Koordinatzaileak:
Isa Castillo eta
Iratxe Retolaza
Koordinatzaileak:
Isa Castillo eta
Iratxe Retolaza
Aurkibidea
Hitzaurrea, Isa Castillo Etxano / Iratxe Retolaza
—I— Baina gorputzak dio…
Amaia-Aimar Elosegi: Gutunak, Amaia-Aimar Elosegi
King Kong neska, Virginie Despentes
Norberaren zuloa, Itziar Ziga
Kuiar? Bai, arraro samarra, bitxia, Ainhoa Güemes Moreno
—II— Baina ispiluak dio…
Gorputz intsumisoen uluak II, Medeak
Basoerdi bat dela eta, Raquel (Lucas) Platero
B(isexualitatea) dela eta bueltaka, Itziar Ziga
Generoa eta zaborra. Pixa egin/kaka egin. Maskulinoa/femeninoa, Beatriz Preciado
Don’t you stop. Egin jauzi, egin gora, egin pixa, egin oihu… Ez zaitez gelditu, Beatriz Preciado
Euskal trans literarioak, Amaia Alvarez Uria
—III— Baina pentsamenduak dio…
Gorputzak eta politika feministak: feminismoa gorputz gisa, Mari Luz Esteban
Queer teoriaren sorrerako egoera soziopolitikoa. Hiesaren krisitik Foucaultera, Javier Sáez
Gender Trouble (Generoa ezbaian), Judith Butler
Genero-erregulazioak, Judith Butler
Glosategia, Amaia Alvarez Uria
Aurkibidea
Hitzaurrea, Isa Castillo Etxano / Iratxe Retolaza
—I— Baina gorputzak dio…
Amaia-Aimar Elosegi: Gutunak, Amaia-Aimar Elosegi
King Kong neska, Virginie Despentes
Norberaren zuloa, Itziar Ziga
Kuiar? Bai, arraro samarra, bitxia, Ainhoa Güemes Moreno
—II— Baina ispiluak dio…
Gorputz intsumisoen uluak II, Medeak
Basoerdi bat dela eta, Raquel (Lucas) Platero
B(isexualitatea) dela eta bueltaka, Itziar Ziga
Generoa eta zaborra. Pixa egin/kaka egin. Maskulinoa/femeninoa, Beatriz Preciado
Don’t you stop. Egin jauzi, egin gora, egin pixa, egin oihu… Ez zaitez gelditu, Beatriz Preciado
Euskal trans literarioak, Amaia Alvarez Uria
—III— Baina pentsamenduak dio…
Gorputzak eta politika feministak: feminismoa gorputz gisa, Mari Luz Esteban
Queer teoriaren sorrerako egoera soziopolitikoa. Hiesaren krisitik Foucaultera, Javier Sáez
Gender Trouble (Generoa ezbaian), Judith Butler
Genero-erregulazioak, Judith Butler
Glosategia, Amaia Alvarez Uria
Amaia-Aimar Elosegi: Gutunak[1]
Amaia-Aimar Elosegi
* * *
2007ko urteko apirilean bere buruaz beste egin zuen nire alaba, edo seme transexualari buruz idazteko eskatu didate.
Bere jaiotza ez zen kasualitate hutsa izan; benetan desiratutako umea izan zen, ongietorria, jada bi seme zituen familian. Zoriontsu eta alai hazi zen, bere egunerokoan aipatzen duen bezala, baina lehen aldiz hilekoa etorri zitzaionean bere genero nortasunaren inguruko lehen arazoak izan zituen.
Nik sumatzen nuen alaba nahiko maskulinoa zela gustu kontuetan, baina ez nion bestelako garrantzirik ematen. Kirola egitea asko atsegin zuen, futbola, judoa, korrika egitea, eskalatzea, arrisku kirolak… Ez nuen sekula printzesatxo bat izango zenik amestu, baina beti nuen bere itxura femeninoagoa bihurtuko zen esperantza.
19 urterekin bere transexualitatea aitortu zidan; alegia, neska gorputza zuen mutikoa zela. Une hartara arte, ezjakintasunaren eraginez, transexualitatea trabestismo, farandula, morbo eta horrelakoekin erlazionatzen nuen. Filmetan agertzen zen zerbait zen, urruneko zerbait eta ez etxe barruan izango duzun zerbait.
