Genero-ariketak
Askoren artean
Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak
Askoren artean
Koordinatzaileak:
Isa Castillo eta
Iratxe Retolaza
2013ko uztaila
artikulu-bilduma
Literola, 1
318 orrialde
978-84-940489-5-1
Genero-ariketak
Askoren artean
Koordinatzaileak:
Isa Castillo eta
Iratxe Retolaza
2013ko uztaila, artikulu-bilduma
318 orrialde
978-84-940489-5-1
aurkibidea

Aurkibidea

Hitzaurrea, Isa Castillo Etxano / Iratxe Retolaza

—I— Baina gorputzak dio…

Amaia-Aimar Elosegi: Gutunak, Amaia-Aimar Elosegi

King Kong neska, Virginie Despentes

Norberaren zuloa, Itziar Ziga

Kuiar? Bai, arraro samarra, bitxia, Ainhoa Güemes Moreno

—II— Baina ispiluak dio…

Gorputz intsumisoen uluak II, Medeak

Basoerdi bat dela eta, Raquel (Lucas) Platero

B(isexualitatea) dela eta bueltaka, Itziar Ziga

Generoa eta zaborra. Pixa egin/kaka egin. Maskulinoa/femeninoa, Beatriz Preciado

Don’t you stop. Egin jauzi, egin gora, egin pixa, egin oihu… Ez zaitez gelditu, Beatriz Preciado

Euskal trans literarioak, Amaia Alvarez Uria

—III— Baina pentsamenduak dio…

Gorputzak eta politika feministak: feminismoa gorputz gisa, Mari Luz Esteban

Queer teoriaren sorrerako egoera soziopolitikoa. Hiesaren krisitik Foucaultera, Javier Sáez

Gender Trouble (Generoa ezbaian), Judith Butler

Genero-erregulazioak, Judith Butler

Glosategia, Amaia Alvarez Uria

Biografiak

Aurkibidea

Hitzaurrea, Isa Castillo Etxano / Iratxe Retolaza

—I— Baina gorputzak dio…

Amaia-Aimar Elosegi: Gutunak, Amaia-Aimar Elosegi

King Kong neska, Virginie Despentes

Norberaren zuloa, Itziar Ziga

Kuiar? Bai, arraro samarra, bitxia, Ainhoa Güemes Moreno

—II— Baina ispiluak dio…

Gorputz intsumisoen uluak II, Medeak

Basoerdi bat dela eta, Raquel (Lucas) Platero

B(isexualitatea) dela eta bueltaka, Itziar Ziga

Generoa eta zaborra. Pixa egin/kaka egin. Maskulinoa/femeninoa, Beatriz Preciado

Don’t you stop. Egin jauzi, egin gora, egin pixa, egin oihu… Ez zaitez gelditu, Beatriz Preciado

Euskal trans literarioak, Amaia Alvarez Uria

—III— Baina pentsamenduak dio…

Gorputzak eta politika feministak: feminismoa gorputz gisa, Mari Luz Esteban

Queer teoriaren sorrerako egoera soziopolitikoa. Hiesaren krisitik Foucaultera, Javier Sáez

Gender Trouble (Generoa ezbaian), Judith Butler

Genero-erregulazioak, Judith Butler

Glosategia, Amaia Alvarez Uria

Biografiak

 

 

Norberaren zuloa[1]

 

Itziar Ziga

 

itzultzailea: Miren Agur Meabe

 

 

                                    «Eraikitzen baino indar gehiago

                                    erabiltzen dugunean

                                    erresistitzen, heldu da unea

                                    beste norabait aldatzeko».

                                                           Ainhoa Resano

 

 

      Aurtengo abuztuko arratsalde batean, lokatz turkesazko urtegiaren ertzean, lagun batek eta biok Sara T. ekarri dugu gogora, gure heroi nerabea. Haren epopeia goiztiar eta etilikoaren atalak eskuz esku ibili ohi ziren kontrabando sakratuan. Nik, behintzat, garai hartan oraindik ez nuen edaten, eta gordina eta arrotza iruditzen zitzaidan mozkortzeko ideia hutsa, nahiz eta nire auzoko lagunek eta nik neuk laster ekingo genion gure etxeetako bar-altzariak isil-gordean garbitzeari.

