Europako Ezker Berria
Estrategia berria
Ezker Berriari buruz eztabaida franko sortu da. Batzuen iritziz, izen honek ez du gerizatzen benetako gizarte mugimendurik. Sindikalismoak eta ikasle mugimenduek ageri dituzten berezitasun hoik ez omen dira “Ezker Berri” batez mintzatzeko hainakoak. Hala eta guztiz, Martinet, Mallet, Gorz, Foà, Basso eta beste zenbaiten analisiak eta ikuspegi berriak aztertu ondoren, eta hitz eztabaidatu oro baztertuta, Ezker Berri batez hitz egiteko, zenbait arrazoin aurkitzen dela uste dugu. Ekintzaile eta idazleon lanetatik baitipat, langile mugimendu eta estrategia berri baten beharrizana ez ezik, hasikin batzuk ere sortu direla nahiko nabarmen agertzen delakoan gagoz. Bestalde, intelektual eta kritika maila teoriazkoagoan, Frankfurteko Eskola eta bertako pentsalarien idazlan eta eraginak ere kontuan hartzekoak ditugu. Cohn-Bendit eta Rudi Dutschke ikasle mugimenduaren aitzindari nabarien bezala ageri bazaizkigu ere, ezin genezake ahantz inola, zuzenean ala zeharka Frankfurteko Eskolak hauengan izan duen eragina. Eskola honetako zenbait izen nahiko ezaguna da: M. Horkheimer, Th. W. Adorno, H. Marcuse, J. Habermas, E. Fromm, F. Neumann, L. Lowenthal, W. Benjamin, F. Pollock, e.a. Bai eta Frankfurteko Eskola honetatik eta, batez ere, Marcuse-ren pentsamoldeetatik aldenduaz, pentsalari belaunaldi bati hasera eman diotenen izenak ere: W. F. Haug, R. Reiche, K. Horn, e.a. Sarrera bezala, bi joera hauen pentsabidearen berri ematen ahaleginduko gara. Aurrena, langile estrategia berri baten premiaren kontzientziaz jabetu direnen analisiari buruz zenbait argitasun emanaz hasiko gara. Bruno Trentin-en iritziz, “gero eta gehiagoko pobreziaren” legea huts irten da azken aldiotako europar langileriari dagokionetan. Eta puntu honetan Dobb irakaslearekin bat dator. “Langileriaren boterea indartzea, 1950-etik 1960-ra doan denboraldiko desarroilo ugaritsuaren ondorio ez ezik, kausa nagusi ere ba da”. Proletalgoaren pobretze osokoaren teoria, Marx berarena baino haren kritikalariena areago da, Kautsky-n iritziz. Europako langileriaren baitan garrantzi handiko ganbioak nabaitu dira kontsumoari dagokionetan. Europako gizarte kapitalista, “gizarte ugaritsuaren” (affluent society) desoreka berdinetan eroririk aurkitzen da. Hazikuntza kapitalistaren estrukturazko ekilibrio-eza eta atzerapena handiago, eta kontsumoera berrien abiada eta desarroiloa hainbat bizkorragoa izan da. Gastu orokarrari begira, jazte eta janaritze kostuak jaitsi egin dira, erosgai hauen prezioak azken urteotan goraka joan direlarik, gainera. Bizileku eta serbitzuen sailetan, gastuak igo egin dira. Bi puntuotan herstuasun gogorra sortu zaio Europako erresuma kapitalistetako desarroiloari. Azkenik, “kontsumo iraunkorreko ondasunetan” gastuak biziki handitu dira. Hain aurreraturik ez dagozen erresuma desorekatuek ere gai honetan ez dute salbuespenik; Italian, esate baterako, kontsumo orokarra baino bi aldiz bizkorrago haziko da ondasun iraunkorren kontsumoketa. Dato hauetatik, Dobb, Trentin eta beste azterlari batzuen iritzitan, garbi ikusten da, langile klasea gizarte harremanetan gero eta gehiagoan hartzen ari den pisua. Honetaz gainera, Marx-en ondorengo literatur sorkuntza zabal bat berrikusketa sakonaren premian dagoela uste dute. Lehen aipatu dugun langileriaren “pobretze absolutoa” delako