Europako Ezker Berria
Xabier Mendiguren Bereziartu

Etor-Mensajero, 1972

 

 

EZKER BERRI SOZIALISTAREN
IRTENBIDEA

 

      Ezker Berriaren ustetan, aurrez ez dago erabakitzerik zeintzuk izanen diren birganbiorako ereduaren berezitasunak. Kondaira zehar, marxismoak burutu duen praxiarekiko harremanean azaleratuko dira berezitasun hoik.

      Lehenik, gizarte autojestiotua eskaintzen digu kapitalismoaren eta sozialismo burokratikoaren gainditze bezala. Gizarte autojestiotua da beste eredu hauen hutsuneak beteko dituena.

      Ezker Berriaren iritziz, demokrazia kapitalista eta sozialismo nagusikoia, bai bata eta bai bestea, bat datoz puntu batetan: diktadura ezartzean. Nahiz eta bien artean desberdintasun nabarmenak izan, batak diktadura guttienei ezartzen die, eta besteak gehienei. Biak halako biak, diktadura teknokratiko baten bitartez, sistimari egokituriko hiritar asetua eta dimentsiobatekoa sor erazten ahalegintzen dira. Egoera honen soluziobidea autojestioan aurkitzen du Ezker Berriak.

      Oraindainokoan Yugoslabian baizik ez da estreinatu; ordura arteko marxista jardunbidetik sahiesturik, 1953-an Titok autojestioa sartu zuen. Baina Yugoslabian ere, ekonomia sailean eta enpresa mailan bakarrik ezagutu dute.

      Autojestioa onartu aurretik, Estaduak hautaturiko zuzendari baten eskutan egoten zen enpresaren gidaritza; harrez gero, langileek berek aukeratutako langile kontseilu baten ardurapean. Kontseilu honen esku gelditzen da lantegiaren jestioa. Baina oraino erdiko antolamendu planifikatzaile eta politikara hedatu gabe dago formula hau. Ekonomia sailean ere, ez da litekean guztiraino zabaldu. Beraz, autojestioa oraindik hasiberritan dagoela esan liteke Yugoslabian. Aljeriako nekazari elkarteetan pauso batzuk eman dira bide honetatik. Lurra nazionaltzean, haren jabetza nekazari elkarteen eskutan utzia izan zen; baina industria eta politika sailera oraino hedatzeke dago autojestioa.

      Autojestioaren aldekoak, Israelgo “Kibbutz” experientziaz ere baliatu dira beren asmoak edertzeko; baina “kibbutzak” esanahi handirik ez du Israelgo ekonomia bere zabalero guztian hartuta. Israelgo langileetarik % 1 baizik ez du hartzen “kibbutzak”. Zenbaiten iritziz, kanpotik begiratzen dutenentzat, halako aurpegikera aurrerakoi eta sozialista ageri dezan baizik ez dira “kibbutzak”. Israelgo ekonomia, funtsean, kapitalista da; eta, nekazaritza bera ere, jabe pribatuen eskutan dago ia gehiena.

      Baina ekonomia sailetik politikara igarotzerakoan sortzen da benetako arazoa. Hain zuzen ere, herriaren eta estaduaren artean bitartekorik ezagutzen ez duen zuzeneko demokrazian dago autojestioaren funtsa. Eta autojestioa zailtasun berezi batzuei aurpegia eman beharrean aurkitzen da: erabaki ekonomiko eta politikoek ahalik eta deszentralizatuenak izan behar dute; baina, bestalde, gainetiko gidaritza elkar komunztailea ere premiazko ikusten da hor-hemenka hartutako erabaki hoik elkarri egoki erazteko. Bi ertzok kidetzean dago nekea.

      Nekazariak bere alorreko arazoen berri eta industriako langileak bere sailekoena izatea, ez da hain gauza zaila; baina herrialde osoak dituen premietaz nola jabe daitezke?