      Orain ez da halako armairurik egiten; «adingabeko»enganako babes puritanoak etxeetako saloietatik erbesteratu ditu ispiluzko hormak eta barruan argia zuten botilategi magiko haiek, barrualdean likorez beteriko diskoteka txikiak zeuzkatela ziruditenak. Eta pentsatzen jarrita, gaur ez liokete utziko umegorri alkoholiko bati bere ibilaldien berri ematen publiko nerabearen artean. Berari edo bera asmatu zuenari. Baina beste garai batzuk ziren haiek, eta ez ginen gehiegi asaldatzen E.T. filmeko neskatxoak hamar urte bete orduko kokaina deskubritua zuela jakinagatik (eskerrak gaur eguneko Lolitek askoz bizkorrago egiten dutela hegan Interneten beren ama superbabesleek baino). Nire kasuan, inor ez zen ikaratu bar-altzariari nion atxikimenduagatik, Sara T. nire bizitzan sartu baino urte batzuk lehenago ere. Nire lehen zulo propioa huraxe izan zen: beigez satinaturiko ate hura, horizontal jarri arte jaisten zena idazmahai argitsu eta epel bihurtzeraino. Usain eztiko botila koloretsuen aurrean hasi nintzen idazten.

      Sara T.ren zoritxarrek, mozkorraldiz, erreformatorioko ihesaldiz, botila bat lortzeagatik egindako prostituzioz eta bortxaketez beteak, nire auzoko neskato guztien arratsaldeak xarmatu zituzten. Ez dut gogoan nork erosten zituen faszikulu berriak —ahizpak dio amak ekartzen zizkigula—, baina sorta osoa hornitu genuen. Ustez, antiheroi haren asmoa gu bide txarretik urruntzea zen arren, haren erorketa amaigabeek pizten ziguten gozamena ez zegoen miresmenetik urrun. Hamar urteko nork irrikatzen du, bada, ezkontza+amatasuna+lana+hipoteka+soiltasuna batugaiek murrizturiko bizimodu bat?

      Halako birkreazio zakar haien errealismoa areagotzeko, liburutxoen hegaletako testuan azaltzen zen Sara T.k paperezko poltsetan idatziz lortu zuela bere balentriak kontatzea, eta poltsa horiek baten batek topatu zituela mirariz. Horixe zen Sara T.ren alderdi liluragarriena niretzat: inoiz ez ziola idazteari utzi.

      Nire lagun Miriam Camerosek, argidura kannabiko oldarraldi batean, esaldi hau zirriborratu zuen Sara T.ren paperen antzera galtzera destinaturik egoten diren paper puska horietariko batean: «Idazten ez denarekin idazten du Itziarrek». Etengabe animatzen ninduen berak, ni kexaka aritu arren. «Nola ostia idatziko dut, ez badakit argia noiz moztuko didaten ere? Gaur, bihar...». (Ziurgabetasuna paralizatzaileagoa da iluntasuna baino). Sasoi hartan, ez da oso aspaldi, Bartzelonako Escudellers kaleko laugarren solairu bat zen nire sormen-lekua, Marfilezko Dorrea, igogailu gabea, higuingarria eta hautsak jandakoa, inoren kakaz betea. Psikopata baten etxeari itsatsita zegoelarik, aldizka ate-joka bortitzean etortzen zitzaidan, herio mehatxuka. Toki hartatik entzuten nituen beren poltsei gogor baina alferrik eusten zieten giri inozoen oihuak, baita agure abandonatu eta kabroi baten amorrua ere, gau eta egun gure hildakoei kaka egiten ziena, «muertos cagaos» esanez. Baina inoiz ez nion utzi idazteari. Are gehiago, zulo hartatik idazten nuen, ordaindu ahal nuen bakarretik. Eta hala joan ziren zazpi urte.

