Genero-ariketak
Askoren artean
Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak
Askoren artean
Koordinatzaileak:
Isa Castillo eta
Iratxe Retolaza
2013ko uztaila
artikulu-bilduma
Literola, 1
318 orrialde
978-84-940489-5-1
Genero-ariketak
Askoren artean
Koordinatzaileak:
Isa Castillo eta
Iratxe Retolaza
2013ko uztaila, artikulu-bilduma
318 orrialde
978-84-940489-5-1
aurkibidea

Aurkibidea

Hitzaurrea, Isa Castillo Etxano / Iratxe Retolaza

—I— Baina gorputzak dio…

Amaia-Aimar Elosegi: Gutunak, Amaia-Aimar Elosegi

King Kong neska, Virginie Despentes

Norberaren zuloa, Itziar Ziga

Kuiar? Bai, arraro samarra, bitxia, Ainhoa Güemes Moreno

—II— Baina ispiluak dio…

Gorputz intsumisoen uluak II, Medeak

Basoerdi bat dela eta, Raquel (Lucas) Platero

B(isexualitatea) dela eta bueltaka, Itziar Ziga

Generoa eta zaborra. Pixa egin/kaka egin. Maskulinoa/femeninoa, Beatriz Preciado

Don’t you stop. Egin jauzi, egin gora, egin pixa, egin oihu… Ez zaitez gelditu, Beatriz Preciado

Euskal trans literarioak, Amaia Alvarez Uria

—III— Baina pentsamenduak dio…

Gorputzak eta politika feministak: feminismoa gorputz gisa, Mari Luz Esteban

Queer teoriaren sorrerako egoera soziopolitikoa. Hiesaren krisitik Foucaultera, Javier Sáez

Gender Trouble (Generoa ezbaian), Judith Butler

Genero-erregulazioak, Judith Butler

Glosategia, Amaia Alvarez Uria

Biografiak

Aurkibidea

Hitzaurrea, Isa Castillo Etxano / Iratxe Retolaza

—I— Baina gorputzak dio…

Amaia-Aimar Elosegi: Gutunak, Amaia-Aimar Elosegi

King Kong neska, Virginie Despentes

Norberaren zuloa, Itziar Ziga

Kuiar? Bai, arraro samarra, bitxia, Ainhoa Güemes Moreno

—II— Baina ispiluak dio…

Gorputz intsumisoen uluak II, Medeak

Basoerdi bat dela eta, Raquel (Lucas) Platero

B(isexualitatea) dela eta bueltaka, Itziar Ziga

Generoa eta zaborra. Pixa egin/kaka egin. Maskulinoa/femeninoa, Beatriz Preciado

Don’t you stop. Egin jauzi, egin gora, egin pixa, egin oihu… Ez zaitez gelditu, Beatriz Preciado

Euskal trans literarioak, Amaia Alvarez Uria

—III— Baina pentsamenduak dio…

Gorputzak eta politika feministak: feminismoa gorputz gisa, Mari Luz Esteban

Queer teoriaren sorrerako egoera soziopolitikoa. Hiesaren krisitik Foucaultera, Javier Sáez

Gender Trouble (Generoa ezbaian), Judith Butler

Genero-erregulazioak, Judith Butler

Glosategia, Amaia Alvarez Uria

Biografiak

 

 

Kuiar?
Bai, arraro samarra, bitxia

 

Ainhoa Güemes Moreno[1]

 

itzultzailea: Josebe Alkorta

 

      Marranta batekin hasi zen guztia. Aurretik beste buruhauste batzuk egon bazeuden. Nire begirada lotsagabea, argia eta sarkorra; jakin-min aseezinak dakarren ikuspegi zabala, beraz.

      Skatea. Auzokoen arteko errietak. Nire ausardia energetiko geldiezina. Nola ez, bada, irudikatu neure burua alde batetik bestera baloi baten atzetik korrika! Askatasuna joan eta etortzeko, sartu eta irteteko. Bai, libre bizi izateko izan dudan zortea. Zer esanik ez, ilea motz-motz eta amaren gustuko gizonezko praka garestiak. Haren edertasuna, gaztetasuna eta ausardia! Hemeretzi urterekin haurdun geratu zen, ni bere sabelean. Aitaren samurtasuna, beti nirekin egoteko prest, mendian eskalatzen laguntzeko, edota itsasoan murgiltzeko.

