www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia
Juan Jose Mogel
1845; 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia, Juan Jose Mogel (Bitor Uragaren edizioa). Euskal Editoreen Elkarte, 1991.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKUSALDI VIII.a

 

        Alan, guraso onek, bere ejenplu, erakutsi ta liburu onak irakurri eragiñagaz, sendatuten zituban seme alabaak, ondatu ez zitian mundubaren olatubetan. Alan, itxi eraginik erokerija ta umekerijei, eraasten eutseen euren adin ta biotz bigunetan benetako jakiturija ta egitada prestubeen guraarija. Jai arratsalde askotan juan oi zan hermita batera, zeñetan batu oi zan auzoeria. Errezeetan ebeen errosarijua, gero kalbarijua, doktriñia ta irakurten eban kura jaunak aginduten eutsan liburureen bat. Alan, egiten zituban mesede andijak, argiturik askori zerurako bidia. Egun baten, hermitatik urtetian, aurkiturik gazte asko, dirautso:

        LUISEK: Aita, ez nas aaztuko zuk erakutsi deuskuzuzan gauzaakaz fiesta ta okasinoien ganian; baña gura deutsut entzun, zelan erantzuten deutseezun zale diranei, eureen aldera oi dakarreezan lau esakune oneetara: Lelengua, beste asko bere juaten dirala, usadijua izanik. Bigarrena, gaztiak olgau biar dabeela. Irugarrena, zergaitik kenduten ez diran, ainbeste kalte badakarree. Ta laugarrena sinpletzat eukiko ditubeela, juaten ezpadira.

