www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia
Juan Jose Mogel
1845; 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia, Juan Jose Mogel (Bitor Uragaren edizioa). Euskal Editoreen Elkarte, 1991.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LELENGO ERAKUSALDI
EDO LEKZINOIA

 

        Juan, baserrijan jaijo ta aziriko mutilla, etxaguntza on baten jaubia, izan zan txikitatik guztiz ikasnaija. Bere argitasun ta buru onaz gañetik, eukan errijan osaba abade on ta jakitun bat, zeñek ez bakarrik emoten eutsazan atarako liburubak, baita bere ikasbide edo erakutsi andijak. Ogei urte zitubaneko, artu eban entzutia ta, izanik bere bizitzia eskola aiñ onari jaokana, gordeetan eutseen lotsia, ez bakarrik gazte idiak, baita bere zaarrak. Jaungoikuak alan nairik, ezkondu zan Franziska eritxan neskatilla garbi ta ondo azirikuagaz, zeñi beriala asi jakon emoten irakurriko dituzun erakutsijak.

        SENARRAK: Ez dago, neure emaztia, guretzat beste azkenik, betiko salbazinoe edo kondenazinoia baño. Munduko bizitza labur onetan irabazten doguna izango dogu geroko amaibagaan. Zerubak goijan, inpernubak beian; gu, puska bateko, luurrian, bijeen erdijan. Norutz jausten garian, an izango gara eternidadian. Alan, gure ardurarik andijenak izan biar dau, geuk zeruko bidiari jarraitu ta, alegin guztijaz, jarraitu eragitia, Jaungoikuak emon leigun familijari. Indarra egin biar da zeruba irabazteko; barriz, txito dira zabalak inpernurako bidiak. Ez dago glorijarik Jaungoikuaren agindubak gorde baga; ta, alan, ikasi ez eze, egin bere biarko dogu geure estadubak eskatuten dabena: alkarrenganako amodijo garbi, bake, familijarentzako doktriña ta ejenplu ona, eureen bizimodubaren ardura andi bategaz: ara guk emon biarko dogun kontu estubaren zimendubak. Jaungoiko zuzen ta guztija dakusanak iminirik estadubak gizoneen artian, izentau zituban bakotxaren lan edo obligazinoiak. Izanik bera gauza guztijen egilla ta jaube bakarra, beragandik artuten dogu izate ta enparauba. Ezin esango dogu: «au edo beste gauzia geuria dogu, nai doguna beragaz egiteko», zerren erantzun biarko deutsagun gauza guztijen gañian. Familija da guraso batek lurrian Jaungoikuaganik artuten daben ondasunik andijeena; ta alan dira beragazko ardura edo obligazinoiak bere, beste lurreko guztiez gañetikuak. Errukarrijak, baldin eureen erruz galtzen bada seme alabaren bat! «Nun dituzubee emon neutsubezan matrimonioko frutubak?» esango deutsee Jaungoikuak. «Zer egin zendubeen, nire semiaren odolagaz erositako arimaakaz?» Ara zetan sarri pensau biar dabeen gurasuak, iminteko ardura egijazko bat eureen familijaren azaijeraan.

        EMAZTIAK: Gurasuak alegiñak imiñi arren, urten leijee deungaak seme edo alabaak.

        SENARRAK: Jaungoikuak ez deutsee gurasuei eskatuko urteten dabenaren konturik, eureen aldetik egiten dabenarena baño. Urten lei seme onak guraso ardura bagakuetatik: ez eskerrik gurasuei; ta kastigauba izango da eureen ardurarik eza. Santa Barbara beste askogaz dago zeruban ta eureen gurasuak inpernuban. Bardin urten daike guraso onetatik seme deungiak; baña, egin ezkero eurakan dana, ez jakee ezarriko errura ta bai izango dabee sarija, onak urten balebee legez. Dabid errege santubak ez eban ezer galdu Absalon bere semiaren geistakerijagaz. Baña, baldin ondo azi arren, urteten badabee nosbait okerrak seme edo alabaak, zer izango da gaiski azita? Zer Jaungoikuaren bildur santuba erakusten ezpajakee ta ejenplu onik ikusten ezpadabee? Zer pekatuko bide ta okasinoietatik alde eragiten ezpajakee? Esakune txito egoki gurasuei jatorkena ta, geijenez, eurakgan ikusten dana da: Aritxak bere erikua ozpala; edo, Aita lako seme.

