Europako Ezker Berria
Sozialismorako bidea
Ezker Berriko anarkista eta marxistak bat datoz kapitalismotik sozialismorako igarobidea epaitzeko orduan. Joera biak sozialismo zientifikoak egiten duen planteamenduari jarraitzen zaizkio. Igarotze hau, bi faktorek elkar hartzean gertatuko den ustekoak dira; faktore objetiboak eta subjetiboak batera daitezenean girotuko da aldakuntza hori. Kapitalismoaren barne kontraizateak neurri batetaraino bigun daitezke; baina, sistima errotik aldatu arte, ez dago inola ere gainditzerik. Kontraizateok dira sistima aldi berean arrazoinaren eta gizakiaren kontrako bihurtzen dutenak. Langileriak, sistimaren kontraizate horietaz jabetzean, erabaki politiko batez sistima ezeztatu eginen du. Langileria da erreboluziogile bakarra. Beharrezko du, beraz, sistima kapitalistaren arrazoingabeaz eta haren gizakontrako izateaz jabe dadin, kontzientzia horren eragitez eta ekintza iraultzailearen bitartez, sistima aldatzera jo dezan. Kapitalismotik sozialismorako aldakuntza hau gaur egun eginkizun dela baieztatzeko bi gauza frogatu behar dira aurrez: gaurko kapitalismoaren baitan oraino bizirik dirautela ezin gaindituzko kontraizate hoik, eta gaurko langileria erreboluzio kontzientzia eta nahiaren jabe dela. Faktore biok egiaztatzerik ez baldin badago, erreboluzioa burutzerik ere ez dagoela esan daiteke. Ezker Berriaren ustetan, produkzioa gero eta sozialago bilakatzen ari den bitartean, erabaki ekonomikoak eta irabaziak egunetik egunera talde mugatuagoen eskutan biltzen ari dira. Honetan datza sistimaren arrazoingabea; arrazoinezkoa eta gizatiarra izateko, produkzioa sozialdu ala, haren kontrola eta irabaziak ere sozialdu egin behar lituzke kapitalismoak. Gaurko kapitalismoak nahiko indar ba du, munduko gosea, analfabetismoa eta beste zenbait premia gorri kentzeko; halere, gizadiak ezbehar guzti horien azpian jarraitzen du. Marcuseren iritziz, gizarte eta politikazko antolamendu desegoki baten ondorioa baizik ez da egoera negargarri hau. Beste aldi batzutan ameskeriazko utopia zena, egungo teknikak egia bizi bihurtu du. Gizartea ondasun ugarien jabe bada ere, desegite eta zapalkuntzarako bakarrik baliatzen da, zoritxarrez, aberastasun horren zati handi batetaz. Harmagintzak eta alferrikako ondasungintzak berenganatzen dituzte benetako premiak asetzeko behar luketen indar ekonomiko hauk. Kontraizate hauetaz gainera, beste zenbait ere aipa genezake oraindik: kapitalismo aurreratua, ekonomiaren eskabidez, automatizatze bideari etengabe jarraitu beharrean aurkitzen da. Gizalana piskanaka baztertu eta haren ordez lantresna automatikoak sartzea, derriorrezko du. Baina, automatizatze honek langabezia teknologikoa lekarke, edo berdin dena, kapitalismoaren baitako ekonomia, politika eta kultur erakundeak kontraesan eta suntsituko lituzkean antolamendua. Lanorduak urritu ala, atsedenerako asti gehiago gelditzen da, eta lan zibilizaziotik atseden zibilizaziora aldatzea eskatzen du erabateko automatizatzeak. Atseden aldiak, zernahitarako asti horrek beteko luke ia erabat gizabizitza; automatagailuen jarduna zaintzeko, ordutan bakarrik egin beharko litzake lan. Langabezia teknologikoa eta errentabilitate handienaren printzipioaren artean ezin konpondua sortuko litzake