Genero-ariketak
Askoren artean
Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak
Askoren artean
Koordinatzaileak:
Isa Castillo eta
Iratxe Retolaza
2013ko uztaila
artikulu-bilduma
Literola, 1
318 orrialde
978-84-940489-5-1
Genero-ariketak
Askoren artean
Koordinatzaileak:
Isa Castillo eta
Iratxe Retolaza
2013ko uztaila, artikulu-bilduma
318 orrialde
978-84-940489-5-1
aurkibidea

Aurkibidea

Hitzaurrea, Isa Castillo Etxano / Iratxe Retolaza

—I— Baina gorputzak dio…

Amaia-Aimar Elosegi: Gutunak, Amaia-Aimar Elosegi

King Kong neska, Virginie Despentes

Norberaren zuloa, Itziar Ziga

Kuiar? Bai, arraro samarra, bitxia, Ainhoa Güemes Moreno

—II— Baina ispiluak dio…

Gorputz intsumisoen uluak II, Medeak

Basoerdi bat dela eta, Raquel (Lucas) Platero

Generoa eta zaborra. Pixa egin/kaka egin. Maskulinoa/femeninoa, Beatriz Preciado

Don’t you stop. Egin jauzi, egin gora, egin pixa, egin oihu… Ez zaitez gelditu, Beatriz Preciado

Euskal trans literarioak, Amaia Alvarez Uria

—III— Baina pentsamenduak dio…

Gorputzak eta politika feministak: feminismoa gorputz gisa, Mari Luz Esteban

Queer teoriaren sorrerako egoera soziopolitikoa. Hiesaren krisitik Foucaultera, Javier Sáez

Gender Trouble (Generoa ezbaian), Judith Butler

Genero-erregulazioak, Judith Butler

Glosategia, Amaia Alvarez Uria

Biografiak

Aurkibidea

Hitzaurrea, Isa Castillo Etxano / Iratxe Retolaza

—I— Baina gorputzak dio…

Amaia-Aimar Elosegi: Gutunak, Amaia-Aimar Elosegi

King Kong neska, Virginie Despentes

Norberaren zuloa, Itziar Ziga

Kuiar? Bai, arraro samarra, bitxia, Ainhoa Güemes Moreno

—II— Baina ispiluak dio…

Gorputz intsumisoen uluak II, Medeak

Basoerdi bat dela eta, Raquel (Lucas) Platero

Generoa eta zaborra. Pixa egin/kaka egin. Maskulinoa/femeninoa, Beatriz Preciado

Don’t you stop. Egin jauzi, egin gora, egin pixa, egin oihu… Ez zaitez gelditu, Beatriz Preciado

Euskal trans literarioak, Amaia Alvarez Uria

—III— Baina pentsamenduak dio…

Gorputzak eta politika feministak: feminismoa gorputz gisa, Mari Luz Esteban

Queer teoriaren sorrerako egoera soziopolitikoa. Hiesaren krisitik Foucaultera, Javier Sáez

Gender Trouble (Generoa ezbaian), Judith Butler

Genero-erregulazioak, Judith Butler

Glosategia, Amaia Alvarez Uria

Biografiak

 

 

B(isexualitatea) dela eta bueltaka[1]

 

Itziar Ziga

 

itzultzailea: Miren Agur Meabe

 

      Eugeni Rodriguezek gau batean kontatu zidan gai hau planteatuko zela ekainaren 28ko Batzorde Unitarioan: bisexual hitzaren B letra sartzea egun horretako ekintzak biltzen dituzten sigletan. Hau da, GLT sigla GLBT bihurtzea. Batzorde hori osatzen duten kolektiboen zerrendan ex_dones egon arren, zintzoa izango naiz: arestian, bilera bakar batean egona nintzen. Baina heldu behar zuen bisexualitate ditxosoaz eztabaidatzeko egunak. Bisexualitatea. Sarritan saiatu dira ni ulertzen bisexualitatetik, eta ni ez naiz inoiz bisexualitatearekin identifikatu.

      Garai hartan, telebista katalaneko Entre líneas programako erredaktore batzuek nigana jo zuten pertsona bisexualei buruzko erreportaje batean parte hartzeko eskatuz. Pentsatu nuen: «Koño! Modan jarri da gaia gero!». Hura sorpresa esan zidatenean baimena eskatu zutela batzordearen hurrengo bilerara joateko, zergatik eta erreportajean elkarrizketatuko zuten besteak asmoa zuelako Sin Vergüenza kolektibo unibertsitarioaren izenean B letra sartzearen alde jarduteko.

      Urduri samar jarri nintzen ideia horrekin, barne-eztabaida bat, eztabaida asanbleario eta politiko bat, telerrealitatearen bazka bihur zitekeelako. Baina batzordeak erabaki zuen kamerei sartzeko baimena ematea. Ez nuen inondik ere espero Hillary Clintonen estiloko kanpaina elektoralista hura Col.lectiu egoitzara —bertan zen bilera— iritsi ginenean Maro, Eugeni eta hirurok. Hamabi bat lagun zeuden B bai ala B ez erabakiko zen mahaiaren bueltan, kamiseta urdinez jantzita, kamisetetan «bi happens» idatzita. Hura emozioa!

