www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia
Juan Jose Mogel
1845; 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia, Juan Jose Mogel (Bitor Uragaren edizioa). Euskal Editoreen Elkarte, 1991.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKUSALDI XI.a

 

        AITAK: Uste dot, neure seme ta alabaak, eldu dala denporia estadubaren ganian berba egiteko. Jakin biar da estadu bat baño geijago dirana. Jangoikuari jaoka batera edo beetera deitutia, norberari jarraitutia ta gurasuei alegiñez lagun egitia. Jangoikuak berak agindu eutsan Moisesi akomodeetako goixago bere mendekuak.

        Baña guraso batek baño geijagok artu gura oi deutsee Jangoikuari eskuba, erabagirik eurak seme alabeen estadubaren gañian. Begiraturik familijari, esan oi dabee: «Seme au izango da ezkondu ta etxerako; bestiorri emongo jako eleixbidia, abade edo fraille izan dedin; beste alabiari erakutsi bekijo josten edo, ta bizi dedilla bere modura...». Baña, egiten ete dabee alegiña, jakiteko Jangoikuak alan deituten dituban edo ez? Orregaitik, zenbat ezkontza zorigaistoko ikusten ez da? Zenbat sazerdote, Jangoikuak ain estadu andira deitu baga, eureen ta beste arima askoren galgarri oi diranak? Zenbat neskatilla, biar bada ezkondu balira, onak izango ziranak, eureen borondatiaren kontra ezkondu baga gelditurik, argaltasunez beterik dagozanak? Gurasuak arimeen onari geijago begiratuko baleutsee munduko interesei baño, ai, zenbat pekatu gitxiago izango litzaatian! Eta, zenbat kristinau oba geijago estadu guztietan!

        LUISEK: Aita, orain erakutsi gura deutsut neure borondatia; ta da sazerdote izateko. Itundurik nago konfesoriagaz ta, ezagututeko Jangoikuaren deija ete dodan, esan izan deust: «Luis, gura dozu izan sazerdote, eraz bizi izateko, errenta onaren pozian, edo beste lurreko gauzaren batgaitik? Ai, zure zorigaistokua! Bada, jakin egizu eleixgizoneen obligazinoe, ardura, ikasi ta egin biarrak txito astun ta neke andikuak dirala. Sazerdotiak izan biar dau birtute guztien ispillubak, beste guztiak argituteko zerurako bidian. Arimeen arduria artuteko, oraindik ez da asko norbera ona izatia; biar dau jaritxi alegiñez jakiturija andi bat ta jarraitu bizitza guztijan estudijo sendo bati. Euki biar dau guraari bero bat arimaak pekatutik aldendu ta, jausi badin, infernuko bidetik aterateko. Gomuntau sarri zertzuk igaro zituban Jesusek sazerdotiai aiñ eskubide andijak emoteko arimeen onian. Zer gauza arrigarrija dan beti betiko salbau edo beti betiko kondeneetia! Sazerdote onak egiten ditubee penitenzija, erregu ta orazinoiak, ez bakarrik eurakgaitik, baita bere beste guztiakgaitik. Negar egiten dabee apostolubagaz, ikusten ditubeenian pekatu ta eskandalubak, edozein neke artu gura leukeela, pekatubetatik atera ta zeruko bidian imintearren. Alan, irabazten dabee arima asko zerurako ta argi egingo dabee izarrak legez zeruban. Baña, nok adierazo daikez sazerdote tonto, alper ta mundutaar baten kaltiak? O, ze infernu ikaragarrija itxaroten jakon! Naijago zendukedaz ikusi arrastaka, lanik nekatsu ta pobreenetan, zeinda ez sazerdote ardura bagako». Beste erakutsi ta konseju on asko emon izan deustaz konfesoriak; orregaitik, atzeratu ezeze, geitu dira nire guraarijak ta, sinisturik alan Jangoikuaren deija dala ta berak guztira lagunduko dabela, agertu deutsut neure borondatia.

