Genero-ariketak
Askoren artean
Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak
Askoren artean
Koordinatzaileak:
Isa Castillo eta
Iratxe Retolaza
2013ko uztaila
artikulu-bilduma
Literola, 1
318 orrialde
978-84-940489-5-1
Genero-ariketak
Askoren artean
Koordinatzaileak:
Isa Castillo eta
Iratxe Retolaza
2013ko uztaila, artikulu-bilduma
318 orrialde
978-84-940489-5-1
aurkibidea

Aurkibidea

Hitzaurrea, Isa Castillo Etxano / Iratxe Retolaza

—I— Baina gorputzak dio…

Amaia-Aimar Elosegi: Gutunak, Amaia-Aimar Elosegi

King Kong neska, Virginie Despentes

Norberaren zuloa, Itziar Ziga

Kuiar? Bai, arraro samarra, bitxia, Ainhoa Güemes Moreno

—II— Baina ispiluak dio…

Gorputz intsumisoen uluak II, Medeak

Basoerdi bat dela eta, Raquel (Lucas) Platero

B(isexualitatea) dela eta bueltaka, Itziar Ziga

Generoa eta zaborra. Pixa egin/kaka egin. Maskulinoa/femeninoa, Beatriz Preciado

Don’t you stop. Egin jauzi, egin gora, egin pixa, egin oihu… Ez zaitez gelditu, Beatriz Preciado

Euskal trans literarioak, Amaia Alvarez Uria

—III— Baina pentsamenduak dio…

Gorputzak eta politika feministak: feminismoa gorputz gisa, Mari Luz Esteban

Queer teoriaren sorrerako egoera soziopolitikoa. Hiesaren krisitik Foucaultera, Javier Sáez

Gender Trouble (Generoa ezbaian), Judith Butler

Genero-erregulazioak, Judith Butler

Glosategia, Amaia Alvarez Uria

Biografiak

Aurkibidea

Hitzaurrea, Isa Castillo Etxano / Iratxe Retolaza

—I— Baina gorputzak dio…

Amaia-Aimar Elosegi: Gutunak, Amaia-Aimar Elosegi

King Kong neska, Virginie Despentes

Norberaren zuloa, Itziar Ziga

Kuiar? Bai, arraro samarra, bitxia, Ainhoa Güemes Moreno

—II— Baina ispiluak dio…

Gorputz intsumisoen uluak II, Medeak

Basoerdi bat dela eta, Raquel (Lucas) Platero

B(isexualitatea) dela eta bueltaka, Itziar Ziga

Generoa eta zaborra. Pixa egin/kaka egin. Maskulinoa/femeninoa, Beatriz Preciado

Don’t you stop. Egin jauzi, egin gora, egin pixa, egin oihu… Ez zaitez gelditu, Beatriz Preciado

Euskal trans literarioak, Amaia Alvarez Uria

—III— Baina pentsamenduak dio…

Gorputzak eta politika feministak: feminismoa gorputz gisa, Mari Luz Esteban

Queer teoriaren sorrerako egoera soziopolitikoa. Hiesaren krisitik Foucaultera, Javier Sáez

Gender Trouble (Generoa ezbaian), Judith Butler

Genero-erregulazioak, Judith Butler

Glosategia, Amaia Alvarez Uria

Biografiak

 

 

Basoerdi bat dela eta

 

Maskulinitateari eta trabestismoari buruzko historiak

 

Raquel (Lucas) Platero

 

itzultzailea: Ainara Sarasketa Alberdi

 

      Gaur gauean «packing»a egitera ateratzea erabaki dut. Baikortasunaren eta lerdentasunaren arteko nahasketa honek, praken eta galtzontziloen azpian daramadan zakil prostetikoa gehituta, nire maskulinitatea erakustaraztera narama. Ispilu aurrean apaindu dut neure burua. Seriean dagozkidan bihurguneak ongi egokitu ditudala ziurtatu. Artetsuki nahastutako ilea agerian, bereziki neurrira datorkidan alkandora beltz berria... Bikain nago, pentsatu dut irribarreari eutsi ezinik. Egia esan, ez daukat planik, ez naiz ezagun batekin larrualdi bat izateko bereziki prestatzen ari. Nire buruarentzako oparia da, mugitzen naizenean ongi sentiarazten didana, nire grabitate-zentroa eta jarrera berriz egokitzen dizkidana. Bestalde, agian ez naiz bakarra izango —hori esaten diot nire buruari— eta, dudarik gabe, ez naiz oharkabean pasako.

      María Elena gaur gauean «packing»a egitera aterako ote litzatekeen galdetzen diot nire buruari, tabernaren batean poteren bat hartuko ote genukeen, eta inguruko neska interesgarriei azeri irribarrez begiratu. Zutaz dakidan guztia, María Elena, 1968. urteko polizia-fitxategi frankista batean dago. 1954. urteko Alfer eta Gaizkileen Legearen 6. artikulua[1] ezarri zizuten, eta polizia-fitxategian espediente-zenbaki bat zara, izen bat, eta zapaltzaileen hitz-jarioa. Víctor Bedoya-k[2] espediente piloaren artean aurkitu duen horituriko paper sorta batean dago. Berez, ez dakigu oraindik bizirik ote zauden ere. Zerbait hartzera joateko trabestitzen jarraitzen ote duzun. Oraindik Katalunian bizi ote zaren. Baina, jakin badakigu zure historia garrantzitsua dena.

      Zure izenari erreparatuz, María Elena, epaile eta funtzionarioek bioemakume[3] bat zarela nabarmentzeko hartutako erabakia dela pentsatzen dut —beren ustez emakume bezala eraikitako gorputz bat—. Nik M.E. deituko dizudala uste dut. Garaikideagoa eta androginoagoa iruditzen zait. Ez dakit nola deitzen zizuten zure lagunek eta maitaleek, zure gurasoek edota konfiantzazko pertsonek, baina gaur gauean, Madrilen, guretzat M.E. izango zara. Gainera, irudipena dut nire lagunek «Mario» deitu nahiko zizutela, baina ziur asko zuk zeuk aukeratuko zenuke zeuretzat izen egokia, zeure neurrikoa.

      M.E., 21 urtetxo zenituela 1968. urteko martxoaren 26ko gau batean atera zinen bezala, larunbat gau honetan nire lagunekin aterako bazina, segur aski begiraden erdigunea izango zinateke —nahiz eta horretarako Clark edo ni bezalako «mutil»ekin lehiatu beharko zinatekeen—. Atxilotu zintuzten guardia zibilen arabera, zure garaiko emakumeentzat berezitutako eta derrigortutako takoidun zapata, media eta kuleroen ordez saskibaloiko zapatilak, galtzerdiak eta galtzontziloak janzten zituen norbait zara. Janzkera horrekin plazer handia sentitzen duzula gaineratzen dute... (galdetu al zizuten inoiz?). Nire ustez, zure garaiari aurre hartu zenion. Zure saskibaloiko zapatilak nire lagun Clarkek beti daramatzan horiek bezalakoak dira. Herrikideak izateaz gain, Hospitalet-ekoak, ziur Clarkekin beste hainbat zaletasun ere partekatuko zenituela. Clark, NANaren arabera Miriam, momentu zoragarria bizitzen ari da. Bere gorputza moldatzeko desiraz jabetzen ari da, indartsu eta gihartsu bihurtzen, bere buruaz duen irudira gerturatuz. Zer pentsatuko zenuke zuk horretaz, M.E.? Clarkekin gimnasiora joango al zinateke? Gorputza zure gustura moldatzea pentsatuko zenuke? Eztabaidatuko ote genuke gure neurriko «mutil»-janzkera non aurkitu? «travelo»ak gara, horixe da esateko dudan guztia. Zugan pentsatzen dut, Clarki begiratzen diot, eta ondoren nire buruari, eta gaur gauean oso ondo pasako genukeela uste dut, aukeratutako lekuan garena izaten lagunduko ligukeen elkarrekiko errekonozimenduaz gozatuz.

