Europako Ezker Berria
Xabier Mendiguren Bereziartu

Etor-Mensajero, 1972

 

 

Europar neokapitalismoa eta ezker berria

 

      Europaren batasuna nahitaezkoa da. Trust, egitarau, itun eta diru isurketaren bidez ekintzarako eremua zabaldu den neurrian, eta ekonomia-bizitza hedatsuago batetarako bideak urratuta geratu direlarik, berez datorren zerbait da Europaren integratze ekonomikoa.

      1958-an Erroman izenpetu zen akordioari jaramon handirik egin gabe Europako ekonomiak berak komenigarrien irizten duen erara ematen ditu pausoak. Monopolioen kontrako borroka gogor eta egikorra eskatzen du Erromako Itunak; baina, erresuma desberdinen artean harremanak herstuagotuala, monopolioak gero eta sendoago ageri dira, baita trust eta cártel elkargoak ere.

      Adibidez, elektronika industria bost firmek menderatzen dute, kimia-eremua beste bostek, petrokimiarena lauren artean, e. a.

      Hallstein batzordea sortu zen monopolioen kontrako salakuntzei erantzuteko. 1963-an, esate baterako, 36.000 salakuntza jaso zituen enpresa ttikietatik eta 1964-ean oraino salakuntza horietako bati buruz hauzi-erabakia hartu gabe zegoen. Agerian dago, Erromako Itun honen egitasun falta.

      Merkatu Batua monopolioko kapitalismoaren frutu iluna dela dio frantziar idazle batek, monopolioen arteko norgehiagokak sortarazi eta aurrera eramango duen merkatua.

      Baina europar ekonomiaren bateratze honetan, orekarik ezaren sorburu denak oraino estali gabe dagoz, eta luzera baino lehen egoera larrian jar lezakete elkartasun hau. Sistima barneko kontraizateak edozein unetan berriro azalera bait daitezke. Europa osoan inbertsioak arautu ezean, berehala sor lizazkioke sistimari nahaste eta istiluak, anarkia horren frutu.

      Aurren aurrena, neokapitalismoak bere burua zuritu nahiean aitortzen duenari erasotzen dio Ezker Berriak. Ameriketarren kapitalismoak, batez ere, zera esaten du, ezjakin eta nahastaileek bakarrik esan dezaketela XIX mendeko kapitalismoa eta gaurkoa berdinak direla, gaurko neokapitalismoa erabat gizonaren serbitzura makurtua omen dago-eta.

      Frogak ere eman nahi ditu kapitalismo honek: giza-harremanetarako teknikak onartuak izan dira enpresetan, jabegoa barreaiatuala enpresa kapitalistetako langile denak jabe bihurtu dira. Kojestioak garrantzi handiko aldaketak ekarri ditu enpresetara, eta kapitalismo herrikoiaz mintzo garenez gero, neokapitalismo hau XIX mendeko kapitalismoaren eboluzio hutsaren frutu denik esaterik ez dago.

      Baina, Ezker Berria ez dator bat neokapitalismoaren iritzi hauekin. Neokapitalismoak, zutik irauteko, derriorrezkoa duela gizona zapaltzea aitortzen du, eta haren baitan bizi bizirik dirauela zapalkuntza honek. Azaleko erak aldatu nahiz bigundu baditu ere, estalkiaren zaharberritzea baino ez da izan, eta jatorrizko izaera eta funtsa ez ditu bestelatu.

      Aitorkizun hori oinarritu ondoren, zera esaten du: zapalkuntza hori ez dela sistiman zeharbidez edo akzidentalki gertatzen den zerbait, sistimaren izanari berez dariona baizik.

      Ugaritasun handienera heldu diren lurralde kapitalista aurreratuenetan jendetzak dira aberastasun horretan parte hartzen ez dutenak: presioa egiteko gauza ez diren talde baztertuak, latinameriketar minoriak, beltzak, erretiroa hartutako zaharrak, e.a.

      Gainera, erresuma neokapitalistetako ondasunetarik zati handi bat, hirugarren mundua zapaldu eta murriztetik dator. Lehen bertako langileriari kentzen zion plusbalioaren zati bat, orain hirugarren munduko erresumetatik ateratzen du. Honetara, bizimaila altxaraziz, langileria eta sindikalismo-borrokan aurrelari direnak erosiaz, langile klasearen indarrak ahultzen ditu, ezarritako sistimaren eusle leial bihurtzeko.

