Artius
Joxetxo Azkona

Euskaltzaindia / BBK, 1996

 

 

HIGA: EURI AZIDOA DELA ETA

 

 

Beltzuneak miatzen dabilenak

argiarekin du amesten

arrailik sakonenean ere.

 

          * * *

 

Deus ere ez ikustea!

Satorrak ederki

dakusan gisara.

 

          * * *

 

Leihoaz bestaldean elurra.

Ohatzetik so eginez, zaharra.

Burua zuri.

 

          * * *

 

Iturri honetatik

ez du nehork edaten.

Ito egin zen azken erauntsian.

 

          * * *

 

Ama Babelera garbian

haurrari xuxurlaka:

lo buba-buba, niņa-niņa lo.

 

          * * *

 

Zuhaitz ez diren arbolak

bezalakoak dira esnetan

mamitzen ez diren hitzak.

 

          * * *

 

Zakarra zela zioten,

artadietako ezkurrekin

mintzo zelako.

 

          * * *

 

Eztanda egin du ibaiak

zubi gabeko Herria

lehertaraziz.

 

          * * *

 

Eguzkiaren sutegian

Helio da errege.

Hidrogeno erregai.

 

          * * *

 

Udazkenez haraindi bizi,

sekula zimeltzen ez den

malba zelai batean.

 

          * * *

 

Ongi adosten da

huntza horma bakartiekin,

arrenkurak bihotzean aihentzen diren antzera.

 

          * * *

 

Oinazean lagunago

egin zen

lagunmina.

 

          * * *

 

Alanbre ziztakarian

bada zurita bat hilik.

Lehenbizikoaren sari latza!

 

          * * *

 

Paret erlojuko orratzak

geldiarazita,

arroketako lapak bailiran.

 

          * * *

 

Sendagilearen esana:

bihotzerrea dauka basoak

euri azidoa dela eta.

 

          * * *

 

Ordenagailuen departamentuan

ficus bat.

Gizagailuaren kontsolagarri.

 

          * * *

 

Uda hiltzera doa

airearen ertzetara

haurraren kometa igo bitarte.

 

          * * *

 

Kopeta ilunduta:

harrapatu nau berriz

udazkenak.

 

          * * *

 

Izena duen oro bada,

ezizena ezik:

ezaren izana. H(a)utsa.

 

          * * *

 

Gizonaren ankerkeriaz gogaiturik,

kalera joan zen gizakume bila:

Autotzarren burrunba ez besterik!

 

          * * *

 

Museoko turistei

lingirda darie

Barraskiloen Sailean.

 

          * * *

 

Ele errana ezin eramana

eta ele erran ezina

ahoan hiltzen da itota.

 

          * * *

 

Garia!?, baliteke, baina

gari metalikoa

milenio honen azken hondarraren errotan.

 

          * * *

 

Haur eta zaharrak

ez besterik lorategian.

Tximeletaren bi hegalak txaloka.

 

          * * *

 

Hiriko argiak

argi oskorrian

anbarrean preso.

 

          * * *

 

Egunak on du gaua,

eta gauak sua, eta noski

suak itzala.

 

          * * *

 

Gazi-gozo nauzue

eurijasa

itsaso zabalean bezala.

 

          * * *

 

Hartu eta utzi

egiten nau loak.

Pinudiko txirritak tar-tarteka.

 

          * * *

 

Harrikadaz eraso nion.

Eta lainoak marrumaka

erantzun zidan kexu.

 

          * * *

 

Neure buruan gora noa

haur izandako harekin

topo egin arte.

 

          * * *

 

Oi, Agina banintz!...

Baina ez!

Pinus Insignis dut izena.

 

Artius
Joxetxo Azkona

Euskaltzaindia / BBK, 1996