      Maiz ohartarazten zidaten inoiz inoren mende ez izatearen garrantziaz. Egun batean ama ile-apaindegi batetik atera zen, ilea motz-motz, eta lihozko soineko gris zahar bat jantzita. «Polita kontrastea!», esan nuen neure artean. Apurtzailea, kitzikagarria. Hain ederra ikusi nuen, hain desberdina. Ni oso gaztea eta maneiaerraza nintzen. Beti miretsi izan dut. Eta berak bazekien, eta ile-apaintzaileari esan zion hurrengoan ez zuela nahi hainbesteraino mozterik, mesedez. Buruhausteak bagenituen, noski, baina hitz gehienak ederrak eta amodiozkoak izan ziren: «Ez da arraroa, berezia da». Zortzi edo bederatzi urteko mutil kozkor hark bazekien jada zertaz mintzo zen; itxura oneko mutikoa zen Ander, txit argia eta alaia. Ziurrenik baten batek arraroa nintzela esango zuen.

      Kuiarra[2] nintzela, bai, arraro samarra, bitxia. Fintasunez defendatu ninduen. Lagun onak ginen. Preziatzen genuen elkarren konpainia sasoi batean. Biziki maite nituen lagunarekin Txurdinagako zelaietan alde batetik bestera korrika emandako orduak. Musu bakar bat ez zen egon. Elkar ukitzen genuen, lurrean iraulkarazten ginen, eta konplizeak ginen, armarik gabeko borrokalari garaitu parea belardian etzanda. Patioko hormak eskalatzen genituen. Palaz jolasten genuen, eta bizikletan txoriek bezain agudo ihes egiten genuen. Geure gorputz biluzi eta bustiak igerilekuko txirristan behera paseatzen genituen; adin ezberdineko mutiko eta neskato pila ginen berriki estreinatutako lotegi-auzo hartan. Gainera, ez zegoen eskola partikularrik, ezta play-rik ere, eta telebistari ez genion jaramon gehiegirik egiten; kaleko hotsak erakarrita, astegun buruzuria izanik ere, afalordura arte ez ginen inoiz etxeratzen. Neguan zehar, atariak eta ganbarak baliatzen genituen. Mutil batzuek harro esaten zuten elkarrekin masturbatzen zirela. Eta neskok ez geunden izarrei begira.

      Uda osoan ibili nintzen igerilekuan, gutxi gorabehera neure adineko ijito baten atzetik; hamar bat urte izango zituen, azal beltzarana. Benetan zen ederra. Hura bizkarraldea! Neure fantasia erotikoen parte izan zen luzaroan. Baina goazen Anderren harira. Ander ez zen mutil ijitoa bezain ederra, baina berezia zen. Ez dakit nola, Pedro agertu zen gure bizitzetan eta nik neuk onartu egin nuen. Biak nituen maite. Egundoko ekipoa osatzen genuen. Eurek ere elkar onartu zuten, euren erara bat eginez. Ez zen gaizki atera, baina esan behar dut gerora ziria sartu ote zidaten susmoa izan nuela, hautatzen jakin ez izanaren sentsazioa eta, finean, Pedrorekin izandako bikote-harremana iruzur txikia besterik ez zela izan.

      Pedrok musu ematen zekien eta Ander baino ausartagoa zen. Ander, ordea, askoz ere azkarragoa. Eta, beno, ni neronen buruaren jabe nintzen; Anderri erabakia hartzea asko kostatzen zitzaion, eta ni jakin-minez gainezka nengoen; izugarri gustatzen zait jolastea, gauzak probatzea eta esperimentatzea. Nola musu eman ikasi behar nuen, eta baita ikasi ere. Arrats batean, dozenaka karta-jokoren ostean, azkenean, eskailburuan elkar musukatu genuen: aitzaki-maitzaki. Pedrok armadan bukatu zuen. Argi dago mutil harekin ez nuela usaimena batere zorrotz ibili. Egun, gurasoen etxera bisitan noan bakoitzean, Anderren bila hasteko gogoa pizten zait, haren etxeko atariko txirrina jo eta zor diodan musu hura emateko, bere amodiozko keinuarengatik: «Ainhoa ez da arraroa, berezia da». Maitasunari eta adiskidetasunari gehiago eskatzerik ba al dago, bada?

