Koordinatzaileak:
Isa Castillo eta
Iratxe Retolaza
Koordinatzaileak:
Isa Castillo eta
Iratxe Retolaza
Aurkibidea
Hitzaurrea, Isa Castillo Etxano / Iratxe Retolaza
—I— Baina gorputzak dio…
Amaia-Aimar Elosegi: Gutunak, Amaia-Aimar Elosegi
King Kong neska, Virginie Despentes
Norberaren zuloa, Itziar Ziga
Kuiar? Bai, arraro samarra, bitxia, Ainhoa Güemes Moreno
—II— Baina ispiluak dio…
Gorputz intsumisoen uluak II, Medeak
Basoerdi bat dela eta, Raquel (Lucas) Platero
B(isexualitatea) dela eta bueltaka, Itziar Ziga
Generoa eta zaborra. Pixa egin/kaka egin. Maskulinoa/femeninoa, Beatriz Preciado
Don’t you stop. Egin jauzi, egin gora, egin pixa, egin oihu… Ez zaitez gelditu, Beatriz Preciado
Euskal trans literarioak, Amaia Alvarez Uria
—III— Baina pentsamenduak dio…
Gorputzak eta politika feministak: feminismoa gorputz gisa, Mari Luz Esteban
Queer teoriaren sorrerako egoera soziopolitikoa. Hiesaren krisitik Foucaultera, Javier Sáez
Gender Trouble (Generoa ezbaian), Judith Butler
Genero-erregulazioak, Judith Butler
Glosategia, Amaia Alvarez Uria
Aurkibidea
Hitzaurrea, Isa Castillo Etxano / Iratxe Retolaza
—I— Baina gorputzak dio…
Amaia-Aimar Elosegi: Gutunak, Amaia-Aimar Elosegi
King Kong neska, Virginie Despentes
Norberaren zuloa, Itziar Ziga
Kuiar? Bai, arraro samarra, bitxia, Ainhoa Güemes Moreno
—II— Baina ispiluak dio…
Gorputz intsumisoen uluak II, Medeak
Basoerdi bat dela eta, Raquel (Lucas) Platero
B(isexualitatea) dela eta bueltaka, Itziar Ziga
Generoa eta zaborra. Pixa egin/kaka egin. Maskulinoa/femeninoa, Beatriz Preciado
Don’t you stop. Egin jauzi, egin gora, egin pixa, egin oihu… Ez zaitez gelditu, Beatriz Preciado
Euskal trans literarioak, Amaia Alvarez Uria
—III— Baina pentsamenduak dio…
Gorputzak eta politika feministak: feminismoa gorputz gisa, Mari Luz Esteban
Queer teoriaren sorrerako egoera soziopolitikoa. Hiesaren krisitik Foucaultera, Javier Sáez
Gender Trouble (Generoa ezbaian), Judith Butler
Genero-erregulazioak, Judith Butler
Glosategia, Amaia Alvarez Uria
Hitzaurrea
Isa Castillo Etxano
Iratxe Retolaza
Amaia-Aimar Elosegiri
Kafe bero baten bueltan ginen, irakurle talde baten ondoren, eskuak taza berotan epeltzen. Bat-batean, Drag King hitzaren oihartzunak hitz-jarioaren tropela eten zuen, eta mututu ginen. Jakin-minez, harriduraz. Aldrebesa sentitu genuen hitza, ezezaguna, baina, lagunek pasioz hitz egiten zuten Drag king tailer haietan bizitako esperientziez, eta ohartu ginen bazuela ekintza hark zera bereziren bat, geuk oraindik konprenitzen ez genuen zerbait. Orduko hartan mesfidantza apur batez jaso genituen kontakizunak, ezezagunari begiratu ohi zaion beldurrez. Baina, adi segitu genion kontakizunari, deigarria, kuriosoa eta hunkigarria egin zitzaigulako esperientzia. Tailer haietan genero-mozorroak jantzi omen zituzten, nork bere genero-nortasunaz besteko gorpuzkeren esperientziara hurbiltzeko. Manolo izan omen zen geure laguna, ikaragarri ikasi omen zuen, ekimen askatzailea omen harentzat… Zinezko berritasuna zuen zerbaiten aurrean ginen. Halaxe sentiarazi zigun belarriko hazkurak. Guztiz ulertzen ez bagenuen ere, espazio ezezagun bat agerrarazi zitzaigun, munduan jarduteko modu berri bat. Drag king tailer batean parte hartzera animatu nahi gintuzten, baina, elkarri begiratu, eta ez genuen geure burua halako ekimen batean ikusten, antzezpenetan, mozorro artean. Ezbairik gabe, kode zurrunez osaturiko gorputzen herdoila. Orduko hartan, mesfidati, ez genuen indar askatzaile haren tamaina behar bezala ulertu. Zer den ezjakintasuna.