        AITAK: Esker barrijak daukaguz zer emon Jangoikuari, bere ministrotzat esleidu zaituzalako. Pozik lagunduko deutsut eta gastau estudijuetan. Itundu zarian ezkero ondo konfesoriagaz, ez daukat zetan berba egin. Bakarrik esango deutsut San Krisostomogaz, askoz dala gauza andijagua pekatarijak grazijara biurtutia, illak biztutia baño; ta saijatu zaitekezala lan onetan alegin guztiakaz. Zuretzat ustez neukazan etxe ta bazterra, baña Jangoikuak deituten zaituz ondasun goratubaguetara ta jarraitu egijozu leijal ta atzerapen baga.

        LUISEK: Ez neban, aita, itxaroten beste gauzarik zuganik; bada, sarri esan deuskuzu gurasuari jaokala alegiñez lagundutia bakotxari Jangoikuak deituten deutsan estadura. Zuk erakutsi zeustan umetatik neure santubaren bizitzia; ta, jakiña zan ez zendubana izan gurako bere aita baxen gogorra zeure seme alabaakaz.

        AITAK: Esan egizu santu gazte baña andijaren bizitzatik zerbait, beste guztiak bere ikasi daijeen.

        LUISEK: Bai pozik. Luis Gonzaga zan Mantuako prinzipe, markes andi baten semia. Jangoikuak deitu eban jesuita izatera, baña igaro biar izan zituban gerrarik gogorrenak, gurasuaren bai emona edo lizenzija artuteko. Itxuturik aita beragana lurreko amodijo larregi bategaz, entzun zitubaneko semiaren guraarijak, bialdu eban Italijako prinzipeen jauregi edo palazijuetara, otzitu ekijon bere biotza Jangoikuaren deijetara. Baña jauregi eder ta labankerija guztijak bakarrik izan ziran Luisen biotzarentzat, mundubari gorroto geijago artu, birtuteetan sendatu ta garbitasunaren ejenplurik argijeenak euretan zabalduteko. Alan, biurtu zan bere etxera urten ebanian baño beruago. Orduban, billatu zituban aitak bitaartekorik andijeenak, kendu eragiteko burutik bere asmo santubak; imiñi eutseezan oneek begijeen aurrian bere jaijotza argi, nobleza, honra ta gozotasun guztijak; ta mundubak opa eutsazan anditasun, ezkontza ta ondasun ugarijak. Baña alperrik. Aurkituten zala Luis egun baten bere gela illunian Santo Kristo baten oñetan etzunda, azotez gorputza odolduten ta eskatuten Jangoikuari edegi eijola Jesusen Konpañiarako bidia, sartu jakon aita beragana ta, guztija bigundurik, emon eutsan baija, agindurik juan zedilla leenago Milano, etxeko gora beera batzuk zuritutera. Beriala juan zan ta, garbiturik gauza guztijak, biurtzen da pozik etxera. Baña aurkitu eban aita damuturik emon eutsan berbiagaz ta dirautsa: «Luis, engañau ziñan asko, sinistu bazenduban itxiko neutsula jesuita sartuten. Ogeta bost urte dituzunian, erabagiko dozu deritxazuna; artian, ez dozu artuko nire baietzik». Etzun jakon Luis aitari oñetan ta, malkoz beterik, esan eutsan: «Neure aita maitia; ez daijala Jangoikuak laketu ni zure borondatetik aldendutia; obeiduko deutsut. Egongo nas urte orreek bete artian; baña ontzat eruan biar deustazu esatia, Jangoikuak oraindixek deituten nabela erlijinoera ta jarkiko zatxakozala bere borondatiari, zeure baija ukatubagaz». Berba oneen indarrez, bigundu zan barriro aitaren biotza. Oratu eutsan laztanga Luisi ta egon zan aldi baten berbarik atera ezin ebala; baña, azkenik, arnasa puska bat arturik, esan eutsan: «Neure semia, edegi deustazu neure bijotzaren erdijan zauri mingotx, oñaz edo dolorezko odola luzaro emongo dabena. Maite zaitut ta zuk benetan merezi dozu. Imiñirik neukan zugan neure zaartzarako poza ta familija guztijaren ondo izatia. Baña ain ziur bazagoz Jangoikuaren deija dozula, zuaz, neure seme laztana, berak izentau deutsun konpañiara». Au esanik, sartu zan aita gela baten ta askatu eban bere biotza negar ugarijetan. Luis bere samurtu zan zerbait, baña pozez beterik bere baijagaz, igaro zan beriala Mantuara, nun itxi edo errenunzijau zituban ondasun ugari ta markesaren tituluba bere anae batentzat ta, ondoren, Erromara igarorik, sartu zan Jesusen konpañian, urte gitxijan eldurik santu andi izatera; ogeta irugaz igaro zan zeruko betiko glorijara, bere bizitza ta ill ezkeroko miraarijak izan ziran arrigarrijak. Arturik dago gazte ikasla guztien santu, abogadu edo jagolatzat; eta ezin esan lei zenbatek igon daben birtute andijetara bere debozinoiaren bidez.