      Haiekin, neskekin, zorabiatzeko modukoa izan zen. Fikziotik urrunago ezin zitekeen egon kontatzen ari natzaizun pasarte biografiko hau. Arraroa. Bitxia. Kuiarra. Izen guztiak errealak dira. Bilbon umetan ezagututako hezur-haragizko neska-mutilak dira. Neskato haiekin mutilekin baino lehen fortunatu zen, eskolan elkarrekin ordu asko ematen genituen-eta. Diziplina eta erotismo saioak. Esther, ile gorria eta jostalaria. Penelope, androginoa eta sutsua. Kristina, esanekoa eta leiala. Esther ez zen Kristina bezain maneiaerraza, bazekien ni nola jeloskor jarri; hura nuen begikoena, eta hura izan zen gehien sufriarazi zidana ere. Elkarrekin joaten ginen Ronda kalean dagoen Gurutzeko Alaben Ikastetxera. Bai, haraxe, Herriko Tabernaren aldamenean dagoen mojen ikastetxera. Ronda, hiriko antzinako harresia. Nork esan zuen hormigoi armatuzko harresiak ezin direla dinamitatu?

      Nerabe nintzela lesbianizatu eta ofizialki feminista agertu nintzen, Jarrain, egia, baina lehendabiziko orgasmoa neskato ikaskide batekin izan nuen, irakasle eta ikasle roletan jolasean genbiltzala, neure amonaren etxean. Granaden gelan. Horrela deritzot, zeren izeko Inesek eta biok ordu luzeak ematen baikenituen sukaldearen aldamenean dagoen gela hartan granadak zuritzen, eta elkarri isilean sekretuak kontatzen. Belosti kaleko 12. atarian bizi ginen, ganbara batean. Ines amaren ahizpa da eta nik baino sei urte gehiago ditu. Bat, bi, hiru, lau, bost, sei…

      Hau plazera, xalotasunez eta haragikortasunez beteriko pasarte bakoitza, segundo gozagarri bakoitza, urte bakoitza kontatzea! Zazpi urte ez nituen izango eta lagunari zartakoak ematen uzten nion. Gaiztakeria egina nuen, agindutakoari entzungor eginez. Orgasmoa izan nuen. Lehendabizikoa. Lezioa ikasteke neukan eta korritu egin nintzen. Zartakoak hartuz zoriontsu. Eta orgasmoa izan nuen entzungor egiteko prestu agertu nintzelako, naizena izaten ausartu nintzelako. Ezberdina. Kuiarra, bai, arraro samarra, bitxia. Eskarmentu hari esker ikasi nuen neure gorputzaz areago gozatzen, eta sarri masturbatzen nintzen, gori-gori, izerditan blai eta indarrik gabe, izugarrizko plazeraren besoetan errenditu arte. Nire jostailuen artean (gehienak legoak eta puzzleak ziren) bazegoen E.T. buruhandi samar bat, atzamar puntan pizten zitzaion argi fosforo berdea zeukana. Barbiek eta lurrez kanpoko munstro hark bikote xelebrea osatzen zuten. Neska-mutil lagunak izango zirela diot nik.

      Benetan. Istorio hau ez da bat-bateko asmakizuna. Kuiarra izatea beste planeta batekoa izatearen hurrena da: «Ez gara mundu honetakoak». Eta horixe da kuiar arraroa izatearen onura, zeure mugarik gabeko irudimenak legezkoa denaren eta araututakoaren estra-radiora edota periferiara bultzatzen zaituela, errudun sentiarazi gabe. Errua marrantaren eskutik etorri zen. Beno, errua baino gehiago, beharrezko zuzenketa izan zen, madarikaziozko zentzutasuna, oparotasuna xahutzen zuen gabezia, askatasun murriztapena. Solfeoko eskola jasangaitzak. Nire ahotsa zakarregia zen, neskato batentzat onartezina.