      Zure itxuraren inguruko deskribapenak pisu handia du zure polizia-fitxan, eta horrek ohartarazten digu zer zeneraman (eta zer ez) begiratzeaz arduratu zirela: galtzerdi famatuak, galtzontziloak eta saskibaloiko zapatilak. Gaur egun, galtzerdiak eta galtzak ez ditugu trabestitzeko modu bat bezala hartzen, aspaldidanik ez baitira soilik mutilentzat, eta emakumeen gehiengoak erabiltzen ditu. Agian, horietaz frankismo garaiko bestelako bizipen eta oroitzapenak dituzte gure amek... baina, eta galtzontziloak? Zer gertatzen da galtzontziloak erabiltzen badituzu? Jaiotzez gizon ezarritakoentzat al dira bakarrik? Nire amak hori garbi dauka. Zure atxiloketatik 40 urte igaro diren arren, arropak genero-arauen ezaugarria izaten jarraitzen du, egokia zer den eta beharrezko salbuespenak zehaztuz. Gaur gauean, aldatutako mundu bat ikusiko zenuke eta azaldu egin beharko genizuke baietz, hala dela, baina ez dela horrenbeste ere aldatu. Arau-hausteak zigortu egiten dira oraindik; sarritan, gure maskulinitateak maila onargarria gainditzen badu, nabarmendu egiten digutela; oraindik badirela zigor sozial eta psikologikoak, kartzelan sartzen ez bagaituzte ere. Espainiako estatuan behintzat ez. Ikusiko zenuke zenbait gizon interpelaturik sentitzen direla maskulinitate modu «akastun»en aurrean, gizon izanez dabilen iruzurti bat aurkitzean, zigortu egin nahiko dutela. Hori ez da ezer berria, ez da horrenbeste aldatu, zuk ondo dakizun bezala.

      Basoerdi bat edatera atera zinen Hospitalet-eko La Gran Cava-ra, Conde del Asalto kaleko 25.ean dagoen tabernara, gaur gauean Clark eta nik Madrilgo erdigunean egingo dugun bezala. Auzoko biogizonekin berriketaldi ozenean irudikatzen zaitut ukondoa barraren gainean duzula, eta herrikideek nola begiratzen zizuten irudikatzen saiatzen naiz. Clarkekin eta nirekin, sarritan, ezin asmatuta dabiltza: bi mutil gay ote garen; bi emakume oso maskulino, eta, beraz, txirlajale; edota besterik gabe, bi pertsona xelebre ote garen, ezin asmatuta. Ezinbestean begiradak lotu zitzaizkizun, M.E., ezin izan baitzenuen oharkabean gizontzat pasa; konturatu egin ziren eta, segidan, Kuartelera eraman zintuzten. Atxiloketa Guardia Zibilak egin zuen eta 1968. urteko martxoaren 26an Atarazanas-eko komisaldegira eraman zintuzten. Ondoren, Alfer eta Gaizkileen epailearen aurrean agertu behar izan zenuen, eta zutaz honako hau idatzi zuten:

      Fue detenida (…) en actitud sospechosa y vestida de hombre. Carece de antecedentes, manifestando que no se dedica a actividad alguna, viviendo de las caridades que le hacen y algunas veces haciendo donaciones de sangre. Dice que se viste de hombre para así poder engañar a las mujeres hacia las que siente una irresistible inclinación.[4]

      (...) gizonezkoz jantzita eta jarrera susmagarria zuela atxilotu dute. Ez du aurrekaririk eta lan-jarduerarik ez duela dio, batzuetan odola emateari esker edota jendeak eskainitako laguntzari esker bizi da. Esaten duenez, eutsi ezinezko grina sentiarazten diote emakumeek, eta horiek engainatzeko janzten da gizon tankeran.

      Epailearen eta Estatuaren errepresioaren aurrean, zu, María Elena N.G., gizonez trabestitutako emakume bat zinenez, jendartearentzat arriskutsua den norbaiten ekintza susmagarri bihurtu zen taberna batera zerbait hartzera ateratzea. Eta ez hori bakarrik, gainera, «emakumeak engainatzea» zenuen helburu. Haien logikaren barruan, emakume horiek ezin zuten libreki erabaki zurekin lotzea, gezur baten ondorioz baizik.

      Sexu, sexualitate eta genero hirukotea erabat mugatua zegoenez, argi dago emakumeak ez zirela tabernetara joaten testuinguru historiko hartan, ezta gizonezkoentzat mugatuta zeuden espazioetara ere. Ezinezkotzat hartzen zen batzuen eta besteen espazio, jarrera edota ezaugarriez ez jabetzea, eta hortaz, arauak hausten bazenituen nahita egiten zenuen, transgresiorako borondatea zenuelako, eta horregatik, zigorra merezi duzu, ez bakarrik jendartearen zigorra, baita Estatu biolentziaren zigorra ere.

      Zure garaian, emakumeak amak eta emazteak ziren, otzanak eta umilak izaten ikasten zutenak; familiaren giltzarri nagusiak ziren, estatu ahul baten batasuna bermatzeko ezinbestekoak, eta, horretarako, beharrezkotzat zuten II. Errepublikak ahalbidetutako espazio publikoetatik emakumeak kanporatzea (Pineda, 2008). Hori horrela, emakumeek heterosexualak besterik ezin zuten izan, jendarte- eta politika-makineria faxista iraunarazteko funtsezko partaideak. Ezkontzaren eta amatasunaren bidea jarraitu nahi ez zuten emakumeek komentua, eromena edota besteen zerbitzurako ezkongabetasuna zituzten aukera bakartzat. Edota bestela, jendartearentzat pertsona arriskutsu bihurtzea, urdanga, gaizkile.

      Gizonek, bestalde, estatuak abertzale fidelentzat idatzitako gidoia jarraituz, familia-buruak, langileak eta ondasun-hornitzaileak izatea zuten helburu. Gizonezkoak paterfamilia eta hornitzailearen jarrera anbibalente batean eraikitzen ziren, eta, beraz, jarrera menderatzailea zuten emaztearekin eta seme-alabekin; eta, aldi berean, meneko ziren Estatu autoritarioaren aurrean, posizio feminizatuagoa agertuz. Jendarte horretan, kidetasun militar eta gerrazalearen ingurumarian, faxismoari lotutako maskulinitatea goraipatzen zen gorputz gazte, uniformatu eta gihartsuen irudiak zabalduz (Pérez Sánchez, 2007). Homoerotikara gerturatzen zen estatu-kultura batean bizi zinen, espazio/gune zeharo berezituak eginez kontrolatu behar zen homosexualitatea eta bere kutsakortasunaren arriskua —Antonio Sabater Tomas epaileak bere testuetan eta LRPS-ren idazkietan erabilitako terminoa—. Zure garaiotan, turismoak eta hiritartasunak jendarte-kontrola gutxitzea ekarri zutenez, moral galera horren aurka altxatu zen frankismoa, eta horretarako, frankismoaren eugenesiak heterosexualitatea sustatzen zuen pertsona egokien jaiotza bideratzeko (Monferrer-Tomàs, 2003: 182).

      Zu ezin zinen emakumea[5] izan. Emakumeak ez dira tabernara joaten basoerdi bat hartzera, ezin dute gizonekin parekide gisa aritu. Ez zenuen zaindu beharreko familiarik. Ez zitzaizun senarrik ezagutzen —bazenuen mutil-lagun bat, baina maritxua zen, eta zuribidetzat hartu zen—, eta ez zenuen lanik ere. Zaintzaileen begiradapean, zure gorputzak nabari uzten zuen gizonezkoa ere ezin zinela izan. Pentsatzekoa da bazenuela zerbait nabarmen uzten zintuena, edota norbaitek salatu zintuela; edo akaso zure trabestismoa ez zen horren sinesgarria gizonezkotzat agertzeko une oro eta guztien begietara.

