Europako Ezker Berria
Xabier Mendiguren Bereziartu

Etor-Mensajero, 1972

 

 

Unibertsitate klasista eta reprimatzailea

 

      Europako ikasleen Ezker Berriaren iritziz, industria aurreraturiko erresumetan, unibertsitatea klasista izatetik, klasismo hori galdu gabe, reprimatzaile izatera aldatu da. Erdi Haro, Renazimendu eta lehen kapitalismoaren garaietako unibertsitatea ez bezala gertatu da reprimatzaile neokapitalismoaren aldiko unibertsitatea.

      Kondairari bagagozkio, feudalgoarenak egin eta hiri zibilizazioaren egun sentia urratzen hastean sortzen da unibertsitatea. XII mendetik XHI-era bitartean hezurberritzen hasi zen hiri zibilizazio berri honek, teknikari eta serbitzaile multzoxka bat beharrezko zuen; eta erakunde berri haien funtzionamenduari euts ahal zezaioten gizakiak prestatu ahal izateko bitarteko kultura bidea baizik ez zuen unibertsitatea.

      Ezker Berriak dionez, gizarteko talde zuzendarien sorkuntza izan da hasiera-hasieratik unibertsitatea. Unibertsitate honek harreman herstuak ditu inguruarekin, eta sortzaileen helburuak lortzera erabat zuzendua dago.

      Sortu zenetik neokapitalismoaren aldiotara arte, talde pentsalariek unibertsitatea klasista egin behar izan dute. Klasismo horrek oinarri bikoitza du: ikasleen jatorriaren aldetikoa eta bertan banatzen zen jakitearen aldetikoa.

      Konkurrentziazko kapitalismo haroa bukatzean, ondorengo kapitalismo razionalizatuak beste unibertsitate mota bat eskatzen zuen. Jatorrizko ideologiaz ez ezik, gizartean burutuko zuen reprimaketaz ere klasista izango zena.

      Kapitalismo hau, bere baitako dinamikaz ikaskintza demokratizatzera beharturik dago. Gaurko gizarte teknologikoak lehengoak baino askozaz buru langile gehiago behar du. Hirugarren mailako sektoreak, hots, serbitzuenak, lehen eta bigarren mailakoak, hots, nekazaritza eta industriarenak baino garrantzi handiagoa du. Gizarte aurreratu batetako lanpostu gehienak, serbitzuen sailak eskuratzen ditu. Beste era batera esanda, gizarte hori burokraziaren eskutan dago.

      Gizarte honetako unibertsitateak, orain artekoaren elitismoa baztertu beharra daduka. Lehengo unibertsitateak aski zuen noblezia eta burjesia garaiko ikasleak jakitez hornitzearekin; baina, gaur eguneko lan koadroei eutsi nahi baldin badie, intelektualen lankidetza zabaldu eta sendotzea beste biderik ez du; eta, horretarako, langileriatiko elementu argienez baliatzea derriorrezko zaio.

      Irakaskintzaren demokratizatzea, beraz, esanahi honetan hartu behar da: orain arte unibertsitateko ateak itxita zeduzkaten gizarte mailak bertan esku hartzen hasi direlako zentzuan, alegia.

      Baina demokratizatze honek ba du bere arriskua. Sistimaren gidaritza orain arte oso esku berezitan egon bada, ikaskintzaren “herritartze” horren indarrez eskuz aldatzeko zorian jartzen da. “Maneiarien erreboluzioaz” mintzo izan direnek gertakari berri hau aipatu dute: egitura honetan, jabegoak baino askozaz garrantzi handiagoa duela maneiaritzak. Irakaskintza langile-arteratuaz sistiman ireki den zirrikitu hau, hilgarri gerta dakioke.

      Labur esanda, unibertsitate reprimatzaileak, batez ere, bi helburu ditu: lehendabizi, ikaslea reprimatzea; eta gero, haretaz baliaturik, gizartea reprimatzea.

      Ikus dezagun orain unibertsitateak nola lortzen duen ikaslearen reprimatze hori. Aurrenik, unibertsitateak burutzen duen zientziazko inbestigazioaren eta unibertsitatea inguratzen duen gizarte giroaren artean, hesi bat altxatzen du. Zientzia, Jakintza neutrala dela eta, burubide politiko, ekonomiko eta sozialen joanetorriarekin zerikusirik ez duela buruan sar erazten ahalegintzen da. Zientziaren izenean, unibertsitatea eta irakaskintza despolitizatzen saiatzen da. Unibertsitate barruko eginkizuna besterik ez dago unibertsitatean: ikastea besterik ez. Barruti honetan erabiltzen diren jakingai eta zertasunek ez dute loturarik kanpoko errealitatearekin.

      Bistan dago despolitizatze honek lortu nahi duena: profesional bakoitza serbitzari leial bihurtu, sistimaren tresnerian desegokitasunik gabe sar dadin eta haren funtsezko balioa eztabaidan jartzeke sostengatuko duen atal egin dadin. Ikaslea integratuaz gero, berau ere bitarteko integratzaile gerta dadin ahalegintzen da unibertsitatea.

      Maneiaketa hauen aurkako salakuntzak, “giza-zientziak” irakasten diren fakultadetan sortu dira baitik bat: Berkeley, Estrasburgo, Berlin eta Nanterre-ko soziologia, politika eta ekonomiazko fakultadeetan.

      Soziologiako eta politikako ikasketek, berez dute egoeraren eta erakundeen kritikarako joera eta emana. Soziologoa da gaur egun, gizartea integratzeko neokapitalismoak gehien istimatzen duen profesionala. Gaurko industria-soziologiak, USAko psikosoziologiak, gizartea reprimatzea beste helbururik ez du. Enpresa barruan indibiduoen artean sortzen diren gora-beherak konpontzea; giza-banakoa, erakundearen erara makur eraztea da zientzia honen egitekoa.

      Ez da harritzekoa, beraz, unibertsitatea enpresen beharrizanei erantzuteko gertu egotea. Erakuntza teknologikoa, kibernetika, atomo indarra, e. a., industria handiaren diru laguntzaz bizi dira, eta ikastetxe hauetan banatzen den irakaskintza, industria berorren premietarako taxutua eta antolatua dago.

      Honela antolaturiko unibertsitatea, klasista eta reprimatzaile da; baina gizartea kritikatzeko joera baten hasikinak ere ez zaizkio falta. Unibertsitateari ezinezko zaio behintzat, bere baitan zenbait moral baliodi sor eta lan dadin eragoztea: esate baterako, egia soil eta hutsaren inbestigatzeari, dato eta gertakariekiko errespetoari, arrazointasuna gizakiaren serbitzuan erabiltzeari loturik dauden moral baliodiak. Luzarora gabe, moral baliodi hauk eta banatzen den irakaskintza, elkarren aurka jartzen dira, eta poliki poliki irakaskintza hori sostengatzen duten aurrezemanen kritika sortzen da.

      Honez gero, hau da garbi ikusten dena: unibertsitate erakuntza ez dagoela aldatzerik, erakuntza soziala eraberri ez dadino; hemendik hartzen bait ditu odola eta hatsa. Unibertsitate erakuntza, antolamendu politiko berezi baten ispilu izanik, borroka unibertsitarioa, dimentsio politiko batez jabetu beharrean dago. Erakunde politiko hoik bestela daitezenean bakarrik eraiki ahal izanen da erro errotik unibertsitate berria.

 

 

Europako Ezker Berria
Xabier Mendiguren Bereziartu

Etor-Mensajero, 1972