      Nabarmena zen, ordea, ez zela nire ahotsaren zakartasuna soilik, hor zeudela neure izaeraren gordintasuna, neure lumaren lotsagabekeria, neure ohitura nahasiak eta besterekin harremanetarako nuen berezko naturaltasuna ere. Sekula frekuentziarik onena lortu ezina, normaltzat eta atsegingarritzat hartzen dena. Behin eta berriz atzera botatako nire ahotsarentzat ezegokiak ziren rolak, gidoiari emaniko itzuliak, linealtasun espresiboa hausteko irrika bizi hura. Neure barreneko ahotsaren eta buruko ahotsaren autokontrol hori, doinu jario kontziente eta kaotiko hura. Kuiarra naiz disonantea naizelako. Hori zela eta, solfeoko irakasleak gurasoei iradoki zien logopedarengana eraman nindezatela. Hobe boxeoko entrenatzaileren baten zerbitzuak kontratatu izan balituzte. Logopeda emakumezko adindua zen, eta motots tente eta urdindua zeukan. Haren etxean, Monster familiarena baino itzalagoan, argirik ez zen sartzen. Zenbateko iluntasuna ezkuta daitekeen bizitza batean! Temati saiatzen zen eztarrian nituen noduluak osatzen, eta j hizkia —aldaera guztiekin— ahoskatzen nuen bakoitzean, errieta egiten zidan, pianoa jotzen ari zelarik: «ez ezazu j-rik ahoskatu, zure ahotsarentzat guztiz kaltegarria da eta». Bere torturen ordainsaritzat, gailleta edota madalena bakarra oparitzen zidan beti saioaren bukaeran. Zeharo galdu nuen abesteko gogoa. Nire ahotsaren tinbrea eta tesitura geroz eta sailkaezinagoak ziren. Kuiarra izatea konposizio polifonikoak sortzea da, zatar badira ere, indize akustikoaren nazioarteko sistema-araudiari erreparatu gabe.

      Orain dela gutxi, baten batek aurpegiratu zidan beste andre guztiek darabilten kode berbera ikasi beharra nuela. Ez dut uste gaur inork lortuko duenik Mari motots ilun eta blindatu hark lortu ez zuena. Abisua da. Kuiarra izan nahi dut. Bitxia naiz. Egia da porrotaren puntura iritsi eta, berau gaindituz gero, atzera itzultzerik ez dela izaten; eskerrak, jada ez dago ezer nire martxa arranditsua oztopatuko duenik. Zikiratzetik libratu ziren barrokoko mutiko abeslari haiexek bezalakoa naiz. Bizirik irauteko jaioa. Inork ezin izan du menderatu nire ahotsa. Kuiarra izatea uhin konplexu bilakatzea da, glotisaren eta diafragmaren arteko nerbioen tik konbinatua. Tika oharkabeko astindua da, zerbait erritmikoa, gorputzaren atal batean edota gehiagotan gerta daitekeen kontrakzio edota oszilazioa. Kuiarra izatea burrunba bolkanikoa eragitea da, sismo magmatikoa azalaren parean. Kuiar bilakatzea da ehun giltzarrapoz itxitako kaiolatik at bizitzea. Kuiar errenditzea da laino guztien gainetik aurrera egiteko gaitasuna, amildegian jauziak eta itzulipurdiak egitekoa, burezurrik hautsi gabe. Kuiarra zarela aldarrikatzea da plazerez kantuan eta dantzan aritzea, bizitzak sorkuntzarako duen gaitasuna baiestea.

      Bizitza benetan ederra da, baina mundu armatu, krudel, dikotomiko, absurdo eta androzentriko hau guztiz tamalgarria da. Chauen, XXI. mendea. Neska marokoar batek, leihotik kalera begira, transgenizatze prozesuan dagoen lesbiana talde bati erreparatzen dio. Bio-eme kaukasiarrak dira eta oinez doaz gozotegi bateko atarira. Europatik datoz. Pasaporteak behar bezala dauzkate eta atzean utzi dute Ceutako hautsez betetako muga. Eta, madarikatutako olerkariaren gisa, goizean goiz, gosaltzeko orduan, ogi edo pastel zatitxo bat jateko asmoarekin, patrikatik ateratzen dute larruzko kikara eta nolabaiteko elixir flasko bat, farmazietan turistei saltzen dizkieten horietakoa, behar izanez gero elur-urez nahasi ahal izateko. Gupidarik gabe ari du euria; erreka bete ur dator mendian behera Medinako kaleak urpetzera. Lesbiana europarrak dendan sartzear daudela, zarata arin batek denak gora begira ipintzen ditu. Luzaroan jakin-min biziz begira zeukaten neska marokoarra ikusten dute parez pare. Gozotegian mahaitxo batean eseri dira. Aurrez aurreko etxean, neska gaztea haiei begira dago, eta agurtu eta jaisteko gonbita egin diote. Baina bera leiho atzean ezkutatu da, gonbidapenaren beldur izan balitz bezala. Emakume gaztearen handitasunak eta nobleziak bereganatu egiten ditu, gorputza zeharkatu balie bezala. Emakumeak, dudarik ez, barru-barruko zerbait adierazi die une hartan. Bihotzak ahulduta eta gutxituta geratu dira emakume hark zergatik ezin zuen berengana etorri konprenitzen dutenean, edota eurak emakumearengana bisitan joan haren bizitoki edota lantegira. Hodei baten itzala igaro zaie buru gainetik, aireko erraldoi baten kaparen erreflexua bezala zerua zeharkatuz. Sentsazio irmoa eta arraroa, kuiar samarra, begirada haien trukaketak eraginiko mugimendu handi eta erabat isilaren ondorengoa. Ikuspegi horrek lainotu egiten du paisaia. Luzaz egon dira triste, urduri, eta burutik pasatu zaie guztiz zilegi dela bortizkeria erabiltzea emakumeak esklabo bihurtu eta askatasunezko bizitza debekatzen dieten gizon armatuen armadaren aurka. Kuiarra izatea zitalkeriaz hausnartzea ere badelako, eta esklabotzaz, lesbofobiaz, misoginiaz, eta biolentziaz ere bai. Kuiar bihurtzea mingarria da, baina askatu egiten gaitu.

