|
Artius
ASPERDURAREN ERRESUMAN
Bakardadearen eta infinitoaren artean itsaso fantasmagoriko bat. Eta haren uretan baina jitoan doala —Hutsaren Hurrena deritzan belauntzia—, harat-honat kontinenteen abiadura berean nabigatuz.
Eztanda Haundiaren izan zenaren hurrengo minutuetan abiatuko zen, protoien eta elektroien elkarketaz sortaraziko zirimola ikaragarria zela medio: Erradiazio hutsa. Materiaren lehen irtenaldia.
Zera dio Entropiaren Legeak: zirimola haize bilakatu zela, eta haizea brisa lehun, eta berau putz geldo, eta beronen barrenean
Ni eta Dordoka Erraldoia, mundua mundu denetik, biok aharrausika...
Belauntzia mugituko bazen, txanda heldu zitzaien arraunlariei:
«Mende bakoitzeko, arraun kolpe bat, behin eta berriz, lehenago bezala geroan ere... Berriz eta berriz»,
zioen belauntzilco kapitainaren meneko arraunlari koitaduen koruak.
Deus ez zen itsaso hartan denbora ez zenik. Eta geldiro zihoan denbora, eta geldiro ere belauntzia, ahalik eta magma ilun baten kontra jo eta hondoratu zen arte.
Ni nintzen arraunlari haietarik bat, besteekin batera itolarrien artean hiltzera kondenatuta; baina garaiz zabaldu nituen begiak eta jauzi luzea emanez, hemen naiz, gelako sabaiari begira etzanda: Astelehen Kosmikoaren Gogaikarria!!!
Artius |