www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia
Juan Jose Mogel
1845; 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia, Juan Jose Mogel (Bitor Uragaren edizioa). Euskal Editoreen Elkarte, 1991.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKUSALDI XII.a

 

        JABIERREK: Aita, Sinforosak ta nik uste dogu deitubak gariala matrimonijoko estadura ta gatoz borondate au erakustera, artu nairik gurasuen konseju ta baija.

        AITAK: Sakramentu andija da matrimoniokua, diño San Pablok, eta ezin zenbatu edo kontau leitekez ezkondubetan izan diran santu eta santaak. Eureen artian bat ondo entzuna Santa Sinforosa, bere senar ta zazpi semiakaz zeruban daguana. Egija da obligazinoe andijak daukazana, baña, ondo prestauta arturik ta norberagan dana egiñik, Jangoikuak emongo dau guztirako indarra. Seme alabei jaokee erabagi ta gurasuei erakustia borondatia; ta onei, lagundutia, baita bere bitaarteko ibilitia. Gurasuak igarri edo jakin oi dabee eureen seme alabeen borondatia, oneek, lotsa moduren batgaitik, esan ez arren. Eraso biar deutsee, bada, eureen uste edo pensamentuba ta aurreratu, arturik eurak biar diran neurrijak, erabagiteko, edo ezkontzia zarratuteko. Jakin biar dabee, gaztiak alkarri berbaak emotiak, izanaz ostian, sarri, arintasunezkuak, oi dirala, ez gitxitan, arimako arrisku andikuak; ta diño txito egoki San Anbrosiok, ez datorrela ondo neskatilla baten modestijagaz aoz ao alako berbarik berak emotia. Gurasuak, jakinik alan eureen borondatia, lagundu biar deutsee, esan dan legez, ta ez iños gogortasunez galerazo, ez izanik ezkontza txito desbardin, lotsagarri edo bizitza txaarra egiteko arrisku andikoreen bat. Onakorik balitz, itundu deitekez zer egin biar dabeen jakitun bategaz. Ostian bere, guztiz galerazo baga, emon leijuez erakutsi edo konsejubak, ondo ezpaderitxuee seme edo alabiaren borondatiari.

        Izanik gauza au aiñ astuna ta, orregaitik, askok ardura gitxigaz begiratuten deutsana, luzatuko nas erakusten, gurasuen nai seme alabeen aldetik, onetan oi dagozan uts egitiak. Jangoikuak agindu eutsan Moisesi akomodeetako goixago bere mendekuak; baña guraso batzuk oi daukeez urte aurreratubeetan seme ta alabaak, atarako ustekuak izan arren, ez aitatu, ez aurreratu ta bai luzatuten estaduba artutia milla atxakijagaz. Emendik oi dator sarri eurak ixillik ezkontzaak egiten ibiltia, luzaro berbaak emonda egotia ta adiskidetasun gaisto edo ekandu nasairen baten sartutia. Beste guraso batzuk, seme alabeen borondatiari jaramon baga, eurak erabagi gura oi dabee guztija. Diñue: «Gurian sartuko danak onelako dote edo arriua biarko ditu. Ain etxetan sartu biar dogu seme edo alabia». Ez, dabee begiratuten ze jenijo, azaijera, oitura ta modutakua dan ta ezkondu biar dabenaren gogokua izango bada. Betoz dote arrio onak, bego zer jan ta bizi bitez, gura badabee, Luziperregaz. Oi dira guraso guztija bestera egiten dabeenak. Esaten dabee: «Edadeko dira, zer emon andirik bere eztaukagu ta deritxuen bat egingo dabee». Ai, zorigaistoko lurreko ondasunak askorentzat! Esan lei iruditzen jakeela ondasunak ezkondu biar dabeela ta ez personaak; bada, daukeezanak lotubago egiten dira euretara, lagunetara baño, ta, gero, ez daukeenak diñue: «An dabeela», beste guztija utsa balitz legez. Eta, ez al dabee balijo seme alabaak, munduko ondasunak baño geijago? Pobreziak, nori kendu deutsa gurasotasunik? Jangoikuak ez deutsee eskatuko gurasuei emon ezin izan deutseen dote arriuen konturik, baña bai eureen obligazinoiena, zeñetan sartuten dan peligrubetatik alde eragin ta al dabeena egitia, garbiro ta lagun onagaz akomoda ditian.

