|
AUNTZARENAK
Orain bertso berriak
bear ditut jarri,
naiz izan nere gauzan
desondragarri;
entendituko bada
istoria ongi,
esplikatu bear det
zein naizen neroni:
Joakin de Jauregi,
orra esan garbi;
iñork ezer neri
nai badit ekarri,
Billafrankan nago be-
-re serbitzari.
Auntz bat juan dan urtean
nik erosi nuan,
nai ainbat esne izango
zualakuan;
familian esnea
bear zan orduan,
sobra izango zala
pentsatzen genduan;
itxura bazuan,
alako moduan,
zer pozez nenguan
erositakuan;
gero auntza etxean ta
esnea auzuan.
Nere animalia
da berez naparra,
ez dedizkiot dala
oso baldarra;
gorputz egokia du,
ederra bularra,
frantzesak bezelaxe
luzea bizarra;
mardula ixtarra,
orobat bizkarra,
griña bat du txarra,
ura guztiz zarra:
duana emateko txit
du gogo txarra.
Ikuitzen bageñion
iñoiz errapean,
arren atzean iñor
ezin zegokean;
ostikoka asitzen
zan alegiñean,
il bear gu jetzitzen
asten giñanean;
eta azkenean,
jetzi ondorean,
etzan geienean
gure poderean
jikara erdi bat esne
baso ondorean.
Ikusirik auntz ori
arren gaizki portatzen,
Nafarroan det orain
griñak mudatzen;
nonbait paraje orrek
obeto du artzen,
ia notizi onak
zaizkit allegatzen;
umeak azitzen
dela det aditzen;
naiz bada ezitzen,
ez naiz ni fiatzen,
erostun bat nai nuke
ta ez det billatzen.
Auntzaren ondrak orra
nik argitaratu,
erostunikan ez det
nai engañatu;
auntz-tratoan obe det
nik gutxitan sartu,
irabazi aundirik
ez det zer kontatu;
tratoetan galdu,
neroni alfertu,
egin naiz nekatu,
ta auntza ezin saldu;
obe det geiegi esan
gabe gelditu.
|
|