Europako Ezker Berria
Xabier Mendiguren Bereziartu

Etor-Mensajero, 1972

 

 

Sozialismo totalitarioa eta Marcuse-ren kritika

 

      Lehentxoago ikusi dugunez, marxista joerako Ezker Berriarentzat sobietar sozialismoaren akats eta hutsuneak sorrerako kondizio desnormaletan sustraitzen dira. Marcusek, tesia honen alderdi positiboa, hau da, horretarako baldintza materialik ez dagoen lekuan askatasunik ez dagoela ezagutzen badu ere, gainerakoan ez dator bat haren muinarekin, eta kritika gogor bat zuzentzen dio.

      Marcusek ametitzen ditu goitik ezarritako planifikatzea eta diktadura; baina ezin uxatuzko kezka bat sortzen zaio: oinarri material hori atontzeko minoria batek boterea eskutaratzen duen lekuan, nor izanen da hezitzaileen hezitzaile? Nork baiezta lezake herriaren edukatzaile hoik egiaren jabe direla?

      Marcuseren iritziz, inolako kritika eta kontrolbiderik gabe horrelako talde baten eskutan agintea uztea, bere interesetarako gizartea maneia lezakean talde bati txeke zuria ematea haina bide litzake. Kapitalismotik sozialismorako bidean, nahiz eta kondizioak desnormalak izan, geroko gizarte sozialista aurreiruditurik agertzen ez bada, inoiz mamituko ez den amets huts bihurtzeko arriskua du asmo horrek.

      Bestalde, Marxek berak ere horrela pentsatzen zuen: erreboluzioaren lehen abiadan egon behar duela sozialismoak hazi bezala; eta horretarako, beharrezkoa dela lehendabiziko unetik produzitzaileek kontrolean nolabait esku har dezaten.

      SESE-an ez zen honela gertatu. Gizonak lan tresneriaren morroi jarraitu zuen; langileak nahi zuenaz bestetarako erabiltzen zen haren lana. Diskutigarria da SESE-an gizonaren zapalkuntza bukatu den ala ez; dena dela ere, alienazioak zutik dirau produzitzaileek berek lanaren helburuak hauta ez ditzaten bitartean. Bestalde, helburuak ez ezik, bitartekoak eta bideak ere, nork aukeratuak dira?

      SESE eta erresuma kapitalisten arteko borrokazko elkarbizitzak zenbait argitasun eman dezake sobietar industriatzearen alderdi gogor batzuei buruz; baina, aurrerapen teknikoen eta nazionaltzearen arteko nahasketa horrek bakarrik ez dakar gizonaren askaziorik. Izan ere, kontsumorako ondasunak erruz banatzea beste helbururik ez baldin badu, agintari talde horrek herria mendean edukitzeko eta integratzeko ahalegin guztiak eginen ditu. Hauxe da, hain zuze ere, SESE-an jazo dena.

      Kontsumorako ondasunak ugaldu ala, SESE-an ere gizarte reprimatu bat sortu da; gizaki berri kolektibista bat sortaraztea helburu zuen iraultza gizarte kontsumotzaile konformista eta asetu batekin aski izan du.

      Represiozko gizarte hau dimentsiobatekoa da; eta bide horretatik jarraitu ahal izateko, gizarte kapitalistak darabiltzin bitarteko berdinez baliatu beharrean aurkitzen da. Propaganda gidatua, alderdi politiko bakarra eta irakaskintza erabateratuaren bitartez, hiritarra dimentsiobateko neurri herstuetara kaskartzen du.

      Honela, bada, ez da harritzekoa SESE eta USA-ren arteko etsaigoa piskanaka bakezko bizikide bilakatzea. Azaleko itxurak lehengoan badirau ere, elkarrekiko harremanak gero eta herstuago eta sakonagoak dira. Egunetik egunera politika elkar bizitza adiskidekorragoa permiti dezan azpiestruktura teknikoa eta ekonomikoa sortzea dute helburu, elkar eraginaz biekiko sistima bat sor dadin. Bi gizarteon dimentsio batekotasunaren ondorio dira, bai elkarren arteko bizitza baketsua, bai SESE-ak erreboluziogintzari uko egitea. Nazioarte mailan bi herrialdeok reprimatzaile bihurtu dira, bakoitza bere interesen erara.

      Saileen arteko politika dela eta, lurbira osoa hegemoniazko sailetan banaturik dago, eta sail buru bakoitza bere mendeko erresumak menderatzen saietzen da, inorenean alferrik sartzen ibili gabe.

