www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia
Juan Jose Mogel
1845; 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia, Juan Jose Mogel (Bitor Uragaren edizioa). Euskal Editoreen Elkarte, 1991.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKUSALDI IV.a

 

        AITAK: Eleixa Ama Santu Erromakua, zeñetan bakarrik aurkituten dan Jesukristoren doktriñia berbera, izanik guztioentzakua, ezin iñor salbau leite, bere seme ez diraneen artian. Baña ez da asko fedia euki ta bere doktriñia ikastia; gorde biar da erakusten deuskuna, bere sente leijal izan ta zeruba irabazteko. Arbola batek oi dituz adar eze ta igarrak; guztijak dira arboliarenak, baña eziak bakarrik emoten ditubee lora ta frutubak ta igarrak ez dira sutarako ezpada. Alan, katoliku izan arren, pekatu mortalian igarturik dagozanak, grazijaren indar ta bizitza baga, ez dira infernuko sutarako baño, ezetu edo biztuten ezpadira penitenzija egijazkuaren bidez. «Grazijaan azkeneraño diraubanak izango dau zeruba», dirausku Jesukristok.

        Orain, neure semiak, juan biar dogu guztijok parrokijara, nun adierazoko deutsubedazan gauza batzuk, obato iraatsirik gelditu ditian zuben bijotzetan. Eldu ziranian, dirautsee: Ara emen Jangoikuaren lurreko etxia, tenplu santuba. Emoten jako eleixiaren izena, bertara deiturik Eleixiaren semiok, batuten garialako erregu, sakrifizijo ta gauza santubetara. Egija da leku guztijetan Jaungoikua adorau biar doguna, baña tenplu santubak dira beraan beraariz atarako izentaubak, jaristeko euretan grazija ta miserikordijarik ugarijeenak. Emen, bada, alkartu biar dituguz geure erregubak, indartsubaguak izan ditian Jangoikuaren aurrian. Izan biar deutsagu tenplu santu oni lotsa edo errespetorik andijeena, errege guztien erregiaren jauregijari legez.

        Aztertu daiguzan orain eleixa onetako gauzaren batzuk, aituteko nolabait euretan zabalduten dirait zeruko ondasun ugarijak. Ara emen batioko pontia. Ai! eta zenbat mesede egin euskun bertan Salbagille maitiak! Ze ondasun ugarijak ezarri zituban gure arimeetara! Parkaturik bautismuagaz jatorrizko pekatuba, apaiñdu giñan Jangoikuaren grazijagaz ta egin benetan Jesusen seme, jatsi ziran gure arimetara Espiritu Santubaren doe ta frutu ugarijak, artu genduban fedia sustraiz, gero autortuteko, ta gelditu giñan Eleixako seme, kristinau ta zeruko herederu edo jaubegei. Baña, aitu daizuben ondo zer dan kristinau izatia ta zetara obligau giñan, berba egingo deutsubeet bautismoko zeremonija batzubeen gañian. Bautismua emon oi jakee persona nagusi leenago batiatu bagei edo seintxubei. Nagusijak diranian, eurak erantzun biar dabee sazerdotiaren itauneetara, emonik eskatuten deutseezan berbaak. Seintxubak diranian, aita besuetako edo sakristaubak egiten dituz eureen ordiak, baña obligazinoiak geldituten dira batiatubarentzat, autortu ta gordeetako adiñera elduten danetik. Itanduten deutsa, bada, sazerdotiak, batiatu biar dabenari: «Zer eskatuten dozu Jangoikuaren Eleisatik?» Erantzuten da: «Fedia». Sazerdotiak barriro: «Zer emoten deutsu fediak?» Erantzuten da: «Betiko bizitzia». Orduban dirautso Sazerdotiak: «Sartu gura badozu betikio bizitzaan, gorde egizuz agindubak: maitetuko dozu zeure Jaun ta Jangoikua biotz guztiti, arima ta gogo osuagaz, ta projimua zeure buruba legez». Gero, egiten deutsa arnasa modu bat aora, agindurik diabrubari: «Espiritu zikiña, urten egizu oneganik, izan dedin Espiritu Santubaren egon lekuba». Ostera egiten deutsaz kurutziak, diabrubak izan ez daijan jaubetasunik beragan. Iminten deutsa gatza ezpanetan, galdu ez daijan pekatubaren usteltasunak ta egin daizan gauza onak debozinoiaren gozotasunagaz. Esaten dira kredo ta aita geuria, zeintzubetan dagozan sarturik fede, esperantza ta karidadeko egitiak. Itanduten deutsa, azkenik: «Errenunzijau edo isten deutseezu guztiz diabrubari ta bere egitada guztiei?». Erantzuten da: «Isten deutseet». «Ta bere ponpa edo arrokerija guztijei?» Erantzuten da: «Isten deutseet». Orra zelako berbaak emon diran batiatu orduko; ta ez aaztu euretatik juzgauko gaituzala Jangoikuak. Batiatu ta beriala iminten deutsa zapi zuri bat buruban, adierazoteko artu daben arimako zuritasuna, ta dirautsa eruateko loitu baga Jesukristoren tribunalera. Emoten deutsa, guenian, kandela ixiua eskura, erakusteko, San Gregoriok dirauskun legez, zabaldu biarko dabela bere ejenplu edo birtuteen argitasuna.