      Telebistako neskak begirunetsuak izan ziren, zalantzarik gabe, eta erreportajea ondo geratu zen, nire ustez. Sentitu nuen ulertu zutela zer nahi nuen transmititu eta jakin zutela islatzen. Eta ez da erraza bizitza bat azaltzea, ezta ulertzea ere, genero-bipolaritate omnipresentea gabe.

      Amak, bere aldetik, ironiaz galdetu zidan: «Horretarako ordaindu dizkizut kazetaritza ikasketak? Kataluniako telebistan konta dezazun zenbatekin egiten duzun txortan?».

      Oraintxe zehaztuko dut zergatik ez genuen nahi B letra aipatu ere.

      Lehenik eta behin, nahiko urduri jartzen naute bi[2] aurrizkiarekin hasten diren hitzek. Bi sexu, bi genero: guztioi hainbeste min egin digun determinismo dikotomikoa, izan marikoi, bollera, hetero-intsumiso; ipuin mugatu beraren trans edo biomutazioak. Desioaren ibilbidea hertsiki zehazteari dagokionez, ni ez naute erakartzen soilik emakumeek eta gizonek. Nire bizitzako azken hamar urteetan infinitu genero-mutaziorekin egin dut txortan edota maitemindu naiz.

      Baina B letrari topatzen diodan arazoa ez da «gizonak eta emakumeak gustatzen zaizkit» adierazten duela, baizik eta letra hori onartzeak ideia honetara mugatzen gaituela: «gizonak eta emakumeak gara». Eta jokaldia zelan doan ikusita, uste dut azken berrogei urteotako aktibismo transgenero, feminista, lesbiko eta gayari esker, gaur aska dezakegula generoaren aingura, sinbolikoki bada ere.

      Gure deitura ex_dones izatea autoprobokazio bat da, simulakro bat, urrats zalantzakor baina erabakiorra feminismotik, feminismoak urte asko baitaramatza salatzen ea zergatik koño izendatzen gaituzten emakume jaiotzako orduan, hain zuzen ere medikuak gure hanka artean alu bat identifikatu zuelako.

      Indarkeria lez ulertzen dut nik generoa, jatorrizko indarkeriatzat. Emakume eta gizon gisa sailkatzea nahitaezkoa da gure bizitzan zehar sozializatuko gaituzten beste indarkeria guztiak artikulatzeko. Lanaren banaketa patriarkalik gabe ez zatekeen kapitalismorik, eta ikustekoa litzateke ea zer Estaturi ateratzen zaizkion kontuak emakumeak debalde arduratuko ez balira giza bizitzak zaintzeaz. Genero-determinismorik gabe ez lirateke posible ez heteronormatibitatea, ez homofobia, eta liburu honetan agertzen garen guztiok beste zeregin batzuetan emango genuke denbora.

      Gizateria bi zatitan banatu nahi duen ebaki mingarri hori ez balego, makineria medikoak ez luke parterik hartuko bere amorru guztiarekin gaur egun «intersexu» definituriko haurtxoen gorputzetan. Posible izango litzateke edonor edonon ibiltzea, ospitaleetako kalbarioa eta kalbario burokratikoa sufritu gabe. Generoak biderkatu egingo lirateke, barreiatu arte...

      Proiekzio utopiko baten itxura izan dezake honek, baina uste dut, gure bizitzen mailan, Bartzelona den testuinguruan, esaterako, badela jadanik, existitzen dela. Judith Butler-ek dioen bezala, emakume/gizon marra estutik harantzago doazen genero-mutazioak «aspalditik daude, baina ez dira onartu errealitatea gobernatzen duten terminoen artean». Eta Butlerrekin jarraituz —orain hilabete batzuk Bata de Boatiné antroan egon zen, gure enkontruetarako eta galbiderako topagunean, bere jabeak, Miquelak, karteletan eta flyersetan «queer aska» deitzen duen horretan—, nazioarteko GLT politikaren zeregina hauxe da: «errealitatea berregitea, gizatiartasuna berreratzea, eta bizigarri edo bizitzeko egokitzat jotzen denaren eta ez denaren terminoak negoziatzea».

      Horregatik uste dut —bilera hartan tinko adierazi nuen moduan— bisexualitatea aldarrikatzea guk geuk hautsi nahi dugun antolamendu bipolarraren aurka joatea dela. Murriztailea da, mugatzailea, eta kontraesanean dago batzordearen politika desgenerizatzailearekin, batzordeak erradikalitate sexual terminoak defendatzen dituelako Chuecako eta Gaiexampleko dendetan harrotasuna botilaturik saltzen den garaiotan. Batzorde horrek ez die uzten promozioa egiten euro arrosaren enpresariei ekainaren 28ko manifestazioan, desfilea bailitzan; batzorde horrek hautua aipatzen du eta ez orientazioa, liberazioa aipatzen du eta ez harrotasuna... Ai, pena itzela ematen zidan halako diskurtso ausarta deskafeinatzea, nire ustez tuntuna zen B bat sartzeagatik.