        AITAK: Diabrubak ezarriko ezpaleutsee eztalgarririk okasinoiei, ez leuke engañauko ainbeste arima euretan. Arranzaliak botaten badau agirijan amuba, nekez arraiñik artuko dau, baña eztalirik karnatiagaz, iruntsi eragin ta katigatuten ditu. Au aurrez esanik, erantzutera nua zure itaunetara. Lelengua da beste asko bere juaten dirala, usadijua izanik. Ainbat deungaago, asko juaten badira. Bakarrik juango balira, ez leukee arriskurik izango. Zeinbat geijago juan, saltsia naastaubagua. Ez dago pekatu askok egiten ez dabenik, baña pekatuba, nai askok nai gitxik egin, beti da ta izango da pekatu. Badira munduban, probinzija osuak lapurretia ofizijoz daukeenak edo kostunbrez logrerija, zaarrei bizitzia kendutia, emakume alargunduten diranak sutan erretia... Baña, zer balijo dabee munduko usadijo, ez askok egitiak, Jangoikuak debekautako gauzeetan? Espiritu Santubak diño argiro: «Ez deutsazu jarraituko legiari», edo askori, «gauza txaarra egiteko». Ez da zeruko bidia bestiak egiten dabeena egitia, Jangoikuaren aginduba gordeetia baño. Irakurri daijeezala justubeen gizaaldi guztietako jazoeraak ta ikusiko dabee, zelan Lot aldendu zan sodomatarreen oitura galdubetatik, Jose ejiptuarrenetatik, ez ebala Job santubak bizi gura izan beste bere egunetako prinzipeen gisara, Tobias, beste guztiei itxita, bakar bakarrik juaten zala tenplura, Jangoiko egijazkua adoreetara. Zematu ebeen Eleazaro zaarra, jaaten ezpeeban Jangoikuak debekaurik eukan aragitik. Jaaten dabee lagun guztijak ta erregututen deutsee edolabere jantzakua egijala; ta erantzuten dau berak naijago ebala ill ta sepulturaan sartu, Jangoikuaren aginduba ausi baño. Nabukodonosor erregiak, eragiñik urre gorrizko estatua edo bulto bat, imiñi eragin eban Babilonijako zelai baten. Batu zituban bertara kaballero, soldau ta al eban jente guztia, agindurik, soñu edo musikiaren otsa entzuten ebeenian, guztijak auzpazturik adoreetako; ta, aurkituko balitz gura ez ebanik, erre zedilla laba gori baten. Ozta entzun zan soñuba, millaak ta millaak andi ta txiki auzpaztu ziran beriala. Baña an aurkitu ziran iru mutil gazte hebreotaar ta oneek ez ebeen makurtu gura izan. Deitu eutseen erregiak ta dirautsee eureen izenakaz: «Sidratx, Misatx ta Abdenago, egija da ez dituzubeela honreetan nire Jangoikuak, ez adorau imiñi eragin Jodan bultua? Bada, baldin alan egiten ezpadozubee orain barriro soñuba entzuten dozubeenian, sartubak izango zaree laba gorijan. Ta, zeiñ da Jangoiko aterako zaitubeezana nire eskutik?» Iru mutil gaztiak, ao batez, esan eutseen: «Ez gara gu orren ganian erantzun biar dogunak. Guk adoreetan dogun Jangoikuak badauka indarra, nai bagenduz atera zure mendetik; baña, gura ezpaleu bere, jakin egizu, Errege, adorauko ez ditugula zure jangoikuak, ta ez bulto ori». Aserrez suturik erregia, sartu eragin zituban labarik gorijeenian; baña, Jangoikuak kendurik subari berak emondako indarra, labiaren erdijan erre baga, alabau ta bedeinkatu eben, jente guztijak arrituten zirala. Zegaitik, bada, mutil gazte oneek egin ez ebeen enparaubak egin ebeena? Soñu ta ainbeste milla gizonen ejenplubak palagetan zituban; laba gorija eukeen begijeen aurrian; zematuten zituban erregerik gogorrenaren berbiak. Zegaitik, diñot ostera, egin ez mutill oneek, beste ain askok egin ebana? Ezin eukeelako Jangoikuaren legia ausi baga ta leenago dalako bizitzia ta gauza guztiak galdutia, pekatu bakar bat egin baño. Eleixako historijaak dakarreez millaka onelako jazoera arrigarrijak. Kristinau senduak ez dabee inos begiratu zer egiten dabeen mundukuak, ezpada, zer aginduten deutseen Jangoikuak. Beti jarraituten deutsee apostolubaren doktriñiari, zeñek erakutsi eban ez bat egiteko munduko oitura galdubakaz. Orregaitik, Zezilio jentil ta gure erlijinoiaren arerijo andijak, zirautseen burlaz bere denporako kristinaubei: «Zubek beti agozee bildurrez: Ez zaree juaten komedijeetara; ez zaree ikusten fiesta, plaza ta onelako olgantzeetan; isten dituzubee lurreko atsegiñak gerokuaren pozagaz». Aitu egizubeez, bada, goguan San Agustinen berba oneek: «O, zorigaistoko oitura dongeen ibaikorrontsuba, nos artian ondatuko dituzu Ebaren semiak itxaso andi edo ikaragarrijan?». Au da, infernuban?

        LUISEK: Asko da ta igaro zaite bigarrenera.