berehala; gizarte automatizatuak izugarrizko ondasunketa sortuko luke; baina, langabezian legokean langileriak ez ledukake sorkuntza guzti hori kontsumitzeko eros-ahalik. Marxismoaren iritziz, kapitalismoak nahietaezko du “alferrikako lana” edo lan parasitarioa, langileriaren bizimaila jaso eta jendetzaren kontsumiketa posibletuaz sistimari iraun eraz dezaion. Baina kapitalismoaren eskakizun hau eta automatizatzeari darion langabezia, elkarren kontrako dira. Automatizatzea eta gizalana explotatzen duen gizartea ezin uztartuzkoak dira. Produkzio bideen jabeek inoren lana erosiaz eskuratzen dute plusbalioa; kapitalismoak, iraungo badu, lan merkatua behar du, lana erosiaz plusbalioa sor dezan. Automatizatzeak merkatutiko lana baztertzen badu, aurrerapenaren berezko eskakizunez porrot eginen du kapitalismoak. Ba du kapitalismoak beste kontraizaterik ere bere barnean. Sindikatoetan elkartutako langileak automatizatzearen kontra jarriko dira alik eta lanleku berriak sortu eta langabezia teknologikoak eragindako hutsuneak bete bitartean. Automatizatzeari aurka egitean, langileak aurrerapen teknologikoaren eta kapitalaren erabilpen egokienaren kontra doaz. Ezker Berriaren iritziz, herrialde kapitalistetako automatizatzearen abiadari langileriak luzaroan oztopoak ipiniko balizkio, nazioarteko norgehiagokan beherakada bat eginen lukete erresuma kapitalistek eta sozialistek automatizatze sailean kapitalismoari aurrea hartzeko aukera izanen lukete. Bestalde, eskulana merke eskura ahal izanez gero, inbertsiogileek nahiago izanen lukete automatizatzea alde batera utzi eta eskulanaren merkatuan beren diruak isurtzea. Berdinean emankorrago dateke hain merke erositako gizalana, automatagailuarena baino. Eta gaurkoz nahiko erraza da hirugarren mundutik industria lurraldetara datozenen lana erostea. Gainera, automatizatutako lanak zail egiten du krisialdian merkatuaren kontrola, tresneria automatikoa ez bait dago lanik gabe uzterik pertsonak bezala. Eta merkatuak sorkuntza arau dezan bitartean, ezinezkoa izanen da aldian aldiko krisia hoik eragoztea, eta gizalanaz baliatzen den kapitalismoak baino askozaz herstura larriagoak ezagutuko ditu automatizatutako lanaz baliatzen den kapitalismoak. Ezker Berriak beste kontraizate bat ere somatzen du estadu jabetza eta pribatuenaren artean. Estaduaren teknokratek produkzio indarren aurrerapena baizik ez dute nahi, jabetza pribatutasunari eusteak ez bait die buruhausterik sortzen. Kapital pribatua, berriz, jabetzak eskutatik ihes egin ez dezaion, aurrerapenari oztopoak ezarri beharrean aurkitzen da. Honela, bada, bi kapital-era hauen artean borroka sortzen da. Kapital pribatuarekiko, aurrerakoi azaltzen da estadu kapitala; baina, langileek estaduaren produkzio indar horien sozializatzea eskatzen dutenean, teknokraziak ez du amor ematen: hori eginez gero, bere pribilejiozko egoera galduko bait luke. Teknokrazia hau, beraz, langile mugimenduaren eta kapitalismo pribatuaren artean aurkitzen dela esan liteke. Teknokrazia hau eta langile mugimendua elkartu egin behar direla uste du Ezker Berriak. Ezker Berriaren ustez, estadu barruko bi sektoreon artean ez ezik, honelako teknokrazia baten jabe diren eta ez diren estaduen artean ere borroka berdintsua sortzen da. Hauxe