Halako batean, kezka eta jakin-min horiek buruan genituela, Amaia-Aimar Elosegi hernaniarraren omenez, elkarlanean egin zuten bideoaren berri izan genuen (Herne neska-taldeak, Zinegoakek eta Hernaniko Udalak). «Ikustezina ikusten ikasten» izenekoa. Hain zuzen ere, bideo hari esker izan genuen Amaia-Aimarren ausardiaren berri. Orduantxe ohartu ginen gorputz kodeek eragindako zaurien tamainaz. Bularraldea uzkurtu zitzaigun. Gazte hernaniarraren agur-gutun horretan, liburua zabaltzen duten hitzetan, zauriaz gain, badago, zeharka, aldarri politikoa ere: gorputzaren «normak» eta gorputz «normal»en inguruko diskurtsoak iraultzeko deia.
Urteak igaro dira kafe gogoangarri hartatik, bospasei urte. Harrezkero, halako ekimenen indar askatzaile hori antzemateko ahaleginak egin ditugu, jakin-minak jota, geure belarriko hazkurari kasu eginda: pentsamendu feministaren inguruko testuak irakurri, gugan erroturiko mesfidantza ezbaian jarri, sare feministako kideekin esperientziak trukatu… Amaia-Aimar ere, duela bospasei urte agurtu zen. Harrezkero, Amaia-Aimarren larruan jartzeko ahaleginak ere egin ditugu, bularraldea uzkurturik, eta larrutik ulertu dugu premiazkoa dela (urgentziazkoa!) bat egitea transexualitatea despatologizatzeko kanpainarekin. Zoritxarrez, zenbait eskubideren aitortza beste zenbait eskubide baztertzeko edo zapaltzeko bide dela ikusi dugu. Komunitate homosexualari ezkontzeko eskubidea aitortu zaio —baina, argi ikusi dugu nolako erresistentzia bortitzak sorrarazi dituen gure inguruan ezkontza-eskubide horren aitortzak, esaterako, Frantziako estatuan—; jakina, herrialde batzuetan bakarrik, besteetan oraindik jazarpenak dirau, kasu batzuetan heriotza-zigorra ere ezartzeraino. Herrialde horietan eskubide hori aitortu zaienetik, neurri batean, sexu-identitatea eta genero-identitatea askatasunez bizitzeko/eraikitzeko aukera dagoela hedatu da, eta ustezko «askatasun» hori erabiliz, zenbait komunitatek beste sexu-identitate eta genero-identitate batzuk zigortzeko, estigmatizatzeko (eta baita patologizatzeko ere) bideari eutsi diote, gogor eutsi ere. Bai trebea heteropatriarkatua amarru berriak eraikitzen. Horregatik, transexualitatearen despatologizatzea aldarrikatzeko behar gorria dago, eta bide horretan, geure ekarpena egin nahi izan dugu.