        EMAZTIAK: Eta, zer egin biarko dabee gurasuak, seme edo alabaren batek urteten badeutsee deungiak?

        AITAK: Ez oi da bardiña guztijen okertasuna, ezta jenijua bere. Umetako okerkerijaak ariñaguak oi dira azi ezkerokuak baño. Azi ezkerokuenak bere, batzuk astunaguak beste batzuk baño. Badira onian eskura ekarten diran jenijuak, baita zigor edo kastiguba baño beste errazoerik aituten ez dabeenak bere. Seme alabaak ezin etxetik bota leitekez, otseiñak legez. Orregaitik, onduen da, alakuan, konfesore jakitun bategaz itundu edo konsultau ta bere esana egitia. Ez oi da sarritan asko izan agirakaren batzuk egitia. Helik izan zituban seme bi ta urten eutsen gaistuak. Zematu edo amenazau zituban Jaungoikuaren aserriagaz ta, onenbestegaz, gelditu zan kastigau baga: beingo baten jausi zan erijotzako zigorra aita ta seme irureen gañera. Orazinoe edo erregubak bere daukee indar andija, familijak onak urten daijan. Santa Monikak izan eban senar jentil ta deungia. Matrimonio onetatik urten eban Agustinek. Txikarretatik erakutsi eutsan amak doktriñia, mundubaren labankerijeen gorrotua ta argituten eban ejenplurik oneenagaz. Baña Agustinek, aita mundutaarrari jagita, lagun txaarrei poztuta, artu eban bizitza nasai ta galdu bat. Monikak, malkuak erijozala (besterik eziñik, aitaren bildurrez), egiten eutsazan erregurik bizijeenak seme errukarrijari; baña Agustinek, jaramon baga, alde egin eutsan erbeste urriñera, estudijetako asmuagaz. Ama gaixuak darraiko ondoren: zuzenduten dituz gau ta egun zerura orazinoe ta bere biotzeko zizpurubak. Azkenik, itundu edo konsulteetan da obispo beneragarri bategaz; ta dirautso onek: «Monika, poztu zaite; ez da galduko ainbeste erregu ta negar kostatako semia». Esan ta jazo. Agustin, bere itxutasun guztijen erdijan, ezin aaztu zan amak erakutsi eutsan doktriniagaz; ezin kendu zituban gogotik amodijo aiñ garbijaren negarrak; ta Jaungoiko errukiorrak, bigundurik ama santiaren erregubakaz, batu eban beragana seme galdu ta pekatari andi au, santu andijagua izateko.

        EMAZTIAK: Guraso batzuk errukiz parkatu oi deutsee asko seme alabei.

        SENARRAK: Espiritu Santubak diño, maite dabenak semia, kastigeetan dabela. Auxe da benetako errukija. Egizu, guraso batek ez deutsala semiari, errukiz, nekerik artu eragiten ta isten deutsala bizi izaten alperrerijan. Beste batek eragiten deutsa biarra, kastigetan dau alperrerijagaitik ta emoten deutsa bizitzia aterateko bidia. Eureen artian, zeñek benetan maite dau semia? Alan, bada, arimako gauzeetan bere, benetako erruki ta amodijua dagoz zerurako bidia emotian, kastigaubaz, biar danian.