      Den-dena marranta hozkil baten eskutik etorri bazen ere, datorrena beti korapilatuz joango da. Beraz, utz iezadazue tonu serioagoa jartzen. Zeren, kuiarra izatea ez da beti jairik jai hodeietan hegaldatzea. Gaur eskuartean duguna nodulu-errizoma bat da, eztarrian nahaspilatzen zaigun anormaltasuna; irentsi ezineko korapilo latza. Ezberdina izatea zer den jakinaren gainean, ez da batere lan erraza ezberdintasun horiei guztiei aurre egitea jarrera arakatzaile eta eraikitzailez. Jakin badakigu errealitatearen irismena zein den —letra larriz—: Errealitatea Bera; eta nolakoak diren buru zurrunen miopia eta arima subertsibook pairatzen dugun gain-esposizioa. Idazki hau paratzerakoan, guztiz jabetzen naiz mugez eta itsukeriez. Izan ere, narratiba kuiarrak egiturak eta eskemak apurtzen ditu. Kontaketa honen funtsa zein xedea oinarrian liberatzailea eta sendatzailea izanik ere, ukaezina da beronen sortze-lanak gainezka egiten digula. Kuiar bilakatzea arin eta aldabera bihurtzea da, ekimenak eta mugimenduak arinduz. Paradoxikoki, bertute horiek ulertezin bilakatzen zaizkie beren burua normaltzat jotzen duten pertsona gehienei. Maiz konplexutasunetatik, aukera eraldatzailetatik ihesi ibili nahi duenik ere badago (hobe sobera ez pentsatzea; edota batere ez pentsatzea ere), zeren, kritika, hausnarketa eta meditazioa eskatzen dituen lan baten aurrean jartzea ez baita batere erraza; gainezka egingo digun erabateko premia bilakatzerainoko lan gordina da. Marie Laure Bernadac-ek Louise Bourgeois-en obrari buruz zioen bezala, bere emakume/etxe binomio nahasketak, arkitektura eta okela, inorganikoaren barrenean kokatutako organikoa ematen duela, malgua zurruntasunaren barnean, kezkagarria eta, aldi berean, lasaigarria. Damu zeihar batekin, eta plazer desbideratuarekin, ekaitzaren ondotik aterraldi atezua datorrela antzematea lakoa litzateke. Zakar eta indartsu. Olatu asaldatzaile eta istilu artean aztoratutako giharren konbultsioa. Egoera polemiko eta liskartia. Bortitza. Neurriz gaindikoa. Idatzi eta gero, kritikoki pentsatu eta produktu intelektual zitala, hots, araudi zapaltzailearekiko disidentea (kuiarra) sortu eta gero, zailtasunez jositako eremu batera biltzen zara. Hormetan angelu zuzen bakar bat ez duen etxe baten atalasea zeharkatzen da. Irudi geometrikoek ez dituzte lerro bi edota bi plano elkarzut osatzen. Ezer ez da abiarazten puntu berberetik. Ezerk ez du 90ºko baliorik. Mozorroz eta txantxoz betetako espazioa. Dantza tragiko honetan, askatasunaren eta premiaren arteko borroka klasiko honetan, subjektu sortzailea opakoa eta ahula da, eta bere azala beste edonorena bezain sentibera. Beste gorputzak maite dituen gorputza. Eguzkiaren argi zabal eta arriskutsuari irekia, lurraren zilborrari lotua. Kontrajarritako sentsazioak. Pentsamendu kritikoa. Kuiar erara idaztea adierazpen- eta sexu-askatasunaren aldeko alegatua idaztea da. Kuiar aritzea arriskuen aldeko apustua egitea da munduan diferentzia markatzeko, zuhurtziaren eta zoramenaren arteko muga zeharkatzeko arriskuaz guztiz jabetu arren.