      Ezin zinen emakumea izan, emakumeekiko erakarpena sentitzen zenuelako. Eta gizonezkoa ere ez zinen, nahiz eta «eutsi ezinezko erakarpena sentitu emakumeekiko eta zure jarrera zein joera gizonezkoen bera izan». Frankismoaren oinarrizko zutabe bat nabarmen uzten ari zinen, generoaren eta sexualitatearen antolaketa. Bikoteetan oinarritutako munduan, onak eta gaiztoak, justuak eta bekatariak, nazionalak eta gorriak bikoteak zeuden bezala, mundu horren antolakuntza ere beste biko hauetan banatzen zen: emakumeak eta gizonak, heterosexualak eta homosexualak. Alde batean ziren etxeko buruak eta amak (alegia, jendartearen zutoinak); eta beste aldean, gaizkileak, pertsona arriskutsuak eta emagalduak. Badakigu garaipenaren ondorengo urteetan eta gerra ostean, erregimenak ez ziola garrantzi handirik eman homosexualitateari. Izan ere, arduratuago zegoen gerraosteari aurre egiten, eta eliza katolikoaren esku utzi zuen zeregin hori, moralaren aurkako jokaerak kontrolatzea (Bastida Freijedo, 1986: 185). Dena dela, 50eko hamarkadan moralaren eta sexualitatearen izu-ikara sortu zen, eta homosexualitatea arautzea[6] ekarri zuen. Guztiz paranoidea zen kontrol horrek, 1954. urtean, Alfer eta Gaizkileen Legean homosexualitatea zigortzea ekarri zuen, eta 1970. urteko Arriskua eta Jendartera Errehabilitatzeko Legea sustatzea. Erregimena, «jendartearentzat arriskutsuak», alferrak eta gaizkileak ziren pertsonekin, hau da, zorigaitza ekartzen zutenekin, edota haien jarrerekin jada, jabetzaren, bizitzaren edota moralaren oinarrizko arauak hausten zituzten pertsonekin bereziki kezkaturik zegoen une batean bizi zinen. Zigortu zintuen epailea arrisku horietaz teorizatu eta idatzi zuen bera izan zen, Antonio Sabater Tomas, homosexualismoaren kutsakortasunaz zeharo arduratuta zebilena. Homosexualen eta lesbianen arteko ezberdintasunak «ezagutzen» zituen gizona zen, eta larrituta zebilen lesbianismoaren gorakadarekin:

      (…) Consideramos, no obstante, que esta pasión lesbiana debe ser objeto de especial preocupación, tanto porque se viene notando un notorio aumento de la misma, como porque no pocas veces ha conducido a comisión de delitos sobre las buenas costumbres, la propiedad y la vida (1962: 208; 1972: 147).

      (...) Hala ere, gure ustez, lesbiana izaerako grina bereziki arduratzeko modukoa da, bai azken aldian grina horren igoera nabaria delako, baita sarritan ohitura onen, jabetzaren eta bizitzaren aurkako delituak gauzatzera bultzatzen duelako (1962: 208; 1972: 147).

      Ez pentsa Sabater sexualitatean aditua zenik, are gutxiago bere konplize faxistak. Izan ere, adierak nahasten zituzten, patologiak egotzi, elkartze automatikoak egin, you name it! Badakigu emakumeen trabestismoa bereziki gogor zigortuta egon zela, batik bat frankismoaren azken garaian. Hori dela eta, Carabanchel kartzelan, «La Pajarera» izenez ezagutzen den hegalean amaitu zuten trabesti askok. Era berean, nahaste handia zegoen bisexualitatea zer zen ulertzerako orduan, eta trabestismotzat hartzen zen sarritan. Emakumeen maskulinitatea, ordea, beti lesbianismoarekin lotzen zen[7]. Gogoan izan behar dugu, gaur egungo garaiarekin alderatuz, bazterreko sexualitateak batzen zituen aterpea zela homosexualitatea.

      Antonio Vallejo-Nájerak eta Juan José López Iborrek ordezkatzen zuten garai horretan nagusitzen zen psikiatria eredua, eta horiek ikertu zuten, hain zuen ere, marxismoaren, homosexualitatearen eta intersexualitatearen jatorria. Esperimentuak egin zituzten lobotomiarekin, electroshock bidez jarrera aldatzeko terapiekin, eta baita eugenesia helburu zuten kastrazio terapeutikoekin ere (Preciado, 2008: 29). Kasu horietan guztietan, sexualitate-desbideratzeak beldur higienista bat zekarren, familiaren barruko eginbeharrak betetzeari uztea, pertsonen gainbehera zekarren, arau naturalekin hautsi ez ezik, jainkotiarrekin ere hausten zutelako, eta, beraz, Estatuarekin. Zu arazo bat zinen. Ez soilik gizonezkotzat ez zintuztelako onartzen, baita ez zinelako ez ama, ez emazte, ezta erregimenarentzat behar bezala lan egiten zuen pertsona bat ere. Bai psikiatriak, bai erlijioak, baita Estatuak ere desbideratutzat zintuzten.

      Gregorio Marañonen lanetan, besteren artean, jada nabaria zen emakumeen maskulinitateari buruzko interesa, Roig-ek aipatzen duen moduan: «(...) maskulinitateari lotutako lanbideak soilik sexualki ohiz kanpokoak diren emakumeentzat egon behar lukete eskuragarri (suposatzen dugu genero-joeraz ari dela eta ez sexualitate-joeraz), beren adimen bikainarengatik «maskulinitate» traza «kementsuak» erakusten baitituzte» (Roig, 1986: 267, in Sentamans, 2008: 166). Emakumeen maskulinitatea ez zen ezezaguna, ez zen ukatzen zen zerbait: Gerra Zibilaren aurreko modak lortu zuen jada erabilera berriak eta janzkerak hedatzea, maskulinitate erreferentzia baikor eta apurtzaile gisa (Sentamans, 2007). Era berean, baziren erreferentzia oso ezkorrak ere, zeinek buruz behera jarritako inguruko teorietan oinarrituta 1941. urtean atletismoa debekatzea eragin baitzuten, «emakumeak maskulinotze»aren beldurrak eraginda (García Bonafé, 1992, in Sentamans, 2008: 162). Maskulinotzat hartzen ziren espazioetan eta betebeharretan emakumeek parte hartzeak emakumeen «izaera femeninoa»n izan zezakeen eraginak kezka sortzen zuen, homosexualitatea eta maskulinitatea betiereko loturik, eta gorputzean «itsusitasun» moduan irakurriko balira bezala (Halberstam, 2007: 100).

      M.E., emakume maskulino eta trabestitu bezala hartzeaz gain (hau da, emakume itsusia edota gizonezkoa izan ezin duena), pentsa dezagun behin eta berriz jarrera zitala zuen sudaka[8] bat zinela, zurrutari arazo-sortzailea, eta zure oldarkeriak kontrolatzeko Estatuak esku hartu behar izaten zuela. Txostenak testigutza hau dakar:

      […] lleva residiendo en esta ciudad y domicilio indicado desde el año 1964, procedentes de Montevideo (Uruguay) y durante su permanencia en ésta (Hospitalet), dejó bastante que desear ya que su tendencia es la de los hombres, siendo detenida sobre el 10 de marzo por tal circunstancia.

      (...) Montevideotik (Uruguay) etorrita, 1964. urtetik hona, aipaturiko helbidean eta hirian bizi da. Bertan (Hospitalet) egindako egonaldia kaskarra izan zen, gizonezkoen joerak zituelako, eta hori dela eta, martxoaren 10ean atxilotu zuten.

      Clark, M.E. eta ni gaur egungo Madriletik aterako bagina, besteen begiradapetik honako galbahe hauek zeharkatuko lukete gure maskulinitatea: klase-, arraza, etnia-, erlijio-, eginbehar-, adin-, edertasun- eta pertsonalitate-esperientzia zein itxaropenen arabera (Halberstam, 2007: 198). Garrantzia izango luke Clark eta ni profesional liberalak izateak, zuriak, klase ertainekoak, itxuraz minusbaliotasunik gabeak eta kaletarrak, gaztetzat hartuak (gure itxuraren eraginez zehaztu ezin den adinekoak), eta sinesgarria izan daitekeen maskulinitatedunak, emakumetzat esleituriko gorputzek izan ditzaketen zirrikituekin. Eta hala ere, abantailazko egoeran izanda ere, zalantzan jar daitezkeen lehiakideak (profesionalak?) gara, gure denbora- eta espazio-antolamendua ez dira eredu heteroarautura moldatzen; generoaren eta sexualitatearen aurrean dugun jarrera anbiguoa jasanezina zaie pertsona askori, kronologikoki bat etortzen zaigun adinean ezin gaituztelako atzeman. Era bereko eta adar askotariko zalantzak gorpuzten ditugu.

