Europako Ezker Berria
Marxista joerako Ezker Berriaren kritika
Marxista joerako Ezker Berriak halako kontraizate bat somatzen dio sozialismo nagusikoiari: alde batetik, gizonari baietza eman eta harentzako autonomia eskatzen du; baina bestetik, SESE eta lurralde sozialistetako jokabidea aztertuaz gero, ez da horren garbi ikusten gizakiaren baieztapen eta autonomia hori. Gizarte kapitalistak bizkarreratzen dizkion alienazio berezi batzuetatik askatuta geratu da gizaki hori; baina askatasun osorik ez dio eskuratu sozialismoak. Zertan datza desnormaltasun honen gakoa? Marxek uste zuenez, arras industriaturiko erresumetan jabetu behar zukean produkzio tresneriaz marxismoak. Haren iritziz, ondo desarroilatuan bakarrik sor zitekean eta garatzera hel sozialismoa. Teknologiazko hazieran, behin maila batetaraino heltzean, gizarte kapitalistako produkzio indar eta harremanen artean kontrajartze bat sortu bide litzake, eta orduan erreboluzioa burutu eta produkzio tresneriaz jabetu ondoren, proletalgoa haren zuzendari eta gidari gertatuko litzake. Baina kondairari bagagozkio, Marxek iragarritakoa eta erresuma desberdinetan burutu diren iraultzak, bat ez datozela ikusten dugu> Sozialismoak ez dira erresuma kapitalistetan sortu, industriaurreko, nekazaritzako eta erdi desarroilaturiko erresumetan baizik, eta agintarien egitekoa ondasunezko oinarriak sortzea izan da baitikpat. Sozialismoari dagokion oinarri materiala ondaretzat hartu ordez, falta zitzaien tresneria guzti hori muntatu beharrean aurkitu ziren lurralde hoik, sozialismoak behar zuen ondasunezko eustazpia lehen bait lehen antola zedin. Beraz, lurralde hauetako sozialismoa kritikatu eta neurtzeko orduan, dilema baten aurrez aurre aurkitzen gara: sozialismo sailean orain arte lortu dena, printzipio ideiazko batzuen argitan epaitu; baina, kondairako zer-nola bereziei buruz hau ezinezkoa da, printzipio horiek eskatzen duten baldintzarik ez bait zegoen zirkunstantzia haietan; edo, bestela, estaduzko arrazoinen izenean agintari sozialisten jokabide guztia onartu eta zuribidetu, nahiz eta makiabelismoa ontzat eman. Beraz, marxismoari egin dakiokean kritika orok, sorreran eta hazieran aurkitu dituen kondizio eta giro anormalak kontuan hartu behar ditu. Lenin bera ere ohartu zen kondizio anormal hauetaz; sozialismoa Alemanian jaio behar zuelakoan zegoen, eta ez Errusian. 1917-ko otsailean, Leninek ez zedukan aginteaz jabetzeko gogorik, garai haretako Errusia behar haina girotu eta umotu gabe zegoela uste bait zuen. Ordukoz burjes erreboluzioari laguntzea beste biderik ez zuen ikusten. Baina gauzak arrapaladan eta elkargainka etorri zitzaizkion, eta komunista alderdia botereaz jabetzera beharturik aurkitu zen. Lenin bi urtez zalantzan eta dudamudatan egon zen, 1918-an Alemaniako erreboluzioak Europari erresuma sozialista bat emanen ziolakoan. Harrez gero, Errusiaren egitekoa nazio hari atxikitzea eta laguntzea zitekean. Baina Alemaniako iraultza sozialistak porrot egin zuen, eta Leninek atzera jo eta NEP edo ekonomia politika berriari hasiera eman behar izan zion: sobiet edo langile kontseiluak desegin, kapitalista era batzuk lehengoratu, europarren diru inbertsioei ateak ireki eta inguruko erresuma kapitalistekin adiskideki bizitzen ahalegindu behar izan zuen. Lenin dilema baten aurrez aurre aurkitzen zen: agintea bertan bera utzi, ala sozialismoari bide emanen zioten oinarriak ezartzeari ekin. Errusiako experientzia sozialista kritikoki epaitzerakoan, hau gogoan eduki beharrekoa da. Garai haretako Errusia erabat sakaildua, eskolagabe, janarigabe zegoen. Denak kexa zitezkean zertaz edo haretaz. Baina, premia gorri hura asetzeko bitartekorik ez zegoenez gero, kexa denak alferrikakoak ziren. Kritikatzeko askatasuna eta aukera emateak ere zentzu handirik ez zuen, egoera harengatik nor kritikaturik ez bait zegoen. Pentsalari boltxebikeak bidegurutze batetan aurkitzen ziren: jendearen beharrizan larrienak asetzeari ekin, edo, bestela lurraldea industriatu eta desarroilopetik ateratzeko kapitala metatzen hasi. Baina azken aukera honek jendeari bizimodu latza eta eskasia ekarriko zizkion. Teoriaz, hiritar guztien premiak ase behar ditu sozialismoak: baina erresumari aurrerabideak ireki nahi baldin bazaizkio kapitalizatzea derriorrezko izanik, beharrizanak asetzeko