      Badago zoramen gozagarririk ere: neure lehen king tailerra. Pradillo antzokian izan zen, Madrilen. Txinpartak atera ziren handik (sasoi bateko kolonia-ura bezala). Tximista, trumoi eta txinpartak gaitzarentzat, heterosexuala da eta! Diane Torr artista eta drag performerak zuzentzen zuen. Mutazio askatzaile hark betiko aldatu ninduen, inozentzia zatia galdu bainuen, eta horrek min ematen du, baina aldi berean sendotuta atera nintzen. King tailerrean zehar, mozorrodun figura arteko dantzaldian parte hartzen da, nork bere buruaren dimentsio fisikoak aldatu nahian. Mozorro-dantza horretan, Judith Butler-en esanetan (Butler, 2009: 40), barneko arima arriskuan jartzen dugu, subjektua ez baita bere baitan izateko gauza. Nork bere burua-arriskuan-jartze hori bertute mota bat da, Friedrich Nietzschek (2008: 212, 246, 250) arte dionisiakoaren trebetasunean deskubritu zuen bertutea, liluraren eta estasiaren artea. Filosofo kezkagarri horrek bi botere aurkitu zituen, giza lainotasuna bere buruaren ahanzturaraino eramango dituenak: udaberri sena eta edari narkotikoa. Kasu bietan hausten da, dio, principium individuationis (indibiduazioaren printzipioa) eta guztiz desagertzen da subjektibotasuna, giza ororen biolentzia-erupzioaren aurrean, areago, naturala/unibertsala dena. Subjektu dionisiar sortzaileak eratutako gizakiak ahaztu du nola ibili eta dantzatu, magikoki eraldatuta sentitzen da, errealitateak beste zerbait bihurtu dela nabarmentzen badu ere. Gizakia ez da artista jada, artelan bihurtu da. Bizitzaren potentzia artistikoa da, eta ez gizaki banakakoarena soilik, hemen azaltzen dena. Inauterietako maskarada horietan norberaren izanaren eraldaketa magikoa bultzatzen duten bizi-indarrak areagotzen dira. Ez da baten bat mozorrotu eta besteak engainatzeko saiakera, baizik eta norberaren izana bere onetik atera eta eraldatuta gaudela ustea. Norberaren onetik at egote hori lortzeko, estasian, aurrera pauso bakar bat baino ez da behar: geure onera itzuli ordez, beste izakiren baten barnean sartuko gara eta magikoki eraldatutako gizakiaren jarrera agertuko dugu. Hortik dator, azken finean, emankizunak sorrarazitako izugarrizko txundidura: lurzorua mugitu egiten da, eta fedea galtzen da gizakiaren bereiztezintasunean eta irmotasunean ere.

      Dionisioren festa Grezian esperimentatu zuen apoliniar herriak. Euripidesen Bakanteak antzaldarazten duen musikaren xarmaz dihardu, Eskopasek eta Praxitelesek estatuetan kondentsatu zuten xarmaz. Mendi gailurretan, une zein toki zehatzean inoiz ikusi gabeko gauzak ikusi ahal izateko argitzen du egunak, eta zerua aureola baten oinarri higikorra da. Emakumeen abesbatzak lurzoruan barreiatuta dautza, izei enborretan bermaturik; denak erdi lo. Agabek, Penteoren amak, pozarren irrintzika hasi eta loa uxatzen du. Denak zutik jartzen dira, ilekizkurrak sorbalda gainetik zintzilik dituztela. Fidakor, masailak miazkatzen dizkieten sugez inguratzen dira; batzuek otso zein orein gaztetxoak altzoan hartu, eta besartean titia ematen diete. Huntzez eta landare igokariz egindako koroekin apaintzen dituzte beren buruak; artzain-makilarekin haitzetan perkusio saioa egitearekin batera ateratzen da borborka ura; makilarekin behegainean kolpe txiki bat eman eta ardo iturria sorrarazten du. Ezti gozoa darie zuhaitz adarrei; aski da edonork hanka puntekin ukitzea, lurretik elurra bezain esne zuria ateratzeko. Horixe da, dio Nietzschek, erabateko eraldaketa magikoan murgilduta dagoen mundua.