      Bitartean, M.E., zure azentuak, azalaren koloreak edota egoteko moduak ez bazintuzte salatuko, trabelo sudaka bat izaten jarraituko zenuke. Ez zenuke ez lanpostu ez irabazirik. Langile-klaseari lotutako maskulinitatea hezurmamituz, erraza zinen antzematen. Gainera, prostituzioarekin[9], maltzurrekin eta gaizkileekin erraz parekatzeko modukoa zinen, testuinguru hartan jendartearentzat arriskutsutzat zer hartzen zen kontuan hartuz. Zure jarrera mespretxagarria zela, arazoetan sartzen zinela («eskandaluak bilatu eta edari alkoholdun gehiegi edateagatik jarrera okerrak ikusita») eta jendartetik behin eta berriz desbideratzen zinela esaten digu zure txostenak. Zure txosteneko aipu batek honela dio:

      Posiblemente se aprovecha también de sus tendencias homosexuales desde el punto de vista económico, y así nos dice que poco antes de ingresar en prisión se ganó 100 pesetas por un beso solicitado por una prostituta.

      Ziur asko, ikuspegi ekonomikotik ere baliatzen da bere joera homosexualaz, eta hala esaten digu, kartzelara sartzear zela emagaldu batek eskatutako muxu baten truke 100 pezeta irabazi zituela.

      Ezberdintasun horiek eta gehiago izan arren, denboraren eta espazioaren mugak gaindituz, egokitu gabeko pertsonaia bezala hartzen gaituzte hirurok, maskulinitatearen bertsio ezberdinak gorpuzten ditugun trabesti iruzurtiak. Naturaltzat eta logikotzat ezartzen diren arauak hausten ari gara. Zehaztu ezin denaren lekuan gaude; bikote parametroetan, ez gara jaiotzez gizontzat ezarritakoak, baina ezta emakumeak ere. Generoa desordenatzen dugu, sexualitatea, adina, klase soziala, arraza, jendarte-lehia eta lehia profesionala, edertasuna, osasun mentala... Zure maskulinitatearengatik zigortu zintuzten, arriskutsutzat jotzen zaituztelako. Horrek ekarri zuen zu atxilotzea, maskulinitatea eta emakumeenganako erakarpena elkartzea une oro arriskutsutzat eta delitu egiletzat hartzen baitziren. Zure sedukzio-lanek baieztatzen dute zure potentzial endekatzailea.

      Frankismoan, emakumeei zuzendutako errepresio-ekintza ohiko bat presoak behin eta berriz lekualdatzean zetzan, eta zuk Bartzelona eta Segoviako kartzeletatik bidaiatu zenuen. Han, honakoak esaten zituzten zutaz:

      Su clara, definida y manifiesta tendencia a la homosexualidad, la hacen particularmente peligrosa para convivir con las jóvenes acogidas a este patronato, a las que ya ha pretendido hacer objeto de sus prácticas homosexuales en los escasos días que lleva internada. Tal peligrosidad […] es lo que nos hace poner a la referida joven a disposición de ese Ilmo. Juzgado Especial, máxime, cuando, a mayor abundamiento, nuestros servicios de readaptación nos informan en sentido absolutamente negativo en cuanto a la posibilidad de reeducación de ésta joven, dada su edad y características.

      Duen joera homosexual argia, definitua eta aitortua dela eta, bereziki arriskutsua da patronatu honetan jasotako gazteekin elkarbizitzeko. Bertan daramazkin egun gutxietan jada saiatu baita gazteak bere praktika homosexualetara lotzen. Arriskugarritasun horrek (...) garamatza, aipaturiko gaztea Epaitegi Berezia deritzonaren esku jartzera. Are gehiago, gure berregokitzapen-zerbitzuen arabera, gazte honen adina eta ezaugarriak kontuan hartuta, berrezteko aukerarik ez dagoenean.

      Argi dago beste emakume batzuk erakartzen zenituela, M.E., zure potentzial arriskutsua oso erakargarria egingo zitzaielako. Gainera, emakume guztiek dute lesbianismorako joera (Sabater Tomas, 1962: 210), beraz, zure presentzia lehergaiari sua ematea bezala da. Zurearekin jarraitzea, heldua izan arren gazte itxura izatea eta zure maskulinitatea erabiltzen dituzte, errepresio-ekintzekin ere «zure arazoa» ez dela aldatuko agerian uzteko. Argi adierazten dute «arriskugarritasuna» bizitzaren une batean gorpuzten den indar-egoera bat dela, zelatatu, zigortu eta bideratu behar dena.

      Durante su estancia en prisión ha habido que aislarla y hacer que vaya al patio a las horas de paseo, o bien sola o bien muy vigilada, pues persigue sexualmente a las demás reclusas.

      Beste presoak sexualki jazartzen dituenez, kartzelan egon den bitartean bakartu egin dute, eta patiora, paseatze-orduetan atera izan da, bakarrik edota oso ondo zelataturik.

      Electroshock-ak ekidin ote zenituen galdetzen diot nire buruari. Kartzelan sartu ordez eroetxean sartzea, zure maskulinitatearengatik; erotzat beharrean, gaizkiletzat hartzeagatik izan ote zen, edota ausazkoa izan ote zen. Hala ere, badakigu Valentziako Hospital del Carmen-en «nerbioengatik» 8 hilabetez egon zinela ere. Ez dakigu zer gertatuko zen bertan. Ezta «nerbioengatik»ek zer esan nahi duen ere. Ez dakigu, garaiko medikuntzaren joera jarraituz, zure desbideratzea bertan zuzendu zezaketela pentsatu ote zuten edota presio eta homofobia jarraituak zugan eragina izan ote zuten, tutik ere ez. Ospitalea, kartzela eta hainbat erakunde aldizkatu zenituen ia bi urtean, zure aurkako «bilatze eta atzitze» agindua eman zen... Agintaritza ekidinez, zure bizitza egiten saiatzen zinen.

      Diktadurak bere estrategiak zituen eta badakigu errepresioa espezializatua zegoela: erregimenak kartzela-zigorra agintzen zuen homosexual aktiboentzat edo pasiboentzat, emakume gorrientzat —gorriekin elkartu edo parte hartu zutenak, edota gorrien senitartekoak— eta emagalduentzat. Gogora dezagun emakumeak izan zirela gehiengoa «erregimena begi txarrez ikusi» eta horregatik zigortuak. Gainera, Estatuak, Elizak eta Psikiatriak elkarrekin sinkronizatuta hartu zuten emakumeen sexualitatea eta jarrera otzana zelatatzeko lana. Zu edo ni bezalako zenbat M.E. pasa ote dira terapia higuingarrietatik edota mementoko apaizaren epaia jasotzetik? Frankismoaren ordena ordezkatzen zutenentzat, jasanezina zen zure maskulinitatea. Eta izaten jarraitzen du. Denak kezkatzen ditu maskulinitate honek, zure garaian eta gaur egun. Sarritan, azalpen modura erabiltzen zituzten gizonezkoekin esperientzia txarren bat eduki izana, gene-akatsen bat, edota gertakari traumatiko batek gizonezkoekin harremantzeari uko egitea eragin izana (Von Henting, 1975; Sabater Tomas, 1962). Horretaz gain, homosexualekin denbora gehiegi pasatuz gero, haiek bezalako bihurtzen zinela zioten; izan ere, emakume rola ukatzea edota sexu-gogoa piztea homosexualitatearen ezaugarri oso kutsakorrak ziren. Zure iraganaz honako hau diote argumentu-ildo horretan:

      Ya a los doce años tiene María Elena sus primeras relaciones sexuales, en Montevideo, con una niña. Con anterioridad a esa edad jamás, en sus juegos presentó tendencias femeninas. En efecto no le gustaban las muñecas ni jugar a cocinitas, etc. Ante el advenimiento de la pubertad sus inclinaciones lesbianas se acentúan y ha pretendido, muchas veces con éxito, a un gran número de mujeres.

