Europako Ezker Berria
Xabier Mendiguren Bereziartu

Etor-Mensajero, 1972

 

 

IKASLE MUGIMENDUA

 

      Ikasle mugimenduari eta haren inguruan sortu diren reakzioei leku berezia eman behar diegulakoan gaude gure lan honetan. Europako Ezker Berriaren jokoan —baita beste lurraldetakoaren jokoan ere— ikasleak garrantzi handiko egitekoa izan du.

      Gerratea bukatu ondoren, hazikuntza ekonomikoari bultz egin zioten baldintza, ondorioak eta nazioarteko gorabeherak zirela eta, industriatzea gogortuaz gero, gizarte barnean ezin konponduzko saltsa gogorrik gehiago ez zitekealakoan zegoen asko eta asko. Baina, horra bat batean ikasle iskanbila sortu: batzuek, unibertsitateko hesi barruan leher egiten zuten eta baretzen; besteek, ordea, kanpora gainez egin eta gizarte eta politika krisiak sortarazten zituzten.

      Ikasle mugimendu honen azterketa burutzerakoan, bi okerretan erortzeko arrisku larria dago: alde batetik, ekintza hauetan jokalari direnen asmoak alde batera utziaz, beste nonbait edo zerbaitetan jokamolde horretarako arrazoinak bilatzen hastekoa. Letra eta giza-jakintzetako ikasleek arras etorkizun lausoa dadukate ogibidearen aldetik. Asko dira ikasketak amaitzera heltzen ez direnak; eta diploma eskuratze hutsak, gainera, ez du benetako gertakuntzarik ematen geroko langintzarako.

      Jakintza teknikoetarako ikasguak aztertzen baditugu, etorkizunari buruz ziurtasun handiagoa duela ikasleak, ikusten dugu. Ikaste hauk mugimenduaz kanpo geratzen dira eta, gehienera ere, protestabidez beren ikastegiak gaurkoratzera jotzen dute; politika eta gizarte borrokan ia batere ez dute esku hartzen.

      Azalpen edo arrazoinketa hau ahula dela argi dago. Frantziako maiatzean indar hartu zuen errebolta ez zen unibertsitateko arazo huts izan, gizarte osoaren krisia baizik. Lehenengo mementotik, unibertsitatetik irten eta langile arteko ekintzaileekin elkarrekiko ekintza politiko bat antolatzea zuten jomuga ikasleek.

      Bestalde, jokabide honen analisiak, jokalari beraien kontzientzia eta arrazoiketaz bat egitera jotzen du. Kapitalismoaren eta klase zuzendari guztien aurka borrokatu ondoren, gizarte askatu bat lortuko duen itxaropenetan ageri zaigu mugimendua.

      Analisiabide honetatik abiatzen bagara, mugimenduaren ekintza moldeak lehen mailan jartzera joko dugu. Ikasle ekintzaren egitarau eta burubide guztien berri zehatz-mehatz ematea, ez da gauza erraza. Talde batzuen eta besteen arteko desberdintasunak nabariegiak dira honelako saio batek ondoren onik ukan dezan. Esaterako, zertan datza Cohn-Bendit eta Sauvageoten taldeak elkartzen dituen lotura? Michel de Certeau-ren iritziz, “hitza hartzean” (prise de parole). Claude Leforte-n ustetan, berriz, “edozein egitarau mugatzaile edo behartzaile baztertzean”. Aurrez izendaturiko helburu guztiak gainditzeko ahalmenak berezten du mugimendu hau. Une batetan su eta gar helburutzat hartua izatea merezi zukeana, hurrengoan interesik gabeko zerbait bait litzan, erdi ahazturik eta zokoraturik bezala geratzen zen.

      Edgar Morin-en ikuspegiz, mugimenduaren gakoa ez dago hain zuzen lortzen dituen helburu horietan, sortzen duen elkartasun giroan baino. Iriskizun berezi horrek baino gehiago balio du erromesbidean eta borrokan girotzen den elkarkidetasunak. Lehenengo eta bat, mugimendu honek kontragizarte bat altxarazi nahi du oraingo gizarte menperatzailearen aurrez aurre. Ideologiazko desberdintasun guztien gaindik, giza-harreman, erabaki eta borroka era berri batzuk sortu eta ezarri nahi ditu.

      Maiatzeko mugimenduan, hitzak eta adierazpideak garrantzi handiko gertatu ziren; baina ez zen dena hitz hutsetan geratu, ekintza politiko ausartik ere eraman zen aurrera. Baitipat, ekintza honek salatu eta jarri zuen agerian etsaia.

