|
Gauean oihu
GIZONA KANTATZEN DUT
Gizona kantatzen dut
bai
gizona
eta ez aingerua
ez eta santua
—hauek aldaretan dute lekua—
gizona kantatzen dut
baina utz zaidazute aurretik
potroari lotuta daukan katea porrokatzen
utz zaidazute mailuka
bai
mailuka
katenbegiak hausten bana-banaka.
Honezkero ixildu dira txoriak
honezkero loreak
ez dute usai onik ematen
honezkero gau beltzean datza lurra.
Guardia
zer ordu da?
hamabik?
ordubik ?
hau ilunbe latza
giltza behar dut
giltza
libratzeko
katetan dagoen gizona
ez nauzu lapurra
kide nauzu katetan dagoena bezala
idazu giltza
bai giltza
gero bai
gizona libratzen dudanean
egingo dugu zurruta...
Baina ez didate giltzik eman
eta
mailuka
bai
mailuka egin behar lan;
hasi naiz mailuka
marrantatu zait eztarria
alperrik guzia
alperrik jotzen dute mailukadak
ilunbetan galtzen dira:
lo-zorro dago guardia
apoten lastai bilakatu da mundua...
Eta bitartean?
bitartean
katetan datza gizona
atzarria
urrutira zuzenduz begia...
horrela
nola
kantatu gizona?
nola ?
alperrik jotzen badute mailukadak?
ilunbetan galtzen badira?
Gauean oihu |