        Eruan zituban konfesonarijo baten aurrera ta dirautsee: Emen parkatuten dira batiatu ezkero egindako pekatubak. Jangoikuak bakarrik, berez, parkatu lei pekatuba; baña Jesusek itxi eban konfesinoeko sakramentuba ta izentau zituzan ministro atarako ordendubak, bere eskubidez parkatuteko ondo prestaurik elduten ziran pekatarijei. Diñot ondo prestaurik, zerren ain baga, konfesoriak milla absoluzinoe emon arren, ez dago parkazinoerik ta bai beste arenbeste sakrilejijoko pekatu leenguen gañera. Emendik ezagutuko da zelako itxutasunian dagozan, eskatuten dabeenak absoluzinoia, benetako damu ta propositurik ez daukeela. Konfesoria engañau deiteke, baña ez Jaungoikua. Konfesoriak entzuten dituz azaleko berbaak. Beti esango dau pekatarijak damu dabela ta itxiko deutseela pekatu ta pekatuko bidei, baña Jesusek dakus bijotza.

        LUISEK: Zein izan leite aiñ arima itxija, juateko konfeseetara, alegiñez prestau baga?

        AITAK: Asko ta asko. Irakurri dot sarri jakitunetan, ezin esan leijala zenbat kristinau agertuko diran kondenaubak juizijoko egunian, konfesinoe deungakgaitik. Batzuk ez dabee egiten examiniaren zarata edo azalkerija bat baño, jaramon baga obligazinoe astun askori. Beste batzuk isten ditubee, lotsa edo bildurrez, konfesau baga, pekatu astun ta autortu biar litukeen zirkunstanzijaak; edo esango dabee, jakiñaren gañera, amar baziran, zortzi zirala, onelako pekatuba bazan, txikarragua zala, konsentidu arren, lekurik emon ez eutseela, eurak alakorik gura ez ebeela ta alegiñez apartau zirala. O, eta zenbatek infernuban diadarrez autortuten ditubeen, munduban ixil ixillik Jaungoikuaren ministruari esan gura izan ez eutseezan pekatubak! Baña alperrik. Kondenauba kondenau zan betiko. Jakiñik Jangoikua leku guztietan aurkituten dala, guztia ikusten daguala, ez daukee bere lotsarik pekatu egin ta arimaak loituteko; ta gero, garbitu biar litzatezanian, lotsa dira konfesetan gizon argal bati! Ez da lotsa arako neskatillia, mutil batek edo geijagok jakitiaz bere nabarmentasun ta garbitasunik eza; ta lotsa da, jakin ez daijan Jangoikuaren ministro, erreko balebee bere, iñori ezin esan leijanak! Egon leite arimako itxutasun andijagorik? Jangoikuak daukaz ministro asko. Emoten deusku aukera edo eskojija. Lotsa badira bategaz, zergaitik billatu ez beste bat, biar balitz edonora juanda? Milla legua igarotia utsa litzate, konfesinoe ona egitearren.