      Ez nabil lehenaldian oroitzen, inork ez dezala imajinatu inolako kaudimenik dudanik Urdanga bilakatzea argitaratu ondoren. Puta feministei buruzko liburu bat argitaratzea ez da aberasteko biderik zuzenena. Ezta hurrik ere. Orain amaren etxeko balkoitik idazten dut eta, batzuetan, berak jakin gabe nirekin eskuzabala den Pablo izeneko auzotar baten Internet-seinalea harrapatzeko, erlauntzaren amildegira hurbildu behar izaten dut nire portatila. (Tenesse Williams-en Blanche Dubois-ek bezala, konfiantza izan dut beti ezezagunen adeitasunean). Idazten da idazten den tokitik, eta horri itzuritzen zaiona gezurretan dabil. Eta gogait eragiten du.

      Sara T.k bezala, Anna Ajmatova-k sekula ez zion utzi bere unea islatzeari, euskarri prekarioenetan izan arren. Bere leinu maskulinotik eta errusiar tradiziotik aldendu zen, amonaren abizena onartuz. Hiru aldiz ezkondu arren, inoiz ez zuen sinatu senarraren izenarekin. Iraultza boltxebikeak eta gerrek estututa, koaderno guztiak erre zituen bere hurbilekoak egoera larrian ez jartzeagatik. Hala ere, semea berriro kartzelatu zioten, hamar urtez Annak britainiar intelektual bati etxeko lau hormen artean poema batzuk irakurtzeagatik, 1954an.

      Annak, errusiar letren berritzaile handia izanak, ilara amaigabeetan itxaron behar izan zuen presondegiko atean beste emakumeekin batera. Hortik jaio zen Requiem. Esaten da ez dagoela errusiar herria bezain poesiazalerik; horregatik debekatu zituzten Ajmatovaren poemak. Urteak dira superbibiente horrek liluratu ninduela, eta orduan irakurri nuen kontaera hau, bizi gabeko esperientzien artean inoizko zirrararik handiena eragin zidana.

      Beste setio-erregimen askotan ohi den bezala, Anna Ajmatovak ezin ditu bere poemak argitaratu. Orduan, ahozko transmisioaren moldeetara egokitzen ditu testuak: idatzi, buruz ikasi, erre eta lagun hurkoei errezitatzen dizkie. Horrelaxe ematen zaio hasiera hedapen-kate sekretuari. Jendeak, etsipenez gaixo, bertso-lerroak behar ditu. Hil aurretxoan, Ajmatova zokoratuak lortu zuen jendaurrean errezitatzea, azkenean milaka pertsonen aurrean, diotenez. Lehenengo hitzak esatearekin batera jakin zuen ke hutsa izan zela hamarkada luzeetan altxaturiko isolamenduzko horma hura. Jendetzak harekin batera esan zituen poemak, ahotik belarrira ikasita gauaren klandestinitatean.

      Edo baita Margarete Buber-Neumann komunista alemanaren eta Milena Jesenska kazetari txekiarraren arteko ituna ere, Ravensbrück-eko kontzentrazio-esparruan bizitakoak kontatzeko ituna. Milenak bazekien ez zela bizirik aterako; Margaretek probatuak zituen itxialdia eta zigorra Kazakhstanen, Stalinen aginduz. Halako egoera ilunean, Milenak irakatsi egin zion Margareteri ideiak ordenatzen, diskurtsoa egituratzen, kontatzen. Margarete bizirik atera hiltegi itzel hartatik, eta bien partez argitaratu zuen Milena, narrazioak suz grabatuta memorian. (Eta hara non Jesenska ezaguna den, Kafkaren emaztegaia izan zelako batez ere).