        AITAK: Gaztiak olgau biar dabeela. Baldin olgetiaren izena emon gura bajakee pekatu ta pekaturako bidiai, diñot, ezin iñor bere olgau leitiala. Baldin olgetiaren izena emon gura bajakee dibersinoe inozente, geure nekiak igaroteko lagungarri diranei ta aurrera jarraituteko premiñiak berak, geijago edo gitxiago, eskatuten ditubanei, diñot, zaar nai gazte, guztiak olgau daitekezala eureen neurrijan. Diñot geijago: onelako olgantzia birtutia dala. San Juan Ebanjelistiak, penitenzija ta neke izugarrijeen erdijan, euki eban eper bat bere desterruban ta, noxian bein, olgetan zan berari begira ta jaaten emoten. Au zan bere gorputz ta espiritubari emoten eutsan atseen bat, jarraituteko indar geijagogaz orazinoe, penitenzija ta gogortasunei. Orregaitik, olgantzia artu biar da atseengarritzat ta bakotxak bere saill ta lanei jarraituteko indargarri edo pozgarritzat. Izan biar dau arima ta gorputzerako mesedegarrijak, lagunduten dabela erraztutera, bataren ta bestiaren obligazinoiak kunplietako. Emendik ezagututen da, neke andijaguak, olgantza geijago eskatuten dabela, txikarraguak baño. Asko estudijetan daben batek, ordubak igarorik liburubeen ganian, errazoez gurako dau atseena ta buruba preskau, esan oi dan legez, aurrera jarraituteko. Bardin gorputzeko neke andijak artu ditubanak ta aurrera jarraitu biar deutseenak. Onetarako dibersinoe jenero asko aurkitu leitez ta, zelan diran desbardiñak jenijo ta guraarijak, alan jatorkeez egokijago batzui batzuk ta bestei beste batzuk. Mutil batek, urteten dabenian eskolatik, asti puska bat badauka, laster dua pelota lekura edo asten da txirikillaan, neskatotxubak etxeko andraka... Onetan bertan erakusten dabee jeniuen desbardintasuna ta beti izan biar dabeela baterikuak gizonezkuen olgantzaak ta besterikuak emakumeenak. Mutil nausijei, berekautan legez oi jatorkeez kaza, peska, palanka, bola, parrete ta onelako jokuen afizinoe edo eraspenak, iños pelotakua aaztu baga euskal errijetan. Neskatillaak, ez eukirik ainbeste neke, gitxiago dabee asko; ta, ostian, eurenezko modestijak alan eskaturik, erraz zaletuten dira karta, dama oko, alkarregazko pasio eta beste dibersinoe garbijetara; ta, nosbait, bakarrian edo eureen artian, egin daike dantza aldi bat, honestidadia galdu baga. Bakotxa olgaurik neurriz ta jaokan legez, biurtuko dira pozik eureen lanetara, gogo obiagaz biarra egitera.

        Baña, zer esango dogu, alper beti atseetan ta atseetako ustez dagozanakgaitik? Zeri atseengo deutsee, nekatu baga? Zetarako nekatuteko poz ta indarra, nekerik artuko ezpadabee? Onelakuak beti oi dabiltz denporia igaroteko asmuetan. Baña guztijak aspertu edo kanseetan ditu, diño San Bernardok. Ez aurkiturik, bada, eureentzat egijazko olgetarik, itxirik alde batera San Juan Krisostomo ta Eleixako erakuslaak alperren gañian diñuenari, bakarrik esango deutsubeet Katon filosofuagaz, alperrerijak erakusten dabela gaistakerija. Ta alan, ez da zetan arritu asmeetia pekatu ta pekatuko bidiak eureen atseengarritzat ta emotia olgantziaren izena gaistakerijari. Begiratu bedi nortzuk oi diran errijetan alako fiestaak oiñian euki ta geituten oi dabiltzanak; ta ikusiko dira, batetik siseru, tratalari, tabernari ta neke gitxigaz bizi izateko irabazija euretatik ateraten dabeenak; bestetik, gazte nai zaar, ezetara dendatu ta aplikau baga, eraz ta aragiz bizi izatia baño beste amesik egiten ez dabeenak. Orain, bada, baldin ziurra bada bakotxak gorde ta zaintu gura oi dabela bere obria, erraz ezagutuko dozubee nundik daukeen jatorrija, olgantziaren izeneko baña olgantzaak ez diran naasteko batzaar askok. Baña, zelan ejenplu gaistua dan aiñ itxaaskorra ta gizona okerrera makurtuba, alan, neke andijak daukeezanak bere jausi dira ta jausten dira, zorigaistuan, esan diran lazubetan.

        Uste dot esan danetik ezagutuko dozubeela zer dan olgetia ta zer ez; ta, azkenik, goguan euki egizubeez, jakitun andi baten berba oneek: «Kendu bedi lujurija ta amaitu ziran oraingo fiesta ta dantzaak».

        LUISEK: Erantzun egizu irugarrenera.