        INESEK: Aita, Ageda ta ni bere gatortzuz orain, erakustera geure borondatia. Ondo pensau ta itundurik, erabagi dogu, nik erlijiosa izatia ta onek, ez eukirik erlijinoeko gogortasunak igaroteko sendotasunik, bizi izatia bere donzellatasunian.

        AITAK: Jangoikuak emonak zaree ta lurreko gurasuak ezin ukatu leijuez beretzat eskatuten ditubanak. Zuk, Ines, isten gaituzuz guztiz, baña ordu onian, dalako Jesus geijago maitetuteko. Esleiduten dozu estadurik goratubeena, zeuk birtuteetan aurreratu ta jaristeko guretzat bere zeruko miserikordija ugarijak. Zuk, Ageda, ez gaituzuz guztiz isten, baña beste estadurik artu gura ez dozun ezkero, izentauko jatzu zeure bizitzarako jatortzuna. Izan zaite benetan garbi ta ejenplu onekua; ta saijatuten bazara, batez bere jaijetan, doktrinia ta irakurten erakusten auzuetako neskatillei, irabaziko dituzuz zerurako sari ugarijak. Bijok esleidu dozubeen ezkero donzellatasuneko estaduba, Jangoikuak bakotxari deitu deutsubeen bidetik, esango deutsubeet zerbait bere gañian. Ez dago loreen edertasunik, eguzkijaren argitasunik, ez lirijuen zuritasunik, arimako garbitasunagaz bardindu leijanik. Esakune goratu edo ponderazinoe guztijak ez dira duiñ, dan aiñaan adierazoteko, dirausku Espiritu Santubak. Garbitasuneko estadukuak ziran San Juanek Jesusen urreen zeruban ikusi zitubanak, jarraituten eutseela alde guztietara, ta deituten deutsee Jesusen leleenkarijak. San Ignazio Martirijak eskribietan eutsan Eroni, gorde egizala donzellaak Jesusen iduneko joijaak legez. San Ziprianok diño dirala Eleixako taldarik ederrena. San Agustinek emoten deutsee lurreko aingerubeen izena. Estadu guztijak dira eureenez onak ta santubak, biar legez erantzuten bajakee Jangoikuak euretara zabalduten dituban grazijei. Guztietan izan dira ugari ta izan ginaindez, ez bakarrik onak, baita bere santubak. Baña San Krisostomok dirauskun legez, zerutik lurrerako desbardintasuna baño andijagua dago donzellatasuneko estadutik ezkontzakora. Bakotxak jarraitu biar deutsa Jangoikuaren deijari; izan zaiteze leijalak mesede ain andira, otzitu baga, munduko palagu ta ondasun guztijak eskiniko balitxazubeez bere. Gomunteetan zaree zeuben santeen bizitzaakaz?

