Europako Ezker Berria
Maiatzeko errebolta
Orain artekoan Maiatzeko mugimenduari buruz zerbait esan badugu ere, hurbilagotik lot gakizkion hura aztertzeari. Ikasleen ondoezatik hasi, eta Nanterre, Estrasburgo eta Nantesko manifestatzeen ondoren, politika eta gizarte mugimendu bihurtu eta Frantziako gizarte osoa dardarazi zuen asaldaua izan zen Maiatzekoa. Ba ziren taldexka batzuk lehendik ere, gizarte arazoak eta errebolta gaiak erabiltzen zituztenak; baina, inguruari eragin handirik ez zioten eman ahal izan ordurarte. Martxoaren 22-ko mugimendua unibertsitateari buruzko iriskizunei begira mamitu bazen ere, uste baino urrutirago eramen zituen gauzak, eta lehen aipaturiko zenbait taldexka bere hertsituratik atera zuen. Hasera batetan ez zegoen ikasleen ondoezaren berri jendartean barreia zezakean adierazpiderik. Unibertsitatea erabat lurjota zegoen mugimendu berritzaile batek zerbait lor ahal zezan. Bestalde, ekintza askoko alderdi politikorik ez zen unibertsitate barruan. UEC (Ikasle Komunisten Batasuna) ere, guztiz ahuldurik gelditu zen bere elementu ekintzaileenek eta saiatuenek aldegin ondoren. Elkarjoka hasi eta Martxoaren 22-ko mugimenduak erronka bota bezain laster, administrazgoak eta poliziak hura zapaltzeari ekin zioten, eta berehala sortu zen gizarte eta politikazko krisia orokarra. Mugimenduak ez zuen behetik gora indar hartu, ertzetatik erdiruntz baizik. Gizarte mugimendu zabal baten sorrera izan da Maiatzeko bihurrialdiak nabarmendu dituena, eta ez unibertsitateko krisiatik sortutako arazoek eta bertan esku hartu duten talde iraultzalarien politika egitarauek bizturikoa. Gizarte eta politikazko indar berrien abiadari ateak ireki dizkio Maiatzeko mugimenduak, eta horregatik gertatu da iraultzaile. Gizarte berriaren kontra borrokatu zen; baina, horretarako, errejimen, agintza eta erabaki era zaharrei gogor eginaz. Indar berriak, beren buruak baieztatu nahi izatean, oztopo eragozleren aurrez aurre aurkitzen dira; oztopo hauetarik gehienak, gaullismoaren berezko izanari dariotenak dira. Gaullismoak neke handiz ematen ditu aurrerako pausoak; mailakako aldakuntza baten bidez nora jo dezakean inondik ere ez du ikusten. Halere, lehen aipaturiko zenbait oztopo ia galdu denez gero, sindikato zentral handien aurka borrokatuko diren taldexka iraultzalariak egunetik egunera ugalduko direla pentsa daiteke. A. Tourainen mintzamoldeaz baliatzeko, unibertsitate burokratikoa “ore pastatsua” baizik ez dela aitor genezake; eta enpresa mailan azken urteok ezagutu duten bilakaera oraindik gogorragoa izan dela onartu behar. Beraz, enpresa eta unibertsitatearen usariozko eragozpenak azpijanda daude, eta politika krisiak gero eta errazagoak izanen dira. Baina, honelako krisiarik sor baledi, talde antolatuak izanen lirake giro horretaz jabetzeko eta baliatzeko egokienak, nahiz eta ikaste eta langile arteko elementu iraultzalariek ere zirrikituetatik sartzeko eta krisia erreboluziozko bihurtzeko aukera ukan. Jokagiro honen aurrez aurre, ikasle mugimendua bi joeretan erdibanatzen da. Lehendabiziko taldeak hona zer egin nahi lukean: maiatzeko espontaneismoari hegalak moztu, indarrak erdibateratu, dotrina landu eta politikazko antolamendu bati gorputz eman. Haseran hainbesteko indarrik ez bazuen ere, gero eta trinkoago ageri da joera hau. Baina, talde desberdin ugarik osotzen duenez gero, eta dotrinazko jomuga argi eta zehatzik oraino finkatu ez duenez gero, ondore on handirik ez duke aldi luze batez. Bigarren joerak antolamendu eta sistimadura guttiago du. Udaberriko ekintzei eragin zieten itxaropenak eta bultzagarriak oraindik zutik diraute, eta beren buruak agerrerazi nahiean dabiltza. Haseran errebolta eta bihurrialdi baizik ez zena, ekintza politiko bihurtu nahi izan zuen mugimenduko zenbait elementuk. Baina amets hau hezur-mamitzeko, bi irtenbide besterik ez zegoen: aurre emanaz eta errejimen politikoa zuzenean salatuaz borroka hedatu eta orokartu (jokabide hau zailtasunez josia ikusten zen, ikasleak beste gizarte sailetatik aparteegi aurkitzen bait ziren), edo, bestela, erakuntza zahar eta berriak kontuan harturik helburu zehatz batzuk ezarri mugimenduari. Azken soluziobide hau baztertzean, ekintza politikoak ondore txarra izan zuen. Abenduan Nanterren antolatu zen grebak porrot egin zuen. CRS-eko (Segurantzarako indar berezia) hiru mila gizon unibertsitate barrura sartu arren, Pariseko beste fakultadeek ia batere kontraerantzunik ez zuten eman. Une honetan, ikasle mugimenduak beherakada handia izan zuen, eta, hain akituta aurkitzen zelarik, ordurarte sekula hartuko ez zituzkean neurriak hartzeari ekin zion zuzendaritzak. Aldi berean, Pariseko zenbait fakultadetan zapalkuntza anker eta basatia ezarri zuen. Azken alderako, bai taldexken korrontea eta bai Nanterreko korrontea arras indargabetuta