        AITAK: Zergaitik kenduten ez diran, ain kaltegarrijak badira. Diñot, dagozala okasinoe edo peligru kendu leitezanak, baita bere orain artian kendu ezin izan diranak ta, kendu al izan arren, kendu ez diranak. Justizijakuak alegiñez kendu biar ditubee okasinoe andi ta ezagunak; baña, batzuk kendu ezin baditubee edo kenduteko gogorik ezpadaukee, zer atera daikegu orretatik? Zillegi edo libre dala justizijak galerazoten ez daben guztija? Erri batzubetan oi dagoz pekaturako etxe jakinak; ta, nok esan daike euretara juan leitiala, justizijak kenduten ez ditubalako? «Etorri biar dabee eskandalubak», ziñuan Jesukristok. Eurei alde egitian dago gure irabazija. Jangoikuak itxi euskun geure eskuban jarraitutia edo ez jarraitutia. Eskandalubeen artian argituten da geijago kristinau senduen leijaltasuna. Jaaten ugari euki ta baru egitian dago irabazi andija; utsa da zer jan ez daukalako baruba. Ez da zetan amesik egin geldituko dala munduba okasinoe baga. Bakotxak goitu biar ditugu Jangoikuaren grazijagaz. Justizijako burubak kendu ezin baditu, egon biar dau plazean begi argijakaz, egin ez deitekian honestidadiaren kontrako gauzarik, ta erretirau eragin jentia albait goixen. Baña bat da justizijari jaokana ta beste bat guri, geure eskuban eukirik nai deutsagun bidiari jarraitutia ta jakinik Jangoikuak juzgauko gaitubala guztijok bere lege santutik.

        LUISEK: Amaitu egizu asi zenduban sailla. Zer diñozu laugarrenera?

        AITAK: Sinpletzat eukiko ditubeela. Mundutaarrak txito dira lagun zaliak, estaldu al baleijeez eureen argaltasunak, sarturik bestiak eureen naasteetan. Antxiñako esakunia da: «askoren gatxa, tontuen poza». Sarnaz josiriko batek ikusten ditubanian beste garbi batzuk, gomunteetan da iñosko geijeen bere sarniagaz ta naibagetuten jako biotza. Au jazoten jakee mundutaar nasaijei, arima garbijak ikusirik ta, orregaitik, sartu gura oi ditubee bestiak eureen sarna tokijetan. Leleengo soñubak kristinaubak sinpletzat emoteko, urten eban jentilletatik, Zezilio ta beste askok erakusten daben legez; baña ugariturik asko kristinaubeen artian pekatuba ta munduko oitura galdubeen eraaspena, kristinau mundutaar oneek asi ziran ta jarraituten deutsee eureen ondorenguak, izen au emoten Jesusen lege garbijari jarraituten deutseenei. Au da, egija esateko, bestei ezartia eurei ezin zuzenago jatorkeen izena. Entzun. Sinplezia da pensau, esan ta egitia gatz edo sustanzija bagako gauzaak ta errazoe, zentzun edo jakiturija egijazkuagaz ondo ez datozanak. Aztertu bitez, bada, mundutaarren pensamentu, berba ta egitadaak; ta eurak erakutsiko dabee zetarikuak diran. Ez luzatutearren, batena esatia askoko da, beste guztiena gitxi gora beera aituteko. Neskatilia mundutaar baten pensamentubak dira apaindutia, buruba erakustia, erokerijako ibiltiak ta beste onelako gauzaren batzuk; konbersazinoiak, bata apaindubago bada, bestiak onelako adiskideren bat badauka, aiñ egunetan badago onelako fiesta edo batzaarreen bat, ain lekutan onan edo alan olgau baziran, nor nogaz ta zelan ibilli zan... Egitadaak, ezeri ez jaokazan barre ta jesto gangarrak, jantzi arruak, salto ta brinko modestija bagaak. Ta, zer gatz edo sustanzija daukee gauza oneek (itxirik orain alde batera beste pekatubak), gure zentzun edo errazoiaren aurrian? Bardin diñot mutill emeturik legez bizi diranakgaitik. Zer daukee, bada, zer ikusi, jakiturijagaz, erokerija ta tontakerija ain agirijak? Beraz, eurak dira sinpliak; baña antxiña esan eban Salomonek norbera sinple edo tontua danak, bestiak aintzat artuten ditubala. Amaitu gura dot Espiritu Santubak Jakiturijako liburuban itxi euskuzan berbaakaz. «Pekatarijak», diño, «eguneen baten, zurturik arima justubeen glorijagaz, esango dabee infernuban damuz ta negarrez: "Ai! Oneek ziran guk denpora baten burla ta barrez erabilli oi genduzanak, Guk, gatz bagook, sinpletzat geunkan eureen bizi moduba; baña ara zelan orain konteetan diran Jangoikuaren semeen artian ta eureen egoeria dan santubakaz. Beraz, geu aldendu giñan bide egijazkotik ta, nekaturik nasaikerijako bideetan, ez genduban ezagutu Jaungoikuaren bidia. Zer atora genduban arrokerijatik? Igaro zan guztija kerizia legez"». Zer berba argijagorik, aitu gura ditubanarentzat?

