|
Artius
ETA EURIJASAREN ONDOREN, ATERPEA
Kirkirren hotsa eta behien marrumak salbu, ia erabatekoa zen isila aterpe inguruan.
Ez zen hitzik ordurako hiztegian gordeta izanen ez zenik. Hala ere, bidaiariak oro ez zeuden loaren menpe: xuxurla gisako hitz meheak aditzen baitziren han goian, Pirinioetako bortuetan, izenez gogora ezinezko aterpe batetan.
Bi ezezagun ziren antza, bidaian elkar topo egindakoak eta biek bazuten gau oso bat harri limuniaren gainean etzanda ematekoa; eta gainaldetik makina bat ipurtargi gaueko ordu ttikien itzalean, dilindan.
Haietarik milaka ikus zitezkeen ar-eme eskean; banaka, binaka, multzoa, ortzean barrena korapilaturik: desioaren seinale berde kolorekoa.
Heze zegoen belazea behin ekaitza pasata, eta lizunkoi labaintzen ziren haren baitatik barraskiloen mugimendu aldrebesak...
Txundituta egon ziren gora begira, txundituta bai intsektuen neurrigabeko nahaspilagatik. Azken ipurtargia itzali zenean, loaren meneko ziren biak.
Itzalketarekin batera, ez kilkirrik ez behirik ez zen aditzen aterpean.
Artius |