Gauean oihu
Joan Inazio Goikoetxea, Gaztelu

Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa, 1972

 

 

BELARRI-OTS HORI

 

belarri-gozamenari begira ari izan naizen honek

nere «lira» hura hautsi dut eta ondakinetara bota

eta gaur besterik diot

— besterik? —

bakarrik hau:

loreentzako lekua hautatua dagoela

eta

gizona txakurren hortzetan erori dela

txakurren mailaraino heltzen eztela

— belarri-ots hori

belarri-ots madarikatu hori —

hobe belarririk ez izan, gor izan

eta zorrotz, garratz mintza

adarbegiak leher direnean

munduaren ardatza koloka denean

gizona haztamuka eta kordoka dabilenean

aize-orratza zartatu denean

atomo-bonba gainean zintzilika daukagunean

gizonak egunoro milaka goseak hiltzen daudenean

— belarri-ots hori

belarri-ots madarikatu hori —

hobe belarririk ez izan, gor izan

eta zorrotz, garratz mintza

oihu egin, karraxi

mendiak, izarrak ikara ditezen

itsasoak gainezka egin dezaten

eta bihotzak asalda

eta izate-erroak lekuz alda

— belarri-ots hori

belarri-ots madarikatu hori—

hobe belarririk ez izan, gor izan

eta zorrotz, garratz mintza

oihuz

karraxiz

zaunka...

 

Gauean oihu
Joan Inazio Goikoetxea, Gaztelu

Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa, 1972