      Jada hamabi urterekin, María Elenak lehenbiziko harreman sexualak izan zituen neskatxa batekin, Montevideon. Gazteago zenean, inoiz ez zuen bere jolasetan joera femeninorik azaldu. Hain zuzen, ez zitzaizkion panpinak gustatzen, ezta sukalde-jolasak ere, etab. Nerabezaroaren atarian, lesbiana izaerako joerak nabarmendu egin zitzaizkion, eta emakume asko gorteiatu izan zituen, sarritan arrakastaz.

      Pentsa dezakegu zure haurtzaroaz egindako galderak genero femeninoaren rolera ez atxikitzea eta rol horrekin ados ez egotea azpimarratzeko zirela. Maskulinitatearen eta lesbianismoaren arteko loturaren proba ageria, baina baita kriminalitatearen eta patologiaren artekoa ere. Clarki eta niri, edota nire inguruko emakume biologikoetako askori, lesbianak izan edo ez, maskulinoak edo ez, galdetuz gero, ukapenezko edota kritikazko historiak azalduko ziren «emakumeenak diren jolas»en inguruan. Batzuk mari-mutilak izan gara eta, hazi garenean, femme arrakastatsuak edota butch eta trans jarraipenen kanpoan edo barruan maskulinitate mota ezberdinak gorpuztu ditugunak. Zer frogatzen du gure iraganak? Balio al digu zein zer izango den kontrolatzeko? Ematen al digu neskekin gehiago nork ligatuko duen jakiteko informaziorik? Esaten al digu erabat huts egindako jendarteratze-saiakera bat al den? Eta zer zigorretara arriskatu garen? Adierazten al digu zer izango den patologikoa eta medikalizatua?

      Nire txikitako lagunen amentzat, nire maskulinitatea haien alabatxo lirainak perberti zitzakeen arrisku-adierazle argia zen. Nire ile motza, nire jarrera eta gure haur-jolasetan beti aita, semea edo senarra izateko aukeratzen nindutela, adierazle ziren neskatila horien gonetan eta buruetan sar nintekeela pentsatzeko. Oraindik okerrago, haiek hori desiratu ahal zutela. Frankismo garaiko erregimenaren konplize eta borreroek argi zuten bat zirela maskulinitatea eta sexu-harraparia izatea, eta horrek zaila egiten zuen María Elena N.G. emakumeentzako kartzela batean sartzea bera ere. Genero-mugetan ezleku batean zinen, M.E. Ez zara gizonezkoa, gizonezko itxurak egiteagatik zigortzen zaituzte, baina ezin zara emakumeekin egon, kartzelako emakumeentzat eta zure buruarentzat arriskutsua litzatekeelako.

      Zuk pentsatzen edo nahi zenuenaren inguruan ezer gutxi dio zure txostenak, baina zure atzitzaileentzat, zintzotasunez hitz egiten duen pertsona zarela eta zuretzat «emakume izatea» nahi ez duzun zerbait dela ageri da.

      Todo esto lo confiesa la informada con una gran sinceridad y es más, nos pide que la liberemos del tormento de ser mujer.

      Hau guztia zintzotasunez aitortu du eta, are gehiago, emakumea izatearen oinazetik askatzeko eskatzen digu.

      Nork daki esan zenituenetatik eta gatibutasunean zeunden bitartean esatera ausartu zinenetatik, zenbat gauza agertzen diren txostenean. Hala ere, arriska gaitezke esatera garaian izan behar zen moduko emakume iruditzeari edota izateari uko egiten zeniola, eta, zalantzarik gabe, zure bizi-aukerekin moralaren, osasunaren eta duintasunaren mugak zeharkatzen ari zarela.

      Zure sexualitatea garaiko gizonezkoena bezala kontatzen dute: «behin hasita gelditu ezin den uholdea», sexualki esplizitua eta gainezka egiten duena. Bai fisikoki, bai psikologikoki ikertu behar den pertsona desbideratua zara. Izan ere, funtzionarioek zure gorputza behatu dute, zure klitoria eta sexua neurtuz —garaian ohikoak ziren neurriak—, anormaltasunen bat bilatzeko edota zure jarrerari azalpen bat emateko fisiologiaren bidez.

      Desde el punto de vista somático se trata de una mujer de senos poco desarrollados, pero con una conformación normal de su aparato sexual. El clítoris es de un tamaño normal. Sin embargo para un diagnóstico exacto de su síndrome sería necesaria la comprobación del sexo cromosómico. Esto no hemos podido hacerlo. De todas maneras creemos que no se trata de una desviación cromosómica sino de una desviación psíquica en que una vivencia ha desviado el curso normal de la líbido.

      Ikuspegi somatikotik, bularrak gutxi garatutako emakumea da, baina sexu-aparatuaren osaera normala duena. Klitoria tamaina normalekoa da. Dena den, bere sindromearen diagnosi zehatza jakiteko, beharrezkoa izango litzateke kromosomen araberako sexu-egiaztapen bat. Hori ezin izan dugu egin. Hala ere, ez dugu uste kromosoma bidezko desbideratze bat denik, baizik eta desbideratze psikiko bat, non bizipenen batek libidoaren ibilbide normala desbideratu baitu.

      Bagenekien aztertu egin zintuztela, zure itxura eta arropa («galtzetinak eta galtzontziloak erabiltzen ditu») aspertu arte ikertu zituztela eta, orain, badakigu zure gorputza eta zure formak neurtzeko biluztu egin zintuztela ere. Itxuraz normala zirudien gorputza zenuela argi ikusteak («Klitoriak neurri normala dauka») haren genotipoa eta ingurunearen eragina behatzearen beharra azaleratzen zuen, bioemakume bat jarrera hori izatera zerk eramaten zuen jakiteko. Gaur egun badirudi horrelakorik ezingo litzatekeela pasa, iraganekoa dela jarreraren aurreasmatzaile moduan gorputzei egiten zaien zainketa; eta nire buruari galdetzen diot zainketa horrek ba ote duen, gaur egun, emakume maskulinoen, gizonezko transexualen, pertsona intersexualen... gorputzek sortzen duten jakin-minaren antzik. Gimnasioan, Clarken gorputz landua begiraden erdigunea da, emakumea edo gizonezkoa den ez jakitea jasan ezin duten pertsonen begiradak jasotzen ditu haren muskulu eta atleta-gorputzak. Begiratuko al lukete Clarkek eta nik klitoria ote daukagun? Gure jarreretan, klitoriaren neurriak eragiten ote duen ikertzen saiatuko lirateke? Benetan aldatu al da maskulinitatea desbideratze-mota bat bezala ulertzeko joera? Jarraitzen al dugu normaltasunetik kanpo dauden jarrerak gorputzarekin lotzen? Hemen, ohiko beldurra agertzen da sexualitate maskulino «normala» zalantzan jartzen duen klitori erraldoiarekiko —hortzak dituen aluaren «lehengusua»—. Emakume normalei ez dagokiena. Eta ez zaigu beste aukerarik gelditzen munduarekiko bikote-ikuspegi horretan.

      Arropa gabe eta biluzik irudikatzen zaitut frankismo garaiko zapaltzaileen begiradapean, eta hotzikara batek zeharkatzen nau. Nire garaira begira jarrita, nola sentitzen ote dira (gara) «desbideratutako sexualitatea» duten (dugun) pertsonak, biluztea eskatzen duten medikuntza-protokolo, lege-prozedura edo jendarte-jardueretan (adibidez, fisioterapeutarengana joaterakoan); edota genero-esleipen zorrotzak dituzten arropak jantzi behar dituztenean (ditugunean); edota gizonezkoena edo emakumezkoena den jarrera bat garatu behar dutenean (dugunean); edota gure aukeren aztarna eta orbainak erakutsi eta besteen begiradapean jarri behar dutenean (dugunean)? Gaur egun, erregistroan izena aldatzerakoan, transexualak gorputz biluzia erakustera behartzen dituztela irakurtzen dut eta haserretu egiten naiz... Uko egite eta otzantasun-ariketetan pentsatzen hasten naiz. Ezarri ahal dizkiguten zigorretan. Nork bere enbarazutik eta ausardiatik, «batzuk» ordezkatzen dituzten begiraden desadostasunari eta gaitzespenari aurre egin behar diegu, «besteak» baino ezin gaitezkeelako izan.

