|
KOPLA ZAR BATZUEK ASTO BATEN TRATUARI JARRIAK
Pedro Villar Intxausti
Oñatiko errian
Pedro errotari
bere anaiarentzat
jarri da kantari,
zer modutan egin dan
asto-merkatari,
erreparatu gabe
daduzkan faltari.
Komerziante ori
Oñatin da bizi,
ogei bat bertso zeñek
dituan merezi;
eskribitzera noa,
nai dunak ikasi,
bost pezetan nola dun
astoa erosi.
Asto orren kontuak
dirade aundiak,
aditu naiko ditu
munduko jendiak;
sano izan balitu
bere alderdiak,
etzuben aterako
etxetik jabiak.
Leintzeko erri baten
egin du tratua:
ogei errealean
erosi astua;
nere ustean ori
bai mutill prestua,
aitari emateko
orrekin gustua.
Gure anaia orrek
dauka fantasia,
astoa zekarrela
lanean ezia;
denbora luzerako
badauka bizia,
ongi izango dala
orren nagusia.
Indarrez alabatzen
du alegiñian:
iru anega baietz
eraman gañian;
baldin dadukan falta
ezpalu oñian,
asto oberik ezin
izan Españian.
Aitari entregaturik
astoa errotan,
esanaz erabilli
dezala zorrotan;
indartsua zala-ta
sinistamen ortan,
alabantza aundian
sartu zuten kortan.
Iñauterietako
au zan astelena,
lanean probatzeko
kargatu zutena;
astoak egiñarren
berak al zuena,
agudo juateko
artzen zuan pena.
Agurka ta errenaka
nolabait abia,
buruak zirudian
olako gabia;
ateratzen ezpadu
ibilte obia,
denbora gitxiko du
oraingo jabia.
Ogei erreal kosta
gañera alboka,
nai baño ezin jaso
albarda ta soka;
belarriak zintzilik,
atzekia loka
laister jarriko dio
makillakin joka.
Ai ori astoaren
ibilte-modua!
Guziari agurka
darabill burua;
fantasietarako
joan zaio gogua,
ia ez du urruti
iltzeko ordua.
Ikusirik astoa
lurrean etzanda,
erabaki gogorra
orrentzat izan da:
familian ez dezan
eragin demanda,
etxetik biraltzeko
ederrak emanda.
Ai ori sententzia
ikaragarria!
Oraintxen bai daduka
istillu gorria;
len ankatik zegoan
oso elbarria,
ez diotela nago
egingo berria.
Anaia, adi zazu
neronen esana:
astoa eramazu
Alejandrogana;
ark osatu eta zuk
emaiozu jana,
bearbada oraindik
egingo du lana.
Orrela sendatuta
jartzen dan garaian,
belarrez aseko da
San Pedro zelaian;
Oñatin ezpadago
iñor artu naian,
saldu zazu Araban,
bestela Bizkaian.
Aragonesak sarri
dirade azaltzen,
baratxuriak eta
tomateak saltzen;
ea, eskeñiezu
ote duen artzen,
malamente duroa
ez dezagun galtzen.
Etortzekuak dira
amalau ijito,
aiekin tratatzea
zenduke lizito;
esan zaiozu dala
bueno ta bonito,
ea egiten dezun
oriekin kito.
Ez noa esatera
orren edadea,
ez galtzeagatikan
saltzeko bidea;
bizirik artzen badu
aurtengo udea,
orra baliatzeko
naikua idea.
Astoa erosi du
bere ustez merke,
baña garesti dala
nik esango nuke;
nire iritzirako
saldu obe luke
peskadera bateri
legatz baten truke.
Burua dauka ia
lurrera jetxian,
pozik eman lezake
interes gitxian;
erregalo egizu
markesen etxian,
pasea dezatela
orrekin kotxian.
Markesak nai ez badu
etzaio ajola,
erakutsiko dizut
enpleatu nola:
orra kurtidorea
Don Luis Arrazola,
emaiozu larrua
kendu degiola.
|
|