www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia
Juan Jose Mogel
1845; 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia, Juan Jose Mogel (Bitor Uragaren edizioa). Euskal Editoreen Elkarte, 1991.

 

 

aurrekoa hurrengoa

HISTORIJA ONEN AMAIJA

 

Jabierrek emoten dituz
bere aitaren azkeneengo
egun ta eriotziaren barrijak

 

        Alargunduta laster, osasun senduan eguala ta ondo itunduta, egin eban aitak testantentuba. «Eriotzako gaixua datorrenian», ziñuan, «berak emongo dau lanik asko; ta nok daki zer asti ta ezaguera izango dan? Lenaz zuritu gura ditut neure gauzaak, bakarrik begiratuteko arimakuei ordu izugarri atan». Egin eban barriro konfesino jeneral bat ta bizi zan alargunik garbijeenaren ejenplubak emoten. Irorogeta lau urtekua artu eban kalentura zoli geldi geldi argaldubaz eroianak. Medikubak agindu eutseen ibillteko ta neu izan oi ninduban lagun. Ez jakon arrezkero berba bat entzuten lurreko gauzeen gañian. «Ai, neure seme maitia!» esan oi eustan sarri, «eta zein izugarrijak izan biar daben eriotziak, leenago beragaz azturik bizi izan danarentzat. Zer balijo deutsee orduban mundubak emon eutsazan anditasunak, igaro zituban atsegiñak, euki zituban adiskidiak?... Batu dedilla lurreko jakiturija guztija gizoneen indar ta ondasunakaz, ta ezin luzatu leijuee bere bizitzia egun bakar baten. Eta, nok aterako dau Jangoikuaren juizijo zuzenetik, zeñetan beriala agertu biar daben? O, zelako illuntasun ta naibagiak inguratuten dabeen mundurako bizi izan dana, geroko betiko bizitzarako benetan leijatu baga! Luxenburgoko jeneral aiñ entzunak, aurkiturik ordu atan, esan eutseen ondo egoki bere lagunei: «Irabazi nituban biktorija andi, ainbeste nire izena zabaldu dabeen guztijak baño, oraiñ naijago neuke egarri zan pobre bati Jesusen izenian baso bete ur emona».

        Egun baten giñoiazala arbola arteko kerizpe illun batetik, esan eustan: «Ezagututen dot etxeko guztiok zabiltzeela, osatuko nasalako ustiak emon nairik; baña, dirautsut, ez zaitezala alperrik nekatu orretan. Sentietan dot neure biotzian adierazo ezin neijan poz bat mundubari isteko. Errukarrijak dira nundik eriotziagaz aaztuko diran oi dabiltzanak. Jangoikua da gure betiko bizitzia, zeñegan imiñi biar dogun poz guztija. Berak daukaz neurturik gure egunak ta ez dira aldatuko berba labanakin. Adiskidetasun egijazkuak ez dau guzur ta engañurik. Alan, neuk ezagutu ezpaneu bere, gurako neban zubek argiro esatia gaixo au zala azkeneengua». Onetan eldu giñan baso artian eguan eleixa zaar, nosbait parrokija izandakora, zeñetan aurkituten ziran antxiñako difuntubeen azur ta sepulturaren batzuk; ta esan eustan: «Ara neure semia, nora oi nentorren etxetik bakarrik urteten ikusten nenduzun sarri askotan. Eremu onetako ixiltasun ta ikusgarrijak aaztu eragiñik lurreko gauzaak, jasoten neban erraz neure biotza gauza goratubaguetara. Aztertuten nituban neure goguan erlijinoe santuko egija andijak ta arrituten nintzan, gomuntaurik zelan eurakaz aazturik bizi ziran gizonik geijenak munduko erokerijakaz itxuturik. Azur igarrak poztuten nindubeen, jakiñik gure antxiñako aasabeen biziera garbija ta eureen gañian irakurten neban: «Biztu ta gozatuko gara geure egilla ta Jangoikuagan». Neure semia, eldu zaitekez noixian beiñ eskola onetara ta, ondo pensaurik ikasiko dozu biarreen dozuna, bai munduko gauzeen ezer ezkerija ta arimako ondasuneen anditasuna. Au da benetako jakiturija; bada, ikusten dozu emen zetaraten diran munduko anditasun, edertasun ta aberastasun guztiak. Eta izanik eriotzia ain ziurra zeinda jaijotzia, zelan iminiko ez dozu zeure gogo guztija, inos ez galdu ta ez amairik izango dabeen ondasun ta betiko bizitzaan?».