        Nai dala gurasuen ardura gaistotik bidia artuta, nai dala seme alabaak gurasuei zor deutseen lotsa ta errespetuari jaramon ezaz, egin oi ditubee gaztiak eureen artian ezkontzak arintasun negargarri bategaz. Gura nituke josi gazte guztien biotzetan egija oneek, goguan euki daijeezan, Jangoikuaren bildur puska bat badaukee. Ezkonduten diranak artuten dabeela bizitza guztiko buztarrija, bata edo bestia ill arte, ta ez daguala munduban indar, ez eskubide, urratu daikianik. Ezkontzako berbiak lotuten dabela konzienzija ta alperrik dala damututia, obligazinoia artu zalako Jangoikuaren aurrerako. Jenijo bardin bi ez dirala aurkituko lurraren gañian. Asko ta asko, esakunia dan legez, eskaratzak ezagutu oi ditubala edo, argiruago esateko San Franzisko Salesegaz, oi dagozala kanpuan aingerubak dirudijeenak, ta etxian demoniuak. Gizonaren borondatia dala guztiz argal ta aldakorra; ta alan, jazoten da, orain gura dan gauza bat, gero nai ez izatia, gaur ondo deritxona, bijar txaartzat emotia ta, sarri, era baten asko maite zan gauza bati, gero gorrotoz begiratutia. Senar edo emazte jenijo dongakua edo geistua, ez bakarrik dala neke edo trabajurik andijenetatik bat lurreko bizitzarako, baita bere bildurgarrijagua, arimia galdu eragiteko, amar demonio baño. Orain, bada, egija oneen aurrian, nok ezagutuko ez dau zein astiro pensau, ondo begiratu ta zelan Jangoikuari erregutu biar jakon, ezkontzako berbia emoteko; eta zein arrisku andikua dan leenaz leenaz, emotia, damutu arren, urratu ezin leijan berba ain astuna? Eta, nok ikusiko ez dau askoren arintasun negargarrija, zer jazoten dan jakin ezkero? Zenbat ezkontza egiñ oi da erromerija, jolas ta batzaar zoruetan ta griña argaleen berotasunian? Zenbat atso alkabueten bitaartez? Zenbat aitatu ta beriala? Zenbat geroko denpora luzerako? Baña, zelan neskatilla askoren itxutasuna dan ain andija, ezkontzako berbaak emoteko, berariz esan gura dot zerbait eurakgaitik. Dirudi erdi berba baten zain dagozala, ao zabalakaz baietza emoteko. Neskatilla eruak! Eta, zer pensau daike zentzun puska bat daukan mutillak, ikusirik ain erraz berba astun ta obligazinoe andikua emoten? Gangar bat dala. Eta, zer, baldin saldu gura badau bere garbitasuna, ezkonduteko uste edo esperantziagaitik? Batetik, tonta andi bat dala, ain erraz sinisturik, guzurraren señaliak beragan dituban labankerija; ta, bestetik, nasai Jangoikuaren bildur bagako bat, atera gura dabelako pekatutik ezkontziaren irabazija. Orregaitik, onelako asko ta geijeenak gelditu oi dira burlaz lotsaturik. Beste batzuk, ezkondu ta gero, oi daruee bizitza gaistua edo senarrak, jakiñik eureen argaltasuneen barri, ez oi deutsee konfijantzarik; eta, nosbait alako bide galdutik izaten badabee munduko eretxirako ontzat daukeen ezkontzaren bat, bizi oi dira eureen pekatubeen damu baga ta alan duaz asko infernura; bada, pekatuba ain pekatu da ezkongeijagaz eginda zein bestelakuagaz. Ez da iños biar aiñaan negar egingo itxutasun zorigaistokua. Nok sinistu eukian, sakramentu bat artuteko bide ta zimendutzat, autuko zala nasaikerija ta pekatuba? Baña daigun, neskatilla batek, aitatuten bajako ezkontzarik, berbia emon orduko, artuten dabela denporia, itunduten dala, eskatuten deutsala Jangoikuari ta, bere modestijak alan eskaturik, erantzuten dabela beste senide nai persona on baten bitaartez; daigun, biar ez zan labankerijarik esan bajakon, alde egin ebala laster pekatuko lazubetatik; orduban adierazoten dau bere zentzun ta modestija ta irabazten dau betiko bere garbitasun ta leijaltasunaren konfiantzia. Alan, ez dot iños entzun, ta ez uste dot entzutia, ezkondu gura izan ez dabela mutillek neskatillaren bategaz, garbija dalako, ez iños gero iraunik emon eutsala; ta bardin diñot bestera, ain da berezko edo naturala lagun on ta garbija gura izatia. Euki biar dira, bada, goguan ondo sarturik egija oneek, pekatuko lazu zorigaistokuetatik alde egin ta Jangoikuaren bendizinoia bere estadubaren gañera erakarteko. Baña, zelan neskatilla nasai batzubei ez deutseen erasoten Jangoikuaren bildurrak, ara zer aginduten dabeen Españako legiak: «Ezkontzeko berbia, beste zirkunstanzija batzubeez ostian, eskritura agirijan imiñija ezpada, ez dekijola emon entzuterik justiziako tribunaletan bere gañeko auzi edo demandari». Jakin daijeela, bada, neskatilla tonta nasaijak, milla berba emonta engañaurik gelditu arren, ez dabeela iñor ezkondutera ekarriko lurreko legeetan.