      Festa apoliniar-dionisiakoa, hein batean, Beatriz Preciadok (2008: 255) drag king gailua deritzanaren antzekoa da. Preciadoren esanetan, bakartasun endemikoari ihesi, berpiztutako hildakoen hirira joaten denean, ikaskuntza eta eraikuntza teknika identitarioen sistemari heltzen dio, eta ez metropoliak ohi dakarren depresioa ekiditeko soilik, baizik eta azken finean arimaren diziplina berarekin batera dakarrelako, umetan egindako Loiolako Inazio Deunaren gogo-jardunetan bezala. Bere lehen drag king tailerra iniziaziozko ariketa modukoa izan zen, mutazio prozesu ireki baten lehen urratsa. Bio-emakume talde bat butch[3] baten eskutik doa, ilea motza du, larruzko prakak, ume aurpegia eta ahots gozo-gozoa, Agabe ospetsuak bezala, lo hilgarria uxatzeko eta denak zutiarazteko adinakoa. Des-identifikatuak eta eraldatuak denak arropak erantzi eta gizonezkoen arropak janzten ari dira: paketea (packing) egin eta beren titiak estu-estu lotzen dituzte benda batekin. Titiak lautuz eta pelbisa markatuz, beren gorputz-ardatz osoa aldatzen dute. Horrela, grabitate-zentroa bularretatik pelbiseraino lekualdatzen da, eta hankak apur bat zabaltzen dira gorputza berme bikoitzaz finkatuz. Beren lehendabiziko bizarra hazten dute. Ez efektu teatrala lortu nahi delako, king bilakatzea enigma konponezina baita, eraldaketa gertatzen ez den artean. King bilakatze prozesuan, Preciadok king zeremonia-maisu bihurtzera eramango duen dimentsio psikopolitikoaren magiaren erritual erakargarria aurkitzen du. Jai apolinio-dionisiakoan bezalatsu, king esperimentazio eremua erdiespen kolektiboa da, Guattarik zuzentzen zituen antipsikiatria saioen parekoa[4]. Sendabidea? Agabek eta haren ahizpek Penteo erregea erail zuten, beronek Dionisio adoratzea galarazi zuenean. Apaiz-emakume tebastarrek, gauero bizkarroi-landare gisa dosifikatutako arnasa ematen zien subiranoa tronutik kendu eta, laurdenkatu egin zuten. Alabaina, arriskuak ez dira amaitu, eta geure geletako ateak beisboleko bateekin zaindu beharra dauzkagu; den-dena askoz ere gozagarriagoa da berpizkunde kuiarraren ostean. Bibragailu urdin eta distiratsu bikoitza daukagu, zigor arrosa fuksia, eta ilusio sorta zoragarri eta zitala.

      Jarrai beza jaiak (biharamunean marranta gainditu behar baldin bada ere) … kuiarra naiz, arraro samarra, bitxia; eta zein gaiztoa, zein bitxia naizen! Kar-kar.

Bilbo, White House,

Adiskidantza kalea, 2012ko urtarrila.

 

 

Bibliografia

 

Butler, Judith. 2009. Dar cuenta de sí mismo. Violencia ética y responsabilidad. Buenos Aires: Amorrortu.

Nietzsche, Friedrich. 2008. El nacimiento de la tragedia. Madril: Alianza.

Preciado, Beatriz. 2008. Testo yonqui. Madril: Espasa.

 

 

[1] Gudari Kings, la Barbie, E.T., Monster Familia, Bruja Avería, eta beste a-normal batzuen laguntzarekin.

[2] Queer [kwir], anglizismoa; testuinguruan, iz. homosexuala, besteak beste; izond. arraroa, bestek bezalakoa ez dena, ez konbentzionala; hizkl. susmagarria, errezelo-eragile.

[3] Ar; mutil gazte (indioen artean).

[4] José Luis Castillak 2004. urtean Beatriz Preciadori eginiko elkarrizketa.