      Horrela, zure «sexu-aparatu femenino»ak normala ez den libidoa agertzen duenez, zure bilakaeraren ikerketa ez da fisikoa bakarrik, azterketa psikiatriko batek lagundua baizik. Zure jarrerak, patologikoa izan behar zuen nahitaez, eta azaldu beharra zegoen: «Bere adimena batezbestekoaren artean dago, eta oroimen handia du. Ez da zantzu psikotikorik antzematen». Diagnosi-probetan nola moldatzen zinen ere azaltzen da:

      Con la prueba proyectiva de Roschar, prueba consistente en mostrar al probado 10 láminas con manchas de tinta, prueba también donde la personalidad se proyecta, pues en ella y según las respuestas no se refleja tan solo el objeto percibido, sino también el sujeto percibiente; María Elena percibe en muchísimas el aparato sexual femenino. Estas percepciones no son propias de una mujer con tendencias normales de la libido sino de una desviada.

      Roschar-en proiektu-proban, pertsonalitatea proiektatzen da probatzaileari tinta-mantxadun 10 lamina erakutsiz eta, erantzunen arabera, ez da soilik hautemandako objektua islatzen, baizik eta hautematen duen subjektua ere bai. María Elenak, askotan, sexu-aparatu femeninoa hautematen du. Hautemate horiek ez dira libido-joera normala duten emakume batenak, baizik eta desbideratu batenak.

      Zalantza izpirik gabe, «normalak» diren emakumeek ez dute beren «sexu-aparatu femeninoa» ikusten edota irudikatu ere egiten, ez tintaz egindako marrazki batean, ez beren fantasietan, ezta eguneroko bizitzan ere. Irudikatu ahal izatea patologia zantzu bat zen. Eta, pentsatzen jartzen naiz ezagutzen ditudan emakumeek, nire lagunek edota bigarren hezkuntzako nire ikasleek aluaren forma nolakoa den ba ote dakiten edota marraztu eta zatiak ezberdintzen jakingo ote luketen. Ala «normalak» dira, eta soilik desbideratuei interesatzen zaizkien gai hauek «ez dituzte zertan jakin»? Norberaren gorputza ezagutzeak eta gozatzeak, beharrizanak haragiztatzeak, munduan kokatzeko leku bat edukitzea eskatzen du. Sarritan, heteroarautzearen pisuari, elkarrekin aurre egiteko, zu bezalakoak aurkitzeko beharra sortzen duen norberaren lekua. Horregatik, M.E., gustatzen zait pentsatzea sare propioa zenuela, zuk aukeratutako genero-gakoan ulertzen zintuen jende ezberdinarekin hitz egiten eta ateratzen zinela.

      Denboran bidaiatuz, gaur bezalako larunbat batean, baina 1968. urtea izanik, Clark eta ni zurekin kalera atera eta zure eguneroko bizitza partekatuko bagenu, pentsatzen dut zure begiekin ikusiko nukeela frankismo garaiko errepresioari nola izkin egin. Zer hizkuntza erabiltzen duzun zutaz eta besteez hitz egiteko, jendeak nola begiratzen zaituen, «mutil»tzat ikusia izateko nola moldatzen zaren, zure lagunak ezagutu, bizirauten laguntzen dizuten sare ia klandestinoetara sartu. Ezagutuko ote zenuen garaiko argota? Honako hauek etortzen zaizkit burura, adibidez: Malagako emakumeen kartzelan zegoen «ezkontza-gela» izeneko hegal zehatza (Osborne, 2009); «gaian sartuta egotea», homosexualez, trabestiez edota lesbianez hitz egiteko (Pineda, 2008); «mari-mutilak», emakume maskulino lesbianez hitz egiteko (Pineda, 2008; Albarracín, 2008); «liburugileak eta komikiak» (Albarracín, 2008) edota «irinaren sindikatua»[10], kartzeletan lesbianak izendatzeko. Guk hirurok, Clark, M.E. eta nik, alarma gorria piztuko genuke araua hausten zuen oro erreprimitzera, giltzatzera eta seinalatzera setatua zegoen erregimen batean; are asaldura handiagoa sortzen lagunduko genukeelakoan nago emakumeentzat berariazko lekuak eta rolak zituen, trabestismo femeninoa basati erreprimitzen zuen, gizonezkoen homosexualitatea, aktibo edo pasibo bezala sailkatzen berezitua zegoen eta lesbianismoarekin gero eta kezkatuago zegoen erregimenean. Edo, agian, baliteke horren mugatua zegoen gune historiko eta politikoan, hirurok sinesgarriagoak izatea, gizonezko «trabelo»en artean arrakasta izatea eta askatasun handiagoz gozatzea.

      Gure familiek, gure lan-eremuek eta jendarteko edozein gunetan ikusten gaituen jendeak nola hartzen gaituzten pentsatzen dut. Garai hartan, 60ko hamarkada amaieran, zure gurasoek babestuko ote zintuzten? Edota, egungo garaian bazina, jendarte-aldaketaren karian, zure gurasoek aukeratuko ote lukete zu babestea? Zure aukerak baztertzea behartzen zuten aginte-arauak onartzen zituzten, edo haustera ausartu eta beren babesa erakutsi ote zizuten? Hospitalet-eko Guardia Zibilean jakin dugu zure gurasoek eskutitz bat bidali zutela «1967. urteko abenduaren 30ean etxea utzi zuenetik berririk ez zutela» baieztatuz. Urte zahar egunaren bezperan alde egin zenuen, berriz ez itzultzeko. Atxilotu baino hiru hilabete lehenago. Zure biogorputzaren eta biografiaren mugetatik kanpo bizitzeko egin behar izan al zenuen ihes? Nola bizi zinen? Non? Berebizikoa izango zen zure itxura eta abileziak nola sumatzen ziren, zure inguruan lasai mugitzeko. Gure gorputzek agerian uzten dizkiguten pitzadurek, bai orain eta baita lehen ere, buru-osasun eta lehia profesionalaren karian epaituak izatera eramaten gaituzte. Zuri ere, Clark eta niri bezala, galdetzen al zizuten zergatik mozten duzun ilea horrela, zergatik aukeratzen dituzun itsusiago egiten zaituzten arropa eta itxura horiek, egokiago zaizun eta politagoa den zerbait —femeninoagoa esan nahi dute— aukeratu dezakezunean?

      Azalekoagoa izanda, gure garaian irudikatuko zintuzket, eta uste dut gaur arratsaldean Clark eta zurekin erosketak egitera joatea gustatuko litzaidakeela. Arratsalde zoragarria izango zen, Nacional Geographic-ek grabatzeko modukoa. «Tutsi»-koadrila (etorkinak, gure berezko ingurunean) bagina bezala aterako ginateke, gure genero-aukerak janzteko lanean. Zuk ezagutzen ez zenituen hainbesteko aukerekin eta kontsumismoarekin entretenituko zinateke. Laster lur hartu beharko genuke, gizonezkoentzako arropa-denda bakoitzean neurri egokiak lortzeko adeitasun-maila ezberdineko jendearekin borrokatu eta eztabaidatu behar izan ondoren. «Emakumeen gunea beste solairu batean dago»ela, gure oin-neurria txikiegia dela edota alkandora hori handiegia dela behin eta berriz errepikatzen digun saltzailearekin eztabaidatu beharko genuke. Barre egingo genuke, gure koadrila indargune bat izango litzateke saltzaile horrek irudikatzen duen arauaren aurrean, eta XS neurriaren erregeak izango ginateke, 39 neurriko zapatak aurkitzen dituzten abentura zaleak, galtza bakero eta gorbatarik onenekin. Askoz bizigarriagoa da horrela, umorea estrategiatzat frustrazioari indarra kentzeko eta egunero arau berdinei aurre egin beharrak sortzen duen nekea arintzeko.