        Baña oraindik geijago dira konfesinoe deungaak damurik ezaz. Ez dabe ezagutu gura zer dan pekatu mortala, zelako kaltiak dakartzan arimara ta Jangoikuak deutsan gorrotua. Alan, pensau baga biar legez pekatubaren eskergabetasunian, ez erregutu doe guztien emolliari damu egijazko batgaitik ta, biotz osuagaz gorrotau baga pekatuba, duaz pekatubak konfesetara, Jazoera edo historija batzuk legez. O, Eron, ainbeste urtian garbi ta penitente izan eta, guenian, pekatu mortal bakar bategaz galdu zinana! Zuk esan ziñai zer dan pekatu mortala, zer aldu zenduban ta zer irabazi beragaz. Jesus maite, besteen pekatubakgaitik kurutzian ill ziñana, zuk izan biar zenduke pekatubaren erru gogorra ezagutu eragiteko ispillurik argijeena. Baña askok ez dabee nekatu gura onelako pensamentubetan eta, aiñ sentikorrak izan arren lurreko naibageetan, bizi dira umore galantian, pekatubak gora beera, ta emendik oi datoz ainbeste konfesinoe deunga damu bagaak.

        Soldadu bat jausi zan pekatu mortalian ta Jangoikuak gura izan eban agertu ekijon gorputzian, arimaan artu eban ezaintasunaren irudija. Juan zan etxera ta, ikusi ebanian emaztiak, ikaraturik, asi zan garrasi ta diadarrez; bardin beste ikusi ebeen guztiak. Gomuntau zan, orduban, Jangoikuaren kastiguren bat ebala ta asi zan eleixaruntz. Aurkitu eban bidian ganadu talda bat pastoriagaz ta asi ziran guztiak igesi, oñaztarri bat erdijan jausi balitxake legez. Sazerdote bat eguan portikuban ta, begistau ebanian, asi zan kurutziak egiten, demonioren bat zalakuan; baña, urreratu jakonian, sartu zan laster eleixara, atia itxijaz. Soldau gaisua, ate aurrian negarrez etzunik, asi jakon erreguka, zirautsala: «Aita, errukitu bedi pekatari onegaz, bada, pekatubak aillagiña ezaindu banau bere, ez nas demoniua, ezpada gizona». Edegirik atiak, artu eban pozik sazerdotiak, eragin eutsan damu andijagazko konfesinoe bat ta, garbitu zaneko bere anima, biurtu jakon gorputza leengo itxurara. Ai, eta ezagutuko balira pekatu mortalak arimiari ezarten deutsan ezaintasun ta kaltiak!

        Eta, zer propositu oi darua askok konfesinoera? Konfesau orain, baña aurrera leen legez pekatu ta pekaturako bide, lagun ta okasinuak. Konfesau, baña ostuba ta deungaro irabazija biurtu ez edo ainbat lasterren biurtuteko gogo baga. Igez lujurijosua, aurten bere bai. Igez ordija, orain bardin, erarik badau. Alan diñot beste pekatari askogaitik. Ai, zenbat berba guzurrezko emoten jakozan Jangoikuari konfesinoietan! Baña ez dagoz aaztuta, ezpada kontaurik, eurakaz juzgeetako.

        LUISEK: Aita, erakutsi dozun ezkero zenbat konfesinoe donga egiten dan, adierazo egiguzu zelan ondo egingo dogun.

        AITAK: Zubek badakizubee kartilliak erakusten dabena; baña argituko deutsubeet, zerbait obato aitu daizubeen. Jangoikuak ez dau nola nai pekaturik parkatu gura, ezpada, gizonak, eureen aldetik, ardura andi ta alegiñak imiñita. Bere seme bakarrari pekatarijeen bitaarteko jartia, kosta izan jakon erijotzarik gogorrena. Beraz, errazoe andija da ondo kostatia egin dabenari.