      Honetara, SESE-ak alde batera utzi du hirugarren mundua eta hango komunista partiduei burjesiarekin elkar ditezela eskatu die, erreboluzio bidez botereaz jabetzeko asmoak bazterturik. Txekoslobakiako inbasioa ere, errusiar hegemoniaren ondorioa baizik ez da. SESE-k eta USA-k mundu osoa erdibanaturik dadukate, eta Txinak ez du onartzen egoera hau. Azken aldi honetan, hala ere, USA eta Txinaren arteko harremanak hobetzen hasi diren neurrian, beste ekilibrio era bat sortzen ari dela pentsa daiteke.

      Baina Marcusek ez du erabat txarresten sobietarren experientzia. Produkzio bideen jabetza sozialak nabarmenki bereizten du sobietarren sistima, kapitalistenaren aldean. Kapitalismoaren barruan kapitala eta lana elkarrengandik banaturik dauden bitartean, sobietar sistiman, langileek zuzendaritzan esku hartzen ez badute ere, ez dago kapitala eta langileriaren arteko banakuntzarik.

      SESE-ko teorialariek diotenez, sobietar sistimak aski du eboluzio mailakatu bat, langile demokraziara heltzeko; erresuma kapitalistek, aldiz, erro errotiko erreboluzioa burutu beharko dute horretarako.

      Baina, Marcuseren iritziz, sobietar teorialarien uste honek erdia ustela du. Gizartea demokrazia maila batetara heltzeko Partiduak eta Estaduak ezkutatu egin behar dutenez gero, hori ezinezko gauza da egiazko iraultza politiko baten bidez izan ezik. Marcusek oso zail ikusten du, sobietar teorikoek aipatzen duten eboluzio horren bidez diktadura gainditu ahal izatea eta benetako demokraziara heltzea. Zalantzarik gabe, burokraziak agintzen jarraitu nahi izanen du, horretarako aurrerakuntzaren abiada astiroagotu behar badu ere; eta on izatea barreia, eta gizartea integra dezaten baldintza ekonomikoei eusten ahaleginduko da. Beraz, ezinezko izanen zaio gizarte horri gaurko bere egoera benetan garaitzea.

      Ondasunen etengabeko ugaltzearen atzetik ez doan beste edozein nahikizun itzal erazten saiatuko da burokrazia, eta atzera eraginen dio askazio bideari.

      “Eros eta Zibilizazio” delako liburuaren hariari jarraituaz, sobietar teorikoen kontrako agertzen zaigu Marcuse; produkzio bideak nazionaltzearekin lanaren alienazioa galtzen delako tesia, ez du onartzen. Egin dezagun kontu, halako gizarte batetan diktaduratik langile demokraziarako pausoa emana dagoela; hala eta guzti ere, gizakiaren askazioa lortzeko egonen da, giza-soina lanerako tresna izatetik atseginerako bitarteko bilaka ez dadin bitartean. Jolasaren antzeko eta atsegin iturri gertatu behar du lanak. Lanaren lekua atseginak bete ez dezan bitartean, gizonaren askatasuna ameskeria besterik ez da izanen.

      Non datza, beraz, sobietar marxismoaren hutsegite guztien sorburu eta gakoa? Dialektika sena galtzean, haren zentzua bihurritzean, gizartearen kritikarako analisiabide behar zukean metodoa ideologia huts bihurtzean. Zabal zabal aitor daiteke, oraingo sobietar sozialismoaren iriskizunak babesten eta zuribidetzen dituen ideologia bihurtu dela dialektika.

      Metodoan egin dituzten zenbait faltsikeria aski nabarmen da: Partiduaren eta herriaren artean benetako antagonismorik ez daitekeala sor sinets erazteko, “kontraizate ez-antagonikoen” teoria asmatu dute.

      Bestalde, ukazioaren ukazio printzipioa erauzi dute dialektikatik. Izan ere, printzipio hau onartzeak, sobietar sozialismoa ukatu ondoren, demokrazia sozialista bat sortuko dela aitortzea esan nahi bait du. Maneiaketa guztion ondoren, burjesiaren serbitzurako tresna intelektualtzat bazterturik zegoen logika formala berrizo etxeratzea besterik ez dute egin sobietarrek.

      Labur esateko, unean uneko lortukizunak baino aurrerago begiratzen duen dialektika zati oro ezeztatzea eta sozialismoa mugigaitz egitea lortu dute.

 

 

Europako Ezker Berria
Xabier Mendiguren Bereziartu

Etor-Mensajero, 1972