Europako Ezker Berria
Xabier Mendiguren Bereziartu

Etor-Mensajero, 1972

 

 

Frankfurt-eko Eskola

 

      Frankfurt-eko Eskolaren ekintza eta ondorioak ugaritsuak badira ere, “oparotasunaren gizartearen” zapalkuntza erak ezagutzeko ta gizarte reprimatu horren ahalmenak agerian jartzeko aukera gazteria unibertsitarioari eskuratu diolako, entzutea, baitikpat, azken aldi honetan irabazi du.

      Max Horkheimer-ek Frankfurt-eko Unibertsitatean “Institut für Sozialforschung” izeneko erakundea, 1936-ean bere zuzendaritza pean hartu zuenean ikusi zuen argia lehenengoz “Frankfurt-eko Eskolak”.

      1932-tik 1941-era “Zeitschrift fiir Sozialforschung” aldizkaria argitaratu zuen. Baina faszismoaren hatzaparretatik ihesi, Parisen jarraitu behar izan zuen argitaratze lana, eta 1939-tik hasita 1941-era arte Ifar-Ameriketan. Zalantzarik gabe, Horkheimer-en aldizkari hau bide zen urte haietako intelektual maila serioseneko argitalkizuna.

      Lehen zeharka aipatu dugunez, Ezker Berriak —ikasle mugimenduak baitipat— gizartea ezagutzeko eta aztertzeko erabili dituen bitartekoen arrazoina ez dago Frankfurt-eko Eskolaren eragin frutukorraz kanpo bilatzerik, eta hori, nahizeta ikasle mugimendua eta Frankfurt-eko Eskolako zenbait pentsalari azken aldi honetan elkarrengandik urrutiratu direla kontuan hartu.

      Ezinezko da, eskola hau osotzen duten guztien pentsamoldearen berri zehatza ematea. Pentsalari guztiek askatasun handienaz eta bakoitzak bere erara jokatu dutenez gero, ikusmoldetan aberastasun eta desberdintasun handia dute; baina, hala eta guzti, gizartearen azterbiderako metodo kritiko-dialektikoaren eta oinarrizko ustekizun berdin batzuen jabe dira denak.

      Aipa ditzagun ondoren, Eskolako ordezkaririk nabarienak:

      Maisu bezala, Max Horkheimer-i dagokio lehen lekua. Lehendabiziko iskribuetatik hasi zen, geroago gizartearen teoria kritiko-dialektikoa izanen zenaren etxagintzan. Bere lanik sistimazkoena “Zur Kritik der instrumentellen Vernunft” dateke. Azken urtetan Schopenhauer-i buruzko zenbait entsegu burutu zuen eta horretatik-edo datorkio Frankfurt-eko Eskolari puntu batzutan ageri duen joera pesimista hori.

      Intelektual mailan seniderik hurbilena Theodor W. Adorno du Horkheimer-ek. Adorno-k gai asko ukitu du bere lanetan: filosofia, soziologia, psikoanalisia, arte eta literatur kritika, musikologia. M. Horkheimer-ekin batera, “Dialektik der Aufklarung” argitaratu zuen. Egungo filosofia lanik sakonenetariko bat-edo da liburu hau. Bertan ba du, geroago sortuko zen “affluent society” delakoaren teoriaz zenbait aurrerapen.

      Bai Ifar Ameriketako Ezker Berriak eta bai intelektualek eta ikasleek osotzen duten oposizioko mugimenduek, asko zor diote Herbert Marcuse-ri. Hau ere, “Institut für Sozialforschung” delako erakundearen lagun zaharrenetarik bat da. Bere idatziak harrigarriro barreiatu dira. Gaur eguneko industria-gizartearen zauri guztiak banan banan ukitu ditu, eta etorkizunerako ikuspegi hedatsuak landu.

      Herbert Marcuse-k marxismoa eta psikoanalisia batasun frutukorrean kibiztatu ditu. Sobietar marxismoa interpretatzerakoan, argi eta garbi zedarritu ditu Ezker Berriaren eta neo-stalinismoaren arteko mugak. Sobietar teoria eta praxia helburu gizatiar eta askatzaile batekin uztargaitzak direla aitortu du, eta jatorrizko marxismoaren dialektikabidearekin ere bat ez datorrela. Kontsumoko gizarteari kritika zorrotza egin dio: bereak ditu “dimentsiobateko gizona” eta “dimentsiobateko gizartea” esan moldeak: jendemasaren kontzientzia moldatu eta maneiatzen duen gizarte baten berezitasun nabariena adierazteko asmatuziko esaerak alegia. Agerian jarri ditu gehienen interesen kontra doazen guttienen interesak; eta, azkenik, sistimaren berezko arrazoingabetasuna salatu du gizarte-antolamendu zuzen eta arrazoinezkoago batetarako etsai gogorrena bezala.