        LUISEK: Erijotzako orduban, makaldurik gure griñaak, ezagutuko da onduen nos diran gure egitadaak zuzen ta errazoezkuak, nos sinpliak, nos pozgarrijak ta nos negargarrijak. Imiñi daiguzan, bada, mundutaar bat ta arima garbi bat ordu atan ta pensau zer esango ete deutsan bakotxari bere konzienzijak.

        AITAK: Entzun neutsan esaten sazerdote zaar bizitza guztija illten lagunduten igaro ebanari, ez ebala iñor aurkitu, ordu atan larrituten ez zanik, esan diran ibillera ta euretan egin, entzun ta ikusitako gauzeen gomuntiaz. Orduban lotsatuten zirala eureen erokerijakaz ta ezagututen zitubeela egin ta eragindako pekatubak. Barriz, arima leijal mundubaren labankerijei alde egin eutseenak, Jesukristoren lege santuba ez austearren, bedeinkatuten ebeela pozik Jaungoikua, gorde ziralako arrisku ta labankerija galdukorretatik.

        Baña, autortu gura badabee egija, ez izanik guztiz tonto edo pekatuban itxuturiko batzuk, osasunian bere ezagututen dabee, nolabait, eureen bizimodu galduba; baña ez dabee indarrik egin gura griñaak azpiratu ta tentazinoiak goituteko, ezpada, guztija bestera, iminten dabee eureen alegiña, argi puskia amatau ta konzienzija pekatubakaz baketuteko. Zenbati etorri oi jako gogora: «Ez nas ondo bizi, ill biar baneu, ta nire bizitzia dago, aserraturik daukadan Jangoikuaren eskubetan»? Zenbati, liburu onak irakurri, sermoiak entzun, erijotzaren bat ikusi edo beste modu askotara konzienzijak emon oi deutsaz bere dei edo kezkaak? Baña, zer egiten dau askok? Aaztutera, gogotik kendutera ta illundutera grazijaren argitasunak mundubaren palagubakaz. Beste batzuk, alakuan, billatu oi dabee konfesore on bat, egiten dabee astiro eureen konfesinoia, artuten ditubee propositubak, aldendurik lagun txarretatik, asten dira konfesetan sarrijago ta jarraituten deutsee denpora zati baten bizitza onari. Baña, orra nun diabruba asten jakeen barriro tenteetan. Munduko leengo lagunak dirautsee ez dedilla izan sinplia, eurak bere salbau gura dabeela, ez dabela paltako nok absolbidu, urlija ta berendija konfesore estubak dirala, gero bere badaguala nos itxi mundubari... Eta, ai! Zenbati ausi eragiten deutseezan eureen propositubak onelako esakune tonto batzukin! Orduban itxi oi deutsee leengo konfesoriari, billatuten dabee albait mangarik zabaleen bat edo oi dabiltz bateganik bestiagana, konfesore ta eureen burubak engañeetan, azkenik, elduten dirala leen baño bizimodu zabalagora.