      Emakumeak, idatzi ahal izateko, nork bere gela behar du, jo zuen bete-betean Virginia Woolfek 1929an, finantza-sistema kapitalistak airean eztanda egiten zuen bitartean. Gela propio bat; batzuetan nahikoa da txoko gaizki haizatu bat. Leihorik gabeko lau metro karratu eta intimitaterako aukera handirik gabekoa, nire kasuan. Nahikoa nire liburua amaitzeko, hil ala biziko kontua baitzen niretzat. Aski desberdinak nire zuloa eta Virginiak bere letra sukartsu eta bikaina askatzen zueneko saloi zabal, argitsu eta isila. Zinea betiko jabetzen da gure gogoaren irudiez: niretzat Virginia beti izango da Orduak filmean desitxuraturiko Nicole Kidman hura, bere mamuak uxatu nahian dabilena Mrs. Dalloway idazteko, neskameak ez beste inork molestatzen ez duena: «Erabaki al du berorrek bazkariko menua?». (Nire ama ere hurbiltzen zait dutxatzen lagundu behar diodala gogorarazteko. Lipar batez, aldi berean sentitzen naiz bai Virginia eta bai haren neskamea, arropa gutxiagorekin bada ere).

      Ez da nire asmoa idazle handiari destaina egitea burgesa zuri diruduna izatearren. Virginiak aipatzen duen norberaren gela ez da soilik fisikoa. Batez ere barne-egoitza menderaezin batez hornitu beharra dago, edo behintzat jakin inoren egitasmoetarako orduka soilik alokatzekoa dela, ez aldi osorako. Posible da idaztea norberaren gela materialik izan gabe, baina ezin da idatzi norberaren barne-zulo miragarri hori izan ezean, ezinezkoa da.

      Lurralde intimo harresitu horri esker lortu zuten idaztea egoerarik latzenean, abegitasun eskasenekoan, Anna Ajmatovak, Margarete Buber-Neumannek, Milena Jesenskak, baita Sara T. faltsutuak ere. Nik behinola eduki nuen ondo egurasturiko gela handi bat, horma izokin kolorekoak eta zur oneko mahaia, inor gogaitzera etortzen ez zitzaidan gela bat, orduak joan eta nik ezer idazten ez nuen gela bat, barrutik kolonizatuta nengoelako. Folio zuriak izua ematen dio tratu txarrak jasan dituen emakumeari. Bedeinkatua feminismoa, bedeinkatua Virginia Woolf!

 

 

Urdanga zikinaren idazkera

 

      Beto Preciadok esan zidan Urdanga bilakatzea liburua abisu hau eginez abiatu behar nuela: benetan urdanga zantarra den idazle batek liburu batean zentratzeko, aurrera egiteko eta liburua amaitzeko gainditu beharreko oztopoez ohartaraziz. Prekarietate ekonomiko eta emozionala alkohol-dosi frankorekin bustia eta substantzia misteriotsuekin hautseztatua. Nire samalda eta neu kulunka iraunkor batean murgilduta, askotan atsegingarri, baina atsekabezkoan. Gelditzeko aukera blokeaturik duen errusiar mendi bat bezala.

      Hilabeteetan esan eta esan nuen: gure akelarre orgiastikoak lan-eremua dira niretzat. Olga Muedrak, nire itsasargi zuhurrak, nik kontaturiko makarraden errosarioa entzutean, askotan iradoki dit: «Utz itzazu alde batera feminismoari buruzko txapak, eta kontatu zure lagun txoroen bizitza, urrezko bihurtuko zara eta». Kasu egiten diodanez, baina partez bakarrik, abentura feministen liburu bat argitaratu nuen azkenean. Pixka bat arduratu zen ama: «Laztana, beharrezkoa al zenuen DENA kontatzea? Ezin zenuen zerbait utzi esan gabe? Mundu guztiarekin egiten duzula txortan, drogak hartzen dituzula, zure nobioa trans... dela?».

      Egia esan, isiltzea ez da inoiz izan nire espezialitatea. Behinola, gau bat atxilotuta pasatu ondoren Inditext-i bere ondasunen zati infinitesimal bat kentzeagatik, polizia batek ia isiltzeko agindu zidan aitorpena egiteko orduan. Nire aitorpen jariotsuarekin haluzinatuta, «pentsatu erantzun baino lehen» aholkatu zidan. Uste izatekoa da, aipatu ezineko izu baten mende hazitako neskatxo batentzat, hitzez adieraztea liberazio bat dela, exorzismoa, katarsia. Ahobero izateak milioika aldiz endredatu dit bizitza, baina horretan ere, ia gauza guztietan bezala, moldakaitza naiz.