        INESEK: Bai, guztioi erakutsi zeuskuzan txikitan geure santu ta santeen bizitzaak, goguan ondo artu ta euki giñaijeen berarizko debozinoe bat; ta jakin daizun aaztu ez jatana, orain nua esatera. Jaijo zan Santa Ines Erroman, guraso prestu aberats ta birtuosuetatik. Emon eutseen azaijera txito batu edo erretirau ta Jangoikuaren bildur andikua. Amar urte orduko, zirudijan birtutezko lora sorta bat. Ain zan moduzko ta itxura onekua ze, amairu urte zitubaneko, artu eban bere edertasunaren entzutia. Ikusirik Erromako gobernadoriaren semiak, ain sartu jakon goguan, ze bialdu eutsan erregalu andi bat, agerturik, bide batez, bere esposatzat artuteko borondatia; baña beriala biurtu eutsan atzera ezetzagaz. Oraindik ezin etsirik, imini zituban bitartekuak ta, izanik guztiak alperrik, juan jakon bera ikustera, eskintsari ta labankerijaz beterik. Orduban Inesek modestija itzaltsu bategaz, esan eutsan: «Zuaz emendik, tentatzallia. Alperrik eskatuko dozu illgo ez dan esposo bati eskiñirik daukadan eskuba». Gobernadoriak jakin ebanian zer igaroten zan, deiturik beragana, esan eutsan: «Nire semiak, esleidurik bere esposatzat, jo zaitu munduban opa izan zinaijan sorririk oneenak». «Ezagutzen dot», erantzun eutsan Inesek, «egin gura jatana honra andi bat, baña daukat neure Esposua, zeñek ez deustan eskatuten garbitasunaz ostiango doterik; ta maitiago dot berau, munduko koroe guztijak baño». Aserraturik gobernadoria, esan eutsan: «Ogeta lau ordu emoten deutsudaz, erabagi daizun, edo izan Erromako dama nagusi edo galdu bizitzia tormenturik gogorreenetan». «Ez dot ogeta lau orduren biarrik erabakiteko», erantzun eutsan barriro Inesek. Esana esan. Agertu jakozan beriala borreru gogorrak katia ta grilluz beterik. Zematu ebeen, baldin adorau gura ezpazituban eureen guzurrezko jangoikuak; baña guztija alperrik. Eruan ebeen emakume galdubeen leku loi ta illunera ta zeruko txinpart batek argitu eban beingo baten. Urreratu jakon, orregaitik, gobernadoriaren seme amodijoz itxutuba ta jausi zan illik bere oñetan. Orduban, bildurturik, erregutu eutsan gobernadoriak biztu egijan ta, jaso zitubaneko Inesek begijak zeruruntz, jagi zan zalduna, diadarrez autortuten ebala guzurrezkuak zirala jentilleen jangoikuak ta ez eguala kristinaubak adoreetan ebeenaz ostiango jangoikorik. Miraari oneek aldatu ebeen gobernadoriaren biotza, baña sazerdote jentillak, sorginkerijatzat emonik jazoerarik arrigarrijeenak ta alan sinistu eragiñik jentei, atera ebeen beste juez bateganik sutan erreetako epai edo sentenzija. Subak lotsia gorderik, ebagi eutseen iduna ta igon eban bere arima garbijak zeruko esposo ta bere betiko glorijara.