        Oi dira guraso batzuk, kastigeetan ditubenak gaztetxubak erru baga ta ez erruba daukenian. Katillu bat uste baga ausi edo erroparen bat urratuten badabee, ateraten dabee ospe edo buillia ta darabillee zigorra; baña entzun arren birauak, ikusi aserre ta alkarri parkatu nai ezak, jakin lapurrerijatxubak ta beste benetako okerkerija, leleenguan andijak izan ez arren, sarritan gero astunak egiteko bidia emon oi dabeenak, ez deutsee jaramonik egiten. Baita bere jazoten da, ikusirik gurasuak seme azirikoren batek artu dabela afizinoia edo zaletu dala kaza, pelota edo dibersinoe berez gauza txaarrik ez daukan batera, agiraka ta gogortasunak erakustia, abarka edo soñekuak urratuten ditubalako; baña, ikusi arren seme ta alabaak erromerijarik erromerija, jolasik jolas, plaza ta zelaijetan, geijenez eureen ta beste askoren arimaak galduten, jaramonik edo kausinoerik ez egitia. Au guztijau dator, lurreko ta gorputzeko gauzei laarregi begiratu ta arimakuakaz aaztutetik.

        EMAZTIAK: Badira arpegirik ez daukeen gurasuak, biar lako lotsia emoteko, edo eureen ejenpluba ona ez dalako, edo eurak leenago obaak izan ez ziralako.

        SENARRAK: Egijaz, oi dira guraso alkarren artian bakerik ez daukeenak, auzo edo besteren bategaz gorrotuan bizi diranak, familijak dakijala, benganza, murmurazinoe, berdekerija ta arrokerijako berbaak eureen aurrian esaten ditubeenak, taberna zale etxera ordu txaarrian batu edo erretirau oi diranak ta, modu askotara, ejenplu gaistua emoten deutseenak. Errukarrijak onelako gurasuen seme alabaak, baldin eureen ejenplu gaistuagaz lotsaturik, Jaungoiko guztioen gurasuari laguntasuna eskaturik, sendatuten ezpadira, jausi ez ditian eskandalu aiñ urrekuan! Baña gurasua, leenago mundutarra izan arren, ondo damuturik badago, eskarmentau edo erreta daguanak legez, imiñi biar dau ardurarik andijeena aldenduteko seme alabaak, beretzat aiñ kaltegarri izan ziran bide ta okasinoietatik. Azeri batek, nosbait txakurrak estu erabilli beeben edo, lazuren baten jausita, iges egin beeban, erakusten deutsee umiai txakur saunkiari iges egin ta lazuban ausi zan lekura ez urreratuten. Alan, guraso mundutaar izandakuak, begiraturik nun, zelan, ze lagun ta ibilleratan usi zan edo jausteko arriskubak topau zituban, iges eragin biar deutsee euretatik seme alabei ta bardin beste mendekuei. Ze obligazinoe argijagorik? Ezpada, esango deutsa Jaungoikuak: «Jakinik zeuk nun ta zelako ibillereetan egiten zan ainbeste pekatu ta galduten ziran ugari nik ainbeste maite nituban arimaak, zelan itxi zeuntseen euretara juaten, zeure kargura emon neutsuzanei?» Eta, zer erantzungo jako onetara, juez artez edo zuzenari? Baña, o, guraso askoren itxutasuna! Bada, ardurarik geijeen imini biarrian, emoten deutseez mundubaren libertade galdubak seme alabei, diñuela: «Geu bere alan izan giñan». Ainbat gaistuago, guraso errukarrijak, alan izan baziñen. Zeuben gurasuak obeto begiratu baleutsubee, ez jatzuben olakorik jazoko. Eta oraiñ, negar egin biarrian gurasuen erru ta zeuben pekatubak, gurako dozubee bardin izatia ondorenguak? Diabrubaren lana da, bera kondenau zalako, bestiak kondenau gura izatia.

        EMAZTIAK: Iños entzun deutseet gurasuei esaten: «Ez gara bakarrik, beste askok bere azten ditubeez gure gisa edo moduban seme alabaak».