        Gurasuak seme alabei estadura ondo lagunduteko, gomuntau biar dabee guztijak ditubeela eureenak, alan gorde daijeen aleginezko bardintasuna. Ez dabee izan biar zikotz edo zekenak. Aurkituten dira guraso ondo eukijak, baña ain gordiak, ze ez deutseen lagunduten biar legez, diñuela: «Gero bere denporia dago emoteko». Baña leleenguan jaokeen oiñ onian iminten ezpadira, jausijaz bizieria, gerokuak, biar bada, ez dituz jasoten. Esker onik bere ez deutsee batzuk, nora ezekuari emoten ta, alan (txaarto bada bere), esan daruee: «Kokotian sartuta eruan izan al balitubee, ez egozan guretzat». Ez dot, orregaitik, esaten, gurasuak, daukeen guztia emonik, gelditu ditiala eureen biarrian, ezpada, egin daijeela amodijo egijazko baten prestutasunak eskatuten dabena. Oba da, bardiñian, seme alabaak gurasuen biar izatia, bestera baño. Ara jazoera ziur bat. Juan Kontxiak ezkondu eban seme bat, eukan guztija emonda. Baña laster ezagutu eban bere uts egitia, aurkiturik ez ikusi, gogortasun ta premiña andijeen azpijan. Negar egiten eban, baña alperrik, asmau eban artian obato izateko bidia. Kendu eutsan adiskide bati diru poltsa andi bat ta sartu eban bere kutxaan. Noxian bein, gelaan sartuta, konteetan zituban dirubak ta eragiten eutseen entzuteko besteko otsa. Asi ziran zelataka seme ta erreña ta zan agura jakitunak gura ebana. Itandu eutseen baten oraindik zerbait diru izango ebala; ta erantzun eban seme bat baño geijago zitubala ta ikusiko ebala, azkenian, nok obato irabazten zituban. Zorijoneko berbaak. Andik aurrera artuten ebeen ondo baño obato. Biurtu eutsazan orduban dirubak jaubiari ta, eureen ordez, sartu zituban kutxaan makilla trosko bat ta papera, giltzaren azpijan. Azkenik, alagalako zaartzia igarota, ill zan. Beriala seme ta erreiñak idigi ebeen kutxia, baña ez ebeen aurkitu lauzirikorik, ezpada, makilla trosko planta paperagaz, zeñetan ziñuan: «Nik, Juan Kontxiak, azkenengo testamentuban aginduten dot, makilla trosko onegaz galantak emoteko, eureen burubakaz aaztuta, dabeen guztija semei emoten deutseen guraso eruei». Laarregija ta urrijegija, guztia da kaltegarrija.

        JABIERREK: Arrituteko gauzia da ikustia seme alaba gurasuentzako aiñ gogorrak.