      Arratsaldeari amaiera emateko, gure ile-apaintzaile marika gustukoena bisitatuko genuke, Mauro. Gure maskulinitatearekin ondo pasatzen du eta Argentinako bere eskolaz hitz egiten digu Maurok. Guztiek emakume jaio zela jakin arren, futbolean jolasten onena zen mutil hartaz. Apaindu egingo gintuzke, oso polit ikusarazi eta, gau hartan ligatzen ez bagenuen ez genuela inoiz ligatuko esan ere bai, oso femeninoa den lagun bat aurkeztu ahal digula gogoraraziz. Bakoitza bere kontuekin. Gau horretan gure lagunekin aterako ginateke, ezinezko gauzei buruz hitz egingo genuke eta ziur, ziur batzuen eta besteen artean onarpen ezberdinak sortuko genituzkeela.

      Ez zait ahazten Alfer eta Gaizkileen Legean oinarritutako erabakiz 127 egun eta urte bat arteko espetxeratzea, bi urtez Bartzelonan bizitzeko debekua eta bi urteko zaintza inposatu zizutela. 1969. urteko ekainaren 20an, zure badaezpadako kartzelaratzea agindu zutenean, Alcazar de San Juan-eko kartzelara lekualdatu zintuzten. Bi egun soilik egin zenituen bertan; izan ere, 1969. urteko ekainaren 20an, Bartzelonako Alfer eta Gaizkileen epaitegiko Membrillera epaileak dekretuz agindu zuen «Gaizkileari ez dagokio ezarritako neurrien berrikusketa». Egun horretan bertan, 1969. urteko ekainaren 20an, atera zinen kartzelatik.

      Ezin dut burutik kendu Clark eta ni garai horretan egon izan bagina, zigor berbera jasoko genukeela. Irudikatu besterik ezin dut egin nola aurre egin zenien frankismoaren garaiko erakundeei, inkisizio-begirada jarraituei, jendarte- eta polizia-kontrolei, polizia-etxera aurkeztu beharrari, erbesteratzeari, diagnostikoei eta epaiei. Hau, aditu batek, Katalunian, errepresialiatuen inguruko kaxa horitu eta ahaztu batean aurkitu zuen txostenean oinarrituta birsortutako istorio bat besterik ez da. Eta, hala ere, zu ezagutzeak, M.E., lagundua, onartua eta nirea ere baden iraganarekin sentiarazi nau.

      Zoritxarrez, zutaz dakigun bakarra polizien txosten hau da. María Elena N.G., baliteke oraindik bizirik egotea eta zure maitaleekin, zure basoerdiekin eta zure gauzekin jarraitzea. Zure historiak maskulinitatea ikusgai jartzeak duen kostua erakustarazten du; emakume maskulinoen, trabestien edo transen (modu batean esatearren) bizitza ulertzen eta jendartean onartuak izan zaretela azaleratzen laguntzen dit. Pertsona oso transgresoretzat hartu izan zaituztete eta horrek agintariei hainbeste eragiten zien, zurea bezalako jarrerak zigortzeraino. Zure txostenari esker, jakin dezakegu frankismoak desafio egin ziezaiokeen guztia zaindu beharra izan zuela. Baita emakumeen sexualitatea gizonezkoen arabera osatzen zela pentsatzetik haratago, askok berezko hizkuntza eta estrategiak zituzten bizipenak izan zituztela ere.

      Zure historiak sexu- edota genero-aukera eta maskulinitatea ezberdintzen laguntzen dit, eta, era berean, maskulinitatea eta emakumeenganako erakarpena bateratzen dituzten emakume-gorputzak, ezinbestean, zigorra merezi duten mehatxu moduan ikusten direla onartzen (Halberstam, 1998). Gaur egun bizi dugun jendarte-eskubideen mementoarekiko beharrezko distantzia eta onarpena hartuz, gauza hauek asko ez direla aldatu esatera ausartuko naiz. Genero- eta sexualitate-transgresioa zigortzen jarraitzen dugu; bakoitzaren sexualitate-, genero- eta sexu-joerak argi bereizita izatea gustatzen zaigu. Nagusitzen/Gailentzen ez diren beste markulinitate moduei, beste feminitate moduei berriro balioa emateko ariketa egiteke dugu oraindik, izateko eta egoteko beste leku posibleak. Gaur egungo jendartea arduratzen da onargarriak diren gutxiengo sexualitate-ereduak erakustarazten. Zure txostenak eta zure historiak, nahitaez, zalantzan jartzera eramaten gaitu jendarte honetan genero-anbiguotasuna eta genero-desoreka, emakume maskulinoak edota transak diren pertsonen onarpena zenbateraino aldatu den. Ez dugu ahaztu behar, oraindik ere, pertsona askok 18 urte izan arte itxaron behar dutela identitate bat izateko; pertsona askok patologiarik ez dutela frogatu behar dutela, eta, gainera, DSM[11] IV-ak eta legeak genero- eta sexualitate-aukeraren inguruan ezartzen dituen arauak jarraitu behar dituztela; jendarteak gure gorputzak eta sexualitateak kontrolatzen dituelarik bizi gara; eta, oraindik ere besteak bezain lehiakorrak, politak edota osasuntsuak garela frogatu behar izaten dugula.

      Zure historia, M.E., eta beste hainbat desbideraturena gogoratzea, irudikatzea eta birsortzea, ondoren gure bizipenekin lotzeko, erresistentzia-ekintza bat da. Ahaztea da faxismoaren proiektu politiko eta kulturalaren praktika ohikoa, irudimen posible bat kentzen digun egiteko modu koloniala, gure bizipena beti bakarra eta aurrekaririk gabea dela sinestarazteko (Halberstam, 2007). M.E.ri buruzko historia hau irakurtzen ari zaren bitartean, etenik diren denbora eta leku queeren sorreran parte hartzen ari gara, non gure gorputzak modu bizigarri eta desiragarrian pentsatzeko aukera sortzen baita (Butler, 2006).

      Gaur, larunbat gauez, basoerdi batekin topa egiten dut zure alde, M.E. Zure alde eta egunero berrasmatzen garen trabelo, marika eta beste hainbat queer ezberdinen alde ere bai.

 

 

Bibliografia

 

Albarracín, Matilde. 2008. «Libreras y tebeos: las voces de las lesbianas mayores», in Lesbianas. Discursos y representaciones. Raquel Platero (koord.), Bartzelona: Melusina, 191-212.

Aliaga, Juan Vicente eta Cortés, José Miguel. 1997. Identidad y Diferencia sobre la cultura gay en España. Bartzelona: Egales.

Bandrés, Javier eta Llavona, Rafael. 1996. «La psicología en los campos de concentración de Franco». Psicothema 8 (1), 1-11.

Bastida Freijedo, Francisco J. 1986. Jueces y franquismo. El pensamiento político del Tribunal Supremo en la Dictadura. Bartzelona: Ariel.

Butler, Judith. 2006. Deshacer el género. Bartzelona: Paidós.

Garcia Bonafé, Milagros. 1992. «Inicios del deporte femenino». Ejercicio físico la práctica deportiva de las mujeres, 18-23.

Halberstam, Judith. 1998. Female Masculinity. Londres: Duke University Press.

Halberstam, Judith. 2007. «Boys will be… bois?: Or, Transgender Feminism and Forgetful Fish», in Intersections between feminist and queer theory. Richardson, D.; MacLaughin, J. eta M. E. Casey, New York: Palgrave McMillan, 97-115.

Monferrer-Tomàs, Jordi M. 2003. «La construcción de la protesta en el movimiento gay español: la Ley de Peligrosidad Social (1970) como factor precipitante de la acción colectiva». REIS 102, 171-204.

Osborne, Raquel . 2009. Apuntes sobre violencia de género. Bartzelona: Bellaterra Edicions.

Pérez Canovas, Nicolás. 1996. Homosexualidad, homosexuales y uniones homosexuales en el Derecho español. Granada: Comares.

Pérez Sánchez, Gema. 2007. Queer Transitions in Contemporary Spanish Culture: From Franco to La Movida. Albany, NY: State University of New York Press.

Pineda Erdozia, Empar. 2008. «Mi pequeña historia del lesbianismo organizado en el movimiento feminista de nuestro país», in Lesbianas. Discursos y representaciones. Raquel Platero (koord.). Bartzelona: Melusina. 31-60.

Preciado, Beatriz. 2008. Testo yonqui. Madril: Espasa.

Roig Castellanos, Mercedes. 1986. A través de la prensa. La mujer en la Historia. Francia, Italia, España. Siglos XVIII-XX. Madril: Ministerio de Cultura. Instituto de la Mujer.