Hortaz, egitasmo hau gorputz ikusezinak ikusgarri egiteko urratsa baino ez da, isilarazitako gorputzei ahotsa emateko saio txiki bat baino ez. Horretarako, pentsamendu (trans)feministarantz hurbiltzen diren gogoetak eta ekarpenak bildu ditugu (subjektu feministak eta trans subjektuak bat-egitea dakar transfeminismoak). Horrekin batera, ikusgarri egin nahi izan dugu, pertsona, jende, talde eta mugimendu ugariren kezka-iturri dela (trans)feminismoa. Ekintza eta pentsamendu (trans)feminista garatzen, eraikitzen eta hedatzen ari diren pertsona eta kolektibo batzuk bildu ditugu, eta irakurlea ohartuko denez, askotarikoak dira ahots horiek. Liburuko parte-hartzaileei erreparatuta, gainera, esparru hauetan jorratu da, batez ere, feminismoaren subjektuen inguruko kezka: mugimendu feminista, unibertsitatea, artea eta literatura. Are gehiago, arlo horietan lanean diharduten pertsonek zein kolektiboek elkarguneak eta solasguneak eraiki dituzte, eta horien arteko zubi-lana sendotu eta areagotu egin da. Egitasmo hau, azken batean, elkargune eta solasgune horien emaitza da, parte-hartzaileok mugimendu feminista, Jabekuntza Eskola eta Emakume Etxeetako sareetan ezagutu baitugu elkar. Gune horietan izandako eztabaidetan, iritzi-trukeetan eta solasaldietan mamitu da liburua. Eta batez ere, kaferik kafe, kide feminista horiek lagundu digutelako mesfidantzatik konfiantzarako urratsak egiten, geure kode zurrunak nolabait lausotzen.
Genero-ariketak liburuaren helburua ez da (trans)feminismoan ekarpen berriak egitea, ez eta testu esanguratsuenen bilduma egitea ere. Gogoeta egiten lagundu diguten ahotsak ekarri nahi izan ditugu, gure artean tailerrak, ikastaroak, hitzaldiak eta liburuak aurkezten izan diren feministak. Horregatik, esperientzia pertsonaletatik pentsamendurantz doan ibilbidea proposatu dugu. «Baina gorputzak dio» atalean, hitza eman diegu gorputz baztertuen ahotsei. Bigarren atalean, «Baina ispiluak dio» izenekoan, hausnarketa eta iruzkin (trans)feminista zenbait bildu ditugu, geure gorputza irudikatzeko ispilu berrietara jotzeko. Azkenik, «Baina pentsamenduak dio» ataleko testuek (trans)feminismoaren testuinguru eta eragin soziopolitikoez jarduten dute.
Azken atal bat ere proposatu dugu, «Glosategia». Pentsamendu (trans)feministan giltzarri diren zenbait kontzeptu bildu dira atal horretan, liburuan garaturiko iritziak, gogoetak eta pentsamenduak laburbiltzeko, horietan sakontzeko edo horiek auzitan jartzeko.
Bide horri esker —eta liburu hau osatzerakoan ikasi dugunari esker—, gaur egun bai, ozen aldarrika dezakegu geuk ere, belarriko hazkurarik gabe, pentsamenduaren erresistentziarik gabe: Drag king tailerrak ekintza politikoak dira. Edonola ere, gorputzaren erresistentzia txikiek oraindik hortxe diraute. Kode estuak zirriborratzen hasi bagara ere, oraindik zurruntasunean loturik, ez gara animatu gaur-gaurkoz Drag king tailer batean parte hartzera. Baina, nork daki, Genero-ariketak egitasmo luze hau ixtean, akaso Drag king tailer batean egingo dugu topo. Bibotea behintzat ez zaigu falta.
* * *
Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak liburuan bidaia-lagun asko izan ditugu: egile, azal-egile, itzultzaile, zuzentzaile zein aholkulari. Eskerrik asko. Bakarkako oihuei esker, orro ozen bihurtu dugu liburua. Irakurle, ea zuri ere orro honek astindua eragiten dizun gorputzean.