        Examiñiaz aurretik, eskatu biar jako Jangoikuari argija ta gero egin ziatz ta astiro bakotxaren premiñiak eskatuten daben giñuan, mandamentu, estadu, ofizijo ta obligazinoe guztietatik. Izan bada ibillera, lapin ta okasinoe nola alakorik, arduraz aztertu biar dira, oi diralako pekatu askoren sustraijak. Ez dago obligazinoe berezkorik pekatu benial edo txikarrak konfesetako, ezta examiñeetako bere; baña, mortaletan, alegiñez gogoratu biar da zenbat diran, abespeluban esan baga ta, atera ezin bada ziur, asko da al daben añako examiñia egiñ ta esatia konzienzijaak bakotxari erakusten deutsazan legez. Ez daukaz gizonak bere eskuban konfesinoerako eskatuten dan damu, ez proposituba; ta gure alegiñak ez dira bakarrik asko, Jangoikuaren grazija baga. Izanik Espiritu Santubaren doe edo emokaijak, eskatu biar deutsaguz biotz guztitik. Onetan imiñi biar da aleginik andijeena, Jangoikuak ukatuko ez deutsazalako, beragan dana egiñ ta humill erregututen deutsazanari; ta iños konfesinoe onik ezin izan leitialako eurak baga. Jazo leite bururik ta astirik bere ez eukitia examiñetako, penitenzijarik ezin egin al izatia ta, orregaitik, konfesiñoe ona egitia; baña ez jazo ta jazoko da, ta jazo bere ezin leite, damu ta propositu baga konfesinoe onik egiterik, ez pekatu bakar bat parkatuterik. Ez da asko bularrari ots batzuk emon, buruba makurtu ta azaleko malkuak botatia, damu ta propositu zintzuak eukiteko. Batzuk txito erraza dabee negarra, batez bere emakumiak; baña antxiñako esakunia da: «Ez zaikeezan engañau emakumeen negarrak». Ordijak bere txito samurrak oi dira begijetan, baña ez bijotzetan, taberna ta okasinoiei isteko. Jangoikuaren grazijagaz batera, damu ta propositubak izan biar dabee biotz barrutikuak, pekatu mortal guztienak ta beste damu ta propositubez gañetikuak. Presteetako, pensau biar da zelako kaltiak dakartzan pekatu mortalak. Oneek dira arimako ezaintasuna, infernuko penaak irabazi ta zeruko glorijaak galdutia, Jangoikuaren amodijuaz batera. Alan, ezagututeko pekatuba dala gizonak bere burubari ekarri leijon kalterik andijeena ta damubago izan biar dala pekatu egiña, beste lurreko ta gorputzeko gatx guztijak batuba baño ta bardin izan biar dabela aurrerako propositubak, zer daukee zer ikusi beste gauzaak arimiagaz ta Jangoikuagaz? Usterik gitxijenian, guztijari itxita, juan biar dogu eternidadera ta bakotxari emongo jako irabazten dabena. Erregutu begijo ondo pekatarijak Jesus gure amorez kurutzian josijari ta berak emongo deutsa guztirako indarra. Konfesau biar dira gero pekatu mortal guztijak, konzienzijak erakusten dituban legez, ta erantzun zintzo konfesoriari, pekatubak ondo ezagutu ta zuzen sentenzija emoteko egiten dituban itauneetara. Bete edo kunpliu biar dira konfesoriak aginduten dituban penitenzijaak, nai dirala lenagoko pekatubakgaitik emonak, nai aurrera jausi ez gaitian. Orretarako, ondo aitu ta gorde goguan. Konfesoriak sarri emoten ditubee konsejubak, baña ez agindubaren beian, ezpada borondatez egin daiguzan; ta areek ez egitia ez da pekatu. Baña penitenzija da agindubaren beekua ta obligazinoekua; ta, izan ezkero astun, pekatu mortalagaitik iminija, isten bada guztija nai bere zati andija dana, egingo da pekatu mortala. Antxiñako gizaldijetan, izanik urrijago edo gitxiago pekatubak kristinaubeen artian ta ain andija Jangoikuaren justizijaren bildurra, pozik egiten zitubeen, pekatu mortal bakar batgaitik bere, urte osuetako penitenzijaak, baru, lutu ta gogortasun andijakaz. Eta, zelan agertuko dira eureen aurrian, oraingo penitenzija bigunak kunpliu gura ez ditubenak? Azkenik, gura neuke guztioen biotzetan ondo josita gelditu ditian konfesinoiaren asieraan esaten ditugun berba oneek: «Ni pekatarija konfesetan natxako Jangoiko guztia daijanari». Beraz, konfesore nagusija, zeñi autortuten deutsaguzan geure pekatubak, da Jaungoikua bera. Ondo pensau gura dabena berba oneetan, nekez elduko da konfesetara alegiñez ondo prestau baga.

        LUISEK: Arriturik nago, aita, ainbeste bidar aitatuten dozulako pekatu mortala, sarri egin oi dan gauzareen bat balitz legez.