        AITAK: Bai, ta zorigaistuan ez oi dira gitxi. Baña geijenez izaten da emon deutseen azaijera mundutaarraren sari ta Jangoikuaren zigorra. Ai, edegiko balitubee arimako begijak, ezagutu ta negar egiteko eureen erruba! Aaztuten dira Espiritu Santubak dirautseenagaz: «Erakutsi deijuela doktrina ona. Makurtu edo obendu daijeezala gaztetatik. Seme jakitunak poztuten dabela aita; ta seme jakiturija bagia dala amaren naibage edo tristezia». Ez deutsee emoten biar dan lotsa, ikasbide ta ejenplurik, parkatuten deutseez kastigau biar diran gauzaak ta emon libertade galdubak. Berba baten esateko, azten ditubee Jangoikuaren bildur santu baga; ta Jangoikuaren bildur santurik ez daukanak, ez dau ezagutu gura izaten erara ez jatorkan obligazinoerik. Baña alperrik izango dabee, Jangoikuaren aurrerako, gurasuei erruba ezartia; bada, gurasuak erantzun biarko dabee eurenagaitik ta baita seme alabaak bere. Ezin ukatuko dabee, Jangoikuaz ostian, gurasuei zor deutseela eureen izatia; ta zor bakar au berau ezin pagau leijeela larregi alegin guztijak egiñ arren. Ala, ezkontziak ateraten baditu bere, gauza batzubetarako eureen mendetik, ez dago ezer ateza daikezanik, Jangoikuak imiñitako beste obligazinoe askotatik.

        JABIERREK: Ez dot uste, aita, Jangoikua lagun dogula, izango dozula guganik alako buruko niiñik.

        AITAK: Egunak dira urlija etxaguntzako gurasuak berba egin eustala zugaz ta Sinforosagaz aldakuntza edo trukadia egiteko, ezkondurik bere seme alabaakaz. Badazauzubeez ta eureen azaiera ta bizimodubak ez dauka zer esanik, onerako baño. Orregaitik, zeubek ondo begiratu biar dozubee ta erakutsi guri borondaterik badaukazubee. Artu orain penseetako denporia; bada, bein erabagirik, laster emon biarko dituzubeez eskubak. Prestau bere biarko dozubee ondo sakramentuba artuteko.

        JABIERREK: Guraso askok, dote arriuak prest badaukeez, ez deutsee jaramoten beste prestaerari ta eskerrak emoten deutsuguz, gomuntau eragiten deuskuzulako prestaerarik biarrena, zein dan arimakua. Askori entzun deutseet konfesinoe jenerala egin ebeela ezkonduteko.

        AITAK: Konfesinoe jenerala nai ta ezkua da konfesinoe txaarrak egindako guztientzat, barriro konfesau biar dalako gaiski, damu ta propositu baga konfesau zana; ta bardin konfesau baga itxi bazan. Nai gaztiak nai zaarrak, estadubari begiratu baga, egin biar dau salbauko bada. Baña ustez konfesinoe onak eginda euki arren, txito egoki da estaduba artutian. Alan jazoten da sazerdote, erlijioso ta erlijiosaakin bere, bada, egun batzuk arturik orazinoe ta penitenzijako ejerzizijuakaz, egiten ditubee konfesinoe jeneralak, dan oneenak izan badira bere. Ezkondu gura dabeen askok edo geijeenak bere egin oi dabee ta da oitura guztiz ona. Baña zelan diabrubak sartu gura daben eskuba, gauzarik santubeenak izan arren, sarritan artu oi dau atxakijatzat, pekatu asko eragin, pekatubetan luzaruago loturik euki ta, guenian, deungaro eragiteko. Iminten deutsee goguan, «Orain bizi zaitez gozaro adiskidetasun nasai, mundubaren palagu gozo ta onelako edo alako pekatubetan; bada, guztija zuzendu edo erremediauko dozu gero konfesinoe jeneral bategaz». Infernuko doktriña ainbeste pekatu geitu ta millinoiak arima kondenau ditubana! Luziferren sare zorigaistokua! Alan jazoten da gero, konfesinoe jeneralak egitia askok ta askok damu ez propositu baga, azalkerija edo zeremonija utsez. Onelakuen biotzak, uste dot diñuela pozez: «Alegiñez gozatu edo aprobetxau gara, mundubak gaztetasunari opa deutsazan labankerijaakaz, jarraitu deutseegu aragizko bidiai; baña konfesau dituguz batera guztiak, ta gelditu gara ondo». Alan, sartu oi dira guzurrezko bake baten, eureen prestaera txaarraren kastiguban, Jangoikuari burla egin gura izan eutseelako, arturik bere miserikordija, geijago ofendietako. Onetarikuak izan duaz, geijenez, ezkonduteko eguna urreratu artian gaiski bizi ta estu estuban arin aringako konfesinoe jeneralak egin gura oi ditubeenak. Arima itxubak! Noren gañera uste ete dabee jausiko dala ainbeste sakrilejijoren madarikazinua? Konfesinoe txaarrari darraiko komoninoe deungiak ta, ondoren, ezkontzako sakramentuba gaiski artutia. Iru sakrilejijo izugarri estadu barrijaren asieraan bertan!