Aitortza egin zidan lehen momentua gogorra izan zen. Negar egin nuen, elkarrekin egin genuen negar. Nire alaba bizardunaren irudia nuen buruan; ez nuen gizon gisa ikusten. Aldaketa prozesuaren amaierara joan nintzen salto batean eta izutu egin nintzen; jasan behar izango zuen guztiak izutu egin ninduen.
Pentsatu nuen hurrengoa, jendeak esandakoari jaramonik ez niola egingo izan zen.
Egun hartan bertan aita eta bi anaiei esan genien, eta guztiok berria arduraz baina dramatismorik gabe jaso genuen. Orain gure alabari gertatzen zitzaiona ulertu eta hartatik ikasteko txanda zen.
Urte eta erdiz psikologoen laguntzarekin aldaketa fisikoaren atarian ginen. Hau da, tratamendu hormonala hartzeko garaia heldu zen eta, era berean, beldur eta zalantzak azaleratu zitzaizkion gure alabari. Arazo hauek Bilbora ikastera joan zen garaikoak ziren eta une haietan izan zituen gorabehera pertsonalek arazoa areagotu egin zioten. Bilbon, meatzen ingeniaritza ikasten zuen.
Esperientzia positiboak ere izan zituen. Gimnasio batean judo egiten hasi zen eta bere izen berriarekin aurkezten zen, Aimar gisa, eta nesken aldagelak ez erabiltzea eskatu zuen; ez baitziren bereak; baina ezta mutilenak ere, bere itxura fisikoak oraindik eragozten baitzion. Naturaltasun osoz, gelatxo bat eskaini zioten bertan alda zedin.
Gimnasio normala zen, jende normalarentzat eta mundu honetan guztiontzat lekua dagoela ikasten den esparru horietako bat.
Niretzat oso pozgarria izan zen bera han hain gustura sentitzen zela jakitea. Bere kirol kuttuna zen eta onartzen zuen jendez inguratua zegoen.
Garai hartan, etxekoei bera zen bezala tratatzea eskatu zigun eta Aimar izena erabiltzea. Oso zaila zen guretzat, izan ere, nahiz eta mutil itxura izan txikitatik, guretzat beti Amaia izan zen 20 urtean. Lagunek aspalditik esaten zioten Moio, bere izenarekin hitz jokoa eginez.
Egoera honek eta bere buruarekin zuen borroka honek egoera depresibo batean murgildu zuen eta bizitzak ihes egin zion. Aingerutxo batek bezala alde egin zuen, hegan. Gu berriz, harriturik, atsekabeturik eta triste utzi gintuen… oso zaila da sentitzen den mina adieraztea, noizbait itxiko den zauria da, baina orbana beti egongo da hor.
Bizitzari eskerrak ematen dizkiot, bera erditu izanagatik, hazteagatik, gozatzeagatik eta beragandik ikasitako guztiagatik. Bere normaltasunaren aldarria egiten zuen beti. Makina bat aldiz esan zidan: «Ama, ni normala naiz». Bai noski, duintasunez betetako pertsona zen; sentsibilitate handikoa, 21 urtean ikusi ahal izan genuen bezala.
Zenbat erakutsi zigun… eta zenbat utzi digun… Atsegin zuen idaztea eta oso maiz idazten zuen. 12 urterekin hasi eta azken unera arte idatzi egin zuen. Bere burua bota zuen harkaitzean idatzi zituen bere azken hitzak, ordu laurden lehenago. Jaso zuen laguntza eskertzeko idatzi zuen.
Asko erakutsi zigun, eta horretatik nik jaso nuena, transmititu zigun normaltasun mezua da. Beragandik ikasi genuen transexualitateak ez duela zerikusirik folklorearekin, izadiaren beste aldaera bat dela, ez dela nahaste bat ezta desbideratze bat ere.
Ez da akats bat, baina barne-prozesu zaila darama bere baitan. Biologiak frogak egiten ditu etengabe eta saiakera horietatik fruitu mota desberdin pila sortzen dira. Akatsa, arau sozialekin talka egitean sortzen da. Arau sozial hauek pentsaera eta moral atzerakoia dutenek ipiniak dira. «Normaltasuna» zalantzan jar dezakeen edonor kontrolatu eta menderatu nahi dutenek ezarriak.