        Orregaitik, oi dira besteren batzuk, diabrubaren ta mundutarren lazubak ezagutu ta, Jangoikuaren grazijagaz sendaturik, propositu onetan irauten dabeenak; ta eurak izango dira, egunen baten, arima argalak juzgeetako testigurik gogorrenak. Ai, mundutaar guztijak irakurriko balebee San Agustiñen bizitzia! Entzun bere zati labur bat: Bizi zan Agustin mundubaren abegi gozoz inguraturik, aragijaren amodijo argaletan sarturik ta bere biotza eurakaz baketu nairik; baña, orra nun bere konzienzijak, noxian beiñ, miñduten eutsazan aragijaren atsegin guztijak. Uts egite bat ezaguturik, sartuten zan beste baten; ta ebillen, olatubeen artian galdu gordian oi dabillen ontzi bat legez. Eldu zan bere itxutasu nak ezagututera, ikaratutera Jangoikuaren juizijo ta eternidadiagaz, baña bere biotz mundu ta aragijaren atsegiñetara ain etsigijak emoten eutsan gerra gogor ta bizi bat, urratu ez egizan eureen kateiak. Ernakume bati eutsan amodijuak, lagun nasaijeen adiskidetasunak, mundutaarren artian artu eban entzute andijak ta bere jakiturija arruak irabazi eutsan estimazinoe edo abegijak zirautzeen zoli zoli bere biotzian: «Agustin, betiko itxi gura gaituzuz?». Orregaitik, argitubaz bere adiña, asten zan indarra egin nairik goituteko, baña bere griña edo pasiñoe argalak diadar egiten eutseen: «gero, gero». Aurkituten zala egun baten Alipio bere lagun maitiagaz, sartu jakeen gelara Ponziano, kristinau txito ona ta bijeen adiskidia. Asi jakeen berbeetan San Antonio ta heremubetako gizon askoren bizitza garbijaren gañian. Esan eutseen zelan soldaubeen agintari andi bik, irakurririk santu areen bizitzaak, itxi eutseen mundubaren labankerijei, jarraituteko benetan Jesusi. Onelako berba onak esanda, urten eban Ponzianok ta gelditu ziran bakarrian Agustin ta Alipio, grazijaren sentimentu andijakaz zauriturik. Ez da erraz adierazoten zer igaroten jakeen ordu atan eureen biotzetan. Lotsaturik alkarri begira, mututurik aldi baten, esan eukian bata bestiaren zain egozala, nor asiko ete zan berba egiten. Alako baten, Agustinek, arnasa arturik, esan eutsan: «Alipio neure adiskide maitia! Zetan geldituko gara? Mundubak jakiturija gitxikotzat daukazanak irabazten dabee zeruba; ta gu bizi gara jira ta bira aragijaren atsegiñetan, geruago ta geijago loituten. Zegaitik egingo ez dogu areek egiten dabeena?» Berbarik geijago atera ezinik, urtenik andik, juan zan hortuko bakartadera ta, etzunik piko baten illunpian, beste denpora baten Adan legez, asi zan bere biotza askatuten, zirautsala Jangoikuari, bere begijak malkozko iturri eginik: «Nos artian, neure Jaun ta Jangoikua, nos artian izango zara nigaz beti aserre? Arren, aaztu zaite nire orain arteku nasaikerijakaz. Eta, nos artian esango dot nik beu bijar, bijar? Zegaitik egingo ez dot oraindixek, bijar egin gurako dodana?». Jangoiko errukiorrak entzun zituban Agustiñen erregu samurrak ta, indarturik bere biotza grazijagaz, urratu zituban betiko mundu ta aragijaren lokarri guztijak, igoteko santidaderik andijeenera ta Eleisako erakusla aiñ argija izatera. Beste askoren artian eskribidu eban bere konfesinoietako liburubak, argitu dituz pekatari itxu asko, mundubaren labankerijeetatik aldendu ta zeruko bide garbijei jarraituteko. Zorijonekuak Jangoikuaren deijei leijal ta sendaro erantzuten deutseenak.

        LUISEK: Lagun txaarrak oi diran legez, geijeenez, arima asko bide galdubeetara oi daruezanak, uste dot lagun onakin batutiak emoten dabela indar andija, bide zuzen ta garbijei jarraituteko.

