahaltasun gnoseologikoak; eta, haren filosofia dialektiko-materialistak nahi zukeanez, kondairak ez duela aurrez ezarritako zentzu erabaturik babesten zuten.

      Natur-dialektika ez onartzean, eskola honetako pentsalariak eta II gudateaz geroztik sortu zen marxismo berri kritikoaren aldezleak ere bat zetozten elkarrekin. Mendebaleko Europan azken joera honetako pentsalaririk ezagunena Jean Paul Sartre izan da.

      Honetaz gainera, Marx-engan oinarriturik, Horkheimer-ek eta honen ikasleek kondaira hartzen dute zientzia bakartzat, hitz honen esanahi herstuenean. Hauentzat, giza-jardunaren interpretatze bat da kondaira; baina, hazibidean dagoen praxiaren kontzeptuzko birreraikuntza bezala hartuta, ordea.

      Kondaira era honetan ulertzean, batera, ordura arteko joera positibista eta existentzialistetatik aldentzen zen Frankfurt-eko Eskola. Zientzia bezala hartutako kondaira eta giza-egintzak, elkarri herstuki loturik dagoz. Kondaira materialistak gertaera historikoen objetibotasuna jartzen du gauza guztien gaindik, giza-egiteen alderdi sikologikorik ez du onartzen. Baina ez daiteke ahantz, kondairazko objetibotasuna giza-ekintza bidez argitaratzen dela, eta pertsona bakoitzaren egite bori ez duela determinatzen zehaztasun osoan. Azpi- eta gainestrukturen arteko zerikusietaz argi gehiago isurtzeko, nahitaezko da ekonomiazko determinatze objetiboa eta pertsona berarengandiko reakzioen arteko harremanak hobeki mugatzea.

      Zientziari buruzko teorian eta gnoseologia sailean ere, ikuspegi aparta eskaintzen du Frankfurt-eko Eskolak. Descartes-en Discours de la Methode delakoan oinarritzen den usariozko teoriaren aurrez-aurre, “teoria kritikoa” deritzana proposatu du eskola honek. Zientzia positibistaren ametsa, ezaguna da: ondorioekin harremanean dauden printzipioak zenbat eta guttiago, hainbat eta osoago daiteke teoria. Hau oinarritzat harturik, postuladu logikoz saretutako sistima hertsi bat bilakatzen da zientzia eta beroien erabilgarritasunari bakarrik begiratzen zaio. Jomuga natura teknikabidez menderatzea duten zientzien ondoan, gizarte-zientziek gizona eta gizartearen ezagutzea dute helburu. Orain arteko teoriaren barrutian lekurik aurkitu ez zuena istudiatzen saiatzen da teoria kritikoa: gizarte arazoak nola sortzen diren eta beroien soluziobiderako zientziazko ezagutzea nola erabiltzen den.

      Pentsatzearen eta izatearen, ulertzearen eta nabaitzearen arteko bikoiztasuna ezeztatzen ahalegindu da, eta berehala ohartu da ez dagoela teoria gabeko egiterik, ez eta interes gabeko ezagutzerik ere. Zientziari buruzko iritzi-era positibista ez du txarresten; haren alderdikoitasuna (partzialtasuna) baztertzen saiatzen da.

      Azkenik, Frankfurt-eko Eskolak ugaritasuneko gizartean garatu den totalitarismoaren kritika burutzen du. Gizarte-era hau, dimentsio-bateko gizarte bilakatu da. Kapitalaren jardun esplotatzailean tresna edo bitarteko huts bihurtu da gizona, eta pertsonaren bakoiztasunak bere hazibiderako arras leku herstua aurkitzen du haren baitan. Erresuma sozialistetan ere nabari da joera hau.

      Pluralismoaren eta liberalismoaren izenpean, aurrerakuntza tekniko berdintzailearen eta ondoizate orokar baten erdian burutzen da ordenaketa reprimatzaile eta bateratzaile hau. Kapitalismoak bere baitan dituen kontraizateaz eta arrazoingabetasunaz konturatzeko bide guztiak hetsiaz murgilarazten du gizartea dimentsiobatekotasunean, bere bizia arriskuan jar dezakean, joera kontragile eta ukatzaile oro ito eraziaz.

      Baina sistimak ez du irentsi arrazoimen guztia; eta honi esker hedatu da mundu guztira ikasle eta intelektualen “oposizio edo kontragintza radikala”. Honek ez du esan nahi, ordea, Frankfurt-eko Eskolak politika-ekintzarako landu dituen ondorio hoik oposizio radikalak gorpuztu dituenik. Baina Frankfurt-eko Eskolak radikal hauei gertuera teorikoa eskuratu diena uka ezina da.

      Azken aldiotan izan da eztabaida ugari Frankfurt-eko Eskolako pentsalari eta ikasle batzuen artean. Praxia, ekintza baztertzean, teoria eta praxiaren arteko harremanetaz eskaini dituzten beren ideien kontra doazela aurpegiratzen diete ikasleek irakasleei.

      Habermas izan da baitipat ikasle-oposizioaren hutsuneak agerian jartzen eta “praxiaren ukatzea” delako salakuntza horri buruz gauzak beren lekutan ipintzen saiatu dena.

 

 

Europako Ezker Berria
Xabier Mendiguren Bereziartu

Etor-Mensajero, 1972