        AITAK: Millagruak aitatu diran ezkero, esango deutsubeet zerbait eureen gañian. Jangoikua bera da bakarrik millagruak egin daikezana, sarritan santubak atarako bitaarteko oi badira bere. Berak daki nos, zelan ta nun egin, edo ez egin. Ez deutsaz iñori zor ta ezin iñok imiñi daikio neurririk. Millinoien millinoiak egin dituz gizaaldi guztietan; batian or, bestian emen, zelan gura izan daben. Millinoien millinoiak gizon, dala jentil, judegu, hereje ta katolikubetatik izan dira eureen ikusla edo testigu. Eskritura santubak ta historija guztijak erakusten deuskubee eureen ziurtasuna. Baña gaurko egunian, kristinau argal edo fedia guztiz galdu dabeneen batzuk, esaten dabee eurak ikusi gura leukeela milagroren bat, fedian sendatuteko. Onelakuak ez dakijee zer dan fedia ta urrin bizi dira Jangoikuaren probidenzija ta jakiturijaren argitasunik laburrenetik. Entzun. Fedia da ez dakuskuna sinistutia, Jangoikuak Eleixiari ta Eleixiak guri darakuskulako; ta eurak gura leukee sinistu bakarrik ikusija. Ezagutu daizubeen zeiñ illundurik dagozan, ara argitasun batzuk. Fedia da nai ta ezkua gizon guztientzat, salbauko badira. Beraz, fediak izan biar dau guztientzakuak, Jangoikuak bere aldetik gura dabelako guztiak salbeetia. Beraz, izan biar dau, nai jakitun, nai tontuarentzat, nai argi, nai itxubarentzat... Orregaitik da Jangoikuak arimei emoten deutseen grazija bat, iñori bere ukatu baga, norberagan dana egin ezkero. Itxirik alde batera Jangoikuaren bide estalijei, zabalduteko bere grazijaak, San Pablok erakusten deusku fedia zabalduteko izentau ebana. Fedia, diño, entzutetik. Au da Eleixa santubaren ministro egijazkuen erakutsijetatik. Biotz zintzo ta garbi naijak aurkituko dabee eureen berba santuban fediaren grazija ta argitasuna. Fedia guztientzakua izanik, ezagun da gizon batek ez daukala eskubide gitxiago beste edozeñek baño, beretzat eskatuteko. Alan, norberak millagruak ikustia biar balitz federako, gizon bakotxa adinera elduten danian, egin biarko leuskijo Jangoikuak millagroreen bat, argiturik leleengo itxu jaijoten diranak; munduko ainbeste millinoien miilinoe gizoneen artian, ez dago instante, ez momenturik, zeñetan bat baño geijago elduten ez dan adiñera. Beraz, gau ta eguneko momentu guztietan egon biarko leuke Jangoikuak millagruak egiten. Baña gurako ete dabee guztientzat millagro mota edo jenero bat egitia? Esaterako, illdako bat biztutia? Orduban, ikusirik instante guztietan illak biztuten, esango leukee erraz berezkua dala edo naturala illak biztutia, dan legez galgarau autstu edo usteldutik zintzuak jaijotia. Edo gurako dabee gizon bakotxari egin dakijon berak esleiduten daben millagrua? Orduban, batak esan leijo mendi bat aldatuteko ara edo ona, beste batek itxasuak liortuteko, onek eguzkija illunduteko, ak gaba egun biurtuteko; ta bakotxak bere burutazinoiak eskatuten deutsana. Ta, nun litzaate Jangoikuaren probidenzijaren jakiturija, aldatu biar balitu momentu guztietan bere egite arrigarrijak gizoneen eretxi ta borondatera? O, biotz Jangoikorik gura ez leukeenen itxutasuna! Imiñi gura dabee menderaturik guztiei. Begijeen aurrian daukeez eguzki, izar ta miraari guztien miraarijak ta ez deutsee jaramonik egiten, egunoro dakuseezalako; ta ikusi gura ditubee momentu guztietan miraari barri batzuk, beste arenbeste egiteko. Nor dala uste ete dabee Jangoikua? Egunen baten erakutsiko deutsee Luziferrek bere lagun arro onei. San Luis Franziako erregia eruan gura izan ebeen beiñ millagro andi bat ikustera; baña erantzun eutseen: «Ziurrago sinistuten dot fediagaz, millagro orrek erakusten dabena ikusijagaz baño». Alan da: gure begi ta gorputzeko zentzunak uts egin leijee, irudipen edo begitazinañoez, baña ez Jangoikuaren berba ta bere grazijak.

        AGEDAK: Nire santiaren bizitzia izanik ain irudi andikua Santa Inesenarenagaz, bakarrik esango dot ogeta batgarren urtian igon ebala zerura, emonik bere bizitzia tormenturik gogorreneen erdijan, garbitasuna gorde ta Jesusi leijaltasunagaz erantzutearren.