      Bi arriskuera nabarmentzen dira maila honetan: deszentralizazio edo deserdiratzeak anarkiarako bideak ireki ditzakeala, eta baterabideak, berriz, talde ttikien esku hartzea eragotz dezakeala. Zeintzuk dira, beraz, antolamendu erdiratzaileei dagozkien egitekoak, eta zeintzuk oinarriko taldei dagozkienak?

      Oraingoz ez dago erantzun egokirik: ekintzak berak eskuratu behar bait ditu galdekizun hauentzako soluziobideak. Gizarte autojestiotuaren babesleek ez dute aski zuzeneko demokrazia lortze hutsaz, biziera berri bat eskatzen diote erakunde politiko berriari. Ez da lan egiteko bizi behar, bizitzeko lan egin behar baizik. Gizarte industrialean hain gogor eta alienatzaile den lan egikera hori, gainditu eta jolasaren pareko gerta dadin ahalegindu behar dugu.

      Horretarako bide batzuei jarraitu beharra dago. Batzun iritziz produkzioa gizatiartzea edo humanizatzea da bide hori. Gizarte desarroilatua nahi badugu, derriorrezko zaigu lana, baina lan automatizatua.

      Oraindik desarroilo bidean aurkitzen diren hirugarren munduko erresumeek beste soluziobide bat aukeratu behar dute: hazikuntza teknologikoa eta gizartearen desarroiloa bateratu, biak parez pare eta pixkanaka aurrera eramateko. Desarroiloa gehiegi agurotu ordez, gizakiak bere burua aberats dezan, astia eta bitartekoak eskuratzen saiatu.

      Bestalde, autojestioa, zenbait oztopo gainditu beharrean aurkitzen da. Autojestioaren eskakizunei erantzun ahal izateko, herria politizatzea nahi eta ezkoa da. Politizatze arloak, berriz, astia, denbora librea eskatzen du. Herrialdeak dituen arazoetaz jabe dadin, teknika, politika eta ekonomiazko ezagutzak behar ditu aurretik jendeak. Horretarako, lan orduak laburtu, eta hezikuntzari tarte zabalagoa ematea beste biderik ez dago; desarroiloaren abiada astiroagotzea eskatzen du honek.

      Autojestioak bere burua babestera jotzen du. Hori ikusi da behintzat Yugoslabiako zenbait lurralde eta enpresetan. Aberatsak premiatsuagoekiko axolagabe agertzen ziren. Lurralde batzuen eta besteen arteko aldea zabalagotu egin zen, eta desberdintasunak egunetik egunera nabarmenagotu. Eskualdeko beste enpresa behartsuagoei laguntzeko, produkziotik hainbesteko bat gorde ordez, enpresa barruan alokairuak altxatzera eta irabaziak banatzera jotzen zuten. Ageri denez, eskasiaren pean bizi den herrialdeari arriskugarri zaio autojestioa.

      Desarroilopeko herrialde batetan, erditiko plangintza, autojestioa bera baino demokratikoago gerta daiteke. Izan ere, libro bizi ahal izateko baldintzak eskuratzea beste helbururik ez baldin badu demokraziak, ez da harritzekoa aipatu dugun egoeran lehenengo sistima egokiagoa gertatzea. Dena den, politizatzeak eta jendearen hezikuntzak autojestiorako duen garrantzia, inondik ere guttiesterik ez dago.

      Une batetaraino elkarrekin datoz Ezker Berriko anarkista eta marxistak; baina, autojestioa ezartze ordua erabakitzerakoan, talde bien artean etena sortzen da.

      Anarkisten iritziz, iraultza sozialistaren lehen mementoan ezarri behar da autojestioa; bestela, diktadura azkengabeki luza daiteke, ba, eta egundo ez luke joko autojestioaren ordua.

      Marxisten ustetan, berriz, autojestioa gerorako utzi behar da. Autojestiora bat batean heltzerik ez dagoenez gero, aurrena plangintza erdirakoiak behar dira; baina, sobietar sozialismoak izan duen baino kontrol eta segurantza gehiagorekin.

 

 

Europako Ezker Berria
Xabier Mendiguren Bereziartu

Etor-Mensajero, 1972