gertatzen da, hain zuzen, USA eta Merkatu Batuko zenbait nazioren artean. Orain arte ikusi duguna faktore objetiboaren sailekoa zen. Ikus dezagun orain subjetiboaren aldetik zer esan daitekean. Lehenago genionez, ez da aski kapitalismoaren baitan zenbait kontraizaterekin topo egitea; kontzientzia iraultzailea duen langileria bat nahitanahiezko da kapitalismotik sozialismorako aldakuntza hori burutzeko. Ezker Berriaren iritziz, erresuma aurreratuetako langileriak gaur egun ez du kapitalista sistima ukatzen. Sistimak bereganatu, hezi eta irentsi egin ditu berez iraultzaile diren indar horietarik gehienak. Hori uste du behintzat Marcusek, USA-ko, Mendebaleko Alemaniako eta Eskandinabiako langileriari buruz. Marxismo zaharrak bi azalpenera eman ditu langileriaren “kapitalistatze” honetaz. Kapitalismoak langileriaren aristokrazia ondasunez eta diruz erosi duela; eta, gero, sindikato eta langile partiduen zuzendaritza eskutaratu duela aristokrazia honek, iraultza nahiari hegoak moztu eta eraberritzearen bideetatik langileria gida dezan. Marcusek ez du uste arrazoin hauk onar daitezkeanik. Gaur egun, ez da aristokrazia edo guttienen talde ttiki bat kapitalismoaren baitan bertakotu dena, langileriaren zatirik handiena baizik. Bigarren arrazoinketa, monopolioko kapitalismoari eta inperialismoari buruz marxismo zaharrak duen pentsaerari lotua dago. Haro honetako plusbalioa askozaz handiagoa izanik, erraz eros omen dezake langileria kapitalismoak; baina, egoera honek ez omen dezake luzaroan iraun monopolioko estadu inperialisten artean borroka sor erazi gabe. Bigarren arrazoinketa honi ere indar handirik ez dio ikusten Marcusek, eta zera esaten du: gaur egun estadu kapitalisten eta sozialisten arteko elkarbizitza eta norgehiagoka baketsua ikusi ondoren, gero eta zailago daitekeala harmabidezko irtenbide hori. Halere, Marcusek, inoiz ere ez du zalantzan ipini, langileriak erreboluziogintzan duen aurrelaritza. “Berez” iraultzaile denez gero, kontzientzia hartze baten bidez “ekintzan” iraultzaile izatera iritxi behar duela uste du. Kontzientzia honek, langileriaz kanpo bizi direnengandik etorri behar duelakoan dago Marcuse; baina, iraultza langileriak berak burutu behar duela esaten du. Orain arteko marxismoak, langileriaren integratze honetaz, behar hainako argitasunik eman ez badu, beronen izate sozialean burutu diren aldakuntzak kontuan hartu ez dituelako izan da. Eta Marcusek garrantzi handiko aldakuntza nabaitzen du produkzioan: erdi-automatizatzearen sarrera. Erdi-automatizatze hau sartu den neurrian, lehengo langile multzo haik gero eta sakabanatuagorik aurkitu dira, eta ondoriotzat, langile kontzientziaren urritzea, despolitizatzea eta arazoen planteaketa pertsonala ekarri ditu. Bestalde, lan fisikoa gero eta teknikoago eta sikikoago bihurtzen ari delarik, zapalkuntza bizikien sentitzen duten langile sailak bigarren mailako gertatu dira. Lehengo esku-langilearen lekua, bulegolarik, teknikok eta erdi mailako injineruk bete du orain. Langileria berri honek, orain artekoa ez bezalako lan mota batetan ari denez gero, kontzientzia ere bestelakoa ageri du. Lehengo langileak bitartekorik gabe ekiten zion izadiari, eta sortzaile eta jabe ikusten zuen bere burua; orduan errazkiago nabaitzen