aukera mugaturik gelditzen da. Egoera honetan kritika askatasuna ematea, oposizioko beste partidu komunista bat sortzeko aukera ematea hainaxe zen. Eta alderdi edo partidu honek ere, onenean, Leninenak egin zezakeana eginen zukean, beste irtenbiderik ez bait zegoen. Diktadura, beraz, arriskuak arrisku, egoera larri haren derriorrezko eskakizuna zen. Hemendik sortu zitzaizkion sozialismoari hersturari buruzko mistika bati indar eman beharra, eta beharrizanak zorrozki kontrolatzeko premia. Marxismoak, lurreko ondasunen gozamenera zuzendurik badago ere, eskasia gainditutakoan bakarrik lor dezake bete betean helburu hori. Hasiberri haretan, bere arrisku eta guzti, nahitaezko zen diktadura hau, urteak igaroala, bere izate-arrazoinaz ahaztu egin zen, eta metodoa eta bideak jainkotuaz errealitatearen zentzua galtzeraino heldu. Lehen haretan arrisku zena, azkenerako benetako akats eta makur bihurtu zen. Pertsonarekiko kultoan eta partiduaren hutsezintasunean mamitu eta garatu zen makurkeria hau. Jabetza nazionalarekin, planifikatzearekin, industriatze lasterrarekin, kolektibizatzearekin eta herri eskolatzearekin batera, pertsonarekiko kultoa, pribilejio okaztagarriak, desberdinkeriak eta poliziaren guztizko ahalmena onar erazi zitzaizkion herriari sozialismoaren derriorrezko eskakizun bait liran. Stalinen gurari eta agindu bakoitza, haren apeta eta sasiteoriazko ameskeria guztiez zurituriko arau multzo bilakatu zen marxismoa. Aski ezagunak dira zientzia, arte, literatur eta moral sailean stalinismoak egin zituen sarraskiak, eta handik etorri diren ondorio tristeak. Stalinismo honek izugarrizko eragina izan du nazioarteko langile mugimenduan, batez ere, Mendebalekoan. Erresuma kapitalistetako langile mugimendua aukera gogor baten aurrez aurre jarri zuen: SESE-ko langileriak nozitzen zituen alienazioak bortizki salatu, eta orduan partiduak, erreboluzioaren kontrako zirela aitortuaz, kapitalismoari jokoa egin; edo, bestela, SESE-ri kritikarik ez egin, eta orduan sozialismoa eta sobietarren marxismoa gauza bat bezala agertuko ziren Europako langileriaren begitan, eta honek ez zuen aintzakotzat hartuko. Europako langileria, sobietarren sistima' ikusi zuenean, hoztu egin zen, eta sobietarren erako sozialismoa etxeratzeko gogo guztia galdu zuen. Marxista joerako Ezker Berriaren iritziz, kapitalismoaren eta sobietar marxismo sozialistaren alienatzeak teoriabidez sala zitezkean; baina, politikoki, jokabide hau desbaliaturik gelditzen zen, ekintza politikoa ukazio bikoitzaren gain oinarritzerik ez bait dago. Izan ere, zenbait marxistek burutu zuen kritika bikoitz hau; baina intelektual huts zenek, politikan indarrik gabe zenek. Beraz, ekintza politikoak ez zuen ametitzen honelako kritikarik; SESE kritikatzea, sozialismoa kritikatzea eta haren etsaien alde jartzea hainaxe zen. Sobietar gizartea, kritika bat jasaiteko gauza ez zelako, konformismoan ixtea beste biderik ez zuten izan komunista partiduek. Erresuma kapitalistei sobietar sozialismo eredua eskaintzea alferrik zenez gero, SESE kritikatzea eta erreboluzioginta alde batera utzi behar izan zituzten. Sobietar sozialismoa eredutzat hartu gabe, nazio bakoitzak bere sozialismorako biderik egokiena aurki dezala idarokitzen du Togliattik: “Paradisu komunistara heltzeko ez dugu sobietarren garbitokitik igaro premiarik”. SESE-an kritikatzeko aukera eta herri askatasunak legezkotzea beharrezko dira, beste lekutan ere marxismoa birjaio dadin. SESE-an, dagoeneko, badago nahiko oinarri materialik, partiduaren burdinezko diktadura gogor horretatik egiazko langile demokrazia zabal batetara igaro ahal izateko. SESE-ak askatasun giro handiagoa lortu behar du, marxismoaren eta kapitalismoaren arteko norgehiagokan, bizimodu erakargarria eskain dezan. Jasan ere, jasan dezake askatasun gehiago; baina lan zaila horrenbeste urtez diktadura pean eduki dutenentzat, beroiek orain aldakuntza hori zertzea. Hauxe izan da, hain zuzen, Jruxtxofen eta Malenkof-en tragedia. Stalinismoaren kutsurik gabeko belaunaldi politiko bati ateak ireki beharrean dago SESE, desestalintzea aurrera eraman dezan eta piskanaka demokraziak erroak egin ditzan. Baina, halere, sekula ez du ahaztu behar kapitalismoaren hesiz inguraturik dagoela, eta kontuz burutu beharrekoa dela aldakuntza hori.
Europako Ezker Berria |