Eta zer esango nuke ba besterik nire umeari buruz. Asko maite dudala, oso harro nagoela bai izan zenaz eta bai gaur egun guretzako denaz.
Zein arrasto eta oroitzapen onak utzi dizkigun…
Nik beti esaten nuen ereiten duenak uzta jasotzen duela… baina batzuetan uzta jasotzear dagoenean, ekaitzak guztia pikutara bidaltzen du; eta orduan berriro hasi behar…
Nire barnean betiko biziko da bizitzak emandako opari hoberenaren gisa, nire gainontzeko bi semeen antzera.
Amaia-Aimar, gure bihotzean zaude, nire barruan beti-betirako zure hasieran bezala, laztana.
Ama
(2008-02-13)
* * *
Kaixo, Amaia, barkatu, Aimar!
(badakik, ohitura kontua):
Hilak 23 izan zituen horretan triste jo zuen. Zerua goibel, hodei ilun beldurgarriak etxetik ateratzerako. Zerbait txarra gertatuko denaren seinale. Goizean goizetik irten nintzenean, kutxarako bidean. Plaza Berriko izkinan eskelak jartzen dituzten laukitxoa. Sekulan ez diat begiratzen hara, ez zaizkidak gustatzen, baina egun horretan premonizioa edo horrelako zerbait izango huan. So geratu ninduan, bat-batean aurpegi gazte ezaguna, hurbildu, eta oilo-ipurdiarekin batera, malkoak begitan. Duela urte batzuk elkar ezagutu eta elkarrekin izan gintuan Institutuan. Nahiz eta begiratu serioa izan, beti irribarrea ezpainetan, ondo konpontzen gintuan eta hori ez duk beti erraza izaten ikasle-irakasle harremanetan (batez ere adin horretan!). Egia esan behar badiat, duela denbora luzean ez hindudan ikusten eta ikusitakoan aurpegian kolore ona ez huela konturatzen nintzen. Horrelakoetan beti geratzen zaidak arantzatxoa bihotzean, ahal nuen guztia egin ote nuen bere garaian «askatasun» hitz potoloaren esanahi guztiak adierazteko? Baten batek erantzungo du Aimarri ez zitzaiola esplikatu behar zer zen askatasuna, gizarteari baizik, eta hala da! Zoritxarrez, aukeraketa sexuala, identitate sexuala eta horrelako kontzeptuak oso berriak dira, ezagutu berri dira. Maiz legeak onartzen dira gizarteak asumitu balitu bezala, baina gizartea legearen oso atzetik dago. Bide luzea diagu.
Omenaldian hire familiak eman din hire borrokaren berri, zorionak familiari! (ez huan erronka arina hire eskaerak betetzea, dugun gizartearen panoramarekin). Hi saiatu hintzen askatasun hori praktikatzen, baina talka egin hunan, gizarte estu, itxi eta aurriritziz betetako jendartearekin.
Hitz ematen diat hire borrokarekin ere jarraituko dugula.
Jone Egaña
(Kronika, 2007-04-28)
* * *
Ez zintudan ezagutzen zuzenean. Zure hurbilekoak ditut ezagunak eta adiskideak, eta haiekiko sentimenduek hurbildu naute zuregana.
Beilatokian egin dugu elkarrekin topo. Zure gorpua hilik, arnasarik gabe, nirea oraindik bizirik. Benetan barnean sentitu zaitut. Zure aurpegiak barne edertasuna islatzen zuen: freskura, duintasuna, argia eta maitasuna. Zure gurasoekin hitz egin ondoren, askatasuna sentitu dut azal-azalean, askatasuna izan baita zure bizitzako lorpenetako bat, batik bat, barne askatasuna zure modura bizitzeko, zure norabideak bideratzeko gizarteak jartzen dizkigun arau eta moldeetatik haratago, inguruko esamesei kasurik egin gabe, zure barne argiari jarraituz. Heriotzari ere askatasunez egin diozu aurre, eta askatasunak duintasuna darama. Duintasunez hiltzeko eskubidea defendatzen dugunok pertsonaren askatasunean oinarritzen gara.
