Europako Ezker Berria
Marshall-en egitaraua
Marshall-ek argi eta garbi adierazi zituen bere egitarau haren helburuak, 1947-ko urtean Harvard-eko Unibertsitatean eman zuen hitzaldian. Marshall-en ustetan, Europak une haretan ordain zitzakeanak baino askozaz handiagoak ziren premiak. Kanpotiko laguntzaren bat eskuratu ezean, gainera etor ahal zitzazkion ezbehar eta hondamendi politiko, ekonomiako eta sozialak, benetan ezin neurtuzkoak ziren. Hemendik sor zitekean ondoeza ahaztu gabe eta Europak seguraski komunismora joko zuela kontuan izanik, Estadu Batuetako ekonomiari ere kaltegarri zitzaiokean honelako egoera. Bestalde, Marshall-en iritziz, Europa nondik hondatuko zebiltzan sobietarrak, haretara komunismoari sarbideak idekitzearren. Beraz, sobietarren azpijan honi aurre ematea eta europar ekonomia indartzea zegokien USA-tarrei. Truman lehendakariak ontzat eman zuen Marshall-en plan hau, eta Mendebal eta Iguzkialdeko lurraldei laguntza eskuratzea erabaki zen. Arrazoin politikoen gatik, Espainia eta Finlandia bakarrik geratu ziren laguntzarik gabe. SESE-ri ere laguntza eskaini zitzaion arren, berehala ohartu zen USA-tarren jokoaz. USA gertu zegoen laguntza hau aurreratzeko; baina, Europako estadu bakoitzari banan banan eman ordez, nazioarteko dirutza bat eratuko zuen eta berari komenigarri zitzaion eran egingo zuen banaketa. Estadu Batuek, laguntzeko prest bazeuden ere, ordainez ekonomiazko eta politikazko hipoteka bat eskatzen zuten. Labur esanda, ekonomia-laguntza honen bitartez USA-k bere ekonomiarentzat ateak ideki nahi zituen Europan. Laguntza-era hau ez zen SESE-tarren begikoa; sozialismoaren aurka bait zihoan, eta alde bietatiko laguntza ekonomiazko era bat proposatu zuten. Ameriketarrek ezezko biribila eman zieten. Ameriketarren eta sobietarren arteko hauzia honetaratu zelarik, Europako eskuindarrak dilema baten aurrez aurre aurkitu ziren: USA-tarren laguntza onartu eta haien nahikizunei amor eman ala sozialismo-arriskuari aurre egin? Europak USA-tarren menpean jartzea hobetsi zuen. Ekonomia eta politika askatasuna galtzea onargarriago iritzi zuen, sozialista agintearen arrisku pean erortzea baino. Europa ekonomia-egitura berriz hornitze honek, baldintza batzuk eskatzen zituen. Garai haretako teknologia-mailak eskatzen zuenez, diru isurketak emankorrak izan zitezen, derriorrezkoa zen enpresetan neurri eta erabaki berezi batzuk hartzea. Berau gertatzen zen nekazaritza eremuan ere. Eta orduko teknologia-maila kontuan hartuta, indar ekonomikoak bateratzea eta merkatuak handiagotu eta zabalagotzea nahitaezkoa zen. Estaduaren babesa behar zuen kapitalismoarentzat eta minifundioen kapitalismoarentzat ez zegoen lekurik programa honen barruan. Protekzionismoaren eta minifundismoaren orduak jo zuen. Aurrerakoan Europak ez zedukan nazio-kapitalismoaren hesien barruti herstuan bizitzerik. Harrez gero, Europak ezagutuko zuen produkzioari irtenbidea bilatzeko bi baldintza bete behar ziren: a) Produkzioa irentsiko zuen merkatu handi bat eratu; b) Enpresa barruan ahalik eta egitura egokienak antolatu. Beste hitz batzutan, aldakuntza honek “Europa batua” esan nahi du. Eta kapitalismo berri honek bizitzeko bete behar zituen kondizioen izenean, sustraietatiko azterketa egin zitzaien ordurarteko kapitalismoaren oinarriei. Baina, USA-tarren ametsak ez ziren hemen bukatzen; Europa batu hau Atlantikoko elkarte zabalago baten barnean sartu nahi zuen, USA-tarren babes atomikoaren mendean merkataritza libreak indar har zezan. Baina, horretarako, USA-tarren lehendakaritza ekonomikoa eta indar atomikoaren giltza beraien