        Ezkongeijak, berarizko ardura, batutasun edo erretirorik andijeenagaz, erregu ta aleginezko egite on guztijakaz, prestau biar dabee sakramentuba artuteko; ta gurasuak begiratu biar dabee iñosko geijeen arriskubetatik alde eragiteko. Ezin laketu leijue ezkongeijaren etxera juaten, ez sarrerarik emon eurenian bestiari. Premiñazko berbarik egin biar balebee, izan dedilla eureen aurrian, ta ez ostian. Ezin itxi nei esan baga, erri baten edo bestian, doktriña gitxi ta azaijera nabarmeneko batzubeen artian jazoten dana. Bigarren eleisdeijeen gabian juan dua nobijua bota bat ardaogaz nobijiaren axera. Itxirik alde batera arriskubak, sarri izan leitezan berba, egite ta guraari gaistuak, aiñ da lotsagarrija gauza au, zeinda ez leukeen erraz sinistuko erri urriñetan, aurkitu leitiala kristinaubeen artian oitura ain tonto ta galdurik. Orregaitik, gurasuak leenaz alkar artu biar dabee galerazoteko. Ze honra emon gura jakee neskatilla honesta ta bere gurasuei onelako konbitakaz? Ai, zenbat asmazinoe daukazan Luziferrek arimaak itxutu ta sakramentubeen grazijaak galerazorik, katigatuteko geijago ta geijago bere lazu gogorretan.

        Abrahan patriarka santubak bialdu eban maijordomuba erbeste urrin batera, Isaak bere semiaren ezkongeijaren billa. Au izan zan Rebeka, dama txito eder ta birtuosia. Biurreraan, urreraturik errira, ikusi ebeen zaldun bat ta, ezaguturik maijordomubak, esan eutsan: «Ara nun daguan nobijua». Entzun orduko, ezarri eban Rebekak belua estalduteko bere arpegija. Ara modestijaren señale argija, gaurko eguneko neskatilla askorentzat eskola txito ikasi biarra. Baña, zer geijago? Irokes barbaro ta jentilleen historijak dirausku ikustia neskatilla bat ezkongeijagaz berbeetan, dala betiko lotsaariturik gelditutia.

        Eztegu askotan bere ikusten dira negargarrizko gauzaak. Irakurten dogu eskritura santuban, hebreotarren artian bere egin oi zirala eztegubak. Laguntzen eutseen adiskideren batzuk nobijuari ta bardin nobijiari; baña, nai maijan jaatian, nai ostian, egoten ziran emakumiak gizonezkuetatik aldendurik. Orain guraso askok iminten daben arduria da ospe ta naste andiko eztegubak egitian. Ta, zer ikusten da gero? Jan edan larregija, ordikerija, dantza naastu nabarmenak ta esatiak lotsatu leizan gauzaak. Ai, ai! Ezkontzarako prestaeria esan dan lakua, ezkontzako asieria, onelakua. Zek urtengo dau emendik? Sarri ikusten dana: Jangoikuaren bildur baga bizi, seme alabaak gaiski azi ta ejenplu txarrak zabaldutia.

 

aurrekoa hurrengoa