legeaz, Marx berak zer pentsatzen zuen eta haren kritikalari kaskarrek eskaini dituzten iritziak ondo bereiztea ere, beharrezko omen litzake. Behar bada, garrantzi handiegia eman zaie Marx-ek alokairuari buruz izendatzen zituen iriskizunei; baina, haren pentsaerarekiko desleial izatea litzake noski “instituzio eta politikazko iriskizunei” ematen zien garrantzia ere aintzakotzat ez hartzea. Langile estrategia berriaren babesleok ez dagoz ados Marcuse eta Baran bezalako teorialariek langileriaren borrokamenaz zabaldu dituzten iritzi pesimistekin. Marcuse-ren iritziz, langileriak, sistiman integratzea eta bertakotzea beste irtenbiderik ez du. Lanerako eta atsedenerako orduak berdintzen doazen neurrian, langileriaren bezatze eta menperatze hori jadanik ez da produkzio mailan zertzen, kontsumitze sailean baizik. Baina, Marcuse-k eta haren irizkideek barreiatu dituzten ustekizun hauk baino askozaz kaltegarriagotzat daduzkate ezker teoriko batzuek “langile aristokrazia” delakoaz aldarrikatzen dituztenak. Langile estrategia berriaren aldekoek inola ere ez dute uste, derriorrezko indar batek bultzata, langileria sistimari egokitzera eta harekin mami egitera doanik. Azken urteotako teknokrazia boladaren ondoren langileriaren irabaziak ugaldu badira ere, orain artean ikusi ez-bezalako reakzioak sortu dira langilegoaren barnean eta borroka zelai berririk ere ireki da. Fenomeno berri ugari sortu den une honetan, hauei dagozkien erantzunak eman beharrean aurkitzen da langileria. Gorabehera hauek, hots, lan kalifikaera zaharren krisiak, lanerako leku berrien sorrerak, teknikarien ugaltzeak, lan orduen urrizeak eta abarrek, arazo berezi ta orain artean ezagutu gabekoak sortarazi dituzte, eta erantzunek ere ohi ez-bezalakoak izan beharko dute. Baina lantokiaren edo ogibidearen aldeko noizbehinkako borroka hoik ez doaz sistimaren kontra bakarrik; alokairuak altxarazteko gaur egun langileriak egiten dituen indar eta ahalegin guzti hoik, kapitalismoaren akumulatze edo metatze legearen aurka ere ba doaz eta, bide batez, metatze horri laguntzen dion ekonomia politikaren aurka. Estrategia berriaren pentsalarien ustetan, Europako langileria ez dago nahitaez sistiman integratzera behartuta. Aitzitik, mugimendu reibindikatzailea eta borroka politikoa elkarren jarraieran daude eta langile aurrelariari indar ematen diote, oraingo sistima zapaltzaile hau erabat aldaeraz dezan. Baina zoritxarrez, europar langile mugimenduak hutsune tamalgarririk ba du: langile giroan azken urteotan izan diren aldakuntzen ispilu izateko, ez da gauza. Guduaz geroztik langileriaren estrukturan sartu diren aldakuntzei erantzun egokia emateko, ez da gai langile mugimendu antolatua. Zenbait herrialdetan gutti kualifikatutako langile sailak —gazteak, emakumeak— erakar eta antola ahal izan ditu; baina, Ingalaterran eta Frantzian, esate baterako, ez du lortu teknikariek bere antolamendu sindikal eta politikoetan esku-har dezaten. Baina zalantzarik gabe, akatsik larriena, mugimendu sindikalaren egiturak, antolamenduak, elkartzeko eta esku-hartzeko metodoek, sistima kapitalistaren erdiko erabakiekiko ageri duten desegokitasunean datza. Hau dela eta, alokairuari buruzko erabakiak, lanari eta ekonomia politikari buruzko kondizioak, piskanaka, sindikatoaren eskutatik at geratzen dira. Langile mugimendua, elkarren kontrako bi eskakizun