Sabater Tomas, Antonio. 1962. Gamberros, homosexuales, vagos y maleantes: estudio jurídico-sociológico. Bartzelona: Hispano-Europea.

Sabater Tomas, Antonio. 1972. Peligrosidad Social y Delincuencia. Hippies - Beatniks - Vagos - Gamberros - Rufianes - Enfermos mentales - Alcohólicos - Toxicómanos - Proxénetas - Homosexuales – Prostitutas. Madril: Ediciones Nauta.

Sentamans, Tatiana. 2007. Viragos en acción, señoritas ante el obturador. La imagen de la mujer deportista en la fotografía documental de la España prebélica (1923-1936). Ikasketa Aurreratuen Diploma, Departamento de Escultura, Facultad de Bellas Artes San Carlos, Universidad Politécnica de Valencia. Urtarrila, 2007.

Sentamans, Tatiana. 2008. «Dimes y diretes. Condicionamientos textuales de la fotografía de la mujer deportista española en la prensa gráfica (1923-1936)». (artikulua on-line). Extravío. Revista Electrónica de Literatura Comparada 3. Universitat de València (abenduak 11). Ikus: http://www.uv.es/extravio.

Sommerville, Siobhan B. 2000. «Scientific racism and the invention of the homosexual body», in Queering the color line. Race and the invention of homosexuality in American culture. Siobhan B. Sommerville, Durham: Duke University Press. 16-38.

Vallejo, Antonio eta Martínez, Eduardo. 1939. «Psiquismo del Fanatismo Marxista. Investigaciones Psicológicas en Marxistas Femeninos Delincuentes». Revista Española de Medicina y Cirugía de Guerra: 9, 398-413.

Von Henting, Hans. 1975. La criminalidad de la mujer lésbica. Estudios de psicología criminal. Madril: Espasa Calpe.

 

 

[1] 1954. urteko Alfer eta Gaizkileen Legearen 6. artikulua, 20. zenbakia: «Homosexualei, proxenetei eta maltzurrei, eskale profesionalei, besteei eskean ibiliz bizi direnei, adingabeak esplotatzen dituztenei, buruko gaitzak dituztenei eta elbarriei honako neurriak ezarriko zaizkie, bata bestearen atzetik betearaziz: a) Lan-eremu edota nekazaritza-kolonia batean sartzea. Segurtasun-neurri hori ezartzen zaien homosexualak Instituzio berezietan sartu beharko dira, eta bestela, besteengandik guztiz aldendu. b) Leku eta lurralde zehatzetan bizitzeko debekua, eta bere bizilekua adierazteko beharra. c) Delegatuen zaintzari erabateko otzantasuna».

[2] Víctor Bedoya historialariari bere lana eta aurkikuntzak nirekin partekatzean izandako eskuzabaltasuna eskertu nahi diot. Baita Antoni Ruiz ekintzaile historikoari ere, txosten hau aztertzeko interesa sustatzeagatik. María Elena N.G.-ren 296 txostena, Franco garaiko Bartzelonan homosexualek bizi izan zuten errepresioari buruzko ikerketa batean bere osotasunean argitaratu da: José Benito Eres Rigueira-k eta Carlos Villagrasa Alcaide-k koordinaturiko Homosexuals i transsexuals: els altres repressaliats i discriminats del franquisme, des de la memòria històrica (Bellaterra, 2008) liburu kolektiboan, hain zuzen. Ikerketa hori Víctor Bedoyak berak Asociación de Ex-presos sociales elkartearekin batera egin du.

[3] Emakume bezala diagnostikatua izan den eta diagnostikoarekin ados dagoen pertsona bat aipatzeko, egokiagoa da cis aurrizkia erabiltzea, eta beraz, cisemakume esatea. Dena dela, Espainiako estatuan oraindik oso gutxi erabiltzen da aurrizki hori. Honela zehaztuko genuke zer den Cis edota Cissexuala izatea: jaio zenean diagnostikatu zioten sexuarekin ados eta eroso dagoen pertsona bati esaten zaio cissexuala. Aldiz, badira esleipen horrekiko arrakalak bizi dituztenak, eta identitate-izendapen ezberdinetara molda daitezke, horien artean, trans terminoa edo beste batzuk erabiliz.

[4] Itzultzailearen oharra: itzultzeaz gain, adierazpenak bere horretan ere agertzea erabaki dugu, lekukotasun horren berri zuzena ere emateko.

[5] Kontuan izan behar dugu garaiko psikiatriarentzat, emakumeak patologiari atxikiak —eta ez soilik «gene gorria» zutenak—, behe-mailako izaeradunak eta patologiatik eta ume-izaeratik gertu dauden pertsonak zirela, eta horrek beharrezkoa egiten zuela emakumeen sena, jarrerak eta parte-hartzea arautzea, nazio-katolizismoa bezalako jendarte ustez zibilizatuan. Ongi moldatzeko, bai Estatuak, bai gizonezkoek jarri behar dizkieten mugak behar dituzte. Adingabeak eta heldugabeak dira beti (Vallejo eta Martínez, 1939: 398-399, cfr. in Bandrés eta Llavona, 1996: 8).

[6] Egin dezagun Espainiako homosexualitatearen arautzeari buruzko aipamen bat. Napoleonen oinordetza zuen eta Primo de Riverak berritu zuen Zigor Kodean (1928), homosexualitatea eta lesbianismoa zuzentasunaren aurkako delitutzat eta eskandalu publikotzat hartzen ziren. Ondoren, II. Errepublikan (1932) Zigor Kodea berritu eta kendu egin zen Primo de Riveraren aipu hori. Hala ere, Alfer eta Gaizkileen lege bat (1933) sustatu zen, eta frankismoaren garaian (1954), homosexualitatea berriro bertan sartzeko egokitu zuten. Esplizituki adierazten zen homosexualitatea jendartearentzat arrisku bat zela eta Estatuaren esku zegoen pertsona «arriskutsu» horiek, bai homosexualak, bai gaizkileak, baita proxenetak ere, zentroetan sartzea eta kontrolatzea. Lege horren ondoren, 1970. urtean, Arriskua eta Jendartera Errehabilitatzeko Legea (LPRS) etorri zen, aurreproiektutik aldaketa asko izan zituena. Testu horrek ere pertsona arriskutsutzat hartzen zituen homosexualak, «homosexual» hitza «ekintza homosexualak praktikatzen dituzten pertsonak» erreferentziagatik ordezkatuz eta hauentzat zaintza- eta kontrol-neurriak antolatuz (Pérez Canovas, 1996: 20; Aliaga eta Cortés, 1997: 29).

[7] Ikus, adibidez, Sabater Tomasen 1962. eta 1972. urteetako testuak, edota Hans Von Henting alemaniarraren La criminalidad de la mujer lésbica (1975) izenburuko testuaren itzulpena.

[8] Sudaka, ijitua, mairua, beltza, etab. Sarritan, erabakigarria izaten da desbideratutako sexualitateen inguruko irakurketan arraza uztartzea eta pertsona horien jendarte, arraza, moral eta sexualitate galeraren inguruko iritzi arrazistak batzea, arrazari lotutako arriskugarritasuna eta galeraren inguruko arrazoibideak sortzeko (ikus, adibidez, Sommerville, 2000: 16-38).

[9] Bitxia da; badirudi, gaur egun, ahaztu egin garela gutxiengo sexualez, aliatu izan ditzakegun emagalduez, paperik gabeez, zeropositiboez, eta antzeko bazterreko pertsonez.

[10] Fernando Olmeda-k esan zuen «irinaren sindikatua» terminoa kartzeletan lesbianak izendatzeko erabiltzen zela, baina ez zekiela kartzelatik kanpo erabiltzen ote zen. Iruzkin hori egin zuen 2008. urteko maiatzaren 9-11 egunetan, Arte Ederretako Zirkuluan memoria historikoari buruz antolaturiko jardunaldietan: «Las ‘‘otras’’ víctimas de la Dictadura», III: Homosexuales y Transexuales en el franquismo y la transición.

[11] Diagnostic and Statistical Manual of Mental Disorders.