      Nire beste adierazpen-ohituretako bat da kontatzen ari naizen horretan kokatzea. Unibertsitatean pasatutako bost urteko prestakuntza dezimononikoak —tipografoz maketatzen irakatsi ziguten, eta 1996 urteari buruz ari naiz— balio izan zidan objektibitatearen iruzurrari diodan fobia berresteko. Kazetaritzaren Behi Sakratuari egindako mespretxu horrek, nire feminismo utziezinarekin eta pasio gautarrekin batera, ezegoki bihurtu ninduten mass medietan lan egiteko, Tel Aviven erdigunean bi maletarekin dabilen palestinarra bainoago. Egokitzen ere ez nintzen saiatu.

      Eta mirariz, 2000n, emakume kazetari euskaldun batzuek erabakitzen dute litekeen enpresarik ausartena sortzea: kazeta feminista bat. Eta ikertzen, idazten, argitaratzen hasten naiz. Une horretan, erabat dakit kazetaritza serioa, gizonezkoena, mokordo bat adina axola zaidala. Ozta-ozta bizi naiz Andra kazetatik datorkidan diru urriari esker, inoren kontura edaten dut —edan eta beste—, konpultsioz lapurtzen dut, fashion nabil, inoizko gehien. Gero eta konektatuago nago iraultza puta-feministari, eta gero eta urrunduago kapitaletik. Bide onaren eta nire arteko lubakia gero eta zabalagoa da, orain ez dago atzerakorik.

      Ez da izaten errebelaziorik, ez da gauetik goizera gertatzen. Familiak jada ez dizu galdetzen zure lanaz edo Bartzelonan daramazun bizimoduaz, nahiago dute ez jakin. Begiak zuloetatik irten beharrean, goserik gabe eta kulerorik gabe agertzen zara Gabon-gaueko afarira.

      Ezinbestean, alferrik galdu zara. Gertatu da mutazioa, bilakatu zara urdanga zikin mugaldeko eta lubriko. Eta urdanga zikinari dagokion legez idatziko duzu.

 

 

Do it yourself

 

      Laura Bugalho sindikalista transak ni neu eta nire liburua Zaragozan aurkeztu gintuenean —hura besarkatzeko bulkadaren erruz gin-tonic edalontzia gure gainera bota baino lehentxeago—, adierazi zuen Urdanga bilakatzea irakurtzean animatu zela hura bere bizitza eta diskurtsoa kontatzera. Nire liburuari buruz esan dizkidaten gauza polit guztien artean, horixe da zeharo indartzen eta atsegintzen nauena. Eta ez Laurak esan zuelako, aktibista damugabe eta gutxi bezalako tipa oso eta zoragarri horrek. Norbaitek, edonork, dena delakoak, ni irakurri eta gero idazteko gogoa sentitu duela jakiteak sekulako gozamena ematen dit, orgasmorainokoa, malkoak ateratzerainokoa.

      Idazteak, eta batez ere argitaratzeak, eruditoen kontua dirudi. Erudito, gaztelaniaz «o» letraz amaituta. Liburu bat bukatzeko asmoak sukarra ematen dio, dardarak, zorabioak; errespetu handiegia izaten zaio argitaratzeari. Eta ez litzateke horrela izan behar, merkatu editorialean denetarik topatzen baitugu. Idazteak kalbarioa izan behar du, isolamenduzko eta autotorturazko ordainsaria eskatzen du. Ezin da izan hain erraza eta hain kaltegabekoa, ezen orduan, argitaratzea ezingo litzateke izan tronuan jarritako klaseen pribilegioa.

      Askoz zailago gertatu zait niri neure liburua argitaratzea baino teleoperadora, okin, inkesta-egile, erostetxe handietako edozein salgai ganorabakoren eskaintzaile, umezain edo Intermonerako arimen eta kontu korronteen harrapatzaile-lanak betetzea. Gogorra, hauxe da benetan gogorra: lan prekarizatu, feminizatu, sexualizatu horietan aritu eta edozein arratsaldetan eztanda ez egitea kolpe psikotiko batek edo bizitza osorako klase-amorruak jota. Eta hori, kontuan izanik zuri fluoreszentea, europarra eta lizentziaduna naizela, eta existitzen naizela, bazterrean izan arren. Eta esleitu zidaten generoarekin bat natorrela, haren josturak lehertzeko bada ere.