eskutan bakarrik egotea onartu behar ziren. USA-k bi habe sendoren gainean eraiki nahi zuen etorkizuneko Europa hau: librekanbismoaren, hots, inolako eragozpenik gabeko kapitalaren joanetorriaren gain, eta ameriketar diru isurketarien gogara garantiak eskainiko zituen integratzearen gain. De Gaulle-n erortzea USA-tarren aldeko neokapitalismoaren garaipena dela esan liteke. Ameriketarren zuzendaritza pean mamituko den Europa, gero eta gorputz beteagoa hartzen ari dela aitortu beharrean gagoz. Servan-Schreiber-en “Le défi americain” lekuko. Ameriketarren kapitalismoak gidaturiko Europa horretan, ondasunak erruz ugalduko dira; baina, erabakiak USA-n hartuko dira. USA-tarren Europari buruzko egitasmoak hiru ekinaldi izan dituela esan genezake: a) Ikatza eta Altzeiruaren Europar Elkartea (CECA) sortu zenekoa. b) 1958-ko Erromako Ituna izenpetu eta Europar Elkartearen Merkatu Batua sortu zenekoa. d) 1966-ean nekazaritzako Europa berdea jaio zenekoa. Ikus dezagun ondoren, Ezker Berriak nola hartzen dituen hiru aldi hauk. Iguzkialdeko lurralde sozialisten COMECON-i erantzun bezala sortua izan da CECA. SESE-ri on egiten diona sozialismoari ere ongarri zaiolazko tesiaren gain altxatu zen hura. SESE-k merkataritzarako baldintza batzuk jartzen dizkie Polonia, Errumania eta Yugoslabiari. Sarritan gastuak berdintzeko haina ez ziren prezioetan erosten zizkien lehen-gaiak, gero munduko merkatuko norgehiagokan salneurri egokiagoekin eskuhar ahal izateko. Jokabide honek, sozialismo nazionalen hasarrea eta SESE-rekiko harremanetan bihurritzea ekarri zituen ondoriotzat. Varsoviako Ituna burutu bezain laster, NATO sortzen da, eta alderdi batek Alemania federalaren beregaintasuna ezagutzeaz batera, besteak Iguzkialdeko Alemaniarena ezagutzen du. CECA-ri buruz erabakia hartu zuten lurralde beraiek osotzen dute Merkatu Batua ere. Ikatza eta altzeiruaren mailan integratze saiaketa bat zela CECA esan genezake. Sei erresuma hauetako kapital, pertsona eta salgaien bateratze librea eskatzen zuen CECA-k. Kapitalista ikuspegiz begiratuta, ezin hobea zen erabaki hau; baina, maila honetan egindako entsegu batetik, ekonomia eta industriaren gainerako sailetarako ondoriorik ez zegoen ateratzerik. Beste ekonomia-sail guztietan lurraldeok beren eskuko ziren eta erabat batutako Europa batetan gauzak zertara jo zezaketen aurrez jakitea nahiko zaila zen. CECA-ko ekintzaileen eta ameriketarren iritziz, 1958-an, giroa onduta zegoen Merkatu Batuari hasiera emateko. Baina europar ekonomia-batasun honek ez zuen batbatean osotasun guztizkorik lortu, oraino nazio-kapitalismoak garaitzeke bait zegozen naziogaindiko kapitalismoa batetara heltzeko. Oraindik gaur egun ere, “cártel” erako elkargoak ez dira falta. Bestalde, sei erresuma bateratuok ez dadukate ekonomiazko legedirik, eta hau oso premiazko dute beren arteko gorabehera eta ezin konponduetan erabakiak hartzeko. Erromako Itunak zera erabaki zuen: kapital, pertsona eta salgaien joanetorri librea ekonomiaren sail guztietara heda zedila, nekazaritzara ez beste guztietara. Honenbestez, industria osoaren integratzea burutu zen eta harrezgero oinarriotan eraikiko zen europar politika bateratuaren etxagintza. Ekonomia integratzeke, Europako politika-batasunak ezin zezakean gorputzik har. Horretarako, europar parlamendua eta kontseilua eratu ziren. Egia esan, erakundeok erabakiak hartzeko eskubiderik ez zutenez gero, sinbolo baizik ez ziren. Integratze politikoaren hesparruan, bi joera nabaitzen dira berehala: Aberrien Europarena (De Gaulle) eta Naziogaindiko Europarena (Adenauer). Europako