www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia
Juan Jose Mogel
1845; 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia, Juan Jose Mogel (Bitor Uragaren edizioa). Euskal Editoreen Elkarte, 1991.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKUSALDI VII.a

 

        LUISEK: Aita, entzun gura deutsugu zer dirauskuzun erromerija, dantza ta piesteen gañian.

        AITAK: Edozeñek daki erromerija dala santureen bati egin oi jakon ikusaldi edo bisita bat, dala mesedereen bat eskatu, dala arturikuagaitik eskerrak emoteko. Au, berez, gauza ona da ta onelako erromerijaak ziran ugarijak gizaaldirik garbijeenetan. Ikusiko zenduzan gizonezkuak, juazala gizonezkuakaz, ta emakumiak emakumiakaz, debozinoerik andijeenagaz, asko ortozik, lutu ta zilizijoz jantzita, barurik, begijak lurrera ezarri ta salmo ederrak kanteetan edo orazinoiak esaten. Elduten ziranian eleixa nai hermitara, auzpaz etzunik, begijetako malkuakaz lurra bustiten ebeela, egiten zitubeen eureen eskintsari erreguz betiak. O, zorijoneko erromerijaak! Ez daukagu zetan zurtu, irakurten badituguz historijarik ziurreenetan ainbeste miraari ta miserikordija, onelako erromesei egiñak. Baña, o egunak! O gizoneen jirabiraak! Zetara biurtu dira, geijenentzat, oraingo erromerijaak? Santubeen eguna edo debozinoia atxakija artuta, duaz jente taldaak santu guztien santubaren agindubak austera, barristaurik jentillak guzurrezko jangoikuei egiten eutseezan irudiko fiesta zorigaistokuak. An egongo da ardaua ugari, biztuteko lujurija edo aserria; an tanbolin ta soñubak, pasiñoiak azkortuteko; an banidade ta mundubaren labankerija guztijak. Ara batu oi dira adiskide geistuak, ta bertan egiten dira barrijak. Asten dira dantzaak plazaan ta, sarri, eskiña bazterretan. Dantzia amaitu ta edaatera, edan ta barriro dantzara. Zer itxaron deiteke? O, santu glorioso, gozeetan zagozeenak zeruban zeuben garbitasunaren sarijak! Orra zetara ditubeen zuben egunak! Orra ugari erromes Luziferren debotuak! Orra zelan lujurijaz errerik eureen biotzak, eskintzen deutseezan aragijaren inzensuak! Ai, antxiñako baserritaar garbi, austurik zagozeenak sepultura illunetan! Biztu zaitezee ta etorri negar egitera, ikusirik zertzuk egiten diran, zubek ainbeste izerdi ta debozinoegaz jaso zendubeezan hermita santubetan. Gitxi eretxirik jaijeetan parrokijeetara juatiari, imiñi zendubeezan etxe santu oneek baserri ingurubetan, sarri, astegunetan bere, erregututeko euretan. Bizi izan ziñeen santu patroien anparuban, zeuben familija ta irabazi guztiakaz, aurkiturik eurakan zeuben esperantziaren poza, esturasun ta premiña guztietan. Baña, ara orain, geijenez aazturik ta bakarrik gomunteetan dirala eurakaz, eguneen batzuk nasaikerijaan igaroteko. Azur liorrak, jagi ta diadar egizubee, biztu dedin gure fedia ta desegin oitura ain galdubak. Elduten da fiestako illun nabarra ta geituten da nasaikerija. Amaituten da nosbait eta, nok adierazo daike zer igaroten dan bideetan? (Erri askotan ez oi duaz bideetan alkarregaz gizon ta emakumiak, ezpada aparte, baña bai beste batzubetan). Nok esan, diñot, zertzuk igaro oi diran etxeetarako biurreraan, ez izanik zeruko aingeru, illunaz bere guztia dakusenak? Eta, zer esango dabee, beste gauza nasai askoren artian, ikusirik neskatilleen izena daukenak duazala gizonezkueen besape edo kalzarbeetan ta, nosbait, zaldi ganian eureen altzuan? Nora igon daike geijago lotsabagakerijak? Ai, eta zein andija dan Jangoikuaren eruapena! Bai diño San Agustinek: «Jangoikua pazienzija andikua da pekatarijagaz, betikua dalako». Eternidadeko justizija dauka, nos kastigau, eta ez dau iñor itxiko beria emon baga. Iminirik daukaz jakiturijako liburuban, neurri usterik gitxijeen danian beteko jakeezanak. Aureliori bete jakon pekatubeen neurrija, dantzan ebillela, Talesmilesiori fiestiari begira eguala. Beste askori luzatuten jakee, baña, guztija izanik laburra munduban, ordubaren zain dagoz amaibagako tormentubak. Errukarri ta zorigaistokua, pekatu ta pekatuko bidei itxi ta biotzez penitenzija egiten ez dabena.

        LUISEK: Aita, predikadore bat dirudizu.

