Europako Ezker Berria
EUROPAKO EZKER BERRIAREN KRITIKA
Europako Ezker Berriaren ustez, neokapitalismoak bere sistimari indar emateko sortu duen asmakizuna da Europaren integratzea. Integratze honen kritika burutzerakoan, bi salakuntza nagusi aurpegiratzen dizkio europar kapitalismo berriari: dimentsiobateko gizona mamitzea hartu duela helburutzat eta unibertsitateaz baliatzen dela zapalkuntza honi lotura eta batasuna emateko. Europaren integratzea zela-eta, neokapitalismoa bi ereduren aurrez aurre aurkitzen zen: bata, USA-k babestu eta ezarri nahi zuena; bestea, Europa bertako talde neokapitalista aurrerakoienek amesten zutena. USA-k eratu nahi lukean Europa, interes berezi batzuei erantzuteko modukoa besterik ez litzake izanen. 1945-ean hasten da guttienez asmo honen kondaira. Une haretan, Europa egoera negargarrian aurkitzen zen: zeharo lur jota, lehen-materialik gabe, USA-rekiko zorretan, hainbeste premiari erantzuteko produkziobiderik gabe. Kinka larri haretan, Europa ez zen demandarako gauza eta USA-ko ekonomiarentzat ezbehar handia zen hori; ordurarte, Europa izan bait zuen bezerorik onenetakoa. Larru gorritan zegoen Europaren eskabide-ezak muturreko gogorra eman zezaiokean ameriketarren ekonomia-hazikuntzari. Herstuasun honetan, Europa behartsu eta zatikatu hau sozialismoari eta komunismoari begira jartzen da. Italian, komunista alderdiak sozialismoarekin bat egin nahi izan zuen arren, ez zuen ondoren onik izan, eta USA-tarren eta Elizaren laguntzaz baliaturik, kristau demokrazia irten zen garaile. Ingalaterran berriz, laboristek eskuratu zuten agintea. Hemen ere sozialismoaren aurrerakuntza garbi ageri zen. Frantzian komunista alderdiak egundoko aurrerakada egin zuen, gobernuko kabinetan lehenengo ministro komunistak sartzeraino. Lehen esan dugunez, bigarren gerrate nagusiaren ondoren, alde batetik, Europako ekonomia beherakada batean zegoen, eta, bestaldetik, USA-ren jarraipen ekonomikoa ere nahiko zailtasunekin aurkitzen zen. Alde bietatik begiratuta, ondorio bat baizik ezin zitekean atera: Europako ekonomiari indar ematea derriorrezkoa zen. Artzainen eta nekazarien Alemania bat egin nahi zutenen kontra, garrantzi handieneko ekonomia-indarrek, Europa indarberritzea erabaki zuten. Laugarren Reich bat sor zitekean beldurra alde batera utziaz, beren interesei zegokien neurriko Europa bat eraikitzeari ekin zioten. Horixe zuen helburu Marshall-planak.
Europako Ezker Berria |