        AITAK: Ara zer dirauskun Dabid errege santubak: «Batuten bazara onakin, ona izango zara; eta batuten bazara gaistuakin, gaistotuko zara». Lagun txaarrak dira izurri edo pesterik itxaaskorreena ta bildur geijagogaz alde egin biar jakee diabrubari berari baño. Zenbat, diabrubaren tentazinoe asko goitu arren, galdu oi da lagun deungaren baten edo geijagoren bidez? Eleixako historijak, beste jazoera negargarri askoren artian, erakusten deuskuz ainbeste penitente andi Ejiptuko basamortubetan, galdu ziranak lagun donga gitxi batzubeen indarrez. Ta orazinoe, penitenzija ta santidadeko bizitzaan oitubetan ain arima asko argaldu baziran, eurei sarreria emonagaz, zer jazoko ez da bestelakuetan? Zer, gaztetxu ezaguera laburrekuetan? Santa Teresak, amalau urte eukazanian, aitu eban adiskidetasuna bere leengusiña mundutaar bategaz; ta, erakutsirik ze kaltiak egin eutsazan aren berbeeta mundutaarrak (aiñ garbija bera izan arren), dirausku: «Ikaratuten nas, gomuntaurik lagun txaar batek egiten dituban kaltiak. Ezin sinistuko neban, neugan ikusi ezpaneu. Nai neukiana da gurasuak eskarmentau ditiala nigan, ardura andi bat imini daijeen eureen seme alabaakaz». Erraz ta sendo itxaasten da, batez bere gazteen biotz bigunetan, urretik entzun ta ikusten dana ta, aurkiturik guztiok okerrera makurtubak, lasterrago ikasten da txaarra ona baño. Esan bekijo ume bati ogei bidar aita geuria ta, biar bada, ez dau ikasiko; baña, bein entzunagaz beste baga, artuko dau buruban ipuin loi ta zantar bat, luzia izan arren. Zenbat neskatilla buru gogorrekok ikasten ez ditubee erraz kanta nasai ta lotsagarrijak? Zelan ikasi ta zabaldu dira bazter guztietara ta umetaragiño, erdal errijetatik sartu diran ajo... ta berba nabarmen, leenago euskal errijetan iños entzun bagaak? Eukirik, bada, goguan, okerrerako argaltasun au, imiñi biar da ardurarik andijeena, alde egitian atara lagunduten deuskubeenakganik ta sendatutian geure arimaak alegin guztiagaz; ta onetarako gauzarik biarrenetatik bat da lagun onakin batutia. «Adiskide ona», diño Espiritu Santubak, «sendotasun andija da; topau dabenak, ondasun andija aurkitu dau». Ona bere iraasten da, batez bere gazteen biotzetan, ain erraz zeinda gaistakerija ezpada bere. Urretik ta sarri ikusten danak norberaren gogoko lagunetan, berezko indar andi bat dauka biotz bigunetan. Alan, adiskide onak egiten ditubanak, artu oi ditu eureen birtutiak, goixago edo belutxubago. Ikusten ditubanak bere lagunak erretirauta, irakurte ta Eleixa zaliak dirala, sentiuko dau bere biotzian guraari bizi bat beste ainbeste egiteko. Eta, zenbat indar artuko ez dau eurakaz, mundubaren esamesa ta persekuzinoiei jaramon baga, bide onei jarraituteko? Jonatasen adiskidetasun ta laguntasunak arindu eutsazan Dabidi neke ta arerijuen persekuzinoerik gogorreenak. San Basilio ta San Gregoriok, alkarregaz estudijaurik Atenasko unibersidadian, artu ebeen adiskidetasun andi bat. Ez da erraz adierazoten ziudade aren denpora atako labankerijaak ta estudianteen arteko arrokerija ta libertadiak. Baña Basilio ta Gregoriok, alkar sendaturik ta bata bestiaren pozian, goitu zitubeen burla ta ez ikusirik andijeenak, jarraiturik sendaro eureen inozenzija ta garbitasunari. Amaituko dot antxinako esakuniagaz: «Esan egidazu nogaz zabiltzan ta esango deutsut nor edo zelakua zarian». Ezagutu gura dabenak nortzuk izan leizan adiskide on edo deungaak, begiratu eureen berba, ibillera, egite ta bizi modubaren frutubetara.

 

aurrekoa hurrengoa