Koordinatzaileak:
Isa Castillo eta
Iratxe Retolaza
Koordinatzaileak:
Isa Castillo eta
Iratxe Retolaza
Aurkibidea
Hitzaurrea, Isa Castillo Etxano / Iratxe Retolaza
—I— Baina gorputzak dio…
Amaia-Aimar Elosegi: Gutunak, Amaia-Aimar Elosegi
King Kong neska, Virginie Despentes
Norberaren zuloa, Itziar Ziga
Kuiar? Bai, arraro samarra, bitxia, Ainhoa Güemes Moreno
—II— Baina ispiluak dio…
Gorputz intsumisoen uluak II, Medeak
Basoerdi bat dela eta, Raquel (Lucas) Platero
B(isexualitatea) dela eta bueltaka, Itziar Ziga
Generoa eta zaborra. Pixa egin/kaka egin. Maskulinoa/femeninoa, Beatriz Preciado
Don’t you stop. Egin jauzi, egin gora, egin pixa, egin oihu… Ez zaitez gelditu, Beatriz Preciado
Euskal trans literarioak, Amaia Alvarez Uria
—III— Baina pentsamenduak dio…
Gorputzak eta politika feministak: feminismoa gorputz gisa, Mari Luz Esteban
Queer teoriaren sorrerako egoera soziopolitikoa. Hiesaren krisitik Foucaultera, Javier Sáez
Gender Trouble (Generoa ezbaian), Judith Butler
Genero-erregulazioak, Judith Butler
Glosategia, Amaia Alvarez Uria
Aurkibidea
Hitzaurrea, Isa Castillo Etxano / Iratxe Retolaza
—I— Baina gorputzak dio…
Amaia-Aimar Elosegi: Gutunak, Amaia-Aimar Elosegi
King Kong neska, Virginie Despentes
Norberaren zuloa, Itziar Ziga
Kuiar? Bai, arraro samarra, bitxia, Ainhoa Güemes Moreno
—II— Baina ispiluak dio…
Gorputz intsumisoen uluak II, Medeak
Basoerdi bat dela eta, Raquel (Lucas) Platero
B(isexualitatea) dela eta bueltaka, Itziar Ziga
Generoa eta zaborra. Pixa egin/kaka egin. Maskulinoa/femeninoa, Beatriz Preciado
Don’t you stop. Egin jauzi, egin gora, egin pixa, egin oihu… Ez zaitez gelditu, Beatriz Preciado
Euskal trans literarioak, Amaia Alvarez Uria
—III— Baina pentsamenduak dio…
Gorputzak eta politika feministak: feminismoa gorputz gisa, Mari Luz Esteban
Queer teoriaren sorrerako egoera soziopolitikoa. Hiesaren krisitik Foucaultera, Javier Sáez
Gender Trouble (Generoa ezbaian), Judith Butler
Genero-erregulazioak, Judith Butler
Glosategia, Amaia Alvarez Uria
King Kong neska[1]
Virginie Despentes
itzultzailea: Iñaki Segurola
Alderdi itsusitik hitz egiten dut. Neska itsusientzat, zaharrentzat, mari-mutilentzat, potor-lehorrentzat, gaizki jotakoentzat, inork jotzeko nahi ez dituen infollableentzat, zanpanentzat, histerikoentzat: neska onaren merkatutik baztertutako guztientzat.
Eta hemendixe hasiko naiz, gauzak garbi geldi daitezen. Ez dut barkamenik eskatzen deusengatik. Ez nator negar egitera. Ez nuke neure lekua aldatuko beste inorengatik, ze beste ezer baino askoz gauza interesgarriagoa iruditzen zait ni neu izatea.
Zoragarri iruditzen zait seduzitzea gustuko duten emakumeak egotea munduan; seduzitzen dakiten emakumeak. Eta ezkontzen dakiten emakumeak. Txorta-usaina botatzen duten emakumeak eta eskolako umeen merienda usaina daukaten emakumeak. Zoragarria da emakume oso goxoak egotea; beste batzuk, berriz, beren emakumetasunarekin oso kontent daudenak dira; eta oso gazteak, oso ederrak; oso kontent eta oso distirant. Benetan, poz hartzen dut behar bezalako gauzak komeni zaizkien guztiengatik. Ironiarik batere gabe diot. Gertatzen dena da… ni ez naizela haietako bat.
Seguru asko, ez nuke hola jardungo neska polita banintz: parean tokatzen zaizkidan gizasemeen jarrera aldatzeko bezain polita banintz. Emakumetasunaren proletario gisa hitz egiten dut. Hortik hitz egin dut gaurdaino, eta hortik ekiten diot berriro gaur. Ez nau batere lotsatzen earra ez egoteak, baina amorruz nago gizonezkoengan interesik sortzen ez duen neska bezala, nahiz eta denek esaten didaten ez nukeela horrela egon behar.