      Beste erresumetako ikasle mugimendua, beltzen eta Viet Nameko arazoari nahiz Stalinen ondorengo teknoburokraziaren gainditzeari lotua dagoen bezalaxe, Frantziakoa, kapitalismoa eta gaullismoaren kontrako borrokari lotua ageri da.

      Ikasle mugimendu honek ba zuen arrisku bat: unibertsitateko campus barnean komuna bat eraikitzearekin aski izatea. Baina arrisku hori gainditzen jakin du; ez du uste izan, inguruari jaramonik egiteke, unibertsitateko hesi barruan soilki autojestiozko aginte bat ezar zitekeanik.

      Alain Touraine-n iritziz, ikasle mugimendua gizarte mugimendu da, hots, gizartea beren gisara aldaeraz dezaten, kontrolaz jabetzeko gizarte talde batzuen ekintza.

      Helburu berezi batzuen eta zentzu politikoaren jabe denez gero, mugimendua ulertzeko, ez da antolamendu unibertsitarioaren krisia aztertzetik hasi behar, sistima politikoak dituen konfliktoak sakontzetik baizik. Baina bestalde, gertakariok ez dira azalpenbide hutsez argitzekoak, irregulartasuna, errebolta eta iraultza nahasian ibili bait dira aldi eta leku berean.

      Ondoren, azter dezagun mugimendu honen zenbait alderdi. Nonbaitetik hasteko, lot gakizkion unibertsitate sistimaren desegiteari.

      Maiatzeko errebolta begiaurrean dugula, Frantziako unibertsitateari begirada bat ematen badiogu, azken hamar urteotan ikusgarriro hazi eta ugaldu dela ohartuko gara; baina antolamenduari eta helburuei dagokienean lehengo hartan dirauela berehala ikusten da. Beraz, ez da harritzekoa, etxagintza zaharrak zamaren astunez porrot egitea. Zenbait konponketa egin bazaio ere, egiturak lehen bezalatsu darrai. Sistimaren desarroilo eta eraberritzerik gabeko hazikuntza hau nola esplika unibertsitatean?

      Gerta ohi denez, instituzio era bat alda dadin, beharrezko da indar mota bik elkar har dezaten: gizartetiko eskabide berriaren presioak eta erabakiak hartu eta antolatzeko ahalmen sendoak.

      Politika egoerak uzten ez duelako, langile klasea ez da gora igo eta talde berri batzuek unibertsitatean parte hartu ahal izan badute ere, aldakuntza honek ez du behar hainako indarketarik eragin. Bestalde, Estadua egitarau zabalak lantzeko gai bada ere, ikasleei dagokienean, ekintza ekonomiko eta sozialean esku har dezaten bitartekoak eskuratzeko, zaletasun handiegirik ez du nabarmentzen. Burokraziazko bere usarioekin borrokan dihardu. Gaurkoratzen ahaleginak egin baditu ere, Nazio Heziketaren administrazgoa erabat zaharkinduta dago eta ekintzabide modernoagoen premian.

      Igotzen ari diren gizarte mailek oraindik Estadua eraberritu ez dutenez gero, ahul eta gauzaez aurkitzen da hura politika bide berri bat urratzeko. Erakunde unibertsitarioa deseginala, gero eta reakzio gogorragoak sortzen dira. Unibertsitatea, zentzugabeko zerbait bezala eta gizarte aldaketa ororen kontrako indarleku bait litzan agertzen da. Baina, hau ez da aski, gizarte mugimendutzat har dezagun. Besterik behar du horretarako.

      Oraindainoko unibertsitateak etsai gutti izan du ezkertiarren artean: edukazio garaiean esku hartzea, ekonomia maila hobearen ondoriotzat eduki izan da, eta unibertsitateari erasotzeke, indar ekonomiko eta politikoaren jabe direnen aurka joan dira baitipat erasotzaileen tiroak. Gainera, ezkerrekoen artean ikasleak ez dira begiko izan sekula: burjeskuma kritikalari eta basaziok mesfidantza sor erazteko aproposagoak izan bide dira, beste ezertarako baino.

      Bestalde, indar politikoak berak ere, hazikuntza ekonomikoari eman dion abiadaz zorabiaturik, ez dio jaramon handiegirik egin ikasleen lehen protesta soinuari. Heziketa arloan egin dituen ahalegin guztiak, sistimaren beharrizanei erantzuteko teknokrata multzoska bat gertaraztera zuzendu ditu. Hauxe lortzeko behar-beharrezko ziren aldakuntza batzuk egitera mugatu du bere egiteko guztia.