zuen alienazioa. Orain, berriz, makinak menderatzen eta lantzen du izadia, eta gizakia makinaren zuzentzaile soil bihurtu da. Marcuseren iritziz, oraino sistiman sartu ez diren minoriek, hots, intelektual, ikasle, arraza eta etorkin minoriek kontzientziatu beharko dute langile hau. Baina, Ezker Berriak ez du onartzen Marcuseren teoria hau. Anarkisten iritzian ere, langileriak burutu behar du erreboluzioa, eta erabat industriaturiko erresumetan ere posible dela aitortzen dute. Areago oraino, Marcuse ezezkoan badago ere, langileria erreboluziorako gertu dagoela uste dute. Langileriak bere baitan duen kontzientzia hori azaleratzen ez baldin badu, sindikato eta partidu komunistetako gidariek reformismoaren bideetatik daramatelako baizik ez da. Hauts pean eta erdi itorik dagoen kontzientziaren xingar horri haize eman behar zaio erreboluzioaren sugarrak indar har dezan. Ikasleen egitekoa inola ere ezin daiteke langileriarenaren pare jar; ikasleen ekintza, gehienik ere, albo laguntza izan daiteke, ikasleek ez bait dute klaserik eratzen. Eta erreboluzio honek klase borrokan hartzen du oinarria. Ikasleek su eman dizaiokete iraultzaren metxari; baina, langileriaren ekintza mugimenduan sartzen ez badira, berehala porrot eginen dute. Azken aldi honetan, langilegoa eta ikaslegoaren arteko harremanetan aldakuntza nabarmena somatzen da. Langileriak mesfidantzaz ikusi izan du orain arte ikaslea; baina, poliziaren aurkako borrokan kalean kidez kide esku hartzen ikusi duenean, ikaslearengan sinesten hasi da. Zalantzarik gabe, ikasleriaren parte hartzeak garrantzi handia du langileriarentzat, asko lagun bait dizaioke gaurko gizarteak dakarren desgizontzearen alderdi eta ondoren guztiak ikus erazten. Marxistak ere ez datoz bat Marcuseren iritziekin. Langileria sistimari egokitua dagoela, eta nahiz eta “berez” iraultzaile izan, “bere buruarentzat” ez dela aitortzen duenean, burjes jatorriko lanaren soziologiaz baliatzen omen da Marcuse. Gizarte burjesak ez du onartzen klase borrokarik. Marxismoak ezertan oinarritzeke egiten duen baieztapena dela erakutsi nahi luke. Beren lanak USA-n umotzen dituzten Marcuse bezalako pentsalariak, marxismoaren tesia hau lurrera bota nahi duen soziologia alderditar eta positibistak eskuratzen dizkien datoez baliatu beharrean aurkitzen dira. Beraz, Marcusek ateratzen dituen ondorioak diskutigarriak dira. Bestalde, USA-ko egoeraz baieztapen hauk egin ondoren, Europako erresuma kapitalistak ere bide berdinetik doazela aitortzen du. Puntu honetan ere ez dago ados marxista joerako Ezker Berria. Teknologian USA-ren aurrelaritza eztabaidan ipintzerik ez badago ere, Estaduak parte hartzeari dagokionean, Europa aurrerago joan da. Europar kapitalismoak igaro dituen zenbait maila gainditzeke dago oraino USA-ko antolamendu sozioekonomikoa. Etorkinei buruz ere, Ezker Berriak duen iritzia, oso bestelakoa da Marcusenaren aldean. Kontzientziatzaile ordez, deskontzientziatzaile direla uste du Ezker Berriak. Etorkin taldeoi esker, kapitalismoak aloger apalak ordaintzen ditu, eta automatizatzearen sarrera atzerazten du. Bestalde, diru apur bat irabazi, eta berriro jatorriko erresumetara itzultzen diren jendetzaok, guztiz egokiak dira apolitikotasunean edukitzeko. Ikusi berri dugu