        SENARRAK: Jaungoikuak ez deusku guri besteen kargurik artuko, geuria baño; ta ez munduko gizonei, ezpada berari, emon biarko deutsagu mendekuen kontuba. Jaungoikuaren legia beti da ta izango da bat, munduko gizon guztijak alkartu arren, aldatuko ezin dabeena. Leenago zeru ta lurrak uts emongo leukee, zeinda bere berba beti ziur bete edo kunpliduko danak: ez dala iñor zeruban sartuko, bere agindubak gorde baga. Asko nai gitxi, aberats nai pobre, guztiok aldenduko bagiña bere agindu santubetatik, dirianok kondenauko giñaindez. Milliñoiak aingeru batera bota zituban infernura, pekatuban jausi ziralako. Millinoiak gizon Noeren denporan, eureen nasaikerijagaitik. Millaak asko erre kiskaldu ztuban zeruko subagaz Pentapolisko erri ederretan, lujurijaren beraren kastiguban. Zorakerija andi bat da, bada, esatia bestiak egiten dabeela, Jaungoikuaren aginduba austeko atxakijatzat. Besteen pekatubak ez dau guria kenduko. Infernuban ez da iñor bakarrik izango. Artu daigun besteen ejenplu ona, baña ez deungia, mundubak ontzat daukazanena izan arren.

        EMAZTIAK: Ziurra da diñozuna; baña erantzuten dabee, errazago dala esaten, egiten baño. Laster aurkituko gara geu bere erakusten dozuna egiteko premiñaan, bada, uste dot denporaz argitara emotia matrimonijoko frutuba.

        SENARRAK: Edozeñek daki errazago dana gauzia esaten, egiten baño. Errazago esango dozu zelan soluak gijau, gijauko dituzun baño; onetarako nekatu ta izerditu biar da. Orregaitik, nekazari onak guztija darua pozik, labore ugarijeen gomuntiaz, zerren, neke baga, soluak ez dabeen emongo laarra ta bedarraz besterik. Alan, atera gura ditubanak arimako frutu onak, artu biarko ditu nekiak. Mundu guztijagaitik ez nuke gura gauza bat erakutsi ta beste bat egin. Aurkituten zarian ezkero seindun, ara zer jakin biar dozun. Seintxubak, sabelian daguanetik dauka arima bat, iños illgo ez dana ta Jesusen odolagaz erosija; baña ezin salbau leite batiatu baga. Eskatu biar deutsagu Jaungoikuari batiorako izan dedin. Zegaz daukagun ezkero, aterako dituguz meza batzuk San Ramon Nonatoren honraan, izanik santu atarako aiñ artuba. Egingo dituguz limosnaak, karidadiak edegiten ditubalako miserikordijazko iturrijak. O, zein uts egite andija gurasuena, galduten bada sena eureen erruz! Kenduten deutsee batiatubagaz izango eban zeruko maijorazko amaibagia! Eta ez da au gitxitan jazoten. Batian senarraren gogortasunez, bestian kodizijaz, egin oi ditubee indar andija biar dabeen lanak. Karga astunak, bideko ariñegi ibiltiak, dantza, salto, panparrerijaak ta aserre ernegazinoe odola berotuten dabeenak bere pagau oi ditu sarri sabeleko senak. Emakume batzuk gitxiago biar oi dabee sena galduteko, beste batzuk baño. Izanik gauza aiñ andijak senaren bizitza ta salbazinoia, egin biar da albait segurubenetik jokatutera.

        EMAZTIAK: Zer egingo da seña galduten danian?

        SENARRAK: Batzuk galdu oi dira sortuta laster, beste batzuk geruago. Ez dakigu ziur nostik Jaungoikuak eraasten deutsan arimia gorputzari. Batzuk diñue sortuta laster; beste batzuk amargarren egunian; ta beste batzuk gerotxubago. Dana dala, asieria baño ezpadauka bere, aartxu txiki baten itxuria euki arren, batiatu biar da, bada ezpadaan. Ez dago andi txikarrian arimia eukitia. Illdako itxuria euki arren bere, bizirik egon deitekez. Edozein ur da asko bautismorako ta, estuban, ez da ibilli biar ur bedeinkatu billa, ain baga illteko arriskuban. Ez da uretara bota biar seña, ikusteko zirkinik egiten daben ta bizi dan, bada, litzaate itotia. Batiatu ainbat lasterren, bada ezpadaan, kartilliak erakusten daben legez.

 

aurrekoa hurrengoa