gelditu dira; baina ez da uste izan behar itzaltzera doazenik. Hasi berri haretan soziologiako ikasleen sorkari izan zena, filosofiakoen eskutara aldatu zen gero. Azkenik, Vincennesek hartu du Nanterren lekua. Ezintasun politikoak eta antolamendu ezak intelektual mugimendu bilakatu du mugimendua. Baina intelektual joera honen indarra eta ahuleria, honetan datzate: alde batetik, oposizioko gaztelu izatean eta, bestetik, gizarte jardunbide eta analisiatik aldentzean. Eta arrisku bat du joera honek: ekintza politikoaren eta zientziazko ezagutzaren lekua ideologiak hartzekoa, eta gizarte mugimendu bati gorputza eman ordez, erreboluzio ametsetan lo hartzekoa. Beste irakasle batzuek taldekerian erortzeari beldur diote; gainera, gizarte bilakaeraren kritika eta zientziazko zehaztasun handienean oinarrituriko inbestigaketa ezin berezizkoak direla uste dute. Iraultzaile baino areago aurrerakoi direla esan genezake. Lehen taldekoak erakunde berri ororen kontra daude bete betean; bigarrenekoak, berriz, erakundeak erabat zokoratu gabe, haik kritikatzeko eta gainditzeko gertu daude. Baina bi taldeon arteko muga ez da hain zehatza: badira batean eta bestean esku hartzen dutenak. Bestalde, bi ekintza mota hauen arteko oposizioa ere ez da garbiegi ageri. Maiatzeko mugimenduaren ondoren sortu den nahasmenduak bitariko arrazoinak ditu: Frantziako gizartea, industria ondoko gizarteak dituen arazo sozialak planteatzeko bezain moderno eta gaurkoa da; bestalde, usariozko sistima eta antolamendu mailetan herentzia eta eragozpenei eraso behar izateko haina zahar eta arkaiko. Ikuspegi honetatik epaitu behar dira mugimenduaren barne krisiak eta azaleko antolamendu gabezia. Maiatzeko oparotasunari neguko murriztasunak darraikio. Baina, ageriko atzerakuntza eta era gabezia honen gaindik, biharko gizarte mugimenduen aurpegi arrakalatua ikusteko haina fede behar dugu. Beste maiatz baten zai egoteak ez du zentzurik, gizarte berriaren sakonean dagoeneko hasita bait dago biharko kondairaren gertaera. Europako unibertsitate gehienetako krisia, kulturaren eta klase hesituak gainditzea zail egiten duen gizarte burjes baten krisia da. Hesi hauk nahiko deseginda aurkitzen dira gaur egun gizarte eraberrikuntzaren indarrez eta sozializatze eragileen egitez. Alemania eta Italia —guttiago Frantzia—, XIX mendetik ondarez harturiko antolamendu unibersitario baten jabe ziren oraintsu arte, eta katedra-maisu titularraren eskutan zegoen ia botere dena. Hau honela izanik, Europako unibertsitatea gehienean arkaikotzat har zitekean; irakaskintza berrien sarbiderako, gizarte harreman eta antolamenduak egokiagotzeko erraztasunik ez bait zuen ematen. Ameriketaz unibertsitateak —Estadu Batuetakoak ez ezik, Hego Ameriketakoak ere— askozaz “irekiagoak” dira, eta intelektual mailan ez ezik, antolamenduarenean ere, etengabe eraberritzen jarduteko gauzago direla aitor daiteke. Unibertsitate bat eredu zaharrekoa izan daiteke, eta, hala eta guzti, gizartearen eskabideari erantzuteko aski egokia. Unibertsitatea, bere buruari gaurkotasun apur bat erantsi dion lekutan bakarrik bihur daiteke ikasle mugimendua gizarte bilakaeraren helburuan eta erak aldaeraz ditzakean indar. Unibertsitatean sortutako edozein mugimendu, lehenik, bertako agintariekin aurrez aurre aurkitzen da. Agintariok tratuketarako eta akordio batetara iristeko gauza izan daitezke ala ez. Bai unibertsitate eta bai fakultadeetan alde izugarria dago puntu honetan batzuetatik bestetara, eta ez da uste izan behar jokaera denak beti ministerioak erabakitzen dituenik. Antolamendu erak herstu eta zurrunak diren lekutan, eta akordioa tratubidez lortzeko egokiera eskasa denean, unibertsitateaz kanpoko gizarte botereari erasotzeko aukerak ugariagotu egiten dira. Alderantzizkoan, berriz, unibertsitateko erakundearen barnean ari izateko ahaltasun gehiago dute mugimenduek. Baina lehen aipatu dugun erakundeen “zurruntasun” edo gogortasun hori eta ekonomia eta kultur eraberrikuntza, baterakoak izan daitezke. Ikus bestela Italian gertatzen dena. Eta alderantziz ere bai, unibertsitateak ukan dezake autonomia zabala talde zuzentzaile seinalatu batek sistima maneiatzen duen lekutan; adibidez, Hego Ameriketan eta Japoian. Ikasle mugimenduak, bortizki finkatutako botere politiko baten aurrez aurre aurkitzean, politikazko ekintzara jo behar du zuzenean, hots, aginte sistimari erasotzera... Esate baterako, Maiatzeko mugimenduak, hasera batetan kapitalismoaren aurkako ikurrina gorengo puntan ipini bazuen ere, kinka larriena heltzean aginte gaullistari gogorkiago eraso zion enpresa handiei eta haien politikariei baino. Sistima politikoa desberdinagoa den eta hain bateratua ez dagoen lekutan berriz, gizarte erakuntzari erasotzera eta kultura borrokarra areago jotzen du mugimenduak.
Europako Ezker Berria |