Nik, neska bezala, kingkong itxura handiagoa daukat Kate Moss katemotz horrek baino. Esan nahi dut beti naizela gehiegizko emakumea: zakarregia, zaratatsuegia, zakilegia, iletsuegia, gizonegia: hala esaten didate. Baina nire gizonezko ezaugarriak dira izaki desberdin bihurtu nautenak gizartean. Nire bizian gustatzen zaidan guztia, salbatu nauen guztia, nire gizon-tankerari zor diot. Beraz, hemen hitz egiten duen emakumea da gizonezkorik erakartzen ez duena, gizon-desirarik asetzen ez duena, eta itzalean eta kate motzean leku bat edukiz konformatzen ez dena. Hemendixe hitz egiten dut (antzeztokiko leku jakin batetik), eta hitz egiten duena da emakume bat gutxi seduzitzen duena, baina anbizio handikoa; nik neuk irabazten dudan diruak erakartzen nau; egiteko eta ezetz esateko botereak erakartzen nau; hiriak gehiago erakartzen nau barrualdeak baino; esperientzia berrien irrikan nago beti, eta besteek kontatzen didatenarekin ez naiz asetzen, ez.
Ez zait interesatzen amets eginarazten ez didaten gizonen zakilak gogortzea.
Ez zait sekula iruditu gauza hain nabarmena denik neska seduzitzaileek ongi pasatzen dutela.
Beti sentitu izan naiz itsusia, baina horrela hobe, ze horrek salbatu bainau kaka-bizimodu bat egitetik, nire etxe-ataritik harantzago eramango ez ninduten tipo goxo batzuen ondotik. Pozten naiz naizena izateaz, naizen bezalakoa izateaz: desiraduna gehiago desiratua baino.
Beraz, hemendixe hitz egiten dut (leku jakin bat): salduezinak gara, edo okerrak, kaskamotzak, kiratsa botatzeko beldurrez daudenak, janzten ez dakitenak, hortz-ustelak, moldakaitzak, gizonen oparirik jasotzen ez dutenak, nahi duen edozeinekin jotzeko amorratzen daudenak, narratsenak, puta txikiak, potorra beti lehorra daukaten emakumeak, txilbordunak, gizon izan nahi luketenak, gizonak direla uste dutenak, aktore pornoak izatearekin amets egiten dutenak, gizonengatik inporta ez dienak baina beren neskalagunengatik bai, ipurtandiak, depilatu gabeko ile latza eta beltza daukatenak, emakume zakar zaratatsu bargastak, pasaeran dena puskatzen dutenak, lurrindendak maite ez dituztenak, ezpain gorrituegiak daramatzatenak, zerrama beroen moduan janzteko gaizkiegi eginak egon baina dariola daudenak, gizonen gisan jantzi nahi dutenak eta kalean bizarra eraman, dena erakutsi nahi dutenak, lotsatiak direnak konplexuz beteta daudelako, ezetz esaten ez dakitenak, heziak izateko lotzen direnak, beldurra ematen dutenak, pena ematen dutenak, gogorik ematen ez dutenak, azal eroria daukatenak, aurpegia zimurrez betea daukatenak, azaltiratu bat egiteko amorratzen daudenak, edo liposukzio bat, edo sudur-aldaketa bat baina horretarako dirurik ez; gaxtatuak daudenak, inoren babesik ez daukatenak beren buruarena besterik, babesik ematen ez dakitenak, seme-alabak ardura ez dietenak, lurreraino erori arte tabernetan edatea gustatzen zaienak, itxurak gordetzen ez dakitenak.
Baina gizonezkoentzat ere hitz egiten dut: inor babesteko gogorik ez daukaten gizonentzat, babestu nahi bai baina asmatzen ez dutenentzat, borrokan ez dakitenentzat, negar erraz egiten dutenentzat, anbizio handikoak edo lehiakorrak ez direnentzat, pito handia ez daukatenentzat, erasotzaileak ez direnentzat, beldurra daukatenentzat, lotsatientzat, hauskorrentzat, nahiago dutenentzat etxeko lanak egin lanera joan baino, burusoilentzat, gustatzeko pobreegiak direnentzat, atzetik hartzeko gogoz daudenentzat, inork haiekin kontatzerik nahi ez dutenentzat.
Ze, ikustagun: izan gaitezen errealistak: saldu diguten ideal hori, emakume txuri seduzitzailea baina ez puta, ongi ezkondua baina ez inoren itzalpekoa, lan egiten duena baina bere gizona zapuztuko lukeen arrakastarik lortu gabe, argala baina ez elikadurarekin obsesionatua, beti-gazte baina kirurgia estetikoak desitxuratu gabea, ama betea baina pardelekin eta eskolako lanekin gainezka egiten ez duena, etxekoandre ona baina ez neskamea, jakituna baina ez gizon bat adina: emakume txuri zoriontsu hori, begien aurrean jartzen digutena, haren antza edukitzen saia gaitezen; emakume hori, utzirik alde batera edozer huxkeriagatik erdi-erditik hausten dela, emakume hori ez dut sekula, eta berriro esango dut: ez dut sekula… inon aurkitu. Litekeena da, gainera, ez existitzea.
[1] Virginie Despentesen King Kong Thêorie (2006) liburuan oinarrituriko bakarrizketa makarra, Josune Montonek hainbat agertokitan antzezturikoa.