automatagailuekin lanean ari den langilearen kontzientzia dela eta Marcusek dadukan iritzia. Dato hoik berak onartuarren, ondorio erabat desberdinak ateratzen ditu marxista joerako Ezker Berriak. Automazio mailan ari den langileak, aparteko bi gaitasunen jabe izan behar du: gero eta lasterragoak diren berrikuntzetara egokitzeko eta multzo teknologikoaren joera osoaz jabetzeko gauza izan behar du. Makinak eskain dizaiokean arazo guztiri erantzuteko gai izan behar du langile honek, eta goi mailako hezikuntzaren parekoa beharko du izan industria erakuntza berri honen atergabeko aldakuntzari jarraitu ahal izateko. Lan egikera honek langileria berri bat sor erazten du; eta beronen kontzientzia ere, lehengoaren aldean bestelakoa izan behar. Langile berri honek askatasun zabalagoa izanen du soluziobideak bere kontura aukeratzeko eta asmakizun berriak sartzeko. Langile hau ez da jardule huts, sortzaile ere bada; eta gero eta erantzukizun handiagoa eskatuko zaio produkzioaren barruan. Lan egikera honek berehala jarriko ditu aurrez aurre produkzio bitartekoen jabea eta langile berria. Alde batetik, jokabide tekniko berrien sortzaile izan dadila eskatuko zaio; eta, bestetik, produkzio tresneria eskutatik ihesi doakion nagusiari esaneko izan dakiola. Egoera honek ez dezake luzaroan jarrai. Lan joaiduraren berezko dinamika ontzat hartu, edo bestela aurrerakuntzari eta automatizatzeari ateak itxi beharra sortzen da. Behin maila honetaraino heldu diren produkzio indarrek sozialismoa eskatzen dute, eta enpresa barruko jestioa aldi berean. Langileen eskabideak ere, alogerazkoak izatetik jestioari buruzkoak izatera aldatuko dira. Kapitalismoa honenbesteraino heldu eta girotu delarik, nola burutu sozialismorako aldakuntza? Puntu honetan ere anarkistek eta marxistek bide desberdinetatik jotzen dute: lehenengoek indarrezko erreboluzioa proposatzen dute; bigarrenek, berriz, eraldakuntza iraultzailea. Anarkista joerako ezkertiar berriek, bi sailetan banatzen dituzte kapitalismoaren menpeko erresumak: desarroilopekoak eta aurreratuak. Lehenengoetarako gerrilla borroka beste irtenbiderik ez dute ikusten, hots, Hego Ameriketa eta Hirugarren mundu guztia “vietnamdartzea”. Ezker Berri anarkistak ez du begi onez ikusten komunista partiduek hirugarren munduan darabilten politika era, hots, frente herrikoien politika. Burjesiarekin akordioa burutuaz, baldintza objetiborik ez dagoela eta, gerorako uzten dute iraultza sozialista. Puntu honetan marxismo jatorraren erakutsiei jarraitzea besterik ez dute egiten; baina, Castrok, Che Guevarak, Debrek eta anarkistek ez dute ontzat eman jokabide hau. Erresuma bakoitza sozialismorako bere bide bereziari jarraitu behar zaiolako ustekoak dira. Hauen ustez, sozialismora igarotzeko ez dira nahi eta ezkoak baldintza objetiboak, sozialismoak berak sor bait ditzake kondizio hoik. Industrialki arras aurreraturiko erresumetarako “hiri gerrilla” proposatzen dute borroka eredutzat: lan uzte orokarrak, lantegi eta irakastetxeak hartzea, eta langileria tentsioan edukitzeko, despolitizatu ta sistiman integra ez dadin, etangabeko borroka ekintzak burutzea. Kapitalismoak, azaleko askatasun itxurapean mozorroturik dadukan zapaltzaile aurpegi hori erakuts dezan nahi dute anarkistek. Politikaz