      Honela bada, erakunde unibertsitarioaren desegitean edo suntsieran erne diren bihurrialdi hoik ez erretentzean, hausketa batetarako bideak irekita geratu dira. Unibertsitate sistimaren zurruntasunak erraztu egin ditu ikasleen arteko ondoeza eta errebolta giroa; eta arrazoinezko eraberritze lana ezinezkoa zenez gero, aipatu dugun hausketa hori derriorrezko gertatu zaio.

      Ikasle mugimenduak ez du aski iritzi nolahalako eraberrikuntza batzuk eskatzea, hau da, lantokiko eskabidearen erara unibertsitatea. egokitu eta unibertsitate antolamendua gaurkoratzea. Lur jota zegoen ordenamendu bat birkonpontzen, ez du astirik alferrik galdu. Unibertsitatearen usariozko gizarte eginkizunari, bertako irakaskintzari eta jadanik hasita zegoen bilakaerari eraso die.

      Midikutza, legelaritza eta irakasletza ziren garai batetan ikasleriaren zatirik handiena irensten zuten ogibideak. Gaur egun ikasleen ogibidearekiko irtenbideek bitariko aldakuntza jasan dute: batetik, ikasle asko eta asko, ikasketak bukatu arren, emaro eta mailaka zertzen den aukeraketa baten bidez zokoratuta eta irtenbide gabe gelditzen da.

      Bestetik, berriz, ekintza intelektuala gero eta premiazkoago zaio produkzio sistimari; ekonomia hazikuntza eta aurrerapen teknikoa gero eta elkarri lotuagorik aurkitzen dira; orobat inbestigatze lanari eta aurre-antolamen eta ikusmenari ere.

      Naturalezarekiko eta gizakiarekiko zientziak arras aurreratu direlarik, unibertsitatearen egitekoa ez daiteke muga kultur bilduma eta gertakuntza bat eskuratze hutsera. Unibertsitatearen eginkizuna eta ekonomia eta gizarte eraberrikuntza elkarren artean ezin berezizkoak dira.

      Behin honaino helduaz gero, teknokraziaren eta unibertsitatearen arteko harremanez zerbait esateko ordua dela uste dugu.

      A. Tourainei jarraituaz, aukeramen teknikoak politikoaren lekua betetzea edo hartzea, teknokrazia esan behar dugu. Helburuak bitartekotara mugatu, eta jomugarik gabe, botererik gabe jardun daitekean gizarterik ez da.

      Hazikuntzari eta aginteari buruz erabakiak hartzeko eta egintzarako tresneria politikoaren eta ekonomikoaren izenean erabiltzen den boterea da teknokrazia. Hazikuntza eta aginpide hori sendotzeko beharrezko den bitarteko pilo batez bezala baliatzen da gizarteaz. Beraz, ikasle mugimendua bere funtsean da teknokraziaren aurkako.

      XIX mendeko indar iraultzaileak langile mugimenduetan sortu ziren bezala —industriako kapitalismoa bait zen ekonomia eta gizartearen indar eragile—, gaur egun iraultzarako bultzada ekonomiagintzako sail modernoenetatik dator, hots, jakintzak esanahi nabarmenagoa dueneko eremuetatik: puntaneko industriatik, inbestigatze eta teknologiarako zentroetatik, unibertsitateetatik, e.a.retatik.

      Gero eta ugariago den ikasle sail batentzat, merkatalgo eta administrazgoko teknikaritzara sarbide ziurra da unibertsitatea, eta begi onez ikusten du mailaz altxatzen duen aldakuntza hori.

      Honela bada, politikagintzarako gizonik aproposenak, horretarako ogibide egokienetatik kanpo aurkitzen dira. Heziketa aukerakoena eta gizarte arazo bizienekin harreman herstuenak dituztenak, profesio maila eragikorrenetan sartzeke gelditzen dira. Erresuma guztietan gizarte erakuntzari kritika zorrotz bat zuzentzeko hobekien prestatutako ikasleak, soziologia, filosofia, arkitektura eta urbanismoko ikastetak burutzen dihardutenak dira.

      Unibertsitateko irakaskintza erari eta antolamenduari baino areago gizarte osokoari kontra jarri zaizkionez gero, unibertsitateko barrutiaz kanpora eraman nahi dute beren borroka. Gizarte osoari erasotzen dioten une beretik bihurtzen dira ikasleen errebolta eta mugimendua gizarte mogimendu.

      Ikasle mugimendua aipatzerakoan, inoiz ere ahaz ez daitekean puntu bat, hau da: langileriarekiko harremanak. Bai Europako eta bai Estadu Batuetako nahiz Japoiko ikasle mugimenduek, ez dute beren interesak babestera bakarrik jotzen: ekonomia eta politika sistimak zapaldurik daduzkan gizarte maila guztiei zuzentzen diete beren deia.