Eta, zalantzarik gabe, duintasunez hil zara. Nahiz eta zeure buruaz beste egin duzun. Eta zer? Edozein heriotza mota, askatasunez egiten denean, duina da, eta askatasunez jokatzea duintasunez jokatzea da.
Eta maitasunak lagundu dizu zure bizitza osoan. Zure gurasoek, zure familiakoek, zure lagunek, denek, maite izan zaituzte, eta bizitzako azken momentuan ere haien maitasun osoa izan duzu. Zer gauza ederragorik askatasunez eta maitasunez inguraturik hiltzea baino?
Hernaniko plazan, arratsalde-ilunabarrez eskaini zizuten omenaldi edo hileta zibilaz, esan nahi baita, erabat laikoaz, esan nahi dizut seguruenik zuk nahi zenukeena izan zela. Zazpi eta erdiak puntuan plazan bildurik geundenon artean isiltasun sakona nagusitu zen. Ez zaratarik gabeko isiltasun azalekoa, lengoaia sakona duen isiltasuna baizik, emozioz, sentimenduz beteriko isiltasuna. Eta jende asko bildu zela esan nahi dizut, Aimar, adin guztietakoa, zurekiko sentimenduren batek lotzen zuen jendea.
Negar artean esan eta entzundako hitzak barnera, oso barnera, iristen ziren. «Ez dugu galderarik egin nahi», zioten zure lagunek. Erantzuna eman diguzu eta zure bizitza osoan erantzunak ematen zenekien. Izan ere, zergatik egin galdera absurdoak. Zure heriotzak ez du agerpenik behar. Duintasunez hil zara, eta kito.
Gure gizarte hipokrita honetan tabu diren hainbat hitz, hala nola suizidioa, eutanasia eta abar, moral faltsu baten ondorioak, destabuizatu dituzu, konbentzionalismo hutsetik haratago bizi izan baitzara.
Beste tabu bat ere plazaratu duzu: sexuarena. Ez omen zinen armairutik atera zioen zure lagunetariko batek, ez baitzinen inoiz barruan egon. Transexualitatea, sexuz aldatzeko nahia. Hor ere askatasunez eta duintasunez jokatu duzu, zoriona ez baitatza gure gizarteak nahi duen erara bizitzean, askatasunean bizitzean baizik.
Zorionak, Aimar, beste arlo askotan bezala hemen ere bide berriak irekitzen saiatu zarelako. Seguru nago Hernaniko gizartea horrelako hitzak entzuteko gogoz zegoela eta plazan grabaturik geratuko direla.
Nik, egia esan, zuri, zure gurasoei, lagunei eta Hernaniko herriari eskaini nahi diedan omenalditxo honekin zorionak eman nahi dizkizut. Zergatik ez? Dolua hor dago, nola ez, baina bakea eta lasaitasuna eta maitasuna ere bai.
Eta, bukatzeko, zure eskelan agertu den irudi eder hori aipatu nahi dizut, alegia, izarretara hegan egin, zure izpiritua izar bilakatu, eta zure gorpua Ama Lurraren magalean abandonatu zenuelako. Hernaniko kosmos txikian hor egongo zara, izar argitsua baitzinen, oroimen kolektiboan beste izar askorekin batera, zure gorpua lur bihurtzen den bitartean.
«Hegoak ebaki banizkio/ neuria izango zen/ Ez zuen alde egingo/ baina horrela ez zen txoria izango/ Eta nik, txoria nuen maite».
Eskerrik asko, eta zorionak, Aimar!
Adiorik ez.
Felipe Izagirre
Duintasunez Hiltzeko Eskubidearen aldeko Elkarteko kidea
(Berria, 2007-05-08)
* * *
Badakiela uste zuena
ezjakin sentiarazten
zuen kolpea jo ta hegatu zen
galdera bat utziz jausten.
Gaur begirada umilagoaz
goaz hobetzen ta hazten
bidetxior horretan barrena
ikustezina ikusten ikasten
ikustezina ikusten ikasten.
Maialen Lujanbio
[1] Mila esker Amaia-Aimar Elosegiren gurasoei, gutunak eta lekukotasunak argitaratzeko agertu duten eskuzabaltasunagatik.