kapitalismoen artean sortu den hauzi honek, ez du oraino irtenbiderik aurkitu. Baina, De Gaulle-nak egin duenez gero, lehenengoak onenak eman dituela esan daiteke. Azkenik, 1966-ean Europa berdea deritzana sortzean, sei estaduetako nekazaritza ere integraturik geratzen da. Lehen esan dugunez, ameriketarren Europa bide honetatik doa. Zer egin behar du Europak? USA-tarren erako bizimolde ugaritsuari baietza emanez, haien mendean erori ala, USA eta SESE-ri atzera eragingo dien hirugarren bloke indartsu bat eratu? Esate baterako, teknologia saila hartzen badugu, etorkizunean arrakasta handiena izanen duten industriei europar inbertsioak ez diela laguntzen ageri da, hots, kibernetika, elektronika, petrokimiari eta antzekoei. Altzeiruak, adibidez, bolada batetan garrantzi handia izan du; baina, aurrerakoan ez duke horrenbestekorik. Beste sail horietan jabe dadinak izanen du ekonomiaren erregetza. Enpresa mailan ere, diru isurketa egokienez, soziologiaz, sakoneko psikologiaz eta soziopsikologiaz baliatzen direlako, USA-tarren enpresek ezin sinistuzko aurrerakada egin dute. Empresa eramaileak ere, ikasketa berezien bitartez jantzita daduzkate, zientifikoki lan egin dezaten. Europarren Europagintzak helburu garbia du: USA-ren uztarpetik Europa jaregin. Baina zer egin horretarako? Dolarrari eraso behar zitzaiola esaten zuen De Gaulle-k. Haren ustetan, ameriketarrak ekonomian nagusi baldin baziren, nazioarteko diru sistimaren egituraren gatik zen. 1922-an ezarri ziren nazioarteko diru-politika honen oinarriak, eta USA-k eta Europako erresuma askok izenpetu zituzten erabakiok. Harrezgero nazioarteko ordainketan dolarra eta libra esterlina erabili ziren. Dolarrez eta libraz ondo horniturik zegozen erresumeentzat, egoki etorri zen erabaki hau; baina sistima hau onartzean, nazioarteko diru ibilian USA-ren nagusitza ezagutu beharra zegoen. 1922-an harturiko erabakiok, berriro 1946-ean berrituak izan ziren, eta nazioarteko merkatuan sakonkiago sustraitu zen. USA-tarren ekonomia-politika honen aurka, lau puntu nagusi zituen kontrapolitika iragarri zuen De Gaulle-k. Ginebran onartutako dolarra eta libraren ordez, “urre eredua” proposatu zuen. Horretarako, nazioarteko merkatuetan ahalik eta urre gehiena erosteari ekin zion De Gaulle-k. Urre gordairu honekin Frantziari komeni zitzaion merkatu prezioa ezartzeko eran zegoen De Gaulle. 1946-ean bigarrenez indartutako erabakiek ziotenez, edozein estaduk eska zezakean dolarra eta libra urre bihur eraztea. Eta dolarraren balioa halanahitakoa izanik, USA-ko gobernuaren urre gordairuaren arabera aurkitzen da; beraz, frantziarrak behar hainako urre gordairuaz jabetu izan balira, herstuasun gogorrean ipiniko zituzten dolarra eta libra. Izan ere, librari ez zion batere onik egin frantziarren eraso honek, desbaliaturik gelditu bait zen, eta dolarrak berak ere nahiko kinka gaiztoa igaro zuen. USA-ren aldeko europar banku zuzendari guztiei dei eginaz, eta frantziarren kutxetan urrea meta ez zedin era guztietako eragozpenak jarriaz, iritxi ahal izan zuen dolarrak arrisku hau nola-hala sahiestea. Frantziarren eraso honek dolarraren hondamendia ekarri ez bazuen ere, zerbait protxuzkorik iritxi zuen: nazioarteko diru sistimaren alderdikeria agerian jartzea. USA-ri aurre egiteko beste bitarteko batetaz ere baliatu zen Frantzia: atomu indarrarekiko politikaz. Frantziak ez zuen egon nahi USA-tarren izkilu atomikoen gerizpean eta “Moskuko ituna” ez zuen izenpetu. Izkilu horien ugalketa eragoztea eta beroien kontrolatzailetzat USA eta SESE izentatzea nahi zuen itun horrek. Frantziak beretzako “force