objetiboen aurrez aurre aurkitzen da: alde batetik, tratugintza egikor batetarako zentro-erabaki hartzaileak ugaritu egin behar ditu, lekuan lekuko produkziogintzari lotuago egon behar du; eta bestetik, Estaduak bere ekonomia politika erabakitzen dueneko erdi mailetan, gero eta sakonkiago lan egin behar du, unean uneko nahiz luzarorako langileen interesak babestu ahal izateko. Nola uztar ditzake bi eskakizunok, alde batera nahiz bestera gehiegi makurtzeak sortaraz litzakean arriskutan erortzeke? Hauxe da sozialismorako igarobidean langile estrategiak oso kontuan hartu behar dituen helburuetarik bat. Honetarako, bi eratako saioak egiten ahaleginduko da langile mugimendua: europar langile mugimenduaren usarioei jarraituaz, sindikatoaren eta partiduaren artean, bakoitzaren eginkizuna ondo bereizten eta errenta politikoan esku-hartzen. Baina bi ekintza era hauek ez diote benetako erantzunik ematen aipatu dugun arazoari. Ekonomia eta gizarte egiturak sustraitatik aldaraziko dituzten hazikuntza politiko bat lantzen saiatu eta aldi berean produkzio lekutan egiazko botereaz jabetzen eta tokian tokiko eskakizunei ahalik eta ondoen erantzuten ahalegindu: hona hemen benetako ekintza sindikalaren jomuga. Nahiko argi dago, sindikatoa oraingoz ez dela gauza, kapitalismoaren barrutian hazikuntzarako egitarau batetan esku hartuaz, laburrerako nahiz luzarorako helburu oso batzuk lortzekotan plangintza politiko bat taxutzeko. Trentin-en iritziz, langile mogimenduak, piskanaka bederen kapitalismoaren tresneria akumulatzailea aldaraziko lukean desarroilo eredu bat zertan legokean, eta horrelako eredu bat ezartzeko ekintza zer-nolakoa litzakean zehatz-mehatz azaltzen ahalegindu behar luke. Hauxe dateke askoren ustetan sindikatoen gaurko egitekorik premiazko eta egikorrena. Honetaz gainera, Europan mailan ekintza sindikalaren komunztadurak planteatzen dituen arazoak ere larriak dira. Kapitalismoak nazioarteko eta nazio-gaindiko zentro erabaki-hartzaileak sortarazteari ekin dionez gero, esan beharrik ez dago, sindikalismoak eta langile mugimenduaren ekintzak ere maila berean erantzun beharko dietela baldintza berri honek sortarazitako arazoei. Birranalizatze eta birplanteatze orokar honen barruan eskualdeak garrantzi haundiko lekua hartu du. Ekonomiazko ikuspegitik ez ezik, kulturazkoarenetik ere ba du zer pentsatua sindikato eta langile mugimenduak. A. Karavel frantziar sindikalariarentzat, eskualdearen kolonizaketa eskolatik hasten da hain zuzen. “Gaur egun haurrek ezer ez dute ikasten eskualdeko kondairaz, eskuarteaz eta beharrizanetaz; deusik ez, bertako literatura eta arteaz. Beren lurraldean egonik, arrotz heziketa hartzen dute. Parisen esana birresateko prestaturik dagoz gure eliteak, “tout Paris” intelektuala arduratzen denaz bakarrik arduratzeko... Gure bizimodu guztia, izan ere, itxura egite hutsa besterik ez da”. Politiko arazo gogor baten aurrez aurre aurkitzen dira eskualdeak: autonomiaz desjabetzen dituen zentralismo itotzaileari aurre eman beharrean. Gorz-ek dionez, ekonomia eta politikazko erabakiak hartzeko aukerak eskualderi eta elkartei emandakoan bakarrik izanen da posible birzuzenketa egokia”. Ezinbestekoa da benetako autonomia bat eskualde barneko indar eta ondasunei eragiteko eta gero eskualde gaindiko beste mailatan mugimendua komunztatzeko.
Europako Ezker Berria |