      Bestalde berriz, argi ikusten da, gaurko kapitalismoak behar beharrezko dituela eraso-guduak ekonomiaren haziera gera ez dadin.

      Neokapitalismoak nahitaezko du erresumaren bat edo beste etengabeko borrokan edukitzea, produkzioa izotz ez dadin eta gehikinei irtenbidea falta ez dakien.

      Aldi berean, herrialde batzutan lehen-gaiak behereneko preziotan erostea ere derriorrezkoa du. Jomuga guzti hauk iristeko, egunetik egunera ekonomia eta politikaren artean lotura herstuagoa sortu da, ta erresuma neokapitalistetan diru-oligarkiaren eta militarren arteko elkartasuna burutu da.

      Eisenhower-ek lehendakaritza uzterakoan, hona zer zion bere azken agurrean: “Militar jendearen eta harmagintzako industria garrantzitsuaren elkartzea gertakari berria da ameriketarren experientzian; elkartze honen eragin ekonomiko, politiko eta ispirituala, hiri, estadu eta gobernu federaleko bulego guztietan nabari da”.

      Esan dugunaren lekuko, hona hemen zenbaki batzuk: Pentagonoaren lur ondasunak hamalau miloi hektareataraino iristen dira. Diru-ondasunak, berriz, zortzi biloi pezeta inguru. USA-ko bost enpresa handienen ondasun guztiak bateratuta ere, ez dira Pentagonoaren parera heltzen. Ehun enpresa pribatu inguruk hornitzen du USA-ko harmada. Garrantzi handieneko hamar enpresek banatzen dute beren artean harmadarako izentatuta dagoen presuposatuaren laurdena. USA-ko zenbait estaduren ekonomia gudu industrian dago erabat oinarritua.

      San Diego-ko lanlekuetarik % 82, misilgintzak sortarazten du. Kansas, Washington, Mexico Berria eta Californian langileriaren % 30, gudu industriaren lepotik bizi da. Hauxe da, isilean bada ere, Vietnamgo gerratea bukatzearen kontra dagoen Ameriketa. Zalantza gabe esan liteke ameriketarren ekintza ekonomikoaren % 40 edo 50, militar gastuek eragiten dutela. Ez da harritzekoa, beraz, enpresa hauetan militar ugari izatea, eta berauen irabaziak ezin sinetsizkoak gertatzea.

      Gauzak honela izanik, neokapitalismoaren ekonamiazko hedatzeak derrior eskatzen ditu gerrateak ekonomia-bizitza zirikatzeko eta eztenkatzeko.

      Ezker Berriak zuzentzen dion kritikaren aurrean, eskandinabiarren eredua erakutsiaz erantzuten du neokapitalismoak: haik ez direla gerrari, eta marjinaturik ere ez dutela aitortzen du. Baina Ezker Berriak, beste edozein kapitalismori aurpegiratzen diona egozten dio eskandinabiar neokapitalismoari ere: gizartea zapaltzeko jokabide berezi baten jabe dela. Begiratu baterako, askozaz biguinago eta zientziobidezkoago azaltzen bada ere, jendeari ezartzen dion kontsumismoa, ez da inola ere hobea, makurragoa baizik.

      Hiritar hau, gehiagoren jabe den arren, ez da gehiago. Gizonok aseturik bizi dira; baina dimentsiobatekoak eta erantzukizunik gabeak dira. Gizartea, berriz, zapaltzaile eta integratzaile, demokraziaren aurkakoa. Gizarte honetako jendetza despolitizatua, beti gertu dago agintarien eskari makurrenei ere amor emateko. Marcusek bere “Dimentsiobateko gizona” liburuan estudiatzen duen gizarte neokapitalista hori, gizarte industrial aurreratua da, USA eta Alemania federalekoa. Baina kritika honek balio du bi erresuma honen hildoetatik doan beste lekuetako kapitalismoari buruz ere.

      Teknologia berriak, gizarteak egin behar zukean aldakuntza ezinezko egin du; kualitatezko aldaketaren ordez, errepresiozko premiak ekarri ditu gizartera. Beharrizanok asetzeak ez dakar benetako giza-desarroilorik, gizonaren integratze erraz eta egikorragoa baizik.