        AITAK: Sarri aitatuten dot, iges egin daizubeen beraganik, demoniuaganik legez, eta oraindiño bildur geijagogaz, izanik gatx guztien gatxa ta azkenengo negargarritasuna. Sarri aitatuko dot, iratzartu al baneiz pekatuban lo egiten dabeen arima zorigaistokuak, pensau baga arimaan daukeen pisu, infernuban ondatu biar ditubanian. Ez bakarrik egiten dira sarri, baita bere bizi dira asko, jan, lo ta olgeetan, ezer egin ezpalebee legez. Ondo ziñuan Jeremias igarla gantubak: «Ondatuta legez dago luur guztija, ez dalako egijaz biotzetik penseetan». Aazturik Jangoikuagaz, arima ta eternidadiagaz, edaten da bildur baga pekatuko ur zikiñetatik; ta, euretara etsigirik, ez dabee gomutau bere gura grazijaren ur garbijetara biurtuterik. Alperrik jakin zenbat millinoe martirik emon dabeen odola pekatu bat ez egitearren, zenbatek ondasun guztiak ta libertadia galdu ditubeen beragaitik, alperrik irakurri ainbeste erijotza beingo bateko edo ikusi eureen begijakaz: ez dabee iratzartu gura. O, pekatubaren itxutasuna! Sendatu, bada, Jangoikuagan, pekatuban jausi ez zaitezeen; ta esan biotzetik ta sarri apostolubagaz: «Ez erijotziak, ez atsegiñak, ez bildurrak, ez ondasunak, ez lotsaarijak, ez diabrubaren lazubak, ez mundubak aldenduko nau Jesusen amodijotik».

        Urreratu zituban komuninoeko altarara ta, auspazturik, adorau ebeen sakramentu santuba. Dirautsee gero: Ai, neure semiak! aingerubak ikaraz dagozan leku onetan, zelan egon biar genduke gizon argalak? Urreraturik Jesusek gizonagaitik bizitzia emon ta bere Aitagana biurtuteko denporia, itxi euskuzan erbeste onetan bere amodijuaren aberastasun guztijak. Baturik bere apostolubakaz eguben santu arratsaldian, apaldu eban eurakaz; ondoren, artu zituban ogija ta ardaua ta, biurturik izatez bere gorputz ta odol egijazkuetan, emon eutseezan jan ta edaten; ta, zabaldu zedin gizaaldi guztietara konbit zorijoneko au, emonik eureentzat ta ondoreengo guztientzat atarako eskubidia, agindu eutseen egiteko berak egin ebana berbera. Alan, fedeko egija da, sazerdotiak esan ezkero biar dan intenzinoiagaz, Jesusek atarako erakutsi zituban berbaak, ogi ta ardaua biurtuten dirala Jesusen gorputz ta odol egijazkuetan, dana dalakua sazerdotia. Baña, esan arren beste edozein berba, ez leuke ezer egingo, ezagututen dala Jangoikuaren berbaan daguala indar guztija. Jangoikuaren berbiak egin zituban ezer ezetik zerubak ta luurra; berak biurtu eban ura ardao Kanaango ezteguban, Ejiptuko urak odoletan, ta Loten emaztiaren gorputza itxi eban gatzarri egiñik. Ta, berari eskerrak, barristeetan deuskulako egunoro ta sarri altara santubetan miraari guztien miraari au. Sazerdotia bat bera da sakrifizijuagaz meza santuban, erakusten deuskun legez Letrango Batzaar Santubak, izanik Jesukristo meza emoten daben sazerdote nagusi edo prinzipala. Orain, bada, sagrarijo onetan dago guretzat gorderik tesoru ta ondasun neurri bagia zorijonekuen koru guztijak inguruban dituzala. Eztalirik aurkituten da gure gorputzeko begijeentzat, ogi ta ardauaren irudijeen azpijan, egijaztuten dala, antxiñatik Isaiasen aoz erakutsi ebana: «Jangoiko andija, Israelen erdijan; Jangoiko estalija ta salbadoria». Baña agirijan gure fediarentzat. Jesus lurrian bizi izan zan artian, gizatasunaren gorputzian estalduten zan bere jangoikotasuna; ta gizatasunari bere ez eutsan emon gura izan glorijaren usaiñik txikarreenik, Taborko mendijan puska baten baño. Alan, geratuko bazan gizoneen artian, bere gorputza glorijaz apainduta gerorako, nai ta ezkua zan guretzat eztaldurik izatia. Gizonaren begijak ez daukee indarrik ordu lauren baten eguzkijari begira egoteko. Jesusen glorijaren txinpart batek illunduko lituke millaak eguzki. Zelan, bada, Jesus glorijaz jantzi ezkero, gelditu zaatian gizoneen artian, eztali baga? Nun ziran begijak bera ikusteko? Bardin egin eban bere gorputz ta odolak daukeen gozotasunagaz, ezin iñor bizi leitialako, eureenez daukeen atsegintasunetik probau ezkero. Emendik ezagututen da gure arnodijuak berak daukala Jesus estaldurik sakramentu onetan. Beti juan biar dogu komulgetara grazijaan, au da, pekatu mortal baga; baña grazija onez ostian, amodijo ta prestaera andijaguak daruazanak, aterako dituz ondasun ugarijaguak. Zorigaistokuak, Judas legez, pekatu mortalian komulgetan diranak; bada, jan ta edaten dabee eureen betiko kondenazinoeko juizijua.

