Artius
Joxetxo Azkona

Euskaltzaindia / BBK, 1996

 

 

OKABE

 

   Okaberen altzoan,

amets goxo eta gaiztoen artean,

sartaldera begira,

lo datza nire herria.

 

(usario jatorrak agintzen duen bezala

beharko nuke erran, GURE HERRIA).

 

   Bone, kantuz eta dantzan

ihardun zuen luzaro,

bere omena handia izan zelarik hargatik.

Piztietatik salborik egoteko bestetik,

harpeak izan zituen babesle, hutsune berogarriak,

arras antzina, glaziarraldien arteko

sasoi zuri haietan.

 

   Atsegin zuten bidenabar, biziki gainera,

beren soinlarruak Ostadarretik zintzilikatzea

eta baita, Erauntsiak gogotik jotzen zuenean,

orkazkia jatea ere,

Tximistek piztutako sugeldoetan propio kixkalitakoa.

 

   Halaber, asteko lehen egunak amaitutakoan,

asteazkenaren biharamunean, haien besta nagusian,

dzanga egiten zuten ixurki

sagar gisako fruitu bat

antsiaz zehatzetik erdiesten zutena:

 

      «Bunbullun-bunbullunete! Burua dut sagar urez bete!

      Bringun-brangulun eragidazu! Ala-kliketa-kliketa,

      sagarra jo dela, sagarra jo dela!

      Dringilidron-dron-dron!».

 

   Eta burua kulunka zutenean,

maiz gertatzen zitzaiena bestalde,

Zeruari so eginez, eskerrak ematen zizkioten

orkatzak eta sagarrak, errekak eta basoa,

sua eta haitzak, Okaberen inguruan paratu izanagatik.

 

   Hala ere, esker onekoak ziren bereziki Eguzkiarekin,

haren baitatik sortuak zutelako uste, bera bezalako

berogailu eta argi sendorik ez baitzen inon.

 

   Izakera zakarrekoak ere baziren baina,

eta ez jateko edo ez edatekorik ez zutenean,

demagun, Ortziren hasarreaz meteorito batek

haien barrutiak suntsitzen zituelakoz,

bortxa egiten zioten elkarri eta kontrakoari,

Herioa bera ere izuaraziz.

 

   Hain trebeak ziren kantuz eta hain arinak dantzan,

Eguzkiak dirdir eginez iraun zuen zazpi egunez,

ohi ez bezalako deihadar eta jauziak eginez,

eztarria marrantatu zitzaien eta giharreak ahitu,

eta orduantxe bertan behera amildu ziren

 

        —harriz eginik borobilduak—,

     ILARRITAN,

     Okaberen altzoan, sartaldera begira...

 

Artius
Joxetxo Azkona

Euskaltzaindia / BBK, 1996