        AITAK: Ejenplu orreek ta beste ezin esan aiñak erakusten deuskubee Jangoikuaren deijei euki biar deutseegun leijaltasuna, baita bere garbitasunaren amodijua ta zelan munduko ondasun, anditasun ta bizitzia bera galdu biar diran leenago, pekatu egin baño. Gure erlijinoe santuba ondo ezagutu gura ez dabenei, gogor egiten jakee bizitzia galdutia arimako gauzaakgaitik; ez alan fede biziko arimei. Fede bizikuak, iminirik eureen gogo ta biotzak amairik izango ez daben zeruko bizitzaan, maitiago dabee beti iraungo daben glorijazkua, bizitza labur, argal ta gero bere, usterik gitxien dogunian, galdu biar dogun au baño. Badakijee, galduten badabee gorputzaren bizitzia Jangoikuaren amorez, zuzen zuzen ta purgatorijuan bere sartu baga duazana zerura; baita bere, bizitzia nai beste gauzaren bat maitiago dabenak Jangoikua ta bere agindureen bat baño, salduten deutsala bere arimia, ta betiko bizitzia, Luziferri, izateko bere mendian eternidadeko tormentubetan. Egijaz, zer balijo deutsee orain Sapriziori, San Agustin ta San Ziprianok negarrez aitatuten ditubeen donzella argalei ta beste askori, zer balijo deutsee, diñot, egun batzuk luzaruago munduban bizi izana, baldin, luzabide ariñaren ordez, badagoz ta egongo badira kondenaurik beti infernuban? Zer daukee zer ikusi lurrian gizonak emon leijeezan miñ ta oñazak, infernuko tormentu, ez gizonaren adiñak aitu, ta ez bere miiñak adierazo daikezanakaz? Fede otzeko kristinau argalak puska bateko peniak bildurtuten ditu. Eta, zelan ez dira bildurtuten, amairik izango ez daben subagaz, au da, infernuko karzela gogorragaz? Baña aazturik bizi gura dabee gerokuagaz, ikusi arren egun ta gaba beti aurrera duazala ta denporia iños geldituten eztala. Orregaitik, etortekuak ain ziurrak dira zein igaruak ta, aztutera egin arren gizonak, ez dago aazturik Jangoikuaren justizija ta jausiko dira zorigaistokuak bere mendian, galdurik, biar bada uste baño lenago, ainbeste maite zitubeen gorputzak ta mundu labana.

        Kristinau guztijok goguan ondo josirik euki biar dituguz egija oneek. Maitetu biar dogula Jangoikua gauza guztiez gañetik, ezin maitatu giñaijala bere agindubak gorde baga ta, alan, pekatu mortal bat egiten dabenak, edozein agindu gauza astunian ausirik, galduten dabela Jangoikuaren amodijua, zein baga salbau ezin giñaindezan. Au jazoten da edozein mandamentutan; baña, zelan lujurija dan pekaturik labaneena, arimarik geijeen infernura daruazana, pensamentu, gurari, berba, eskuka, bakarrian ta iñogaz, norbere erikuakaz nai aberiakaz ta modu askotara egiten dana, zelan pekatu onetarako dagozan okasinoerik geijeen munduban ta tentatzalle aiñ asko, zelan emakumeen argaltasunak biar dituban berarizko sendagarrijak, orregaitik gurasuak imiñi biar dabee ardura guztien ardura bat, garbitasunaren amodijo andi bat alabei erakutsi ta lagunduten ondo gorde daijeen. Ez da onetatik aitu biar gizonezkuak ez daukeela ainbeste obligazinoe garbi izateko, bada, mandamentubak guztientzat dira bardiñak; ezpada, gizonezkuak, batetik, eurak senduaguak izanik, beste aldetik, ez daukeela ainbeste arrisku, eurak billatu edo gura ezik. Orregaitik esaten eban San Anbrosiok gurasuarena zala alabeen garbitasunaren zati bat. Gurasuak erakutsiko baleutsee erretiro edo batutasun ta garbitasunaren amodijo ta balijua, zelan ikusiko litzaate ainbeste argaltasun? Ugazaba nasai bat ez istiagaitik, labankerija ta erregalu batgaitik, ezkontzako berba batgaitik, errespeto edo munduko bildur batgaitik, zenbat, arimako garbitasuna galdurik, dagoz infernuban ta beste zenbat arako bidian? Guraso kristinaubak maite balebee eureen alabeen garbitasuna, zer egingo ez leukee ondo gorde eragiteko? Ara jentil baten ejenpluba. Apio esaten jakon Erromako amar agintari nagusijetatik bat, ikusirik Birjinia eritxon neskatilla pobre baña guztiz ederra, sartu zan bere amodijo itxu baten. Aita jentillak, begiraturik Apioren anditasun, agintaritza ta asmo ugarijei, ezin asmau eban zelan gorde bere alabia imini gura jakozan lazubetatik. Txito eban maite Birjinia. Ta, zer egin eban galdu ez eijan bere garbitasuna? Ill bere eskubakin alaba ain maitia, ziñuala: «Naijago dot ikusi illda garbirik, zeinda ez loituta bizirik». Amodijo gaiski aituba, jentillaren itxutasunetik urtena, beste bide asko dagozalako garbitasuna gordeetako, baña erakusten dabena birtutiaren edertasun, jentillak eurak ezagututen dabeena, ta lotsagarrija izango dana guraso kristinau ardura bagako ta neskatilla argal zorigaistokuentzat.