        AITAK: Gurasuak gauza askotan izan biar dau etxeko predikadore. Entzun, bada, geijago. Erromerijako egunez ostian bere, erri askotan oi dira plaza dantzaak. An, erromerijetan esan dan legez, alkartu oi dira apaindurija, begijetako libertadia, ijuija, barria, bullia, saltua, soñuba ta griñeen biztugarri guztijak. Jarten dira neskatillaak plaza inguruban, salgei balegoz legez. Begira dagoz, nok aterako ete dituban, ta, datorrena datorrela, dan nasaijeena izan arren, ez deutsee ardura. Barrez emoten deutsee eskuba (Ezkonduten danian emon oi jako eskuba senargeijari, konfijantza, amodijo ta jaubetasunaren señaletzat; bada, ostian, lotsa izan biar leuke neskatilla batek, eskurik gizasemiari luzatuten). An duaz ta an dabiltz edozela. Dantziak badau fandango ta arin aringarik, orduban oi dabiltz oraindik naastubago. Guenian, dantzia amaiturik, lagunduten deutsee mutillak jarlekura ta amaija ez oi da obia asieria baño. Zelan erririk geijenetan mutillak ez oi daukeen afizinoerik dantzara, batez bere bola edo pelota lekurik badaukee, neskatillaak atera oi dabee (au urte gitxiz onuntzian) ta, nor lotsatuko ez da, ikusirik eurak duazala mutilleen billa? Zer? Ainbesteragino aaztu dira edolabere eureen modestijagaz? Baita bere oi dira jolas ta dantzaak mendi, zelai ta bazterretan edo etxe artubetan. Ainbat nasaijaguak, zeinda ez oi dan egon nok lotsa puska bat emon ta eureetara batuten dan jenterik askatubeena. justizijako askok galerazo oi dituz; beste batzuk ez deutsee jaramoten. Gurasuak errazeen kendu leijez. Baña ikusten doguna da, aurrera duazala eskandalu ta pekatuko lazubak ta geldituten dala eureen kastiguba Jangoikuaren justizijarentzat. Errazoez Eleixako erakusla ta santubak ain mindurik berba egiten dabee dantza naastubeen gañian. San Efrenek diño: «Soñuba ta dantzia daguan lekuban dago bizijuen illuntasuna, emakumeen galdupena, aingerubeen tristezia ta diabrubaren piestia». Ez diñue gitxiago San Agustin, San Basilio ta beste ezin esan aiña maesu andik. Azkenik, ara Job santubaren berba, gura baditubee, erraz aitu daikeezanak, nortzubei jatorkeezan zuzen zuzen: «Alegreetan dira soñubaren otsian, daruez pozkerijaz eureen egunak ta jausten dira gero infernura». Ai, eta zenbat!

        LUISEK: Zelan, bada, gurasuak isten deutsee juaten alako arriskubetara?

        AITAK: Nik ez dakit, baña bai askok isten deutseela, jakin arren ondo zer igaroten dan. «Dantzan egin daijeela emakume nasaijaren alabaak», diño San Anbrosiok, «baña ama garbijak ez deijuela dantzarik erakutsi». Gurasuak gaztetatik iraatsi biar deutsee seme alabei garbitasunaren amodijua ta azaldau galduteko dagozan arriskubak. Ezin esan lei zenbat balijo daben gurasuen ejenplu ta doktriña onak gaztetxuben bijotz bigun ta samurretan. Umetako sentimentubak dira nekezeen aaztu ta borreetan diranak. Egin beijee alegiña irakurte puska bat erakusteko, erosi liburu onak, irakurri daijeezan, batez bere jai egubarteetan. Txikarretatik iraatsi eureen arimeetan Ama Birjiniaren debozinoia ta errezau eragin berari goix ta gau. Bialdu sarri konfesau ta komulgeetara, batez bere, Ama Birjiniaren egunetan. Alan, erraz egingo jakee eureen arimaak maitatu ta alde eragitia esan diran ta beste pekatuko okasinoietatik. Baña au guztiau asko ezpalitz norbaitentzat, goguan euki biar dabee Espiritu Santubak diñuana: Gurasuak kastigeetan dabela maite daben seme edo alabia. Bai, au da benetako amodijua. Ezagutuko dabee nosbait ta eskerrak emongo deutseez ainbeste peligrutatik librau zituban guraso zorijonekuari.

        LUISEK: Itxirik alde batera egiten diran pekatubak, ez litzaatez orregaitik nire goguan sartuko alako dantza ta ibill modubak. Jangoikuak emon eutseen gizonezkuai berarizko itzal edo errespeto bat, eureen nagusitasunaren ezaugarritzat; baita bere emakumei berarizko modestija bat, diño San Juan Klimakok, peligrubai alde egiteko ta besteentzat gitxituteko. Baña alako fiesta dantzetan ikusten da, ez mutillak daukeela eureen buruben errespetorik, ez neskatillaak modestijarik. Esaterako: mutillak, neskatillen billa duazanian, dantzarako egiten ditubeen buru makurtutiak, txapelak kendutiak ta ondoreengo salto ta ijutikaak, zetan erakusten dabee errespeto ta nagusitasuna? Neskatilleen arrotasun ta mutil artian darabilleen libertadia, zelan bat egin modestijagaz? Zer dan ez dakijan batek ikusiko balitu oraingo dantzaak, ez ete lituke zoro aldratzat eukiko? Baietz uste dot.

        AITAK: Andija da griña edo pasiñoe argalaren indarra. Berak illundu zituban Dabiden birtute, balore ta biktorijaak. Berak txotxatutera legez ekarri eban Salomonen jakiturija ta luur jo eragin eutsan Sansonen indar guztijari. Billatuten badira biztugarri edo suba azteko erregarrijak, geituten jako indarra ta bere lañuakaz illunduten dau gizonaren adin ta entendimentuba. Emendik oi dator ez ezagututia erokerijarik tontuenak, utsera legez botatia geistakerija andijak ta aaztutia, moduren baten, Jangoikuagaz ta norbere burubagaz. Baña Jangoikuak grazija ugarijak daukaz, beragan dana egin ta eskatuten deutsanarentzat. Billatu, bada, gogoz, iges okasinoietatik ta ziurra izango da bitorija.

 

aurrekoa hurrengoa