liberala den kapitalismoa, faszista bera baino ere kaltegarriagoa dela uste dute joera honetakoek. Kapitalismo honek bere izatearen kontra ez doazen eraso denak jasaten ditu; baina, bihotzean ukitzen badute, berehala ezartzen du aparteko egoera. Herria sakon politizatu eta ikuspegi laburreko sindikalismotik gorde behar da; eta, horretarako, gizarteko egitura guztiak duten eraberritze premiaz jabe erazi. Marxista joerako Ezker Berria, orain arteko iraultza sozialistaren kritika egitetik hasten da. Gaurdainoko planteamenduak bi ekinalditan burutu nahi izan du erreboluzioa: lehendabizi, burjesia agintaritzatik alde erazi, eta, ondoren, proletalgoaren diktadura ezarri eta produkzio bideak kolektibizatuaz eta ekonomia arautuaz eraldakuntza ekonomikoa burutu. Ezker Berri marxistaren iritziz, honelako erreboluzioa ezinezkoa da arras aurreraturiko erresumetan. Sistima ez da erabat ezin jasanezkoa gertatzen honelako gizartean; beharrizan batzuk asetzen dituen neurrian gogoz onhartzen da, eta zenbait premiari erantzuten ez dion mailan bakarrik bihurtzen da ezeztagarri. Baina, asetzen ez dituen beharrizan horietaz jabetzeko, kontzientzia sakona behar da: isilpean eta estalita bait daduzka kapitalismoak. Kapitalismoak sahiesten dituen premia guzti hoik agerian jarri behar dira, eta, ondoren, sistima kapitalistaren gainditze bezala sozialismoak eman dezakean erantzunaren berri eman. Baina guztizko aldakuntza hori burutu aurretik, erdibideko helburu batzuk lortzera jo behar da, soluzio oso horretarako gertabide bezala. Marxista joerako Ezker Berriaren iritzian, Europako mugimendu sozialistaren ahuleria, honetan datza: berehalako iriskizunak eta sozialismo beterako borroka elkarrekin lotzen ez jakitean. Eta bi talde sortu dira: bata, piskanakako aldakuntza guztiak, sistiman integratzea besterik ez dakartela eta, kaltegarritzat baztertzen dituztenena; bestea, iraultza osoaren azken helburua kontuan hartzeke, aldian aldiko eraberrikuntzak lortzearekin nahiko dutenena. Marxista joerako Ezker Berriak “birreratze iraultzailea”ren bidea aukeratu du. Beraz, bi eratako birrerakuntzak aipatzen ditu: reformistak eta iraultzaileak. Lehendabizikoek ez dute sistimaren iraupena arriskuan jartzen; bigarrenak, berriz, unean uneko premiei erantzunaz langileria sendotzera eta ekonomia, politika eta kultur sailetan demokrazia zabalagoa lortzera zuzendurik daude. Nola berezi, ordea, hobekuntza hauk reformista ala iraultzaile ote diren? Ez da hain erraza antz ematea. Baina bada bereizketa hau egiteko irizpide bat. Ekonomia, politika eta kultur sistimaren demokratikotzea dakarren eraberrikuntza oro, iraultzaile da. Halere, ez da aski demokrazia hau. Demokrazia indarrok beren eskuko izan behar dute, eta ez inoren mendeko. Langile mugimenduak ez du ekintza mailan erantzukizunik hartu behar, erabaki mailan eta irizpide mailan baizik. Talde mugatu batek taxuturiko erabakiak ekintzaratzea, reformismoa bide litzake. Baina, benetako esku hartzea besterik da: gizartearekiko erabakiak taxutu eta hartzeko, jestioan parte hartzea. Gizarte klase batek bere onerako hartu dituen erabakiak betetzen baditu, langileriak besteren helburutara makurtzen du bere burua. Derriorrezko zaio, beraz, erantzunkide bezala zuzendaritzan parte