        LUISEK: Zer? Azartuten al dira gizonak pekatu mortalian komulgeetan?

        AITAK: Bai, ta ez gitxi. Ezin aitu dot zelan lur joten ez dabeen bildur ta ikaraz. Baña, itxuturik pekatubakaz, otziturik fedia, gogorturik biotzak ta galdurik Jaungoikuaren bildur santuba, erraz sillau ta markeetan dira infernurako, sakrilejijo ikaragarrijakaz. Asko, naiz pekatubak lotsaz itxi, naiz okasiñoe galdubetan borondatez bizi, naiz pekatuko bide ta ekandubetan, komulgetan dira damu bagako konfesinoe bategaz. O, itxutasun guztien itxutasuna! Eta geijeen arrituten dabena da, urte barruban eureen borondate utsez komulgetan diranak bere, alan gaiski prestauta juatia. Ipokrita zorigaistokuak!

        Begiratu eragin eutseen gero altarara ta dirautsee: Ikusi egizubeez santubeen imajiñaak. Oneek iruditu ta gogoratuten deuskubeez, Jangoikuaren glorijaan dagozan santubak, zeintzubak diran gure bitaarteko andijak. Begira, batez bere, Ama Birjiniaren imajiña oni ta gogoratu ondo nor gomunteetan deuskun. Bera da arako Siongo donzella garbi, eder, aita eternuaren alabarik maiteena, Espiritu Santubaren esposa ta Jesusen ama egijazkua, aingerubeen erregiña ta zorijoneko guztiak bat eginda baño glorija ta bitaartetasun andijagua daukana. Bera da arima garbijeen jaolia, baita, benetan billatuten bada, pekataririk galdubeneen bere ama errukiorra. Teofilo diakonuba, pekatu askoren ondoren, eldu zan bere burubagaz ernegeetara ta bere arimia diabrubari eskintzera. Ezaguturik bere itxutasunak, billatu eban biotzeko malkuakaz ama biguna ta, ez bakarrik urratu eragin eutsazan pekatubeen katia gogorrak, baita bere igon eragin santidade andira. Santa Brijidak dirausku, agerturik berari Ama Birjinia, esan eutsala: «Ni nas benetan neure semiagana biurtu gura dabeneen ama».

        Jatsi zaitezee orain ikustera sepultura edo illobijak. Emen dagoz gure aasaba, senide ta laguneen gorputz illak. Auts puska bat ta azur tristiak gelditu jakuz eureen gomutagarritzat. Usteltasun ta aarrak eruan dabee beste guztija. Ze eskola andija guretzat! Orra zetaraten diran gizoneen luurreko arrokerijaak! Orra gorputzeko indar, edertasun ta banerijeen azkena! Orra bijar edo etzi guretzat bere prestaurik dagozan etxiak! Esan daigun, bada, sarri, Job santubagaz: «Usteltasuna, zu zara nire gorputzaren ama; aarrak, zubek nire arrebaak». Alan, erraz desprezijauko dituguz munduko ezer eztasunak, imiñteko gogo guztija betiko ondasunetan. Eskatu daijogun Jaungoikuari eureen arimaakgaitik ta guazan etxera.

 

aurrekoa hurrengoa