|
Artius
6. HELDUKO DELAKO... JAKIN BEZA!
BETOR NAHI DUENEAN, goizean goiz edo ilunabarraren azken hondarretan, baina bere plazerra bada, ailega bedi bedats ekiztatu batean, ipar leunaren eskutik. Egiazki ari naiz.
Halaz guztiz, eta zilegia balitzait, erregu eginen nioke Billie Holiday-ren hitz samurren artean harrapa nintzan, May Man delako bluesaren xarmaz nik ez eze ilun koloreko kotoi biltzaileek ere goza ahal dezaten iretargi betean, nire belarrien bi ertzetan gogor diharduten horietxek:
«Aieneka lan astunagatik, ai ze poza bart suaren inguruko festan ni zure gizona nintzela jakinarazi baitzenidan, Billie!»
ONEZ izanen balu, segidako zerrendan aditzera ematen ditudan paradetako batean edo bestean bertaratzea eskertuko nioke, gogotik eskertuko ere:
Kretako Palakastros-eko olibondoen artean paseiatzen, eskuan Heraklitoren pergamu zahar bat daramadala, ondoko pasartea errepikatuz: «Zeren Jainkoen heriotzez bizi baikara gizakumeok...».
Eolo, Vixnu, Ormuz, Zeru, Kixmi... A ze garestia den zuekiko dugun zorra, eta zein ankerra harek eragindako korrituak gure ondare bakarrez kitatu behar izatea!
Helduko denez gero, desiagarria litzateke, baita ere, basaburuako Otsola lautadattoan azal dadinekoa, Artius errekatik gertu, hamarretako orduan, nahi betean, eta hantxe egonik eraman nazan, Artzeren iturritik edan ondoren, gusto berriko ura edaten, hitz bizia aditzen, noiztik ez duen iturri zahar hartatik...
Era beretsuan, agertzeko modukoa dateke, Istanbuleko Galata Dorrearen gainean; sortaldeak eta sartaldeak, Lao-Tsek eta Einsteinek, elkar jotzen duten tokian, han non,
argi zirrintaren begirale liluratua baino argia bera izan nintzen behin instant laburño batez.
Nahi izanez gero, ager bedi ere Pessoaren Walt Whitman-i ospakuntza poetikoa ozen errezitazen dudalarik; Coimbrako Unibertsitateko gelatzar huts hartan, bisitari taldeari arbuioa eginez, nire kasa sartu eta... «Hago isilik, dut atsekabe» bihotza hautsi zidaten lehenengo gizonaren ele zaharrek, eleok, aretoko zolu, sapai eta horma orotan harrabotsez ponpatzen zuten bitartean...
Nire aurrean ager dadinean —ahalik beranduen, otoi!—, opa egingo nuke bidenabar, nire semeak aurrean edukitzea, elkarri luza diezaiogun irriño bat, eta nire betean egonda, antzeko zerbait esan ahal izatea:
«Ni banoa eta ez noa, zeren zuen ADNean iraunen baitut betiko, nik neronek ere nire aurrekoenean iraun dudan bezala, eta iraun ere iraunen dut zuen mintzatzeko maneran, eta ibilkeran, eta sentikeran, eta oraintxe bertan zuen burutik pasa ere egiten ez zaizkizuen beste hainbeste eratan ere ni azalduko natzaizuelako; bat-batean, noiztik noizera, oharkabean, nire etorrararen berri emateke... Baina orain banoa... eta ez noa».
Nahi izanen balu —alauiz!— betor urteko ardo polit bat dastatzen dudalarik, atsegin dudan jendearen konpainian, zurezko mahai baten inguruan eserita, bipermin zaporeko zernahi gairi mauka ari garen bitartean: dela Euskaldunaren Sena Parisetik iragaiten den ala ez pontifikatzeko, dela basalto, muxar eta ipuruez gain, gu ere urruneko hutsarteetatik ote gatozen burnan iraultzeko, edo besterik gabe, dela zenbateraino den egia Atlantidako bizilagunak gu baino zoriontsuagoak ote ziren ezbaian luze iharduteko.
Baztango Berdaitz lepotik hogei minututara edo, bada Behartzungo auzo garaian Urruxka izeneko gorengo baserria, eta bere barrenean, Joxepi eta Fermin, esnea gatzatzen eta solastatzen.
Atea zein den jakin dezan —nire bila datorrenerako—, bihoa atez ate joka, eta nik paratutako bertso hauek entzutean, barneraino sar dadila lasai asko, maratila ezarri gabe utziko dudalako:
«Udaberrian zein ederra den zenberenaren zuria, pago kolore fin preziosa urzo saldoen grazia. Eder bordako behi marruak, belarrez bete tokia. Ai!, nabaitu dut badatorrela hotz, haize eta euria... Hemen naukazu aspaldidanik: betor zure larderia!».
Finean, eite hozmineko andre hori gerturatzen zaidanean —horren gogorra, horren kopetaduna!— nahi zaitut nire ondoan eduki, eskutik hel nazazun, eta zure ukitzeaz senti dezadan berriz ere —azkenez, ekaineko pagadi elektrikoen hosto hezeak nire baitatik kilimaka darabilzkidala, dena amets gozatsu eta nardagarria izan dela, jori eta eskasa, gorrotoz eta zoramenez; eta egunero bezala, beste goiz bat zabalduko dela, egunsentiaren argi goraldian kulunkatuz.
Artius |