hartuaz, botere autonomo batetaz jabetzea. Helburu hau lortzeko, aurrena ekonomiaren demokratikotzea iritxi behar da; eta, horretarako, erabakiak hartzeko ahalmena piskanaka bereganatzea beste biderik ez du langileriak. Erakunde erabaki hartzaileen kontrolaz jabetzera jo behar du langileriak, hots, nazioko serbitzu, ekonomia arauketa, kreditoa eta bankuaren kontrola eskuratzera. Ekonomia mendean hartuaz gero, estaduaren tresneria politikoa kontrolatzea izanen omen litzake hurrengo pausoa. Baina ez da arriskugabea planteamendu hau; gerta bait daiteke, kapitalismoa aldakuntza horietaz baliatzea sistima sendotzeko eta indartzeko. Era horretako zenbait aldakuntza onartu ditu kapitalismoak; eta, hala eta guztiz ere, ahuleriarik ez zaio nabarmendu. Lelio Bassok erabili du gai hau, eta hona zer dion: Une batetan langileriaren iriskizunak eta kapitalismoaren baitako eskakizunak berdinak izan litezke; baina ez da uste izan behar, hori gertatutakoan egoerak zirkinik ere egin ez duenik. Kapitalismoaren barne desarroiloak eskatzen dituen aldakuntzak eta langileriak kanpotik indarrez izentatzen dizkion jomugak bat etortzean, geroko sozialismorako zimentarriak jartzen ari da sistima; eta une horretako kontraizateak garaitzean, eboluzio maila bat aurrerago egiten du. Kapitalismoa, elementu osogarri hauk bereganatzen ari den neurrian, gizarte sozialistaren hezurtza ere taxutzen ari da. Aldakuntza hauk aldi batez ongi badatozkio ere, ez dira haren logikari dagozkionak; eskakizun haueri amor ematean, bere buruaren kontra doa. Beraz, eraberritze iraultzaileok, kapitalismoaren heldutasunetik sozialismoa jaulki dadin, baldintza objetiboak metatzen dihardute ezarian ezarian. Antolamendu berri baten hazi ereile diren berrikuntza iraultzaile horien eta beroik asimilatzen dituen kapitalismo irenslearen artean, harreman dialektikoa dago. Langileriak boterea eskura dezanean, dialektika hori sintesia batetan garaitua geratuko da. Azkenean, aldakuntza guztiok garatze bat behar dute, eta langileriak boterea bereganatzean burutuko da garatze hori; orduantxe eginen du kapitalismoarenak. Planifikatzea ez ezik, salneurrien erabakitzea, errentaren banaketa, e. a. onartzean, sozialismorako gero eta oinarri sendoagoak ipintzen ari da kapitalismoa. Mikro- eta makroekonomian estaduak parte hartzen duen neurrian, kolektibitatea ekonomiaz nagusitzen ari da. Muinez sozialista diren osogarriok bere baitan ugaritu ala, gidaritza gutti batzuen eskutan uztera beharturik aurkitzen da kapitalismoa. Inon baino hobeki ageri da honetan sistimaren arrazoingabekeria. Ekonomia sozializatzen den neurrian, jestioan ere talde zabalagoak esku hartu behar luke; bainan, kapitalismoaren baitan alderantzikoa gertatzen da. Lelio Bassoren iritziz, eguneroko borroka eta azken garaipena elkarrekin loturik eraman behar ditu langileriak. Botereaz jabetzeko baldintza eta aukera ez dira berekasa sortuko. Ameskeria tamalgarria bide litzake horrelako “mirarizko” une baten zai egotea. Mailaz maila prestatu behar da gailurrerako igoera. Langileriaren egitekoa ez da noizbaitean eta halabeharrez sortuko diren zirkunstantzietan iraultza burutzea, botereaz jabetzeko egun hura giro dezan ekintzari egunero aurrera eragitea baizik.
Europako Ezker Berria |