      Estadu Batuetan, esate baterako, arraza bereizketa eta Viet Nam-eko gudu arazoa ez daude ikasleen ekintzatik aparte. Erresuma sozialistetan, berriz, Estaduaren tresneriak sortarazten dituen gorabeherak eta ikasleen helburu bereziak erabat elkarturik daude. Era berean, Frantziako ikasleriak langileria begien aurrean duela jokatzen du.

      Garai batetan, nekazalgoa eta industriako langilegoaren arteko batasuna aldarrikatzen zen bezalaxe, gaur egun buruzko eta ezkuzko langileriaren artean batasunerako deiak entzuten dira. Baina ez da hain erraza elkartze hau. Langileria ez zaio jarraitu ikasleen iraultzazko ekintzari. Batzuk errazegi mintzatu dira langile buruzagien azpikeriaz. CGT-eko langileak ez zeuden iraultzarako gertaturik eta 1936-ean lortu zuten bezalako ondorio batez nahiko zuten. Beren ekintza sindikala, dagoeneko, gaurkoratzen hasiak dira, eta zentralak abentura zorotzat txarresten zuen ekintza batetan sartzeko gogorik ez zuten.

      Baina, esate baterako, Frantziako ekintza sindikala iraultzaile ez izatearen errua ez zaie egotzi behar buruzagiei, boterearen jabe diren industriako enpresei baizik. Nazioarteko ekonomia sistimak norbehiagoka batetara bultzatzen du Frantziako ekonomia; eta, bestalde, hor daude orobat Estadua eta talde ekonomiko indartsuen arteko harreman nahasi hoik. Antolamendu sistimak, bitarteko multzok, jestiorako tresneriak nabarmentzen du gaurko enpresa. Gaurko enpresaren hazikuntza ekonomikoak ez du horrenbesteko zerikusirik garai batetako enpresalari pribatuaren irabazi eta arriskuekin. Gaur egun, aurrerakuntza ekonomikoaz jardutea, heziketaz, inbestigatze tekniko eta zientifikoaz, ekonomiazko informatzeaz, eskualdearen ordenaketaz eta diru aurreratuaren erakuntza eta mugiketaz mintzatzea hainaxe da. Beste era batetara esanik, botere politikoak erabakitzen du tresneria guzti honen jarduera.

      Langile sindikalismoak egiteko handi bat du giro honetan, eta ez alokairupekoak babeste orduan bakarrik, baita jestioera eta aginte era zaharkinduen kontra borrokatzerakoan ere. Baina, langileen interesak gero eta pribatuago bilakatzen ari dira. Sindikalismoa eta empresa pribatua elkarrengandik ezin banatuzko zertasun historiko bat dira. Eta erabakien sorburua jadanik enpresa mota honetatik kanpora aurkitzen denez gero, hari itsatsia zegoen sindikalismoak ere ez duke aurrerantzean gizartea eraberritzeko lehen zuen hainako indarrik. Gertaera honek nolabait argi dezake langilegoa eta ikaslegoaren artean dagoen tarte hori ere.

      Halere, honek ez du esan nahi, ikasleen mugimenduak enpresa barrutik laguntzarik har ez dezakeanik, ezta guttiago ere. Hemen ere botere teknokratikoak ekinean dihardu, eta borrokarako zio eta indarrik ba du.

      Baina gaurgero sindikalismoa ez daiteke izan teknokraziaren aurkako borrokan lehen gidari bakar. Maiatzeko erreboltan langile talde zabalek esku hartu bazuten ere, ez daiteke aitor gaurko borrokaren bihotzean langileria han dagoenik.

      Gizarte mugimendu bat ez da iraultzaile jatorrizko indar hutsez; gizarte harremanen eta produkzioaren egoerarekiko desegokitu den erakuntzaren aurrez aurre altxatzean gertatzen da iraultzaile. Gauza berdina esan liteke maiatzean gertatutakoaz: hiru elementuk elkar hartzean bihurtu zen iraultzaile mugimendu hura, hots, unibertsitatearen banatzea, sortutako tentsioei arnasa bidea irekitzeko usariozko erakuntzek ageri zuten gauzaeza eta gizarte mugimendu berriaren sorrera bateratu zirenean.

      Boterearen sorburuei zuzenean erasotzetik eta egitura gehiegiko antolamenduek borrokarako dituzten eragozpenik bere baitan ez izatetik datorkio baitipat ikasle mugimenduari bere indarra.

 

 

Europako Ezker Berria
Xabier Mendiguren Bereziartu

Etor-Mensajero, 1972