      «Itziar Zigak asmatu du modu bat zeinaren bitartez auzo eskaseko eta gustu zantarreko arratoiek, boterearen zirkuluetatik baztertuak izan diren horiek (zirkulu horietara klase ertaineko heterosexualitate zuritik iristen baita), esanahi-ekoizpenean parte hartzen baitute, beren kodeak sartuz», esaten dute nire hitzaurre-egile maiteek. (Virginie Despentes, alutik eta amorrutik idatziriko milioika liburu saldu dituen puta punk deabruzkoa, eta Beatriz Preciado, gure zibilizazioa dinamitatu eta ondoren hondakinen gainera hazia isurtzen duen filosofo argitua).

      Gogoan dut mutil xelebre bat, Gari, hauxe esaten zuena: «Kalera irten baino lehen, gure atsoari galdetzen diot: ‘‘Zelan nago?’’, eta hark erantzuten badit: ‘‘Penagarri, txarrago ezin’’, orduan seguru dakit ederto nagoela eta lixto». Niri antzera gertatzen zait Worden zuzentzailearekin: ikaratu egiten naiz markatxo gorriz beterik ez badago. Adibidez, inoiz ez dut ulertuko zergatik gaitzesten duen teta hitza. Hor dago! Azpimarratuta, seinalatuta, moja-kolegioan beste neskatxoengandik apartaturiko neskatxo lotsagabea legez. Nago Veronika Arauzoren ordenagailua ketan hasiko dela hura bere ibilalditxoak aitortzen hasten zaionean. Verok ezin izan zituen ikasketak amaitu, ezen neskatxo trans izan eta gurasoen aurkaritzak itotzen zaituenean, bizkor alde egin behar baituzu etxetik, ziztuan. RAEri ematen dizkion ostikoak faraonikoak dira, bera bezalakoak. Baina Veronika Arauzoren pultsio narratiboa txit gustura hartuko lukete unibertsitari goraipatuek, artikulugile harroek, Jakintzaren txoropitoek. Eta gainera, nor ausartuko litzateke lehia egiten Puta trans baten abenturak eta desbenturak atzerrian kontakizunari? Vero beti aterako da irabazle fan kopuruan, anonimoak izan arren. (Balentria horien autonarrazioa hemen irakurtzeko gustua har dezakezue: aloefresa.blogs.pot.com).

      Eguneroko intimoa —mendez mende emakumeentzako ihes-balbula izan dena— armairutik atera da blog munduaren eskutik. Batzuetan, goizeko kafea hartzean, nire lagunen blogetan engantxatzen naiz, batetik bestera ibiltzen naiz saltoka, zital lizun berriak aurkitzen ditut, banoa, banator, iruzkinak egiten ditut, idatzi, emozionatu, barre, google kontsultatu... eta tripak orroka hasten zaizkit: bazkalordua. Errealitate paraleloak bizi ditugu, gure albisteak ez dira telebistan irteten, eta bost axola. Konturatzen zara badela pila bat narratzaile zorrotz, poetiko, korrosibo, aztoratzaile, distiratsu eta zantar, arauaren aurka idazten.

      Zerbaitegatik harro banago, indioilarraren antzera puztuta, pozez gainezka, masturbazioari emana, gona-txakur kutuna bezala tentetua, autogoretsia, neure buruaz mozkortuta, urrumakari, ispilu aurrean duzuen venus puta hori bezain buruzut, honegatik nago: zital lizun errebesok birus bat bezala zabaltzen dugulako, etsaiaren aurrean eta batez ere etsaiaren aurka, idazten jarraitzeko segurtasuna, bakoitzak bere zulotik. Beti bezala.

 

 

[1] Artikulu hau Un zulo propio (Melusina, 2009) liburuan argitaratu zen.