        Andik laster gelditu zan oian jagi ezinda; ta ill osuak igaro zituban, beti konseju onak emon ta eriotzarako presteetan. Gatxak ta oe luziak zauritu eutseezan bere aragijak ta artuten ebeen oñaz edo dolore aldi andijak; baña, Santo Kristo bati begiraturik, esaten eban: «Geijago ta geijago eruan eban Jesusek nigaitik. Naijago dot lurrian igaro, gero baño. Ondo daki Jangoikuak zergaitik bialdu deustazan». Egun baten, ikusirik malkuak urten eusteezala, esan eustan ejenplu au: «Soldau bat kaza edo eizian ebillela, pistija bati erraikola, eldu zan baso illun baten. Entzunik kanta soñu txito alegre bat ta igarorik aurrera, jakin nairik nor izan zaatian alako kantoria, aurkitu eban gizon bat lurrian etzunda, aiñ zauri edo llagaz betia, zeinda zatika jausten jakozan aragi usteldubak. Itandu eutsan soldadubak norena izan ete zan entzun eban kanta soñuba; ta erantzun eutsan beria izan zala. Arriturik soldauba, esan eutsan: «zelan izan deiteke alan kanteetia, ainbeste oñaz edo doloreren artian?». Gaixuak, erantzun eutsan: «Jangoikuaren arpegi ederra ikustera igaroteko aurkituten nas eragozpen bategaz, zein dan bitaartian daukadan lurrezko ormia, au da, neure gorputza. Orain dakust ustelduta zatika juatala ta laster guztiz desegin biar dabela; ta alan, beragana elduteko poza da kantau eragiten deustana». Ara neure semia kristinau egijazko baten ispilluba. Dakigu, lurrian sortu arren, zerurako egiñak gariala ta Jesusek betiko glorijarako erosi genduzala. Geure aldetik dana egiñik, biziko gariala amai bagaan geure Jangoikuagan. Ez daukagu, bada, zetan zurtu, igaro gura izatian zeruko bizitza amaibagara, ta beragaitik eruatia pozik dolore ta nekiak. Arritu biar doguna da ikustia kristinau ainbeste gorrotogaz lurreko eriotziari begiratuten deutseenak; bada, oneek erakusten dabee eureen prestaera txaarra. Fede bagaak legez, iminten dabee poz guztija lurrian; baña, zelan dan ain laburra munduko bizitzia, ezin bete ditubee eureen gurarijak ta, azkenik, damuz ta nai ta ezian, isten deutsee mundubari, negar egiten dabeela, ez eureen pekatubakgaitik, ezpada, mundubari betiko agurra egin biarrez. Ejiptuban ta beste leku askotan aurkituten da animalija bat kokodrillua esaten jakona, guztiz gizonaren aragi zalia. Eria dabenian, beriala ill ta puskatuten dau ta, jan deijanian aragi guztija, arturik kalaberia bere besuen erdijan asten da aijarija ta ulu andijak egiten, ez gizona ill dabelako, ezpada zer janik geijago kalaberaan aurkituten ez dabelako. Gisa onetakuak oi dira mundutar askoren eriotzako negarrak. Ez, bada, mundubagaz lotu ta bizi beti prest zerurako».

        Aurrera juakon gaixua ta artu zituban sakramentu santubak, bere erreguz medikubak aginduta; ta, zelan guztirako izan eban lekuba, konfesau ta komulgau zan beiñ baño geijagotan, nik adierazo ezin neijan debozinoe ta pozagaz. Azkenik, indarrak juan ta, urreraturik eriotzia, eruan genduzan seme alaba guztijok bere gelara esateko: «Antxiñako aasaba edo patriarkaak erakutsi euskubeen, zelan gurasuen obligazinoiak ziraubeen azkenengo arnasaragiño; ta orregaitik, ordu atan batuten ebeen familija guztija, agurrik sarnurreenagaz iraasteko erakutsi edo doktriñarik santubeenak. Onetara deitu zaitubeet orain. Ai, neure seme maitiak! Eriotzako orduko berbaak daukee eurenezko indar bat guztiz josirik geldituteko, batez bere seme alabeen biotzetan. Eriotzako orduban ez dago palagu ta leunkerijarik ta esan lei arimiak berak geijago beraa egiten dabela miinak baño. Alan, urteten dau egijak zintzo ta garbi. Dirautsubeet, bada, biotz biotzetik gorde daizubeela beti Jangoikuaren bildur santuba, zein dan jakiturija egijazkuaren zimenduba. Maitetuteko gauza guztiez gañetik Jangoikua, izanik au benetako jakiturija bakarra ta ezin aurkiturik ostian jakiturijarik munduko liburu guztijak buruz artu arren. Alan begiratu deijozubeela pekatubari arerijorik andijeenari legez, ez daukeelako zer ikusi munduko kalte guztijak pekatu bakar bategaz. Gomunta zaitezeela sarri apostolubak dirauskunagaz: ez daukagula lurrian iraupen luzeko bizi lekurik; bidaztijak gariala ta betikua irabazten nekatu ta dendatu biar dogula. Iges daizubeela pekatuko bide ta laban arrijetatik, infernuba ikusirik igesko zendukeen legez. Erabilli daizubeela goguan gau nai egun, leku guztietan begira daguan Jangoikua ta ezegaz aaztu ezin leitiana. Jarraitu deijozubeela Ama Birjiniaren berarizko debozinoiari, errosarijo, konfesinoe, komuninoe, eleixako funzinoe santu ta liburu onak irakurtiari, jaramon baga mundutaar eruen esamesa ta labankerijei. Berba baten esateko: Bizi zaitezee Jesusegaz lurrian, bizi izateko beragaz beti iraun edo eternidadian».

        Artu eban gerotxubago konkortasun batek ta alan egon zan ordu lauren inguruban. Edegi zituban orduban begijak ta urreratu nintxakon edaarijagaz; baña, ozta aituten jakon beraa motelagaz, esan eustan: «Neure semia! Ez dot nik biar beste gauzarik, neure betiko Jangoikua baño». Eskatu eutsan sazerdotiari azkenengo absoluzinoia; ondoren, urreratu eban ezpanetara eskubetan eukan Santo Kristua ta emon zituban laztan gozo onetan azkeneengo zotiñak, beti opa ta Jangoikuari eskatu izan eutsan legez.

 

Alan jazo dekigula guri

 

aurrekoa hurrengoa