        AGEDAK: Andijak izan biar dau garbitasuna galdu dabenaren naigabiak. Ikusi neban bein neskatilla bat ernegazinoeko bidian, ejenplu garbi batzuk entzunda.

        AITAK: Ernegazinoiagaz ez da egiten pekatubak geitu baño. Galdu dabenak arimia birtute ain ederragaz batera, billatu daijala ainbat eta lasterreen konfesore jakitun bat. Jangoikuaren errukitasunak guztirako itxi euskuzan miserikordija ugarijak. Imini biar dira ardura guztijak pekatuban ez jausteko. Begiratu biar jako pekatubari leenaz gorrotorik andijeenagaz, izanik gizonaren benetako ta betiko kalte bakarra. Berak iminten gaitu Jangoikuaren gorrotuan, illunduten ditu zeruko argijak ta galdu eragiten dau arimako bizitzia, au da, grazija; ta da, azkenik, norbere burubari emoten jakon kondenazinoeko sentenzija gogorra. Baña pekatuban jausi ezkero, egiña egin ta, Judasegaz ernegau baga, biurtu biar dogu ainbat lasterreen Pedro, Magdalena ta beste askogaz Jesusen oñetara, zeñentzat guztia dan erraza ta ain argiro erakutsirik daukan pekatari benetan billatu gura dabenentzako biguntasun ta errukija. Ara ejenplu bat. San Zosimo Palestinako penitente ain entzuna ebillen basamortubak aztertuten, jakiñik euretan bizi zirala santu asko. Egun baten errezetan joiala, ikusi eban igesi kerizia zirudijan gauza bat. Jarraitu ta, deiturik geldituteko, obeidu eutsan; baña, sarturik zulo edo leza baten, dirautsa: «Aita Zosimo, bota egijozu kapa edo mantuba pekatari gaixo oni, artu daijan zure bendizinoia». Arritu zan Zosimo, entzunik bere izena ta, ezaguturik gauza goratubeen bat zala, bota eutsan kapia. Eztalirik beragaz, agertu jakon emakume bat, aiñ argal, baltz ta penitenzijeen indarrez itxuratik urtena, zeinda geijago zirudijan amesetako begitazinnoe batek, egijazko persona bizija baño. Erregutu eutsan Zosimok esan eijola nor zan ta, orazinoe aldi bat eginda, dirautsa: «Ni nas Ejiptuko alaba errukarri bat. Iges neban gaztetan gurasuen etxetik, olguraan bizi izatearren. Igarorik Alejandrijara, zabaldu neban bijotza mundubaren arrokerija ta gozotasunetara. Egun baten, ikusirik jente asko urreratuten itxas bazterrera, itandu neban nora juazan ta, erantzunik Jerusalena, kurutze santubaren jasoera edo exaltazinoerako, juan nintzan eurakaz. Eldu zan egun dontsuba ta jarraitu neutseen lagunei eleixatetaragiño. Baña, ai! Ikusi ezin neban esku batek ez eustan itxi gura izan barrura sartuten. Asi nintzan indarka barrurako eta, zenbat indar geijago egiten neban, ainbat atzerago botaten ninduban. Izuturik ta lotsaturik, alde egin neban plaza bazter batera, nun egon nintzan aldi baten malko gorijak botaten. Alako baten, jaso nituban begijak zeruruntz ta ikusi neban Ama Birjiniaren irudi eder bat. Zabaldurik neure biotz guztija, esan neutsan: «Ama miserikordiazkua, errukitu zaite kriatura zorigaistoko onegaz. Zu zara pekatarijeen ama ta ni pekataririk andijeena; orregaitik esan lei daukadala berarizko eskubide bat zu billatuteko. Egizu, arren, adorau daidala gaur Jesusek nire arimia salbetarren odola isuri eban kurutze santuba. Emoten deutsut berbia igaroteko beriala basamortu batera bizitza guztirako, garbitutera neure arimia penitenzija ta negarrakaz». Indarturik neure biotza, biurtu nintzan eleixara ta sartu eragozpen baga. Etzunik pozik kurutze santubaren aurrian, bota nituban malko samiñak ta, zuzendurik neure amagana, esan neutsan: «Ama biguna, zu zara Jangoikuaz ostian nire bijotza aldatu dozuna ta zugan iminten dot neure esperantzia. Prest nago, agindu neutsun legez, mundubari isteko. Lagun zakidaz salbazinoeko bidian». Entzun neban orduban urriñekua zirudijan berba bat, esaten eustana: «Igaro egizu Jordango ibaija ta aurkituko dozu bizi lekuba». Konfesinoe jeneral bat eginik, jarraitu neutsan zeruko deijari ta, alan, berrogeta zazpi urte dira basamortu onetan bizi nasala, ikusi baga, zeu arte, Adanen seme, ez alabarik. Bedar ta sustraijak izan dira nire janari bakarrak. Erregututen deutsut ekarri daidazula gure Jauna eguben santuz, komulgau nadin». Eldu zanian eguna, juan zan Zosimo gure Jaunagaz ta, ikusi ebaneko ibai barrenian, etorri jakon beste aldetik oiñaz, bide lior batetik legez. Komulgaurik poz ta debozinoerik andijeenagaz, erregutu eutsan, azkenik, etorri ekijola urreengo garizumaan, leleengo ikusaldijan aurkitu eban lekura, nun egongo zan Jangoikuak gurako eban legez. Juanik izentauriko denporaann, topau eban illda, albuan eskribiuta eukala: «Aita Zosimo, emon egijozu karidadez lurra Maria Pobriaren gorputzari, bada, ill zan komulgautako bijaramonian». Emen daukagu, bada, pekatari santidade andira eldutakuen ejenplu argi ta Jangoikuaren miserikordija ugarijeen testigantzarik bizijeen bat.