      Bisexual esatea arkaikoa da. Beste garai batekoa da, trabestien garaikoa, gizon jaiotako emakumeen garaikoa, emakumeen gorputzetan jaiotako gizonen garaikoa. B letrak geroago etorri den transgenero hitzaren T letra jaten du. Kontua, beraz, ez da ea Katalunian sartu behar genuen, baizik eta gainerako erkidegoek aztertu beharko luketela ea mantentzerik zentzurik duen.

      B letra sartzearen aurka egoteko beste argudioetako batek identitate politikoekin dauka zerikusia. Sexua praktikatzen dudanez ezagun diren eta ez diren genero guztiekin, uste dut nire borroka honetan datzala: arauak erreprimitu nahi dituen nire desioak defendatzean, ez arauak txalotzen dituen desioak defendatzean. Polisexual, orojale, urdanga zikin, erreprimitu nahiz bollo gisa bisualizatzen naizenean, ez hetero gisa bisualizatzen naizenean. Horregatik sentitzen naiz guztiz integraturik GLT sigletan. Eta bisexualitatea, askotxotan, ezkutatzen jarraitzeko aukera ematen duen bitarteko armairu bat da. Izan ere, FAGCren inguruan badira aktibista heteroak, ez dutenak beren identitatea erasotua sentitzen pankarta gay edo lesbianoa eramatearren, ez dutenak behar zehaztasun hau egiterik —«ni heteroa naiz, ez nahasi»—, ez dutenak beren pribilegioa defendatzen.

      Debate bizi hartan hauxe ere entzun genuen: bazela garaia heterosexualitatea aldarrikatzeko ekainaren 28ko manifestazioan. FAGCko Eduardi ia bihotzekoak jo zion: hainbat eta hainbat urte lanean, halako perla bat entzuteko. Gaur egun bada halako joera bat gizonen eta emakumeen errealitateak esplikatzekoa tirania patriarkala aipatu gabe, bollerak eta marikoiak erretratatzeko gure bizitzak zeharkatzen dituen homofobia historikoa kontuan izan gabe, mende luzeetan ukatu eta deuseztatu gaituena, baina ez ur joana delako. Barrez lehertu beharrean jartzen naiz biktimismo heteroa dela eta: txarrena da batzuek benetan sinesten dutela. Beti pentsatzen dut: laztana, zuk opilik bustitzen ez duzulako ez guri errurik bota, bollo eta marikoioi.

      Gainera, bistakoa da gay askok pasatzen dutela noizean behin gau zororen bat emakumeren batekin —ni neu aitorle—, bollo askok gizonekiko fantasiak izaten dituztela, heterosexualitate purua gezur bat dela. Ni bolloa banaiz eta trans maskulino batekin endredatzen banaiz, zer bihurtzen naiz: heterosexual ala bi? Gure konplexutasuna ez da sartzen mutur batean bolloak eta marikoiak, beste muturrean heteroak, eta tarteko aldean bisexualak kokatzen dituen mapa batean.

      Kontua ez da norekin egiten dugun txortan; zapalkuntza eta itun politikoen kontua da, identitate estrategikoen kontua.

      Tira. «Bi happens» haien presioagatik —ez haien argudioen presioagatik—, Batzordeak B letra sartzea onartu zuen. Erabaki adimentsua iruditu zitzaidan: ez genuen behar unibertsitario kuadrilla bat gu bifobiaz salatzen hastea besterik, telebistan, zuzenean...

      Beste gai bat aintzat hartzeko modukoa: ez bi taldea eta ez neu ez gara joan berriz Unitarioaren bileretara. A zer muturra genukeen, egiten duten lan guztiarekin, guri entzuten ipini eta gero ezer egin gabe ospa egin! Hastear den ikasturtean joango naiz FAGCren izenean. (Eta joan nintzen, baina ez nuen apenas ikusi halako bi zalapartari haietakorik).

      Eta Gioconda Belli handiarekin amaituko dut —tanpaxa ere atera egiten zait haren hitzak gogoratze hutsarekin—: «Bizitzako batailetan ikasitako Mari Kixote bat naiz, ezen garaipenak ameskeria izan badaitezke ere, porrotak ere hala izan litezke».

 

 

[1] Artikulu hau jatorriz Un zulo propio (Melusina, 2009) liburuan argitaratu zen.

[2] Itzultzailearen oharra: jatorrizkoan bi terminoa tipografikoki markatu gabe dagoen arren, euskaraz erraz nahas daiteke 2 zenbatzailearekin, eta horregatik letra etzanez markatu da, anbiguotasuna saihesteko.