      Beharrizan bat asetzean, pertsonak bere burua lantzen eta hazi erazten ez badu, premia horrek reprimatzaile delakoaren arrasto guztiak ditu. Horrelako premien asetzeak, egoneko postura hartukorretara bultzatzea baizik ez du egiten.

      Beharrizan hauk sortuala asetzeko bideak ere irekitzen bazaizkit, aurrelandutako zoriontasun artifizial hori eskuratu ahal izateko sistimari egokitzen ahaleginduko natzaio eta, asaldaketa oro bazterturik, haren morroi leial izateari.”

      Egoera honetan ez dago benetako askatasunik; gizakia ez bait da gauza benetako premia eta beharrizan artifiziala bereizteko. Puntu honetan, behar izatearen filosofia egitea komeni litzake. Sakonketa handitan sartu gabe, premia orok asekizun bat eskatzen duela baiezta genezake, eta asetzeko zergauzaren bat ba dagoelako kontzientzia. Garai batetan, orduko giza-errealizatze mailari begira lujo hutsezkoak ziren premiak, gaur nahitaezko bihurtu zaizkigu. Bestalde, beharrizan edo premia guztien artean ba dago halako hierarkia eta elkarrekiko harreman bat. Baina giza-beharrizanen filosofia orori, gizakiazen azken helburuaren korapiloa askatu beharra sortzen zaio. Antropologia errealista batek, premiak asetzea eta giza-errealizatzea elkarren gandik bereizterik ez dagoela esanen du, eta premia bat asetzen denean nola-hala gizaki osoari erantzun bat ematen zaiola.

      Nolanahi dela ere, beti erlatiboak diren beharrizan hoik askatasunean mailakatzen eta norberak duen bizi proiektoan integratzen ahalegindu behar du gizonak; bestela, bere eskuko izatea galdu eta inguruak ezartzen dizkion premien makina asetzaile bihurtzeko arriskua daduka.

      Bestalde, egia da, premien aukera kolektibizatuala, hautamenak indarra galdu egin duela, benetako beharrizanez jabetzeko gizona itsututa dagoenez gero. Eta orduan, nahiz eta norbere burua libretzat eduki, gizon horrek aurrez aurre dituen aukerak beti errepresiozko eremuaren barruan egonen dira. “Nagusia libreki hautatzeak, ez du ukatzen ez nagusia eta ez morroia” (Marcusek).

      Honela barnetaxuturik dagoen gizarte batetan, ezinezkoa da aldaketa oro. Kontrajartzaile guztiak, azkenerako, indarrak galdurik geratzen dira. Zenbait gizarte kapitalistak ba du oposizio gogorrik; baina irents eta integra dezakean neurrian bakarrik onartzen du sistimak, eta legebarruko jokoa hausten ez duen bitartean.

      Gizonak ba ditu eredu eta joera batzuk sexoa, politika, artea, kirola eta balio- iritzietan. Guzti hau kanpotik ezarria du. Nahikizun guzti hauei, norberegandikoak direlakoan, norberak hautatuak diren ustetan, hertsiki lotzen zaie. Atxikimendu hori, bere askatasunaren frutu umoa dela uste izaten du gizakiak. Hemen jotzen du gailurra gizarte honen makurkeriak: gizakiaren kontzientzia eskukatu eta maneiatzean. Errepresiozko sublimatzearen bitartez, sistemari darion talde-kontzientziak bere baitan hezurmami eginik uzten du. Honez gero, pertsonarena eta taldearena, bizitza bakar bat baino ez dira, elkarren artean ez dago desberdintasun nabarmenik, eta pertsona-kontzientzia taldearenaren tolesa baizik ez da. Jendearen irizpiderako, arrazoingabetasun nabariena arrazoitasun bihurtzen da. Eta hau guztia gehienetan poliziaren indarkeriazko ekintzarik gabe, tolerantzi giro engainakor batetan burutzen da.

      Gezurrezko sasi-askatasun lilurakor honi mozorroa kendu, eta beronen egiazko aurpegia agerian jartzeko, “kontestazioaren” bideari heldu dio Ezker Berriak.

 

 

Europako Ezker Berria
Xabier Mendiguren Bereziartu

Etor-Mensajero, 1972