      Sakonki ekin dio mendebaleko gizartearen sasi-tolerantzia reprimatzailea aztertzeari ere, eta askatze-ekintza batetarako jardunbidearen neurriak ematen saiatu da.

      Dimentsiobateko gizartearen estudioetan sartu aurretik, buru-belarri murgildu zen faszismoaren sakontze-lanean.

      Hemen ez gaitezke luza bere lan guztien izenak eta berriak ematen; baina bukatzeko, birresan dezagun, ikasle-oposizioak oparotasunaren gizarteari zuzentzen dizkion kritika batzuk eta filosofialarien taldeetatik kanpora gizartearen teoria kritikoak izan duen arrakasta ezin ulertuzkoak direla H. Marcuse-ren lana kontuan hartzeke.

      “Eros eta Zibilizazioa”, “Dimentsiobateko Gizakia”, “Utopiaren azkena”, “Sobietar marxismoaren gizartea” dira bere liburu ezagunenak.

      Halere, egiari leial izatekotan, aipa dezagun orobat, Ezker Berriak ez duela hartu hori eta horrenbestez Marcuse-ren “Onedimensional Man”, eta gainera kritika zorrotzak zuzendu dizkiola zenbait puntutan. Marcuse-ren beldur ukakor hori ez du batere begi onez ikusten Ezker Berriak; baina, jeneralean Marcuse-k Ezker Berriari sakonki eragin dionik ukatzerik ez dago.

      Jurgen Habermas Frankfurt-eko Eskolako belaunaldi gazteagokoa da. 1969-ko urteaz geroztik, bera dugu “Institut für Sozialforschung” delakoaren zuzendari. Zientziaren teoriari buruzko gaiak sarri erabili izan ditu; baina, aldi berean, unibertsitatearen eraberrikuntza eta ikasle-mugimenduen arazotan ere sartuta ibili da.

      Beste izen batzuk ere herstuki loturik dagoz Frankfurt-eko Eskolari; eta berri emate labur honetan hutsune nabarmenegirik izan ez dadin, berauen izenak aipatuko ditugu guttienez:

      Erich Fromm, “Die Furcht vor der Freiheit” (Askatasun beldurra) delako liburuaren egilea. Beldurrak, reprimatzeak eta neurosiak politika alorrean duten garrantziaz idatzi du.

      Franz Neumann, garai batetan SPD-ko lege kontseilari izan zena. Alemaniako faszismoari buruz taxutu duen liburua, bai dokumentuz eta bai teoriaz gai honetan hobekien hornitutako lana da.

      Leo Lowenthal-ek literatur kondairalari bezala ardietsi zuen ospea, eta Walter Benjamin-ek literatura errazeko idazle bezala. Kritikalari bezala ere lan baliotsurik egin dute.

      Friedrich Pollock-ek ekonomia-gaiak ikasteari ekin zion; eta automatizatzearen ondorioetaz idatzi zuen lanak ondo merezitako entzutea eman dio.

      Azkenik, belaunaldi gaztetako zenbait pentsalarik, Eskolatik oinarrizko ideia batzuk hartu, eta berekasa landu zituen. “Das Argument” izeneko aldizkarian elkartzen ziren; eta, alderdi askotatik begiratuta, Horkheimer-ek sortutako “Zeitschrift fiir Sozialforschung” izenekoaren ondorengo bat zen. “Antivorten auf Marcuse” (Marcuse-ri erantzunak) liburuan, zehatz-mehatz azaldu dute zientzia-gizon gazteok, zergatik aldentzen diren Frankfurt-eko Eskolak eta H. Marcuse-k babesten dituzten jarreretatik. Wolfgang Fritz Haug, Klaus Horn eta Reimut Reiche dira talde honetako pentsalari nabarmenenak.

 

 

Europako Ezker Berria
Xabier Mendiguren Bereziartu

Etor-Mensajero, 1972