www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Noeren untzia (1840-1926). Auspoa, 1979

 

aurrekoa hurrengoa

«TXAKUR AMATUA DA...»

 

Txakur amatua da,

ixena du Blanko,

eztauka minpekorik

artua badauko.

 

Artuakin bakarrik

eztala kontentu,

auzora juan eta

olluak jan ditu.

 

Jan-gauzerik onenak

eskojitzen ditu,

arrautzak be beretzat

billatzen baditu.

 

Bilots bat auzuan da

beste bi etxian,

irurak jan zituan

denpora gutxian.

 

Ganera ardijari

jarraitu atzian,

gaizki egiten ebanik

berak etzekian.

 

Paluak emon diot

odoldu artian,

juizijuban sartu da

neure eritxian.

 

Orain eztala juaten

ardijen atzian,

kirrikiyuak topatzen

dituela sasian.

 

San Prudentxi eguna

zelebratu zuan,

bakallua gendukan

beratzen potzuan.

 

Gu akordatu orduko

guzia jan zuan,

gazitasuna zer zan

aprobatu zuan.

 

Sukaldeko galdarak

utsitu zituan,

beste ekin-aldi bat

egin du potzuan.

 

Gaba pasatu eta

urrengo goxian

gure txakurra zegon

estadu tristian.

 

Azurren bat zeukala

trabauta estian,

etzala sosegatu

libratu artian.

 

Gaztañak eta saldia

jaten dituanian,

uzkerrak botatzen dauz

basora bidian.

 

Barrez ito lezake

aren esturian,

pausuko bat edo bi,

iru geienian.

 

Barre asko egin gendun

juan dan neguban,

neskatxiaren oian

billatu genduban.

 

Neskatxa apaldu ta

ogera zan juan,

txakurrak ogetikan

mur-mur egin zuan.

 

Neskatxa bildurtuta

sukaldera larri,

ogeko lagunari

etzion igarri.

 

Argia piztu eta

juan gura dau arin,

oian tenplau lo eguan

gure txakur ori.

 

Neskatxa asarratu

egin zan orduan,

makilla artu eta

txakurra il zuan.

 

Txakur orren bixitza

olantxe izan da,

eriyotza be or nola

neskatxak emanda.

 

aurrekoa hurrengoa