        AGEDAK: Bizitza ain gogor ta penitentiak ikaratu oi ditubee pekatari asko.

        AITAK: Ez litzaatez ikaratuko munduko penitenzijarik gogorreenakaz, ezagutuko balebee ondo zer dan pekatuba ta beretzat izentaurik dagozan infernuko tormentu amai bagaak. Baña orregaitik, esan gura deutsubeet askoren pozgarritzat, penitenzija izan deitekiala, edo duiña ta salbeetako bestekua, edo munduban pekatubeen zor guztija pagau ta santidadian aurreratutekua. Konfesinoe egijazko bat damu ta propositu zintzuakaz egin dabena, jarten da grazijaan ta salbazinoeko bidian. Damu zintzuak berak emoten dau konfesoriak agintzen daben penitenzija egiteko gogua. Leenagoko argaltasunak ta aurrerako arriskubak argituko dabee konfesoria penitenzija iminteko; baña begiratuko deutsa bakotxaren indarrari, guraago dabela purgatorijuan pagau daijan zorra, zeinda penitenzija guztiz gogorrak imiñi, kunplidu ez ta kondenau dedin betiko. Pekatubeen zor guztia lurrian pagau ta santidadian aurreratutiak eskatuten ditu penitenzija ta gogortasun andijaguak; ta dakuskuz esan dan ejenpluban ta beste ezin esan aiñatan. Eurak erakusten dabee pekatubeen zorraren anditasuna (Ai, eta zenbat geijago igaroko daben purgatorijuan pagau biar dabeenak). Eurak erakusten dabee zeruko miserikordijeen indarra. Bai, urtenik pekatubeen loitasunetatik, Jangoikuaren amodijo bero ta bizi batek erraztuten deutsee guztija. «Amodijo au daguan biotzian», diño San Agustiñek, «ez dago nekerik; edo, nekerik badago, nekia bera maite da». Maria Ejipziakak berak esan eutsan Zosimori, askoz atsegin andijaguak artu zitubala basamortu atako gogortasuneen artian, mundubaren abegi, arrokerija ta olgantza guztien erdijan baño. Ai, zein gozua dan Jangoikuaren amodijo bizija! Ez daki ez daukanak. «Betor daukana», diño San Agustiñek berak, «ta autortuko deust egija diñodana». Azkenik, eurak erakusten dabee zein pozik egin biar diran konfesoriak emon oi ditubeen penitenzija areen aldian aiñ arin ta errazak. Eta, zer erantzungo ete dabee, eurak bere bete edo kunplietan ez ditubeenak?

 

aurrekoa hurrengoa