de frappe” nahi zuenez gero, diru inbertsio handiak egin behar izan zituen; baina azkenean atomo bonbaz jabetzera heldu zen. Frantziarren politika ez zoan militar indar hutsaren atzetik bakarrik; gaur atomo indarraren jabe denak, hemendik hogei eta hamar urtetara ekonomiaren beste eremuetan ere ahaltsu izateko aukera ukanen du; eta alde horretatik etor zekiokean irabazpidearen jakinaren gainean zegoen Frantzia. XX mendearen hasieran elektrika indarrak ikatzarria zokoratu zuen bezalaxe, atomo indarrak ere etorkizunean albora eragingo dio elektrika indarrari. Izkilu atomikoen ugalmena eragoztea eta industrian atzera gelditzea, bat zen frantziar ekonomialarientzat. Europar neokapitalismoaren aurrerapenerako eta USA-tarren ekonomiarekin kidez kide jarduteko nahitaezkotzat zedukaten atomoarekiko politika hau. Atlantikotik Ural mendietarainoko Europa zuen amets De Gaulle-k. Horretarako Iguzkialdera irekitzen eta erresuma sozialistekin harremanetan hasi zen. USA-k hauxe bera aurrez eginen ote zuen beldur zenez gero, haren eta SESE-ren artean akordiorik burutu ez zedin ahalegin guztiak egin zituen. Frantzia izan zen Txina eta Ifar Vietnam-eko anbasadei ateak ireki zizkien Mendebaleko lehen erresuma. De Gaulle-k Moskura joanetorri bat ere egin zuen; Txina eta Errumaniarekin merkataritzarako akordioak egin ere bai; eta, azkenik, Vietnamgo hauzian USA-tar politikaren etsai azaldu da Frantzia. Atlantikotik Ural mendietarainoko Europa hau begi txarrez ikusten zuten ameriketarrek, eta De GauUe-en erortzeaz geroztik, ez du hots handirik atera ideia honek. Rothschild bankuaren zuzendaritzatik V Errepublikaren lehendakaritzara igaro da Pompidou. Pompidou-ren lankideen artean, ameriketarrek begi onez ikusten dituzten batzuk ere sartu dira: Schumann eta George Bonnet. Hauk eta beste zenbait seinale ikusita, De Gaulle-n erorian USA-k eskuak garbi ez dituela pentsa daiteke. Era berdinean De Gaulle-k Merkatu Baturako sarrera ixten zion Bretaina Handiari. De Gaulle-n ustez, Bretaina Handia zen USA-k Europan sartzeko erabili nahi zuen “troiar zaldia”, ekonomia eta politikazko lotura ugari bait dago bien artean. Eta bretainarrak Merkatu Batuan sartzean, hauen bitartez eta zeharka, ameriketarrentzat ere ateak zabalik geratuko lirake. USA-ren aurrez aurre Europa indartsu bat eraikitzen esku hartu nahi baldin badu, Bretaina Handiak ameriketarrekiko loturak eten behar ditu; bestela, Frantziak Merkatu Baturako sarbidea ukatuko dio. Bietakoren bati heldu behar honetan, Wilson-ek USA-rekin onean jarraitzea aukeratu du. Bi arrazoin zituen horretarako: alde batetik, USA-k eta Bretaina Handiak batera egiten hasita zeduzkaten proiektoak bertan bera uzteak galera handia ekar zezaiekean ingelesei. Bestalde berriz, Europan sartzekotan, Frantziak nagusitza zuen Europa batean sartu beharko zuen. Baina Alemaniak eta Bretaina Handiak ez dute begi onez ikusten Frantziaren handitasunezko amets hau. Dena den, asmo honek gorputza hartuko balu, USA-tarrek gatzatu nahi dutenaren aldean bestelakoa izanen litzake etorkizuneko Europa neokapitalista hau. Europako kontinentearen barruan bere eskuko izanen litzake kapitalismo hau. Bere kapitalaren soinura dantza eginen lukean langile mugimendu bezatu bat ere ez litzaioke faltako, eta USA-tarren antzeko gizarte ugaritsu bat taxutu ala hirugarren mundukoen arazoetatik gero eta urrutiago aurkituko litzake. Europa eta USA-ko oparotasuna, hirugarren munduko behartasunaren aurrez aurre dago. Erresuma horien ez-edukia derriorrezko du USA-tar eta Europarren ugaritasunak bere bizibiderako.
Europako Ezker Berria |